(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

106/2008 Foru Agindua, uztailaren 1ekoa, Hezkuntza kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean musikako lanbide ikasketen aukerako irakasgaiak arautzen dituena

 

(2008ko 100. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 15ean)

Atarikoa

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, I. tituluko VI. kapituluan, arte ikasketak arautzen ditu, besteak beste musikako lanbide ikasketak.

Ekainaren 30eko 806/2006 Errege Dekretuak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez ezarritako hezkuntza sistemaren antolaketa berria aplikatzeko egutegia ezarri du, eta 21. artikuluan 2007-2008 eta 2008-2009 ikasturteetan musikako lanbide ikasketak mailaka ezartzea xedatu du.

Abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretuan Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen dituen musikako lanbide ikasketen curriculumeko oinarrizko puntuak finkatu ziren.

Halaber, martxoaren 19ko 21/2007 Foru Dekretuak musikako lanbide ikasketen curriculuma ezarri zuen Nafarroako Foru Komunitaterako.

Ikasketa horien geroko arauen garapenaren barnean, Hezkuntza kontseilariak ekainaren 29an emandako 79/2007 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitatean musikako lanbide ikasketen egitura eta ordutegia ezarri ditu. Foru agindu horren xedapen gehigarri bakarrean xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuari dagokio bidezko ordutegian eman beharreko aukerako irakasgaien eskaintza arautzea.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da Hezkuntza Departamentuak ikasketa horien aukerako irakasgaiak arautzen dituzten arauak finkatzea.

Arte Ikasketen Atalak aldeko txostena aurkeztu du, Nafarroako Foru Komunitatean musikako lanbide ikasketen aukerako irakasgaiak arautzea helburu duen foru agindu hau onesteko.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

Lehena. Helburua eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen helburua da musikako lanbide ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu baimenduetan musikako lanbide ikasketen aukerako irakasgaiak arautzea.

Bigarrena. Aukerako irakasgaien xedea.

Musikako lanbide ikasketak ematen dituzten ikastetxeetako aukerako irakasgaien eskaintzak bat etorri beharko du ikasleen interes, motibazio eta behar ezberdinekin. Helburua bikoitza da: alde batetik, musikako lanbide ikasketen helburu orokorrek eta berariazkoek aipatutako gaitasunak garatzen laguntzea; eta, beste aldetik, ikasleen lanbide garapenaren aukerak gehitzea eta goi mailako ikasketak egiteko aukera eskaintzea. Irakasle-tutoreek orientabidea emango diete beren ikasleei, ikastetxean eskaintzen diren aukerako irakasgaien edukiari buruz, lan merkatuan sartzeko edo goi mailako ikasketak egiteko dauden aukerei dagokienez.

Hirugarrena. Nahitaez eskaini beharreko irakasgaiak.

Honakoak dira Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztiek nahitaez eskaini behar dituzten musikako lanbide ikasketen aukerako irakasgaiak: Konposizioko oinarriak I, Jazzeko hastapena eta Musikari aplikaturiko teknologia berriak. Irakasgai horien curriculuma foru agindu honen I. eranskinean sartu da.

Laugarrena. "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionaleko aukerako irakasgaiak.

1. "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionalak aukerako honako irakasgai hauek eman ahal izango ditu, 2008/2009 ikasturtetik aurrera: Abesbatza, Konposizioko oinarriak II, Artearen historia eta Antzinako musikaren langela.

2. Abesbatza aukerako irakasgaia eta espezialitatearen berezko irakasgaietako (Nafarroako Foru Komunitaterako musikako lanbide ikasketen curriculuma ezarri zuen martxoaren 19ko 21/2007 Foru Dekretuaren 8.1.B) artikuluan bildutakoak) bat den Abesbatza irakasgaia talde ezberdinetan irakatsiko dira.

Abesbatza aukerako irakasgaiaren curriculuma aipatutako foru dekretuaren I. eranskinean ezarritakoa izango da, ikastetxeko programazio didaktikoan agertzen diren moldaketak eginda.

3. Artikulu honen lehenengo atalean adierazitako aukerako gainerako irakasgaien curriculuma foru agindu honen II. eranskinean sartu da.

Bosgarrena. Ordutegia.

Aukerako irakasgai bakoitzaren eskola ordutegia ordu batekoa izango da astean, ikasturte batean, ekainaren 29ko 79/2007 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera.

Seigarrena. Aukeratzeko baldintzak.

1. Ikasleak ikastetxeak eskainitako irakasgaietatik zein egin nahi duen adieraziko du, lehentasun ordena agertuta.

2. Aukerako irakasgai bat aukeratzeak ez du baldintzatuko hurrengo ikasturtean aukerako beste bat hartzea.

3. Aukerako irakasgai baten jarraipena edo bigarren zatia den aukerako irakasgaia egitea aukeratzen duten ikasleek aurreko maila egin eta gainditu behar dute aurretik.

4. Aukerako irakasgai bat gainditu ez duten ikasleek hurrengo ikasturtean berriro egitea ala, ikastetxeko eskaintza oinarri hartuta, beste irakasgai bat hautatzea erabaki ahal izango dute.

Zazpigarrena. Aukerako irakasgaien esleipena.

Ikastetxeak aukerako irakasgaiak esleituko dizkie ikasleei, adierazitako lehentasun ordenaren arabera eta, ikastetxearen plangintza ikusita, hutsik dauden plazak kontuan hartuta.

Zortzigarrena. Ratioak.

Hezkuntza Departamentuak gehieneko eta gutxieneko irakasle-ikasle ratioa ezarriko du aukerako irakasgai bakoitzerako, garatu beharreko edukiaren eta erabilitako metodologiaren arabera.

Foru agindu honen hirugarren eta laugarren artikuluetan adierazitako aukerako irakasgai bakoitzari dagozkion ratioak honen I. eta II. eranskinetan adierazita daude.

Hala ere, salbuespen gisa, Hezkuntza Departamentuak adierazitako ratioak ez direnak dituzten aukerako irakasgaiak ematea baimendu ahal izango du, hori justifikatzen duten egoera zehatzak oinarri hartuta.

Bederatzigarrena. Programazio didaktikoak.

Ikastetxeek eskaintzen dituzten aukerako irakasgaien programazio didaktikoak gehitu beharko dituzte beren hezkuntza proiektuan.

Hamargarrena. Ebaluazioa.

Aukerako irakasgaien ebaluazioa Nafarroako Foru Komunitatean musikako lanbide ikasketei aplika dakiekeen araudiaren arabera egingo da.

Hamaikagarrena. Aukerako irakasgaien baimena.

Ikastetxe interesdunek Hezkuntza Departamentuari eskatu ahal izango diote aukerako irakasgaiak baimentzeko, betiere horiek irakasteko behar beste giza baliabide eta baliabide material badauzkate. Eskabidean, curriculum proposamena zein Hezkuntza Departamentuak baloratzeko behar den informazioa jaso beharko dituzte.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetutako arauak.

Indarrik gabe utzi da Hezkuntza eta Kultura kontseilariak uztailaren 19an emandako 266/1999 Foru Agindua, "Pablo Sarasate" Kontserbatoriorako musika ikasketen erdi mailako hirugarren zikloari dagozkion aukerako irakasgaiak irakastea arautu duena eta irakasgai horien curriculuma onetsi duena, bai eta foru agindu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

Azken Xedapenetako Lehena. Garapenerako gaikuntza.

Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari baimena emango zaio, foru agindu hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren neurri guztiak har ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA. Konposizioko oinarriak I, Jazzeko hastapena eta Musikari aplikaturiko teknologia berriak

A) Konposizioko oinarriak I.

Irakasgai hau Konposizioa, Musikologia, Pedagogia eta Abesbatzen edo Orkestraren zuzendaritza ikasketak egiten jarraitu nahi duten ikasleei zuzentzen zaie funtsean, horietan ezinbestekoa baita idazketari buruzko prestakuntza zorrotza; hala ere, interpretazioan interesa daukaten ikasleek ere egin dezakete.

Aurretik eskuratutako jakintzek idazketari buruzko zenbait trebetasun garatzeko aukera emango diote ikasleari irakasgaian, baita musika hizkuntzaren elementuak eta prozedurak zein konposizio teknikekiko erlazioa hobeto ezagutzekoa ere, konposizioa ikasten hasi eta, egoki interpretatzeko, musika lanak ulertzen aurrera egiteko asmoz.

Irakasgai honetan Harmoniari eta Kontrapuntuari dagozkien aldeak sartu dira, musika gertaera beraren bi kontu osagarri gisa. Gomendagarria da idazketak gogoeta bertikal edo harmonikoak dakarren logika sintaktikoari zein gogoeta linealago edo horizontalagoari buruzko musika ideiak egitea barne hartzea. Horren ondorioz, kontrapuntu teknika klasiko ezberdinak Harmoniaren edukiekin zein estilo barroko eta klasikoko elementu eta prozedurekin batera ikasi behar dira.

Bere praktikaren bidez, ikasleak estilo barroko eta klasikoko oinarrizko prozedurak probatuko ditu, pieza txikiak edo pasarteak eginez. Aurretiko azterketa beharrezko tresna erabilgarria izango da ezagutza teorikorako.

Horrez gain, praktika horrek konposizio askea ere bultzatu behar du, berezkotasun sortzailea garatzeko funtsezkoa baita.

1.-Helburuak.

Musikako lanbide ikasketetan Konposizioko oinarriak irakasgaiaren ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izango dute helburu:

a) Garai eta autore desberdinen konposizio elementu eta prozedura nagusiak ezagutzea, Barrokotik Klasizismora.

b) Garai barroko eta klasikoko konposizio elementu eta prozedura nagusiak erabiltzea.

c) Obra instrumental edo koral txiki askeak egitea, berezkotasun sortzailearen garapena suspertzeko asmoz.

d) Idatzizko ariketak egitean aztertutako elementuak eta prozedurak barnetik entzutea.

e) Garai desberdinetako konposizio prozeduren eta horietatik ondorioztatutako egitura formalen arteko lotura ezagutzea.

f) Egindako lanak musika-tresna polifoniko batez interpretatzea.

g) Ikasitako prozedurak entzumenaren bidez identifikatzea.

2.-Edukiak.

Sistema tonalean esku hartzen duten konposizio elementuak eta prozedurak aztertu eta erabiltzea: iragaite-notak, loreztapen-notak, luzadurak, apoiaturak, elisioak, ihesak, aurrerapenak; tonalitatearen kromatizazioa; enarmoniaren bidezko modulazioak; akorde aldakarituak; pedal-nota.

"A capella" korala gauzatzea J. S. Bachen estiloan.

Bi ahotsetarako kanona gauzatzea.

Kontrapuntu forma askea gauzatzea: Bi ahotsetarako asmakizuna.

Obra instrumental txikiak (edo pasarteak) konposatzea estilo barroko eta klasikoan.

Obra instrumental edo koral txiki askeak egitea.

Musika hizkuntzaren osagaien aniztasuna aztertzea: forma, melodia, erritmoa, gaiaren transposizioa, bertikaltasuna, lotura harmonikoak, modulazioa, kontrapuntua, tentsio eta lasaitze prozesuak, kadentziak, proportzioak, polaritateak, tinbrika, artikulazioa, dentsitatea eta jarraitutasun, koherentzia eta kontraste irizpideak.

Konposizio prozedurak aztertzea, forma eta tonu analisia, egitura analisia, psikopertzepzioarena, historizista.

Ikasitako elementuak eta prozedurak entzumenaz eta musika-tresnaz praktikatzea.

3.-Ebaluazio irizpideak.

1. Ariketak egitea, baxu zifratu, zifratu gabeko baxu eta sopranoetatik abiatuta.

Irizpide honen bidez, ikasleak ikasitako elementu berrien mekanikaren gainean daukan jakintza eta harmoniazko prozedura ezberdinak zentzu sintaktikoan erabiltzeko gaitasuna ebaluatzen dira.

2. Ariketa laburrak konposatzea, emandako eskema harmoniko batetik abiatuta.

Ebaluazio irizpide honen bidez, irakasleak proposatutako eskema harmonikoetatik edo/eta prozeduretatik abiatuta, ikasleak musika pieza txikiak osorik sortzeko daukan gaitasuna baloratu ahal izango da. Era berean, egite tematikoa erabiliz emaitza koherenteak lortzeko duen trebetasuna neurtuko da.

4. "A capella" koralak harmonizatzea J. S. Bachen estiloan.

Irizpide honen bidez, ikasleak harmonizazio orekatua egiteko zein, baxua bereziki zainduz, ildo melodiko interesgarriak egiteko duen gaitasuna ebaluatuko da. Halaber, genero horretako elementuak eta prozedurak J. S. Bachen estiloan bereganatu diren egiaztatzeko balio ahal izango du.

5. Ahots berdin eta mistoetarako obra koral txikiak konposatzea.

Ebaluazio irizpide honen bidez, ikasleak melodia atzekariak sortzeko duen gaitasuna baloratuko da. Aldi berean, testuak musikatzeko prozedurak badakizkiela erakutsi beharko du.

7. Bi ahotsetarako zuzeneko mugimenduaren bidez kanonak egitea.

Ebaluazio irizpide hau ikasleak ildo melodiko interesgarriak sortzeko duen gaitasuna baloratzen saiatzen da. Ildo horien funtzionamendu kanonikoa orekatua izango da harmonia eta kontrapuntuaren ikuspuntutik eta forma global proportzionatua sortuko du.

9. Bi ahotsetarako asmakizunak egitea J. S. Bachen estiloan.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da eskala txikian eta handian banaketa harmoniko orekatuko gai bakarreko kontrapuntu forma askeak sortzeko gaitasuna, bai eta motibo sortzaile bakarrak eskaintzen dituen aukeren aprobetxamendurik handiena modu ordenatuan lortzeko gaitasuna ere.

10. Lanak egin eta obra instrumental txikiak (edo pasarteak) konposatzea estilo barroko eta klasikoan.

Irizpide honen bidez, ikasleek ikasitako elementuak eta prozedurak testuinguru estilistiko zehatz batean eta, hala denean, berariazko idazketa instrumentalaren bidez, erabiltzeko daukaten gaitasuna ebaluatu nahi da; era berean, obrak edo pasarteak sortzeko gaitasuna baloratu nahi da, zeinetan proportzio formalen zentzua eta erabilitako elementu eta prozedura ezberdinek daukaten zeregin funtzionalaren gaineko ulermena hauteman daitezkeen.

11. Obra aske txikiak konposatzea.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da, garai ezberdinetako konposizio prozedura desberdinekiko lotura analitiko eta praktikoak ikaslearengan sortzen dituen iradokizunetatik abiatuta, bere berezkotasun sortzailea garatzeko bidea ematen dioten obra txiki askeak konposatzeko duen gaitasuna. Era berean, hautatutako materialetatik ondorioak ateratzeko eta horiek erabiltzeak sor litzakeen arazoak konpontzeko daukan gaitasuna ebaluatu ahal izango da.

12. Egindako lanak musika-tresna polifoniko batez interpretatzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikaslea gai den musika-tresna polifonikoa ikaskuntza tresna gisa erabiltzeko, horrela, hain zuzen ere, idatzitakoa soinuen bidez egiaztatu ahal izateko eta egindako segida harmoniko eta prozedura ezberdinek sortzen duten efektua barneratu ahal izateko.

13. Eskala handian forma eratzen duten elementu eta prozedurak entzumenaz ezagutzea.

Irizpide honen bidez, ikaslearen entzumenaren aurrerapena neurtu nahi da, autoreak obraren forma orokorra lantzerakoan erabilitako irizpideak (proportzioari buruzkoak, koherentziari buruzkoak, kontrasteari buruzkoak etab.) identifikatzeko. Halaber, irizpide horien eta eskala txikian forma eratzen duten elementuen arteko erlazioa ulertu nahi da.

4.-Irakasle/ikasleak ratioa: 1/6 (Gutxieneko ratioa: 1/3).

B) Jazzeko hastapena.

Aukerako irakasgai hau musikako lanbide ikasketetan sartzea bat dator hainbat arrazoirekin: lehenik eta behin, genero hori mendebaldeko kulturan onartzea eta "musika jasoarekiko" mestizajea; bigarrenez, bestelako musika estiloetarako -adibidez, rocka eta popa- jatorri eta abiapuntu gisa garatu duen zeregina; eta, hirugarrenez, arlo horretan dagoen eskaera soziala.

Irakasgaia jazza berez ezagutzera bideratuko da, eragina izan duen eta beste genero batzuetatik -hala nola, bluesa, rocka, flamenkoa, Brasilgo musika, etab.- eragina jaso duen estiloa den aldetik; era berean, baliabide gisa erabiliko da, estilo horien gaineko jakintzak harmoniaren eta formaren aldetik korapilatsuak diren beste musika batzuen ulermena erraztu eta sustatzen baitu.

Irakasgai honetan lortu nahi den helburua interesatuta dauden ikasleei "musika modernoa"ri buruzko oinarrizko prestakuntza ematea da, baita ondoren Jazz espezialitatean goi mailako ikasketak egin nahi dituzten ikasleak prestatzeko hasiera izatea ere.

Irakasgaiak izaera teoriko-praktikoa dauka eta honako hauek barne hartuko ditu: alde batetik, estiloaren berezko zenbait kontu teoriko, adibidez, harmonia, zifratu amerikarra, moduak, fraseatua eta abar; eta, beste aldetik, aplikazio praktikoak, honako hauen bidez: konposizioen analisia, entzunaldiak eta pieza sinpleak inprobisatu eta konposatzea, bai banaka, bai taldeka.

Ikaslea musika entzuteaz arduratuko da, ondoren ikaskuntza teorikora eramango duen interesa sortzeko funtsezko hasiera baita. Helburua hauxe izango da: entzuten denaren kalitatea kritikoki baloratzeko gai izatea, aurretik adierazitako estiloak irakurri eta interpretatzeko prestatuta egotea jotzaile gisa, eta lehenengo unetik inprobisatu eta konposatzeko gaitasuna garatzea. Balio horiek guztiek talde instrumentaletan zein musika originalean emaitza praktikoak sortzea nahi da.

Inprobisazioa alde oso garrantzitsua da ikaslearen musika prestakuntzan; hori dela eta, musika jardunaren bidez alde batzuk (adibidez, intuizioa eta sormena) garatzeak askoz osoagoa den prestakuntza integrala eskuratzeko aukera emango dio.

Berez hain konplexua denez, musika estilo horren praktika erabil daiteke ikasleak melodiaren eta harmoniaren aldetik musika-belarria eta erritmoa garatzeko prozedura gisa.

Landu beharreko edukiak asko direla kontuan hartuta, ikasleari estiloari buruzko funtsezko kontu guztiak irakasten saiatuko da, alde zehatzetan sakondu gabe.

Aukerako irakasgai hau oso interesgarria izan daiteke pianoa, perkusioa, kontrabaxua, gitarra, tronpeta, tronboia, saxofoia, klarinetea eta kantua espezialitateetako ikasleentzat, nahiz eta beste espezialitate batzuetako ikasleek parte hartzea baztertzen ez den.

1.-Helburuak.

Musikako lanbide ikasketetan Jazzeko hastapenak irakasgaiaren ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izango dute helburu:

a) Pieza baten egitura harmonikoa eta formala aztertzea.

b) Entzumenaz pasarte melodikoak, eskala eta akorde ezberdinak eta formaren zentzua ezagutzea.

c) Estiloaren berezko artikulazio eta fraseatu prozedura ezberdinak ezagutzea.

d) Ikasten den musika-tresnaz emandako segida harmonikoen gainean inprobisatzea.

e) Taldeko testuinguru batean jakintza teorikoak aplikatzea.

f) Inprobisazioak egitean intuizioa eta sormena sustatzea.

g) Belarria melodia eta harmoniaren aldetik trebatu eta garatzea.

2.-Edukiak.

Jazzaren estilo ezberdinetako gai estandarrak entzutea hainbat bertsiotan.

Jazzaren berezko harmonia, eskala eta funtzio tonal ezberdinen ulermena barne hartuta, baita forma, musika-tresna, melodia eta erritmoaren analisia ere. Nomenklatura. Modu maiorra eta minorra: triadak, koatriadak, tentsioak eta saihestu beharreko notak.

Melodia: bitarteak, patroiak, motiboak eta esaldiak.

Inprobisazioa: formak, esaldien luzera, erritmo dentsitatea, denboraren sena, motiboaren melodia.

Praktika instrumentala: eskala eta arpegioak, triadak eta koatriadak, motiboak eta erritmo azkartze eta moteltzeak.

3.-Ebaluazio irizpideak.

1. Progresio harmonikoa gai estandar batean aztertzea.

Irizpide honen bidez, ikasleak akordeen funtzio ezberdinak ulertu, eta, horren ondorioz, horietarako eskala zuzenak ondorioztatzeko daukan gaitasuna baloratu ahal izango da.

2. Entzumenaz pasarte melodikoak, akorde mota ezberdinak, formak eta instrumentazioak ezagutzea.

Irizpide honen bidez, ikasleak musika ikuspegi profesionaletik, hau da, musika parametro ezberdinak teoria eta estetikaren aldetik ulertuz, entzuteko daukan gaitasuna baloratu nahi da.

3. Musika-tresna propioaz segida harmonikoak eta gai estandarrak inprobisatzea.

Irizpide honen bidez, ikasleak unean sortzeko daukan gaitasuna ebaluatu nahi da, bere jakintza teorikoak eta musikalak eta, taldeko testuinguruan, beste musikariekiko jarrera erakutsita.

4. "Solo" bat edo batzuk idaztea, gai estandar bati buruzko inprobisazio adibide gisa.

Irizpide honen bidez, ikasleari jakintza teorikoen aplikazioa ebaluatuko zaio, baita sormena eta musikaltasuna ere.

4.-Irakasle/ikasleak ratioa: 1/4 (Gutxieneko ratioa: 1/3).

C) Musikari aplikaturiko teknologia berriak.

Gure gizartearen musika beharrizanak oso azkar aldatu dira azken hamarkadetan eta erabateko aldaketa dago musikaren lanbidean. Musika ekoitzi eta aurkezteko tresna berriak -adibidez, ordenagailuak eta bestelako baliabide elektronikoak- erabiltzeko, orain arte prestakuntza tradizionalak barne hartzen ez zituen jakintzak eduki behar dira.

Horrez gain, azken urteetan kontrol informatikoko sistemak eta elementu periferikoak garatzeak, musika erabileretarako programetan aurrera egiteak eta baliabide horiek eskuratzeko erraztasun handiagoak gomendagarri egiten dute musika prestakuntzan oinarrizko zenbait alde sartzea, ikasleei sortu, aztertu eta ikertzeko prozesu askoren erabilera erraztuko dietelako.

Nolanahi ere, teknologia berriak musikaren arloan aplikatzea ez da helburutzat jo behar berez, etorkizuneko musikariaren garapen integrala bere osotasunean sustatzeko baliabidetzat baizik.

Irakasgai honen antolamendua, musikari dagokionez, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak ikasleen esku jartzea da, bai edukiaren gogoeta egin eta hori aztertzeko, bai praktikatzeko. Gauzak horrela, ikaskuntzan lagungarriak izan dakizkiokeen programa informatikoak erabiltzen irakatsiko zaio eta gaur egungo errealitateak eskaintzen dituen hezkuntza aukerak ahalik eta neurri handienean aprobetxatzeko behar diren tresnak emango zaizkio.

1.-Helburuak.

Musikako lanbide ikasketetan Musikari aplikaturiko teknologia berriak irakasgaiaren ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izango dute helburu:

a) Teknologiak musikariaren esku jartzen dituen tresna ezberdinak ezagutzea.

b) MIDIren eta Audioaren arteko aldeak ulertzea.

c) Modu oso oinarrizkoan erabiltzea MIDI eta Audio programa editoreak.

d) Partiturak sortu eta editatzea, partituren programa editore baten bidez.

2.-Edukiak.

Ordenagailua: hardwarea eta softwarea, MIDI formatuarekin bateragarriak diren teklatuak eta musika-tresnak, ordenagailuaren eta beste periferiko batzuen (musika-tresnak, anplifikadoreak, kableatua, nahasketa-mahaia eta abar) arteko konexioa, lagingailuak, musika-tresna birtualak.

MIDI: jatorria, oinarrizko ezaugarriak, informazio eta edizio leihoak, MIDI sekuentziazioa.

Audioa: audio analogikoa eta digitala, audio formatuak, audioaren oinarrizko edizioa.

Partituren edizioa: notak sartzeko modu ezberdinak, tresnen paleta (pentagrama, armadura, konpasa, giltzak, testuak, letrak, talde irregularrak, zeinuak, ligaturak, errepikapenak, ñabardurak eta abar).

3.-Ebaluazio irizpideak.

1. MIDI eta Audio sekuentziazio programak instalatuta dituen ordenagailua "MIDI orokorra" musika teklatura, nahasketa-mahaira, anplifikadorera, mikrofonora eta bozgorailuetara konektatzea, MIDI eta Audioa zuzen ibil daitezen.

Ebaluazio irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ikasleak zer gaitasun duen musika-informatikako postu batek dauzkan tresna ezberdinak instalatu, konektatu eta elkarri lotzeko, zuzen ibil daitezen.

2. MIDI formatuaren bidez musika obra txikia sekuentziatzea, Audio pista batekin, gutxienez, nahastuta eta amaierako emaitza CD batean grabatuta.

Ebaluazio irizpide honen bidez, sekuentziazio programa baten erabilera egokia ebaluatu ahal izango da, bai MIDI mailan, bai Audio mailan, musika obra baten sormen prozesuetatik (adibidez, grabaketa, konponketa eta masterizazioa) disko trinkoko euskarrian eratzeko amaierako prozeduretara arte.

3. Partituren editore baten bidez, proposatutako eredu batekin ahalik eta antzik handiena daukan partitura sortzea.

Ebaluazio irizpide honen bidez, ikasleak, asmo horretarako espezializatuta dagoen programak eskaintzen dituen baliabide nagusiak erabiltzean trebetasuna erakutsita, partiturak egin eta editatzeko behar diren jakintzak eskuratu dituela egiaztatu nahi da.

4.-Irakasle/ikasleak ratioa: 1/10 (Gutxieneko ratioa: 1/5).

II. ERANSKINA. Abesbatza, Konposizioko oinarriak II, Artearen historia eta Antzinako musikaren langela

A) Abesbatza.

Abesbatza aukerako irakasgaiaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako musikako lanbide ikasketen curriculuma ezarri zuen martxoaren 19ko 21/2007 Foru Dekretuaren Eranskinean Abesbatza irakasgairako ezarritakoa izango da, ikastetxeko programazio didaktikoan agertzen diren moldaketak eginda.

1.-Irakasle/ikasleak ratioa: 1/25 (Gutxieneko ratioa: 1/10).

B) Konposizioko oinarriak II.

Aurretik Konposizioko oinarriak I irakasgaian eskuratutako jakintzek idazketari buruzko zenbait trebetasun garatzen jarraitzeko aukera emango diote ikasleari bigarren mailako irakasgaian, baita musika hizkuntzaren elementuak eta prozedurak zein konposizio teknikekiko erlazioa hobeto ezagutzekoa ere, konposizio ikasketetarako hobeto prestatu eta, egokiago interpretatzeko, musika lanak ulertzen aurrera egiteko asmoz.

Irakasgai hau zuzentzen zaie bai Konposizioa, Musikologia, Pedagogia eta Abesbatzen edo Orkestraren zuzendaritza ikasketak egiten jarraitu nahi duten ikasleei, bai interpretazioan interesa daukaten ikasleei.

Irakasgai honetan Harmoniari eta Kontrapuntuari dagozkien aldeak sartu dira, musika gertaera beraren bi kontu osagarri gisa. Gomendagarria da idazketak gogoeta bertikal edo harmonikoak dakarren logika sintaktikoari zein gogoeta linealago edo horizontalagoari buruzko musika ideiak egitea barne hartzea. Horren ondorioz, kontrapuntu teknika klasiko ezberdinak Harmoniaren edukiekin zein estilo erromantikoko elementu eta prozedurekin batera ikasi behar dira.

Ikasleak hizkuntza tonalaren konposizio elementu eta prozedurak ikasten jarraituko du eta, bere praktikaren bidez, estilo erromantikoko oinarrizko prozedurak probatuko ditu, pieza txikiak edo pasarteak eginez. Aurreko azterketa beharrezko tresna erabilgarria izango da ezagutza teorikorako.

Horrez gain, praktika horrek konposizio askea ere bultzatu behar du, berezkotasun sortzailea garatzeko funtsezkoa baita.

1.-Helburuak.

Musikako lanbide ikasketetan Konposizioko oinarriak II irakasgaiaren ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izango dute helburu:

a) Garai eta autore desberdinen konposizio elementu eta prozedura nagusiak ezagutzea, Klasizismotik gaur egunera arte.

b) Garai erromantikoko konposizio elementu eta prozedura nagusiak erabiltzea.

c) Obra instrumental edo koral txiki askeak egitea, berezkotasun sortzailearen garapena suspertzeko asmoz.

d) Obrak aztertzean zein idatzizko ariketak egitean aztertutako elementuak eta prozedurak barnetik entzutea.

e) Garai desberdinetako konposizio prozeduren eta horietatik ondorioztatutako egitura formalen arteko lotura ezagutzea.

f) Ikasitako prozedurak entzumenaren bidez identifikatzea.

g) Egindako lanak musika-tresna polifoniko batez interpretatzea.

2.-Edukiak.

Obra instrumental txikiak (edo pasarteak) konposatzea estilo erromantiko eta inpresionistan.

Obra instrumental edo koral txiki askeak egitea.

Musika hizkuntzaren osagaien aniztasuna aztertzea: forma, melodia, erritmoa, gaiaren transposizioa, bertikaltasuna, lotura harmonikoak, modulazioa, kontrapuntua, tentsio eta lasaitze prozesuak, kadentziak, proportzioak, polaritateak, tinbrika, artikulazioa, dentsitatea eta jarraitutasun, koherentzia eta kontraste irizpideak.

Konposizio prozedurak aztertzea, forma eta tonu analisia, egitura analisia, psikopertzepzioarena, historizista.

Ikasitako elementuak eta prozedurak entzumenaz eta musika-tresnaz praktikatzea.

3.-Ebaluazio irizpideak.

1. Ariketa laburrak konposatzea, eskema harmoniko propio batetik abiatuta.

Ebaluazio irizpide honen bidez, eskema harmoniko edo/eta prozedura propio batzuetatik abiatuta, ikasleak musika pieza txikiak osorik sortzeko daukan gaitasuna baloratu ahal izango da. Era berean, egite tematikoa erabiliz emaitza koherenteak lortzeko duen trebetasuna neurtuko da.

2. Ahots berdin eta mistoetarako obra koral txikiak konposatzea.

Ebaluazio irizpide honen bidez, ikasleak melodia atzekariak sortzeko duen gaitasuna baloratuko da. Aldi berean, testuak musikatzeko prozedurak badakizkiela erakutsi beharko du.

3. Lanak egin eta obra instrumental txikiak (edo pasarteak) konposatzea estilo erromantiko eta inpresionistan.

Irizpide honen bidez, ikasleek ikasitako elementuak eta prozedurak testuinguru estilistiko zehatz batean eta, hala denean, berariazko idazketa instrumentalaren bidez, erabiltzeko daukaten gaitasuna ebaluatu nahi da; era berean, obrak edo pasarteak sortzeko gaitasuna baloratu nahi da, zeinetan proportzio formalen zentzua eta erabilitako elementu eta prozedura ezberdinek daukaten zeregin funtzionalaren gaineko ulermena hauteman daitezkeen.

4. Obra aske txikiak konposatzea.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da, garai ezberdinetako konposizio prozedura desberdinekiko lotura analitiko eta praktikoak ikaslearengan sortzen dituen iradokizunetatik abiatuta, bere berezkotasun sortzailea garatzeko bidea ematen dioten obra txiki askeak konposatzeko duen gaitasuna. Era berean, hautatutako materialetatik ondorioak ateratzeko eta horiek erabiltzeak sor litzakeen arazoak konpontzeko daukan gaitasuna ebaluatu ahal izango da.

5. Eskala handian forma eratzen duten elementu eta prozedurak entzumenaz ezagutzea.

Irizpide honen bidez, ikaslearen entzumenaren aurrerapena neurtu nahi da, autoreak obraren forma orokorra lantzerakoan erabilitako irizpideak (proportzioari buruzkoak, koherentziari buruzkoak, kontrasteari buruzkoak, etab.) identifikatzeko. Halaber, irizpide horien eta eskala txikian forma eratzen duten elementuen arteko erlazioa ulertu nahi da.

6. Egindako lanak musika-tresna polifoniko batez interpretatzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikaslea gai den musika-tresna polifonikoa ikaskuntza tresna gisa erabiltzeko, horrela, hain zuzen ere, idatzitakoa soinuen bidez egiaztatu ahal izateko eta egindako segida harmoniko eta prozedura ezberdinek sortzen duten efektua barneratu ahal izateko.

4.-Irakasle/ikasleak ratioa: 1/6 (Gutxieneko ratioa: 1/3).

C) Artearen historia.

Aukerako irakasgai honek trebetasun eta teknika handiko "musikari praktiko"aren edo instrumentistaren prestakuntza handitu nahi du, interpretazio egokiagoa dakarten beste kultur jakintza garrantzitsu batzuetara hurbilduta.

Musika obrak ez dauka zentzurik, bere testuinguru sozial, politiko edo kulturaletik isolatuta hausnartzen bada. Edozein partiturari ekiten dion musikariak bertan egitura, erritmoa, dinamika, adierazpenak eta abar ikusten ikasi ez ezik, hori konpositorearen garaiko eta kultur giroko zirkunstantzien islatzat jo ere egin behar du. Adibidez, Fallaren "Hiru puntako kapela" izeneko obra Picassoren artearekin batera ikasi behar da, horrek lehen emanaldirako agertokiak pentsatu baitzituen. Couperinen obrak ulertzeko, areto rococo baten giro dekoratuan kokatu behar gara. Ezin da trobalarien musika ulertu, lirika proventzalaren inguruko jakintzak izan gabe eta abar.

Nolanahi ere, irakasgaia ahalik eta praktikoena izateko diseinatuta dago. Horrela, Arteari buruz azaldutako edukiak diapositiba, irudi edo bideoz irudiztatuko dira beti edo, ahal izanez gero, zuzeneko kontaktua egongo da obrekin (erakusketak, museoak eta abar bisitatzea). Era berean, zenbait alde kultural liburuak irakurriz, testuen iruzkinak eginez eta filmak ikusiz osatu ahal izango dira.

Hitz teknikoak erabiltzea eta, horren ondorioz, ikastea ezinbestekoa bada ere, garrantzi handiagoa emango zaie arte edo literatura estilo bakoitza ondoen zehazten duten aldeei eta bereziki bidezko musika estiloari lot dakizkiokeen aldeei.

Oztopoak oztopo, musikaria artista da eta, hori den aldetik, mota guztietako adierazpen artistikoak baloratu eta gozatzeko prestatu behar da. Gauzak horrela, haren sentsibilitatea landuko da eta hori musika balioetsi eta interpretatzeko gaitasunaren onerako izango da.

1.-Helburuak.

Musikako lanbide ikasketetan Artearen historia irakasgaiaren ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izango dute helburu:

a) Garai bakoitzean musika sormenaren eta gainerako arteen arteko harremanak ezagutzea.

b) Adierazpen artistikoek giza izaeraren garapenean daukaten garrantzia baloratzea eta musika gertaerari eta hori garatzen duten fenomeno soziokulturalei lotzea.

c) Liburu interesgarriak irakurriz eta iruzkinduz oinarrizko kultura eskuratzea.

d) Edozein diapositiba artistiko iruzkintzea (edo, hala denean, zuzenean ikusten den beste obra bat), haren estiloa ezagutzea eta kronologia eta geografiaren aldetik kokatzea.

e) Norberak azterlan txikiak egiteko aukera ematen duen oinarrizko bibliografia ezagutu eta erabiltzea.

f) Laburbiltzeko gaitasuna eta ikerketaren aldeko interesa garatzea.

2.-Edukiak.

"Arte" kontzeptua zehaztea: helburua eta metodoa.

Arte plastiko eta dekorazio arte ezberdinei lotutako teknika, elementu eta hitz artistikoak.

Artea mendebaldeko kulturan: garaiak, estiloak, autoreak eta musikarekiko harremana.

Arteen bilakaeraren eta irudikapenik adierazgarrienen ibilbide historikoa, Historiaurretik XX. mendera arte, korronte eta estilorik garrantzitsuenak eta garaiko musikarekiko lotura aztertuta.

Informazio artistikoaren iturriak eta horien erabilera.

Obra artistikoaren kokapena bere ingurune sozial, ekonomiko, ideologiko eta artistikoan, diapositiben iruzkinaren bidez. Hainbat adierazpen artistiko testuinguru berean elkarri lotzea.

Alde artistiko eta kulturalei buruzko testu iruzkinak egitea.

3.-Ebaluazio irizpideak.

1. Diapositiba edo irudien bidez, garai desberdinetako obrak identifikatzea eta haien ezaugarri nagusiak deskribatzea.

Irizpide honen bidez, ikasleak proposatutako edozein obraren ezaugarri estilistiko garrantzitsuenak antzemateko duen gaitasuna ebaluatzen da.

2. Arte plastikoak eta kulturaren eta pentsaeraren beste alde batzuk elkarri lotzea.

Irizpide honen bidez, estilo artistikoak eta autore zehatzen obrak sorburu izan zuten testuinguru sozial eta kulturalaren barnean kokatzeko dagoen gaitasuna neurtzen da.

3. Garai, estilo edo autorerik aipagarrienen garapen ebolutiboan eragina izan dezaketen gorabehera politikoak, kulturalak, ekonomikoak eta ideologikoak, besteak beste, identifikatzea.

Irizpide honen bidez, ikasleak estilo zehatz baten garapena zehazten duten faktoreen konplexutasuna aztertzeko daukan gaitasuna ebaluatu nahi da.

4. Literatura obra garrantzitsuren bati buruzko lanak egitea, batez ere gai artistiko edo musikalei lotutakoei buruzkoak.

Irizpide honen bidez, ikasleak erakusten du obra artistiko, musikal, literario eta kulturaren bestelako adierazpenen arteko lotura ulertzeko gai dela.

5. Alde artistiko edo kulturalei lotutako gaiei buruzko testu iruzkinak egitea.

Irizpide honen bidez, eskuratutako jakintzak oinarri hartuta, aztertu, laburbildu, orokortu eta balorazio pertsonala emateko gaitasuna baloratzen da.

4.-Irakasle/ikasleak ratioa: 1/15 (Gutxieneko ratioa: 1/5).

D) Antzinako musikaren langela.

Musikako lanbide ikasketetan landu ohi den musika errepertorioa J.S. Bachen geroko aldira mugatzen da. Errenazimentu eta Barrokoko musika-literatura Musikaren historia irakasgaian bakarrik aztertzen da, nahiz eta oso garrantzitsua izan, geroko estilo eta eskola instrumentalak garatzeko orduan.

Antzinako musikaren langela aukerako irakasgaiaren helburua Bachen aurreko musika burutzapen bokal eta instrumentalaren praktikara hurbiltzea da. Ikasleei errepertorio hori eta haren interpretazio arauak eskuratzeko aukera eman nahi zaie; arau horiek musika idazketan agertzen ez badira ere, garai bakoitza lantzean jakintzat ematen dira ezinbestean. Kontuan hartu behar da musika preklasikoko inprobisazio elementua musika klasiko-erromantikoko eta erromantizismoaren osteko musikakoa baino askoz agerikoagoa dela. Horregatik, Langela erabilgarria izan daiteke, musikako prestakuntza handiagoa osatzen laguntzen duten zenbait inprobisazio gaitasun garatzeko.

Interpretazio printzipio preklasiko horien gaineko jakintza musikari baten prestakuntza osoaren zati izan beharko litzateke. Horrez gain, errepertorio hori interpretatzeko antzinako musika-tresnak ez izateak ez du zertan muga izan, horretara hurbiltzeko: horregatik, irakasgaia curriculumean Barroko aurreko obren azterketa barne hartu ohi ez duten espezialitateetako ikasleei zuzentzen zaie funtsean.

Izaera eta helburuak kontuan hartuta, irakasgaiak izaera praktikoa dauka gehienbat eta, ahal den neurrian, ikasleei aukera ematen die esku artean dituzten musika-tresnak erabiliz interpretazio printzipioak ikasgelan aplikatzeko, grabaketa bideo-diskografikoen bidez ezagutu eta entzungo dituzten antzinako musika-tresnekin erkatuta.

Irakasgaia ikasleen aurreko ezagutzen, kopuruaren eta dauzkaten musika-tresnen arabera garatuko da, eskola bakoitzean azalduko diren printzipio orokor teorikoak ikasgelan aplikatzeko aukera egon dadin. Helburu hori izanda, ahal den neurrian, ikasle talde heterogeneoak osatzen saiatzen da, irakasleak zuzenduta, XVI., XVII. mendeetako eta XVIII. mendeko lehenengo erdiko solo edo talde obra bokal eta instrumentaletara hurbilduko diren ganbera talde txikiak osatzeko.

1.-Helburuak.

Musikako lanbide ikasketetan Antzinako musikaren langela irakasgaiaren ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izango dute helburu:

a) Edizio moderno ezberdinen artean, jatorrizko iturriak ondoen errespetatzen dituztenak hautatzen jakitea.

b) Musika-tresnaren aurrekari historikoak eta haren teknika eta adierazpen ezaugarriak jakitea.

c) Errenazimentu eta Barrokoko printzipio estilistiko ezberdinen arabera, musika forma ezberdinak ezagutu eta interpretatzea.

d) Errenazimentu edo Barrokoko obrak interpretatzeko instrumentazio egokia hautatzen jakitea.

e) Adierazpen autonomia (erritmoa, fraseatua, agogika eta dinamika) eskuratzea, ikasleari Erromantizismoko edo Erromantizismo osteko notazio modernoaren oharrei pasiboki jarraitzeko ohituratik aldentzeko aukera emanda.

f) Errepertorio horren musika interpretazioaren berezko inprobisazio gaitasunak garatzea.

2.-Edukiak.

Interpretazio praktika "filologiko"aren printzipio orokorrak: musika iturriak, musika ikonografiako adibide praktikoak eta XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako tratatu instrumentalak, musika-tresna modernoen teknika instrumentalari lotuta.

Musika notazioa eta transkripzioa: antzinako partiturak notazio modernora transkribatzean agertzen diren arazoak konpontzea; lautearen tablaturak gitarrara transkribatzea; edizio modernoak.

Organologia: Errenazimentu edo Barrokoko musika-tresnak eta horien familiak; horien bilakaera eta musika-tresna modernoekiko harremana.

Errenazimentu edo Barrokoko musika forma nagusiak. Polifonia bokal profanoa. Frottole, kantak, madrigalak eta gabon-kanta profanoak. Musika instrumentala: fantasia, ricercare, glosa, ground. XVI. eta XVII. mendeetako "tenor"en gainean inprobisatzea. Errenazimentu edo Barrokoko dantza musika.

Eliz musikako eta musika profanoko talde instrumentalak, garaien eta Europako herrialdeen arabera. Errenazimentuko multzo instrumentalak: Consort eta Broken Consort. Errenazimentuko obren instrumentazioa. Sonata barrokoak, suitea eta kantata. Barrokoko baxu kontinuoa eta obren instrumentazioa.

Teknika eta adierazpen instrumentala. XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako musikaren erritmoa eta denbora. Fraseatua, agogika eta artikulazioa. Errenazimentu edo Barrokoko inprobisazioa eta ornamentazioa.

Interprete ezberdinen saioak entzun eta alderatzea, erabilitako interpretazio irizpideen ezaugarriak modu kritikoan aztertzeko.

3.-Ebaluazio irizpideak.

1. Musika pasarteen glosa txikiak egitea, Errenazimentuko tratatuen arauak oinarri hartuta.

Irizpide honen bidez, Errenazimentuko obren inprobisazioaren oinarrizko printzipioen eskuratze maila ebaluatzen da.

2. XVII. eta XVIII. mendeetako apainduren oharrak zuzen interpretatzea.

Irizpide honen bidez, Barrokoko ornamentazioaren oinarrizko printzipio estilistikoen eskuratze maila ebaluatzen da.

3. Errenazimentu edo Barrokoko obrak interpretatzea, artikulazio, agogika eta dinamikari dagokienez irizpide estilistiko egokiak izanda.

Irizpide honen bidez, eskolan aztertutako musika garaietako obrak interpretatzeari dagozkion arau estilistikoen eskuratze maila ebaluatzen da.

4. XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako obra bokal edo/eta instrumentaletatik aurrera, instrumentazio egokia hautatzea, irizpide historiko eta estilistiko egokiak izanda.

Irizpide honen bidez, obra preklasikoak interpretatzeko instrumentazio egokia egiteko gaitasuna ebaluatzen da.

5. Kontzerturako balizko programa koherentea pentsatzea, obra preklasikoek osatutakoa; obra horietan ikaslearen musika-tresnak parte hartzea aurreikusi behar da.

Irizpide honen bidez, ikasleak errepertorio preklasikoari buruz duen ezagutza baloratu nahi da.

4.-Irakasle/ikasleak ratioa: 1/4 (Gutxieneko ratioa: 1/3).

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa