Castellano | Euskara | Français | English
(Tetsu bateratua. Jatorrizkoa 1992ko 138. NAOn argitaratua, azaroaren 16an. Aldaketak: 1994ko uztailaren 5eko Foru Agindua)
Atarikoa
Foru Administrazioko eta erakunde sindikaletako ordezkariek 1992.eko otsailaren 26an hitzartutako Akordioek ezarritako aldaketak, baita Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Lege Arau-emaileak ere, komenigarri egiten dute, Lehen Osasun Laguntzaren inguruan, laguntza jarraituaren arauketa berria, xedapen berri horietan jorratutakoa jasotzeko.
Hori horrela, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza Kontseilariak proposaturik eta mila bederatziehun eta lauretan hogei eta hamabiko azaroaren bian egin bilkuran harturiko erabakiari jarraikiz, dekretatu du:
1. artikulua. Lan ordutegia.
1. Osasun Eskualde Oinarrizkoetan sarturik dauden langileen ohizko lan ordutegia, 8etatik 15ak arte izanen da lanegunetan. Beti ere, osasun zentruak larunbatean irekirik egotea bermatuko da, baita izaera orokorrez ezarritako lanaldia betetzea ere.
Herritarrei egiten zaien zerbitzu eskaintza eta instalazioen erabilpena, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen Laugarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoari piskana piskana egokituz joan dadin, hiri, hiri ttiki edo behar bezalako garrantzia duten herrietako zentruetan, ordutegia 15etatik 20ak arte luzatzen ahalko da, astelehenetik ortziralera.
2. Aitzineko puntuan ezarritakoak ez die dedikazio haundiagoa eragotziko, aparteko osasun egoerak gertatzean, laguntza jarraituak berarekin dakartzan agerpen fisikoko goardialdietan edo goardialdi lokalizatuetan parte hartzean, edo Osasun Eskualde Oinarrizkoetako zuzendarien erantzukizunpean hala behar duenean.
2. artikulua. Laguntza Jarraituko Guneak.
1. Agerpen fisikoko goardialdien edo goardialdi lokalizatuen bidez, laguntza egokiro bermatzeko guttienez ere sendagile bat eta OLT batekin zaindu beharreko lurralde eremuak dira Laguntza Jarraituko Guneak.
2. Foru Komunitateak geografia, demografia, gizarte eta kultura aldetik dituen berezitasunak direla eta, Foru Dekretu honen eranskinean agertzen diren Laguntza Jarraituko Guneak definitzen dira. Eranskina, Osasun Kontseilariaren Foru Agindu baten bidez alda daiteke.
3. artikulua. Laguntza Jarraitua.
1. Laguntza jarraituaren ordutegia 15etatik biharamuneko 8ak arte izanen da lanegunetan, eta 8etatik biharamuneko 8ak arte, igande eta jaiegunetan.
1.1. artikuluko 2. lerroaldean xedatutakoari jarraikiz, ohizko ordutegia 15etatik 20ak arte luzatzea erabakitzen den zentruetan, laguntza jarraituaren ordutegia ohizko lanaldi hori akituz gero hasten ahalko da.
2. Laguntza jarraitua, berez larrialdi direnetan nahiz ohizko ordutegitik kanpoko prozesuetan eman beharreko laguntzari dagokio. Profesionarien lanari eta eskakizunaren antolamenduari on egin beharrez, laguntzarako ordutegi osagarria ezartzen ahalko da ohizkoaz landa, goardialdiak egiten ari diren osasun langileek beteko dutena.
3. Zerbitzua ematerakoan kalitate egokia eta homogeneitatea bermatzearren, Laguntza Jarraitua betetzeko bi erregimen ezartzen dira, Foru Dekretu honen eranskinean agertzen diren Laguntza Jarraituko Guneen artean profesionari kopuruaren aldetik dauden ezberdintasunak kontutan harturik:
a) Hiru profesionarik edo guttiagok begiratzen dituzten Laguntza Jarraituko Guneetan, ohizko ordutegitik kanpora beteko dira, goardialdi lokalizatuko txandak ezarriz.
b) Lau profesionarik edo gehiagok begiratzen dituzten Laguntza Jarraituko Guneetan, hirikoetan izan ezik, ohizko ordutegitik kanpora beteko dira, izaera mistoko goardialdiak ezarriz. Lanegunetan, agerpen fisikokoak 15etatik 22ak arte, eta lokalizatuak gainerako orduetan egun horien barnean. Igande eta jaiegunetan, berriz, agerpen fisikokoak 8etatik 22ak arte, eta lokalizatuak gainerako orduetan egun horien barnean.
Gehienez ere betetzeko arestian ezarri diren parametroak gorabehera, inguruabar objektiboek komenigarri egiten dutenean, agerpen fisikoko goardialdi guzti nahiz batzuen ordez, goardialdi lokalizatuak erabiliko dira.
4. 1992.eko abenduan agerpen fisikoko goardialdien eta goardialdi lokalizatuen txanda berriak ezartzen diren arte, Laguntza Jarraitua, Eskualde Oinarrizko ezberdinetan orain arte ezarririko txanden arabera burutzen ahalko da beti, baita, goardialdiengatik, gaurdaino izan den antolakuntza eta lansari sistemaren barnean Laguntza Jarraituaren B Moduluari dagozkion zenbatekoak eskuratzen ere.
5. Antolakuntza eta laguntza beharren arabera, Lehen Osasun Laguntzako Zuzendariak, Ebazpen baten bidez, Laguntza Jarraituko Guneetako goardialdiak bertze osasun profesionari batzuek bete ditzaten ezartzen ahalko du, Gunearen Eskualde Oinarrizko berekoak ala, horrela behar baldin bada, bertze Osasun Eskualde Oinarrizkokoak izan.
Urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen Hirugarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, udaletako osasun langileek agintzen zaizkien goardialdiak burutuko dituzte.
Azken Xedapenetako Lehenbizikoa
Indarrik gabe gelditzen dira uztailaren 31ko 191/1990 Foru Dekretua, azaroaren 15eko 307/1990 Foru Dekretua, maiatzaren 30eko 148/86 Foru Dekretuaren 25. artikulua, baita Foru Dekretu honi kontra egiten dioten lerrun bereko eta goragoko xedapen guztiak ere.
Aipatu indar galtzearen ondorioz, amortizaturik gelditzen dira konpentsazioko txandetako lanpostuak (asteburuetakoak) eta, beraz, baita lanpostu horiek hornitzen zituzten bitarteko izendapenak ere.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Esku ematen zaio Osasun Kontseilariari, Foru Dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak emateko.
Azken Xedapenetako Hirugarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
ERANSKINA. Nafarroako Laguntza Jarraituko Guneak
Altsasu *
Agoitz
Auritz I. - Luzaide
Auritz II. - Auritz
Etxarri-Aranatz *
Elizondo I. - Urdazubi
Elizondo II. - Oronoz
Elizondo III. - Elizondo
Uharte *
Irurtzun I. – Araitz
Irurtzun II. – Lekunberri *
Leitza I. - Goizueta
Leitza II. - Leitza
Lesaka *
Orkoien
Doneztebe
Ultzama
Izaba
Noain *
Gares *
Zaraitzu
Zangoza I. (gainerakoa)
Zangoza II. (hiria) *
Allo
Ameskoa
Antzin
Lodosa I. (Mendavia)
Lodosa II. (Lodosa) *
Urantzia
San Adrian I. (Carcar - Andosilla)
San Adrian II. (San Adrian - Azagra) *
Viana I. (Cabredo - Uxanabilla - Marañon - Lapoblacion eta Meano)
Viana II.
Villatuerta I. (Lezaun - Abartzuza - Jaitz)
Villatuerta II. (Villatuerta - Oteitza)
Artaxona
Zarrakaztelu *
Erriberri I. (Caparroso)
Erriberri II. (Erriberri)
Azkoien *
Tafalla (1)
Buñuel I. (Fustiñana - Cabanillas)
Buñuel II. (Buñuel - Cortes - Ribaforada) *
Cascante *
Cintruenigo *
Corella *
Valtierra - Cadreita *
Iruña (1)
Lizarra (1)
Tutera (1)
Mendillorri *
* 4 profesionari edo gehiago dituzten Laguntza Jarraituko Guneak.
(1) Hiri aldeak.