(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Garraioak :
    • Salgaien garraioa :
      • 19/1994 Foru Dekretua, urtarrilaren 24koa, Errepidean barnako salgaien garraiorako baimenak eman, aldatu eta iraungitzeko araubide juridikoari buruzko irailaren 4ko 152/887 Foru Dekretua indarrik gabe uzten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

19/1994 Foru Dekretua, urtarrilaren 24koa, Errepidean barnako salgaien garraiorako baimenak eman, aldatu eta iraungitzeko araubide juridikoari buruzko irailaren 4ko 152/887 Foru Dekretua indarrik gabe uzten duena

 

(1994ko 14. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 2an)

Atarikoa

Errepidean barnako Salgaien Garraioen Antolamenduari buruzko 1947.eko abenduaren 27ko Legeak, bere bigarren xedapen gehigarrian, ontzat eman zituen Nafarroak errepidean barnako garraioei dagokienez dituen berezitasunak. Herrilan Ministerioak eta Nafarroako Foru Diputazioak 1950.eko azaroaren 22an sinatu zuten Antolamendu Hitzarmenak, bi Administrazioen eskumenen arteko mugak finkatu zituen, baita bien artean lankidetzan aritzeko bideak ezarri ere, Errepidean barnako Garraio Mekanikoak Antolatzeko arauteria Nafarroan aplika zedin.

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, bere 49. artikuluan, Nafarroari ematen dio erabateko eskumena beren ibilbidea osoki foru lurraldean duten trenbide, errepide eta bideak baliatuz egiten den garraioaren gain, baita hasiera eta amaiera foru lurraldean duten salgai eta bidaiarien garraioa arautzeko gaietan Estatuaren legeria gauzatzeko eskumena, Estatuak beretako gorde dezakeen gauzatze zuzena galarazi gabe. Halaberean ezartzen da, nolanahi ere, gai honetan nahiz trafikoari eta zirkulazioari dagokion guztian, Nafarroak, gaurregun dituen ahalmen eta eskumenei osoki eutsiko diela.

Nazioko Gobernuak, garraiorako baimenak arautzen zituzten apirilaren 18ko 24/1984 eta abuztuaren 14ko 182/1984 Foru Dekretuen aurka eskumen auzi bana aurkeztu zuen eta horiei buruz Konstituzio Auzitegiak 1988.eko maiatzaren 3an eman zuen epaiak, Foru Dekretu horien hainbat atal deuseztatu zituen, Nafarroako herrialdeaz gaindiko garraiorako baimenak arautzen zituztelakoan, eta auzitan zegoen eskumena Estatuarena dela deklaratu zuen. Konstituzio Auzitegiak Estatuaren gain uzten du garraioa antolatu edo arautzeko eskumena, garraioaren ibilbidea Nafarroako herrialdeaz gaindikoa den neurrian, eta onartzen du gai horretan Nafarroako ahalmenak gauzatzekoak baizik ez direla eta, beti ere, arauketarik egin badezake ere, hura organikoa dela, baina ez sustantiboa.

Errepidean barnako salgaien garraiorako baimenak eman, aldatu eta iraungitzeko araubide juridikoari buruzko irailaren 4ko 152/1987 Foru Dekretua, Konstituzio Auzitegiaren epai hori jakin aitzin onetsi zen eta bertze eskumen auzi bat sorrarazi zuen, Nazioko Gobernuak Konstituzio Auzitegian aurkeztu zuena, ustez eta Nafarroak eskualde nahiz nazio eremuko zerbitzu publiko diskrezionalak, foru lurraldeaz gaindikoak, arautzeko ahalmenak erabiltzen dituen. Foru Dekretu hori, gaurregun, Konstituzio Auzitegiaren autu batek etenik dago, eta haren epaiaren zain.

Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legeak, irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen haren Erregelamenduak eta zenbait Ministerio Agindu osagarrik, errepidean barnako garraioaren araubide sustantiboa ezartzen dute. Arauteria horrek indarrik gabe utzi du 1950.eko Antolamendu Hitzarmena sinatu zenean indarra zuena eta, gainera, ezberdina da arras horrekiko. Antolamendu sustantibo horren osagarri izan da ekainaren 30eko 5/1987 Lege Organikoa, errepidean barna eta kable bidezko garraioei dagokienez, Estatuaren ahalmenak Elkarte Autonomoetan eskuordetzeari buruzkoa. Haren xedapen gehigarriak aurrikusten du Nafarroak gaurregun diren Hitzarmenen ondorioz bere herrialdeaz gaindiko garraioei dagokienez dituen ahalmen eta eskumenen egokitzapena, Foru Komunitatearekin ados jarri ondoan.

Kontutan harturik irailaren 4ko 152/1987 Foru Dekretuaren edukia arront zaharturik gelditu dela, hala Konstituzio Auzitegiak emandako epaiaren irizpideei nola indarra duen arauteriak ezarritako antolamendu berriari dagokionez; ez dirudiela komenigarri, oraingoz eta Estatuaren antolamendu borobila ikusirik, hasi eta buka Nafarroan egin daitekeen salgaien garraiorako, arauteria ezberdinik ezartzea; eta 1950.eko Hitzarmena eguneratzea komenigarria dela, hori dena kontutan harturik, beraz, bidezkoa da 152/1987 Foru Dekretu hori indarrik gabe uztea.

Horiek horrela, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamalauko urtarrilaren hogeita lauan egin bilkuran harturiko Erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:

1. artikulua

Ondorio guztietarako, indarrik gabe gelditzen da, Nafarroan helbidea duten ibilgailuei errepidean barnako salgaien garraiorako baimenak eman, aldatu eta iraungitzeko araubide juridikoari buruzko irailaren 4ko 152/1987 Foru Dekretua.

2. artikulua

Garraioak Antolatzeko indarra duen Hitzarmena eguneratu edo hasi eta buka Nafarroan egiten den salgaien garraiorako baimenei buruzko arauteria berariazkoa ezartzen ez den bitartean, Nafarroako Gobernuak salgaien garraiorako ematen dituen baimenak, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen eta hura garatzeko arauen Erregelamendua onetsi zuen irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuak ezarritako araubide juridikoaren arabera arautuko dira.

3. artikulua

Herrilan, Garraio eta Komunikazio Kontseilariak, estatuko arau sustantiboak begiratuz, xedapen berekien bidez, arau horiek egokituko ditu Nafarroako Foru Komunitateko antolakuntzara, alderdi organikoei eta gauzatze eta prozedurakoei dagokienean.

Azken Xedapen Bakarra

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa