(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Comptos Ganberaren Antolaketari Buruzko Erregelamendua

(2007ko 19. NPAOn argitaratutako testua, martxoaren 2an)

Atarikoa

Comptos Ganberako lehendakariak 1996komaiatzaren 20an hartutako erabakiaren bitartez,erakunde horren antolaketari buruzko erregelamendua onetsi zen.

Une jakin batean, erregelamendu hori aurrerapauso garrantzitsua izan zen, testu bakarrean arautzen baitzituen Comptos Ganberaren antolaketari zegozkion zenbait alderdi, lehenagotik partzialki arautuak zeudenak Comptos Ganberako lehendakariak hartutako unean uneko erabaki puntualetan.

Erregelamendu hori jadanik orain dela hamar urte baino gehiago onetsi zenetik igaro den denborak eta epe horretan erakundeak izan duen bilakaerak komenigarri egiten dute erregelamendua gaurkotzea. Erregelamendu horretan arautzen dena, funtsean, hauxe da: Comptos Ganberako lanpostuak, haiei dagozkien eginkizunak, haien arteko harremana eta erakundeko zenbait zerbitzuren(adibidez, erregistro, artxibo eta liburutegiaren) antolaketa eta funtzionamenduari buruzko zenbait alderdi.

Asmotan dagoen aldaketa honek funtsean mantendu egiten ditu 1996ko erregelamenduaren egitura eta edukia, eta haren helburua nagusia da erregelamendu hura honako gai hauetan gaurkotzea,betiere Comptos Ganbera arautzen duen 19/1984 Foru Legeak xedaturikoari jarraituz:

1.- Comptos Ganberako lanpostu bakoitzaren eginkizunak eguneratzea.

2.- Erregelamenduaren edukia egokitzea Comptos Ganberari buruzko Foru Legeak ezarritakora,auditoreei entzuteari dagokionez.

3.- Espresuki jasotzea zilegi izanen dela auditoreetako bati berariaz esleitzea Comptos Ganberako gainerako kideei eta haren zerbitzuko langileei aholkuak, laguntza eta babes teknikoa emateko eginkizunak.

4.- Auditoria-laguntzailearen postuaren arauketa kentzea, operatiboa ez baita; izan ere, horixe bera frogatzen du figura hori Comptos Ganberaren plantilla organikotik duela 15 urte baino gehiago desagertu izanak.

5.- Comptos Ganberaren funtzionamendurako giltzarri diren postu batzuetan, hala nola idazkari, administratzaile eta kontu-hartzailearenak, aldi baterako ordezpenak arautzea.

6.- Auditoria-teknikariaren lanpostuari lehentasuna ematea Comptos Ganberaren barrenean kontu-hartzailetza eginkizunen erabilera esleitzerakoan.

7.- Administrazio bulegoaren, artxiboaren eta liburutegiaren araubidea eguneratzea eta erregistroa arautzeko atal berri bat sortzea, gaur egun ez baitago aurreikusita.

8.- Etorkizunean beharrezkotzat jotzen diren lanpostu berriak Comptos Ganberaren plantilla organikoari eransteko prozedura ezartzea.

9.- Comptos Ganberaren antolaketa eta lanari dagozkien oinarrizko gai batzuk osatzea, hala nola: erakundean lanpostu berriak sortzea, Comptos Ganberan lanpostuak prestakuntza-aldian betetzeko deialdiak, bertako langileei beren lanarengatik ezagutzen dituzten informazio eta datuei dagokienez eskatzekoa zaien isilpekotasuna, datu pertsonalen babesa, kanpoko laguntzaileekiko harremana eta abar. Nafarroak Comptos Ganberaren erregelamendu berriak erakundeko lanpostuetatik eginiko ekarpenak izan ditu, aurretiaz Ganberako langile batzordeak eginiko txostena izan du, eta erakundeko zerbitzu juridikoek aldeko irizpena eman diote; beraz, horiek horrela, eta Comptos Ganbera arautzen duen foru legeko 6.2 eta 15.2 d) artikuluei jarraituz, zeinetan lehendakaritza honi erakundearen antolaketa eta barne agintaritzaren gaineko eskumena aitortzen baitzaio, erabaki dut:

Lehena

Comptos Ganberaren antolaketari buruzko Erregelamendua onestea, zeina ebazpen honi erantsita baitago. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Bigarrena

Erregelamendu hau Nafarroako Parlamentuko Mahaiari igortzea, bere berri izan dezan eta Parlamentuko aldizkari ofizialean argitara dadila agin dezan.

NAFARROAKO COMPTOS GANBERAREN ANTOLAKETARI BURUZKO ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA. Comptos Ganberaren organoak

1. artikulua

Comptos Ganberako organoak dira:

a) Lehendakaria.

b) Auditoreak.

c) Idazkaritza Nagusia.

2. artikulua

1. Nafarroako Comptos Ganberari buruzko Foru Legeari jarraituz, lehendakaria da bertako agintaritza eta ordezkaritza organo gorena, eta honako eginkizun hauek ditu:

a) Ganberaren helburuak eta xedeak zehaztea eta haren kanpoaldeko nahiz barnealdeko jardueraren ildo nagusiak ezartzea.

b) Comptos Ganbera edozein instantziaren aurrean ordezkatzea.

c) Comptos Ganberari bere agintaritza, barne eraentza eta langileriari buruzko gai guztietan dagozkion ahalmenen goi mailako erabilera. Ikuspegi horretatik, lehendakariari dagokio:

Langileria-arloko goi-buruzagitza gauzatzea, langileen jarduketen gaineko zuzendaritzaz eta koordinazioaz arduratuz, bai eta haien izendapen eta kontratazioari dagozkion eginkizunak betez ere.

Auditoreei beren eginkizunen esparruan bete beharreko lana esleitzea.

Ganberak berezko dituen zerbitzuen goi-ikuskaritzaz arduratzea, haien eraginkortasuna eta funtzionamendu ona bilatuz; horretarako, kasu bakoitzean beharrezko deritzen neurriak hartu ahalko ditu.

Ganberaren urteroko aurrekontu-proiektua prestatu eta onestea eta, aurreikusitako diru kopuruen mugen barrenean, gastu eta dirusarrerak baimendu eta ordainketa nahiz kobrantzak agintzea, erabaki ditzakeen eskuordetzeak ezertan galarazi gabe.

d) Nafarroako Gobernuari edo kasuko toki korporazioei jakinaraztea Ganberak bere eginkizunak betetzen dituenean sortzen diren gorabehera larri guztiak, eta Parlamentuari jakinaraztea Ganberaren eskumen eta eskurantzen inguruan sor litezkeen gatazka guztiak eta haiek gauzatzean nabari litezkeen behaztopak edo lankidetzarik ezak.

e) Parlamentuari fiskalizazio txostenak bidaltzea, bai eta, kasua bada, egoki deritzen oharrak. Kontu Auzitegiari eta fiskalizaturiko ente edo organismoei ere txosten horien kopiak igorriko dizkie.

f) Foru erkidegoko sektore publikoa osatzen duten korporazio, organismo eta entitateei, eta foru erkidegoko funts publikoak jasotzen edo kudeatzen dituzten guztiei, Ganberaren eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren datu, txosten, dokumentu edo aurrekariak eskatzea.

g) Parlamentuari Comptos Ganberaren txosten eta oroitidazkiei buruzko informazioa ematea, dela Parlamentuak eskatuta dela Comptos Ganberaren beraren ekimenez.

h) Parlamentuari Ganberaren jarduerei buruzko urteko oroitidazkia aurkeztea.

i) Parlamentuko Mahaiaren erabakiz eskuordetzen zaizkionak, lanpostu hutsak eta Comptos Ganberako langileen ordainsariak zehazteari dagokionez.

j) Bere erabakien aurka aurkez daitezkeen erreklamazio eta errekurtsoak indarreko araudiari jarraituz ebaztea.

k) Erregelamendu hau aplikatu, interpretatu eta, kasua bada, haren osagarri aritzea, eta Ganberari dagozkion gainerako arazoak ebaztea, baldin eta bertako beste organo zehatz batzuei esleituak ez badira.

2. Lehendakariari dagokio honakoak onestea, auditoreei entzun ondoren, haiei horretarako banan-banan nahiz guztiei batera deituta, egokien deritzon moduan:

a) Comptos Ganberak urte bakoitzean gauzatu behar duen fiskalizazio programa.

b) Auditoreen jarduerak bete behar dituen irizpideak eta izan behar dituen kontrol politikak, jarduera hori ahal den neurri handienean bateratze aldera.

c) Fiskalizazio txostenak.

d) Foru erkidegoko sektore publikoaren kontuei eta kudeaketa ekonomikoari buruzko urteko txostena.

e) Ganberako kontuen berri ematea, Parlamentuari igortzeko.

3. Comptos Ganberako lehendakariak bere eginkizunetan jardutean emandako xedapenek erabaki forma hartuko dute. Halaber, zilegi izanen du, Ganberak berezkoak dituen eginkizunak betetzeari dagokionez, zirkular eta jarraibide forma hartuko duten xedapenak ematea.

4. Ganberako lehendakariak kabinete bat izan ahalko du, berak aurrekontuko diruaren arabera askatasunez hautaturiko behin-behineko langilez osatua. Haien kargualdia amaituko da Ganberako lehendakariarenarekin batera.

3. artikulua

1. Auditoreak dira foru erkidegoko funts publikoen kudeaketa ekonomikoaren egiaztapen, ikerketa eta ikuskapena dagozkien organoak, bai eta xede horrekin eratzen diren fiskalizazio eta auditoria lantaldeen zuzendaritza ere.

2. Ikuspegi horretatik, honakoak dira auditoreen eginkizunak:

a) Haien lantaldeari esleituriko pertsonen lanaren planifikazioaz eta zuzendaritzaz arduratzea, haiekin lankidetzan arituz. Bereziki zainduko dute eginiko kontrol-jarduera gauzatzean irizpide-batasuna mantentzen dela eta pertsona haien prestakuntza nahiz ikasketa praktikoa eta etengabea garatzen ahaleginduko dira.

b) Ardurapean dituzten lanak egiteko beharrezkoak dituzten datu, txosten, dokumentu edo aurrekari guztiak eskuratzea fiskalizaturiko zentro eta zerbitzuetatik.

c) Ganberako lehendakariak agindu dizkien lanetan jardutean txosten-zirriborroak prestatu eta ondorioetara iristea eta haiek Ganberako lehendakariari igortzea. Halaber, fiskalizaturiko ente eta organismoek egin litzaketen alegazioei buruzko irizpena emanen dute.

d) Lan bakoitza amaitzean, haren oinarri gisa harturiko paperak eta dokumentazioa prestatu eta lehendakariari aurkeztea, eginiko fiskalizazioari buruzko datu eta gorabehera garrantzitsuenak aipatzen dituen laburpen moduko egoera-orri batekin batera.

e) Beren lana hobeki egiteko beharrezkotzat jotzen dituzten proposamen eta iradokizunak lehendakariari helaraztea, bai eta Ganberaren balizko jarduera berriei eta fiskalizazioei buruzkoak ere.

f) Lehendakariari aholku ematea beren eskumenekoak diren gaietan, eta hark gai horiei buruz eskatzen dizkien txosten, oroitidazki eta irizpenak ematea.

g) Auditoria arau, irizpide eta programak prestatzea, bai eta Ganberako lehendakariak agintzen dizkien bestelako dokumentuak ere, Ganberak ardurapean dituen fiskalizazio-lanetan homogeneotasun maila handiagoa lortze aldera.

h) Kasua bada, Comptos Ganberari eginkizun suertatu ahal zaizkion espediente jurisdikzionalak izapidetzea.

i) Lehendakariak agindu ahal lizkiekeen guztiak, haien eskumenen barnekoak.

3. Aurreko idatz-zatiko f), g) eta i) letretan xedaturikoari jarraikiz, Comptos Ganberako lehendakariak auditoreetako bati berariaz agindu ahalko dio erakundeak hobeto funtziona dezan beharrezkotzat jotzen dituen laguntza eta aholkularitza teknikoko eginkizun guztiak betetzea. Eginkizun horien artean egon litezke, besteak beste, azterketa, lan eta txosten bereziak egitea erakundeko gainerako kideei laguntzeko; auditoriari laguntzeko zenbait material prestatzea; erakundeko prozedura-eskuliburuan jasotako xedapenak garatu eta eguneratzea; eskuliburu horretan aipatzen den Ganberaren lanen kalitaterako barne kontroleko sistema pixkanaka ezartzea; eta lehendakariak agindu ahal dizkion laguntza teknikoko guztiak, bere eskumen esparruaren barrenekoak, erakundearen lanek eraginkortasun, efizientzia eta kalitate mailarik altuena lor dezaten.

Ganberako auditore bati eginkizun tekniko horiek agintzea Ganberako lehendakariaren erabaki espresaren bitartez eginen da, eta eginkizun horiek betetzeko hautaturiko auditorea erakundearen plantilla organikoan auditore-aholkulari tekniko izenpean agertuko da.

Auditore-aholkulari teknikoak, bete ahal dituen eginkizunen izaera eta erantzukizun berezia direla- eta, bere izendapenaren egunetik aurrera Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 30. artikuluan aipaturiko berariazko osagarria izanen du. Osagarri horren zenbatekoa eginkizunak agintzen dituen erabakian zehaztuko da, Comptos Ganberako lehendakariak onesten duen plantilla organiko berrian agertuko da, eta auditoreak berariazko eginkizun horiek betetzeari uzten dion unean amaituko da.

4. artikulua

1. Idazkaritza Nagusia idazkari nagusiaren zuzendaritzapean dago, eta Ganberako organoei laguntza eta aholkularitza juridiko, tekniko eta administratiboa emateko dituen eginkizunak bete ahal izateko behar diren langileek osatua da.

2. Idazkari nagusiak langileen arloko zuzeneko buruzagitza dauka, eta, lehendakariaren jarraibideak betez, Comptos Ganberaren antolaketa zuzentzen du. Honako eginkizun hauek dagozkio:

a) Comptos Ganberako lehendakariaren eta kideen aholkularitza juridikoaz arduratzea.

b) Aholkularitza juridikoa zuzendu eta koordinatzea.

c) Ganberako langileen buruzagitzan zuzenean jardutea, haiengan eragiten duten alderdirik garrantzitsuenak zainduz eta horien berri lehendakariari aldiro emanez.

d) Ganberaren afera orokorren eta agintaritza aferen izapidetzea eta kudeaketa, eta administrazio- kontratazio, erregistro, liburutegi, artxibo eta dokumentu-zainketari dagokiena ikuskatzea.

e) Ganberaren lanen administrazio-izapidetzerako lehentasunak ezartzea konkurrentziak edo gatazkak gertatzen diren kasuetan.

f) Lehendakariari Ganberaren aurrekontuaren aurreproiektua eta kontu-proiektua aurkeztea, haiek onesteko, eta hari aldiro informazioa ematea aurrekontu-betetzeari eta erakundearen kudeaketa ekonomikoan eragiten duten bestelako alderdi orori buruz.

g) Comptos Ganberako zerbitzuen funtzionamendua ikuskatu eta koordinatzea, lehendakariaren zuzendaritzapean.

h) Ganberak egindako lanei buruz urtero egiten den egoera-orri orokorra prestatzea.

i) Aktak idaztea eta, lehendakariaren oniritzia lortu ondoren, eskaturiko ziurtagiriak luzatzea.

j) Ganberako lehendakariaren ordez aritzea hura kanpoan dagoenean, edo gaixo, edo haren postua aldi baterako hutsik dagoenean.

k) Lehendakariak agindu ahal lizkiokeen guztiak, haren eskumenen barnekoak.

3. Lehendakariak idazkari nagusia Ganberako legelarien artetik askatasunez izendatu eta kargutik kenduko du. Halaber, kargua utziko du, lehendakariak aurretiaz horri buruzko erabakia hartuta, honako arrazoi hauengatik: karguari uko egiteagatik, funtzionario-egoera aktiboaz bestelako batera pasatzeagatik eta karguan jarduteko ezintasunagatik.

4. Idazkari nagusiak, Comptos Ganberaren zerbitzuen barne-antolaketari dagokion orotan, eta bertako lehendakariarekin adosturik, ardurapean dituen arloetan agintaritza-xedapenak eman ahalko ditu, zirkular eta jarraibideetan gauzatuko direnak formalki.

5. Idazkari nagusiak, indarreko araudiari jarraituz, bere eskumeneko zereginak eskuordetu ahalko ditu, Comptos Ganberako lehendakariaren aurretiazko adostasuna izanik betiere.

6. Idazkari nagusi postua hutsik badago, edota idazkari nagusia kanpoan edo gaixorik dagoenean, Comptos Ganberako lehendakariak hautatzen duen legelariak beteko ditu haren eginkizunak aldi baterako.

II. KAPITULUA. Comptos Ganberako langileak

5. artikulua

1. Comptos Ganberak bere eginkizunak betetzeko behar diren langileak izanen ditu.

2. Comptos Ganberaren zerbitzuko langileak honako hauek dira:

a) Funtzionarioak.

b) Behin-behineko langileak.

c) Langile kontratatuak.

3. Erregelamendu honek eta Comptos Ganberari buruzko Foru Legeak aurreikusi ez duten orotan, haren zerbitzuko langileei Nafarroako Parlamentuko langileen estatutua aplikatuko zaie.

6. artikulua

1. Comptos Ganberako legelariak erakundeko aholkularitza juridikoan txertatuko dira. 2. Legelariek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Ganberako kideei beharrezkoa duten aholkularitza eskaintzea idazkari nagusiak aholkularitza juridikoko buru den aldetik haien ardurapean uzten dituen zuzenbide-gaietan.

b) Erakundeko auditoreek beren eginkizunetan jardutean, alegia, foru erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateak ikuskatu eta kontrolatzean, eskaturiko txosten juridikoak egitea.

c) Ganberak bere eginkizunak bete ahal izateko beharrezkoak diren artxibo, espediente eta gida juridikoak prestatu eta haietaz arduratzea.

d) Auditoreek prestaturiko txosten-zirriborroen zuzentasun juridikoa ikuskatzea, haien iritziz kontrol hori egitea beharrezkoa denean, eta horietatik sor litezkeen edonolako erantzukizunen norainokoa aztertzea.

e) Idazkari nagusiak eskaturik, legezkotasun azterketak eta analisiak egitea eta Comptos Ganberak izapideturiko barne espedienteei buruzko txosten juridikoak prestatzea.

f) Kasua bada, Comptos Ganberari eginkizun suertatu ahal zaizkion espediente jurisdikzionalak izapidetzea.

g) Epaiketa organoen aurrean Comptos Ganbera ordezkatu eta defendatzea, kasua bada.

h) Idazkari nagusiari laguntza ematea, hark eskatuz gero, espedienteen izapidetze eta kudeaketan.

i) Lehendakariak edo idazkari nagusiak agindu ahal lizkiekeen guztiak, haien eskumenen barnekoak.

3. Ganberako legelariak idazkari nagusiaren agindupean egonen dira beren eginkizunetan.

7. artikulua

1. Idazkari nagusiaren goi mailako zuzendaritzapean, informatika sistemetako goi mailako teknikariek honako eginkizun hauek beteko dituzte:

a) Ganberako auditoria-lantaldeei informatika arloko laguntza ematea haien fiskalizazio lanetan.

b) Ganberako auditoreei aholkularitza eskaintzea eta haiekin lankidetzan aritzea informatika arloko eginkizun eta sistemei buruzko auditoriak egiteko.

c) Comptos Ganberan informatikako tresnen erabilera planifikatu eta garatzea. d) Erabiltzaileei prestakuntza eta laguntza teknikoa ematea teknologia berrien erabilerari eta aplikazio-aukerei dagokienez.

e) Instalaturiko ekipoen eta programen mantenimendu-lana egitea eta haien segurtasuna bermatzeko kontrolak eta neurriak ezartzea.

f) Comptos Ganberako lanpostu zehatz bakoitzari proposatzea aplikazioen produktibitateari eta garapenari dagozkion hobekuntzak.

g) Beren jakintza-arloari dagozkion antzeko eginkizun guztiak, Comptos Ganberako lehendakariak edo idazkari nagusiak eskatzen dizkietenak.

2. Informatika sistemetako goi mailako teknikari lanpostua beteko da informatikan lizentziatu, ingeniari edo goi mailako arkitekto tekniko titulua duen pertsona batekin, edo ofizialki haien baliokidetzat jotzen den titulazioa duen batekin.

8. artikulua

1. Idazkari nagusiaren goi mailako zuzendaritzapean, Informazio sistemen arloko goi mailako teknikariek/Kazetariek honako eginkizun hauek beteko dituzte:

a) Ganberaren txosten eta jarduerei buruzko informazioa, laburpenak eta prentsa-oharrak hedabideei helaraztea.

b) Hedabide horietako ordezkariekin harreman iraunkorrak ezartzea.

c) Comptos Ganberaren txosten eta dokumentuen zuzentasun gramatikala eta estilokoa zaintzea.

d) Ganberak sustaturiko ekitaldietan eta bertako lehendakaria joaten denekoetan jarraitu beharko den protokoloa antolatu eta ikuskatzea.

e) Ganberaren egoitzara egiten diren bisitak, bai ofizialak bai jendearen bisita arruntak, antolatu eta haiei harrera egitea.

f) Ganberaren argitalpen guztien tirada, harpidetzak, banaketa eta salmenta kontrolatzea.

g) Ganberari buruz argitaratu edo zabaltzen den informazio muntadun guztia biltzea eta horren berri ematea lehendakariari eta Ganberako kideei, horretarako eguneroko albiste-egunkari bat eginez eta egokitzat jotzen diren soinu nahiz bideo grabazioak gordez.

h) Comptos Ganberaren irudia ezagutarazteko jarduerak antolatzea.

i) Ganberaren txostenak eta iragarkiak egunkarietan eta aldizkari ofizialetan behar bezala argitaratzen direla zaintzea.

j) Lehendakariak edo idazkari nagusiak agindu ahal dien beste edozein, aurrekoekin zerikusia duena.

2. Informazio sistemen arloko goi mailako teknikariaren/kazetariaren lanpostua beteko da Informazio Zientzietan lizentziatua den pertsona batekin, edo ofizialki titulu horren baliokidetzat jotzen den titulazioa duen batekin.

9. artikulua

1. Idazkari nagusiaren goi mailako zuzendaritzapean, itzultzaileek honako eginkizun hauek beteko dituzte:

a) Elebidunak izan behar duten dokumentuen euskaratik gaztelaniarako eta gaztelaniatik euskararako itzulpena antolatu eta koordinatzea.

b) Comptos Ganberako organoek erabakitzen dituzten testuen gaztelaniatik euskararako eta euskaratik gaztelaniarako itzulpena egitea.

c) Ganberako organoek erabakitzen duten interprete-eginkizuna.

d) Ganberako organoek haiei beren titulazioaren arabera agindu ahal dizkieten bestelako eginkizun guztiak.

2. Itzultzaile lanpostua beteko da EGA titulua duen pertsona batekin, edo ofizialki titulu horren baliokidetzat jotzen den euskarazko bestelako titulazioa duen batekin.

10. artikulua

Nafarroako Comptos Ganberako lehendakariak, aurreko bi artikuluetan zehazturiko lanpostuei aurreikuspenen arabera egokituriko lan-zama kontuan izanik, kazetari-itzultzaile lanpostu bakar bat sortu ahalko du erakundeko plantilla organikoan.

Pertsona horrek, zeinak postu horietako bakoitzerako ezarritako titulazioa izanen baitu, erregelamendu honetan postu horiei ezartzen zaizkien eginkizunak beteko ditu.

11. artikulua

1. Auditoreen zuzeneko agindupean, behar adina auditoria teknikari egonen dira, auditoreek eraginkortasun handiagoz egin ahal izan dezaten une bakoitzean esleitua daukaten eginkizuna.

2. Auditoria teknikarien eginkizunak hauek dira:

a) Aginduak ematen dizkien auditorearengandik jasotako jarraibideen arabera, txosten, azterlan eta lana hobeki egiteko ezagutu beharrekoak diren bestelako dokumentu eta egoera-orri guztiak bildu eta ordenatzea.

b) Auditoreek adierazten dizkieten irizpideei jarraituz, honakoak aztertu eta ikuskatzea: kontuen, finantzen egoera-orrien, barne kontrolaren eta orotariko antolamenduaren gorabeherak, prozedurak eta sistemak, zentroen eraginkortasuna eta efizientzia, organismoak, bulegoak, programak eta une bakoitzean kontrolatzekoak diren jarduerak.

c) Beren eginkizunetan aritzean zer ondorio eta emaitzatara iritsi diren jakinaraztea auditoreei.

d) Lan-taldeari agindutako lana planifikatu eta antolatzeari dagokionez auditoreekin lankidetzan aritzea, bai eta eginiko kontrol-lana betetzean iritsitako behin-behineko ondorio eta emaitzen berrikuspenean ere.

e) Auditoreei helaraztea haien lana hobeki egiteko beharrezkotzat jotzen dituzten proposamen eta iradokizunak.

f) Agindu-emaile duten auditoreak ezarri ahal dizkien laguntza eta lankidetzako eginkizun guztiak, haien eskumenen barnekoak.

12. artikulua

1. Administrazio bulegoa da kudeaketa, antolaketa eta kontrolerako unitatea, erakundearen barne araubidearen, langileriaren eta, oro har, zerbitzu zentralen alorrean.

Idazkari nagusiaren goi mailako zuzendaritzapean, administratzaileari dagokio administrazio bulegoaren zuzeneko buruzagitza, eta hark zuzendu, koordinatu eta kontrolatuko ditu bai unitate hori, bai hartara atxikiriko langileak ere.

2. Administratzaileak berariazko eginkizun hauek izanen ditu:

a) Idazkari nagusiari zuzenki laguntzea eta, hark gainbegiratuta, Ganberako administrazio espediente guztiak kudeatzea.

b) Administrarien eta gelazainen artean lanak eta zerbitzuak banatzea.

c) Bulegoko bitartekoak eta helburuak planifikatu eta antolatzea, bai eta hark Ganberako gainerako instantziei emandako laguntza koordinatzea ere.

d) Administrazio bulegoari esleituriko eginkizunei buruzko txosten eta proposamenak prestatzea, bai eta haren antolaketa, funtzionamendu eta langile nahiz baliabide materialei buruzkoak ere, idazkari nagusiari helarazte aldera.

e) Comptos Ganberaren kontabilitatearen antolaketa orokorra eta zuzendaritza.

f) Dirusarrera, gastu eta ordainketa guztien kontabilizazioa, bai eta kutxako kontabilitateaz, haren kontrolaz eta kontu korronteenaz arduratzea ere.

g) Aurrekontu-betetzearen arloan Ganberaren finantza-araubideari buruzko erregelamenduak esleitzen dizkionak eta, bereziki, entitatearen diruzaintzaz arduratzekoak eta kutxan gordailatutako funts, balore eta efektuak zaintzekoak.

h) Ondarea kudeatzea eta organismoaren eraikin, bulego eta instalazioak zaintzea.

3. Lehendakariak administratzailea askatasunez izendatu eta kargutik kenduko du, eta Comptos Ganberako “C” mailako funtzionarioen artetik hautatuko du.

13. artikulua

1. Administrazio-bulegoaren barrenean, hark bere eginkizunak eraginkortasunez bete ahal izateko behar diren administrariak ipiniko dira.

2. Administrariek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Ganberaren zerbitzu eta organoei administrazio- laguntza ematea.

b) Informatikako dokumentu eta euskarriak, artxibo nagusia eta liburutegia antolatu eta zaintzea.

c) Ganberaren administrazio-espedienteen izapidetzea eta jarraipena.

d) Transkripzio lanak egitea eta txostenak nahiz bestelako dokumentuak inprimatzea.

e) Ganberako erregistro orokorra kudeatzea.

f) Erregistroa eta liburu-eramailetza.

g) Erakundearen zerbitzuko langileen arloari buruzko gai guztiak izapidetu eta haien jarraipena egitea, hala nola erregistroa, espediente pertsonalak, hautaprobak, sustapena, zerbitzuen aitorpena, gizarte babesa, oporrak, baimenak eta abar. Halaber, nominak eta zerga-atxikipenen zerrendak eta mutualitateen edo gizarte segurantzaren aldeko atxikipenenak prestatzea.

h) Ganberaren argitalpenen salmenta kontrolatu eta izapidetzea.

i) Administratzaileak haien ardurapean utzi ahal dituen guztiak, betiere beren eskumen-esparrukoak baldin badira.

14. artikulua

1. Administrazio-bulegoaren barrenean, hark bere eginkizunak eraginkortasunez bete ahal izateko behar diren gelazainak ipiniko dira.

2. Gelazainek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Telefono-banaguneaz eta jendearentzako informazioaz arduratzea.

b) Dokumentuen lekualdatzea, erreprografia eta banaketa.

c) Prentsa egunkariak eta laburpenak prestatzea.

d) Comptos Ganberako instalazioen zainketa eta mantenimendua.

e) Dokumentuak artxibatze eta gordetzearen alorrean eginkizun osagarriak betetzea eta laguntza ematea.

f) Lehendakariak, idazkari nagusiak eta/edo administratzaileak agindu ahal dizkieten guztiak, haien eskumenen barnekoak.

15. artikulua

1. Comptos Ganberak zilegi izanen du, indarreko araudiari jarraikiz, kudeaketa publikoaren gaineko kontrolaren alorreko gaietan espezialista, peritu edo aditu direnen zerbitzuak kontratatzea.

2. Kontratazio horiek eginen dira Ganberako lehendakariak hartutako erabakiak oinarri hartuta. Erabaki horietan finkatuko da zer baldintza, helburu, norainoko eta eduki izanen dituzten kasuan kasuko lan, aholku-emate eta txostenek, zeinak, betiere, kontrol zehatz horren ardura duen auditorearen zuzendaritzapekoak edo hark ikuskatuak izanen baitira.

16. artikulua

1. Comptos Ganberako lehendakariak Nafarroako Comptos Ganberaren antolamenduan sartu ahalko ditu haren eginkizunak hobeki betetzeko beharrezkotzat jotzen dituen lanpostuak.

2. Comptos Ganberan lanpostu berriak sortu ahal izateko, haiek behar bezala justifikatu eta arrazoitu beharko dira, bai eta erakundearen plantilla organikoan jaso ere.

3. Nafarroako Comptos Ganberak bere antolaketa- plantillan izan beharko ditu euskara jakitea nahitaezko duten hainbeste lanpostu non Nafarroako entitate publikoen fiskalizazio eta kontrolerako dituen eginkizunak egokiro betetzeko beharrezkoak diren. Lanpostu horiek berariaz adieraziko dira erakundearen plantilla organikoan.

17. artikulua

1. Nafarroako Parlamentuko langileen estatutuko 17.2 artikuluan xedatuari jarraituz, Comptos Ganberak zerbitzu berezietako egoeran deklaratu ahalko ditu haren menpeko funtzionario publikoak, prestakuntzarako, hobekuntzarako edo ikerketarako jardueretan ari direnean, zehaztuko diren kasuetan, baldintzekin eta araubidearekin.

2. Comptos Ganberako lanpostuak prestakuntza- aldian betetzeko langile-hautaketarako deialdietan aintzat hartuko dira bai Nafarroako Comptos Ganberan egiazki emandako zerbitzuak bai interesdunek frogatu ahal dituzten bestelako merezimendu eta ezagutzak. Ganberako lehendakariak beharrezkotzat jotzen dueneko lanpostuetan, eta espedientean justifikatuz gero, deialdian aintzat hartu ahalko da, halaber, oroitidazki edo txosten frogatzaile bat egitea, prestakuntza-aldian bete nahi duten lanpostuari buruz edo lanpostu horren alderdi zehatzei buruz izangaiek dituzten ezagutza orokorren gainekoa.

3. Prestakuntza-aldian betetzekoa Comptos Ganberako auditore lanpostu bat denean, interesdunek frogatu beharko dute, posturako eskatzen den titulazioa izateaz gain, gutxienez ere 4 urteko esperientzia daukatela bete beharreko lanpostuarekin zerikusia daukaten alor, gai edo eginkizunetan.

4. Comptos Ganberako lehendakariak, erabaki bidez, ezarriko du erakundeko lanpostu hutsak prestakuntza-aldian betetzeko deialdien edukia eta haiek ebazteko modua.

18. artikulua

Comptos Ganberako lehendakariak berariaz zainduko du erakundearen zerbitzuko organoek eta langileek beren lanean Comptos Ganberaren fiskalizazio-prozedurei buruzko eskuliburua eta behar diren auditoria-arauak aplikatzen dituztela.

III. KAPITULUA. Comptos Ganberako erregistro orokorraren, artxiboaren eta liburutegiaren funtzionamendua eta erakundearen barrenean kontu-hartzailetza eginkizuna betetzea

1. atala. Erregistroa

19. artikulua

1. Comptos Ganberako erregistro orokorrak dokumentu bat jasotzen duenean, idazpen bat eginen du, eta bertan agertu beharko dira zenbaki bat, dokumentuaren edukiari buruzko laburpena, sarrera eguna eta, kasua bada, ordua ere, dokumentua igortzen duen interesdunaren edo administrazio- entitatearen identifikazioa eta dokumentuaren nori dagoen zuzendua.

Beste administrazio organo batzuei edo partikularrei bidalitako idazki eta jakinarazpen ofizialen irteera ere idatziz jasoko da.

Betiere bermatu beharko da idatziz jasotzen diren dokumentuen harrera eta irteeraren denbora- hurrenkera.

2. Erregistroaren ordutegia urtero erabaki bidez zehaztuko du Comptos Ganberako lehendakariak, eta erabaki hori behar bezala argitaratuko da.

3. Comptos Ganberako erregistro orokorrak ahalegina eginen du, teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak pixkanaka bereganatuz, modu arruntean jasotzen diren dokumentu, eskabide eta izapideen aurkezpena errazteko.

2. atala. Artxiboa

20. artikulua

1. Comptos Ganberako artxiboa osatzen du Ganberak bere eginkizunak betetzean sorturiko edo jasotako dokumentuen multzoak, haien euskarri materiala edozein dela ere.

2. Ganberako artxiboa bi ataletan banatuko da: artxibo nagusia, erakundearen dokumentazio orokorrak osatua, eta lan-paperen artxiboa, Ganberaren jarduketa eta lan fiskalizatzaileen oinarri gisa erabilitako dokumentazioak osatua.

21. artikulua

1. Comptos Ganberaren zerbitzuko organo, auditoria-talde, administrazio-unitate eta langileetako bakoitzak zaindu eginen du kudeatzen duen dokumentazioa, eta haien arduradunek dokumentazio hori behar bezala ordenatu, sailkatu eta artxibatzen dela egiaztatuko dute.

2. Comptos Ganberak berariaz zainduko du erakundean gordetzen diren datu pertsonalen fitxategiei buruzko arauak bete daitezen, eta haien isilpekotasuna bermatzeko behar diren neurriak hartuko ditu.

22. artikulua

1. Ganberako organoak eta haren zerbitzuko langileak, bai eta hark kontratatu ahal dituen teknikariak eta espezialistak ere, behartuta egonen dira Ganberak bere eginkizunak betetzean egiten dituen lanak direla-eta eskuratzen duten dokumentazioari dagokionez isilpekotasunez jokatzera, eta dokumentazio hori erabili ahalko dute soil-soilik Ganberak bere ardurapean duen lanarekin zerikusia duen neurrian.

2. Isilpekotasunari buruzko betebeharrak bere barrenean hartuko ditu Ganberaren fiskalizazio txostenetarako, txostenen zirriborroetarako, behin-behineko txostenetarako eta behin betiko txostenetarako oinarri gisa erabilitako lan-paperak, aurrekariak eta dokumentuak, harik eta Nafarroako Parlamentuari eta fiskalizaturiko entitateei igorri eta haiek edukiaren berri izan arte.

3. Isilpekotasunari dagokion betebehar hori ez betetzeak berekin dakar diziplina- eta, kasua bada, zigor-arloko erantzukizunak eskatu ahal izatea.

23. artikulua

Comptos Ganberaren zerbitzuko organo, auditoria- talde, administrazio-unitate eta langile guztiek urtero artxibo nagusira edo lan-paperen artxibora lekualdatuko dute bost urte baino gehiago duen dokumentazioa, betiere haren izapidetzea amaituta baldin badago; horri gehituko dizkiote dokumentazioaren edukia azaltzen duten aurkibideak edo zerrenda normalizatuak.

24. artikulua

Dokumentazioak 30 urteko administrazio-indarraldia izanen du. Epe hori igaro ondoren, dokumentazio historikotzat joko da, eta publikoaren eskueran ipiniko da. Comptos Ganberako lehendakariak epe hori aldatu ahalko du, arrazoiak azalduz eta kasu bakoitzeko inguruabarrak aintzat hartuz. Betiere, gai horretan aplikatuko dira foru erkidegoan indarrean dauden xedapen orokorrak.

3. atala. Liburutegia

25. artikulua

1. Nafarroako Comptos Ganberaren liburutegiaren funts bibliografikoa osatzen dute dohaintza, truke edo kasuko aurrekontu-diruaren kargura eginiko erosketa bidez eskuraturiko liburu, aldiroko argitalpen, txosten eta bestelako materialek.

2. Funts bibliografikoan lehentasunez sartuko dira auditoria, kontabilitate, ekonomia, zuzenbide eta gizarte zientzien esparruko argitalpenak. Halaber, Nafarroari buruzko argitalpenak biltzeko ahalegina eginen da, haien gaia edozein dela ere.

26. artikulua

1. Liburutegiko erabiltzaile arruntak dira Comptos Ganberako organoak eta haren zerbitzuko langileak, bai eta erakunde horretan praktika aldian diharduten pertsonak.

2. Ganberako liburutegiak zerbitzu emanen die bere funts bibliografikoan interesatuta egon daitezkeen beste pertsona, organismo eta erakunde batzuei. Erabiltzaile horiek ezohikotzat joko dira.

3. Bai Ganberako liburutegiaren erabiltzaile arruntek bai ezohikoek ere, berariaz ezarritako barne-arauak bete beharko dituzte funts bibliografikoa erabili eta kontsultatu ahal izateko.

27. artikulua

Funtsen katalogazioa eginen da Comptos Ganberako liburutegiaren izaera espezializatuaren ondorioz komenigarri diren egokitzapenak egin zaizkien ISBD arauei jarraituz.

28. artikulua

1. Liburutegiak emanen dituen zerbitzuak dira orientazio eta informazio bibliografikoa, funts bibliografikoa eta datu-baseak kontsultatzeko laguntza, berrikuntzei buruzko informazioa eta funts-mailegua.

2. Zerbitzu horiek bete beharreko arauak eta irizpideak idazkari nagusiak finkatuko ditu, administratzaileak proposaturik.

4. atala. Comptos Ganberako kontu-hartzailetza eginkizuna betetzea

29. artikulua

1. Comptos Ganberako kontu-hartzailetza eginkizunak izanen ditu Ganberaren erregelamendu ekonomiko-finantzarioan ezarritako edukia eta norainokoa, eta eginkizun hori beteko du aurretiazko barne-lehiaketa egin ondoren Ganberako lehendakariak hautatzen duen auditoria-teknikariak. Baldin eta ezein auditoria-teknikarik ez badu Ganberako kontu-hartzailetza eginkizuna bete nahi, lehendakariak eginkizun hori esleitu ahalko dio, aurretiazko barne-lehiaketa egin ondoren ere, erakundeko auditore edo legelarietako bati.

2. Kontu-hartzailetza eginkizunak betetzeak, eginkizun-esleipen gehigarria den heinean, Nafarroako Parlamentuko langileen estatutuko 30. artikuluak aipatzen duen berariazko osagarria jasotzeko eskubidea sortuko du. Osagarri horren zenbatekoa Comptos Ganberaren plantilla organikoan jasoko da, eta berariazko eginkizun horiek betetzeari uzten zaion unean utziko zaio hura jasotzeari ere.

3. Comptos Ganberan kontu-hartzailetza eginkizuna betetzen duen pertsona ez dagoenean edo gaixo dagoenean, erakundeko lehendakariak eginkizun horiek behin-behinekoz esleituko dizkio askatasunez hautatzen duen funtzionarioari.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Nafarroako Comptos Ganberaren antolaketari buruzko 1996ko maiatzaren 20ko erregelamendua indarrik gabe uzten da.

Azken Xedapen Bakarra

Erregelamendu honek Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa