(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, nafarroako entitate lokalen ondasun arautegia onesten duena

 

(1990eko 145. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 30ean)

Atarikoa

Nafarroako entitate lokalen ondasunekin zerikusia duten gaiak Nafarroako Administrazio Lokalei buruzko urriaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, bereziki haren Laugarren Tituluak, zuzentzen ditu. Delako Tituluak bi Kapitulu biltzen ditu, bata ondasunei buruzkoa eta bestea, herri ondasunei buruzkoa.

Nafarroako entitate lokalek beren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen gainean dituzten eskumenak behar bezala erabil ditzaten, gai horri buruzko Foru Legean ezarritakoa arautegi bidez garatzea da bidezko, horrela entitate lokalek izanen baitute Arautegia beren ondasun eta eskubideen gaineko iharduketak erabat eta taiuz arautzeko.

Horiek horrela, Nafarroako entitate lokalen Ondasun Arautegiak Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko Laugarren Kapituluaren garapena dakar, funtsean delako Legean ezarritako ildoari jarraikiz.

Horrenbestez, Administrazio Lokaleko Kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogei eta hamarreko urriaren hemezortzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

Artikulu bakarra

Nafarroako entitate lokalen Ondasun Arautegia onestea, testua ondotik heldu delarik.

NAFARROAKO ENTITATE LOKALEN ONDASUN ARAUTEGIA

I. TITULUA. ONDASUNAK OROHAR

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua

1. Nafarroako entitate lokalen ondarea, haien jabetzakoak diren ondasun, eskubide eta akzioek osatzen dute, jabetzaren karia edozein izanik.

2. Nafarroako entitate lokalen ondasunak ondoko hauek zuzentzen dituzte: Nafarroako Administrazio Lokalei buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak; Arautegi honen xedapenek; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauek; entitate bakoitzaren Ordenantzek; eta horrelakorik ez balitz, Foru Zuzenbide Pribatuko arauek, guzti hori Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoaren kalterik gabe.

2. artikulua

Nafarroako entitate lokalen ondasunak honelaxe sailkatzen dira: jabari publikoko ondasunak, herri ondasunak eta jabari pribatuko ondasunak edo ondare ondasunak.

3. artikulua

1. Jabari publikoko ondasunak dira erabilera edo zerbitzu publikoetarako direnak.

2. Erabilera publikoko ondasun lokalak dira: bideak, plazak, kaleak, pasealekuak, parkeak, iturriko urak eta uharketakoak, zubiak eta jendeak aprobetxatu edo erabiltzeko diren gainerako herrilanak, baldin eta euren kontserbazio eta zaintza entitate lokalaren eginbidea bada.

Planak onesten direnetik bertako lurzorua helburu urbanistiko zehatz bati lotua dagoela ezertan ukatu gabe, eraikinak jendeak erabiltzeko izanen dira, beti ere, horretarako eskubidea hirigintz legeriari jarraikiz bertan iharduten duen Administrazioari lagatzen zaion unetik.

3. Zerbitzu publikoko ondasunak dira entitate lokalen erantzunkizunekoak diren helburu publikoak zuzenean betetzeko direnak, hala nola, Udaletxeak, eta oro har, haienak diren eraikinak, hiltegiak, merkatuak, lonjak, museoak, mendi katalogatuak, eskolak, hilerriak, garraioak, igerilekuak eta kiroldegiak eta zuzenean zerbitzu publiko edo administratiboak eskeintzeko diren gainerako ondasunak.

4. artikulua

1. Herri ondasunak dira herritarrek aprobetxatu eta erabiltzeko direnak.

Herri ondasunak erabiltzerakoan, horrelakorik posible balitz, herritarren erabilpenak lehentasuna izanen du gainerako aprobetxamendu guztien aintzinean.

2. Herri ondasunek ez dute inolako aldaketarik jasanen euren izaera eta tratamendu juridikoari dagokionean, haien aprobetxamendu eta erabilpena edozein izanda.

5. artikulua

Herri ondasunak jabari publikoko ondasuntzat hartuko dira, eta Arautegi honetan horrelako ondasunetarako izaera orokorrez ezarritakoa aplikatuko zaie, herri ondasunetarako zehazki agindu gabe dagoen kasuetan.

6. artikulua

Jabari publikoko ondasunak eta herri ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez daude inolako zergaren menean.

7. artikulua

Ondare ondasunak dira entitate lokalen titulartasunekoak izanik jabari publikoko ondasun edo herri ondasunen izaera ez dutenak.

8. artikulua

Udalenak diren lurzoru ondareak horretarako duten arauteriak zuzenduko ditu.

II. KAPITULUA. Kalifikazio juridikoa. Aldaketa. Atxekipena

1. atala. Kalifikazio juridikoa

9. artikulua

Entitate lokalek beren ondareko ondasun eta eskubideei, duten izaera edo helburua ikusirik, kalifikazio juridikoa emanen diete.

10. artikulua

1. Soberako lurzatiak eta ezin erabilizko gaiak, jabari pribatuko ondasun edo ondare ondasun gisa klasifikatuko dira.

2. "Soberako lurzatia" klasifikazioa entitate lokalen jabetzakoak diren lurzatiei emanen zaie, duten hedadura txikia, tankera irregularra edo lekuagatik erabilpen egokirik ez bazaie ematen ahal.

Lurren bati soberako lurzati klasifikazioaren deklarazioa emateko beharrezkoa izanen da aurretik kalifikazio juridikoaren espedientea egitea, 12. artikuluko 1 zenbakiak agintzen duen eran.

3. "Ezin erabilizko gaia" klasifikazioa hartuko dute, nahiz eta Inbentarioan baja emanak ez izan, hondatu, balioa galdu edo kontserbazio egoera makurrean dauden gaiek, horiek entitate lokalaren zerbitzuetan aplikatu edo, duten izaera eta helburua ikusita, behar bezala aprobetxatzea ezinezkoa bada.

11. artikulua

Nahitaezko desjabetzapen baten ondorioz erdietsitako ondasun eta eskubideak, erdiesteko arrazoi izan ziren xedeen menpean geldituko dira inplizituki.

Menpealdia iraganik, ondare ondasun bihurtuko dira, nahitaezko desjabetzapenari buruzko legeriaren terminoetan atzera eskuratzeko eskubidea, halakorik balitz, ezertan ukatu gabe.

2. atala. Kalifikazio juridikoaren aldaketa

12. artikulua

1. Jabari publikoko ondasun eta ondare ondasunek duten kalifikazio juridikoaren aldaketa zehatzak aurretik behar du espedientea haren egokiera eta legezkotasuna frogatzen duena.

Espedientea Osoko Bilkurak beharko du ebatzi, horren aintzinetik espedientea hilabeteko epearen barrenean jendaurrean jarriko delarik. Kalifikazio juridikoaren aldaketa jabari publikoko ondasunen gainekoa baldin bada, erabakia Korporazioaren legezko kideen gehiengo absolutuaz hartu beharko da.

Zerbitzu edo iharduera publikoko ondasunak baldin badira, eta bertako entitate lokalaren eskumenekoak ez ezik beste Administrazio publiko bat edo batzuren eskumenekoak ere direnean, desafektazioaren egokiera frogatzerakoan beti beharko da hondarreko horiexek egindako haren aldeko txostena.

2. Herri ondasunen desafektazioa II. Tituluko I. Kapituluaren 2. Atalean xedatutakoak arautuko du.

13. artikulua

1. Arestiko artikuluan xedatutakoa galerazi gabe, ondotik zerrendatzen diren kasuetan automatikoki suertatuko da aldaketa, espedientearen beharrik gabe:

a) Hiri antolamendurako planen eta obra zein zerbitzu proiektuen behin betiko onespenetan.

b) Ondare ondasunak erabilera edo zerbitzu publiko edo herri aprobetxamendutarako, hogeitabost urtez goitiko epeaz, atxekitzean.

c) Nahitaezko lagapen baten ondoriozko eskurapenetan, xedea erabilera publiko edo zerbitzu publikoren bat ematea baldin bada.

2. Entitate lokalak erabilera edo zerbitzu publikorako nahiz herri aprobetxamendurako diren ondasunak usukapio bidez eskuratzen baditu, delako erabilera edo zerbitzu publiko edo herri aprobetxamenduarekiko afektazioa gertatutzat hartuko da, egintza formalik gabe.

3. atala. Ondasunen Atxekipena

14. artikulua

1. Ondasunen atxekipena erabilera edo zerbitzu publiko jakin batekikoa, Udalaren Osoko Bilkurak burutuko du eta, hala behar balitz, aurretik jabari publikoarekiko afektazioa burutu beharko da. Hondarreko hori beharrezkoa ez bada, Osoko Bilkurak horretarako ahalmena Presidenteari edo Gobernu Batzordeari eman ahalko dio.

2. Erakunde autonomoek eta entitate lokalenak diren titulartasun publikoko sozietateek, dituzten xedeak bete ahal izateko, entitate lokalei eskatzen ahalko diete ondasun eta eskubideen atxekipena.

Atxekitutako ondasun eta eskubideek mantenduko dute hasierako kalifikazio juridikoa, entitate lokalen ondare ondasun izateagatik zutena, alegia.

Horrelako ondasunak eskuratzen dituzten entitate lokalek ez dute haien jabetzarik hartuko baizik eta haiek kontserbatu eta erabiltzeko eskumenen esleipena, atxekipenean zehazten diren helburuak bete ditzaten.

Erakunde autonomoei atxekitutako ondasun eta eskubideak, atxekipenean aurrikusitako xede zehatza lortzeko premiazkoak ez direnean, erakunde autonomoek horrexen berri eman beharko diote entitate lokalari, eta hondarreko honek desatxekitze, edo hala balitz, desafektatzeari ekinen dio.

III. KAPITULUA. Ondasunen eskurapena

15. artikulua

Nafarroako entitate lokalek ahalmen juridikoa badute, legeek ezarritako bideak erabiliz, ondasun eta eskubideak eskuratu eta edukitzeko, baita beren ondarea zaintzeko behar diren egintza eta baliabideak erabiltzeko ere.

16. artikulua

Entitate lokalek eskuratzen ahal dituzte ondasunak eta eskubideak:

a) Legearen esleipenez.

b) Kostu bidezko eskurapenez, desjabetzapen ahalmena erabiliz nahiz erabili gabe.

c) Heredentzia, legatu edo donazioz.

d) Preskripzioz.

e) Okupazioz.

f) Antolamendu juridikoaren arabera, bestelako edozein bide legitimoz.

17. artikulua

1. Kostu bidezko eskurapenak Arautegi honen aginduek zuzenduko dituzte, ondasun edo eskubideen izaeraren arabera, subsidiarioki kontratazio administratiboa arautzen duen foru legeria aplikatuko delarik.

2. Desjabetzapen ahalmena erabiltzearen ondorioz heldu diren eskurapenak beren xedapenek zuzenduko dituzte.

18. artikulua

1. Ondasun higigarri zein higiezinen kostu bidezko eskurapenak, entitate lokalek beren helburuak betetzeko behar dituztenak, alegia, Korporazioaren Presidenteak burutuko ditu baldin eta haien zenbatekoa aurrekontuko ohizko baliabideen ehuneko bosta, eta zuzeneko kontratazioari aplikatzen zaion muga orokorraren ehuneko berrogeitamarra, gainditzen ez badu.

2. Arestiko zenbakian agintzen ez diren kasuetarako, eskurapenak Korporazioaren Osoko Bilkurak burutuko ditu. Erabakia Korporazioaren legezko kideen gehiengo absolutuaz hartu beharko dira, eskurapenak bi ekitaldi edo gehiagoko aurrekontuetan baldin badu eragina.

3. Ondasun higiezinen eskurapenetan beharko da aintzinetik haien balorazio teknikoa egin.

19. artikulua

1. Kostu bidezko ondasunen eskurapenak lehiaketa publiko bidez burutu beharko dira, udaletarako kontratazioa arautzen duen arauteriari jarraikiz, edo zuzeneko kontratazio bitartez.

2. Ondasun higigarrien zuzeneko kontratazio bidezko eskurapenak bakar-bakarrik erabaki ahal izanen dira, hornidura kontratuan aipatu kontratazio mota egoki den kasuren bat gertatzen baldin bada.

3. Zuzeneko kontratazio bidezko gainerako ondasunen eskurapenak soil-soilik erabaki ahal izanen dira ondoko inguruabar hauetakoren bat, espedientean frogatu beharko direnak, suertatuz gero:

a) Eskuratzeko premia larria.

b) Bete beharreko beharkizunaren berezitasuna.

c) Merkatuko eskaintza urria.

4. Arestiko bi zenbakietan agindutakoaren arabera, zuzeneko kontratazioa egoki denean guttienean hiru eskaintza, ahal bada behintzat, eskatuko dira.

20. artikulua

1. Dohainik lortutako ondasunen eskurapenak Presidenteari dagozkio eta ez daude inolako murriztapenen menean izanen.

2. Hala eta guztiz ere, irabazizko eskurapenak kostu bidezko baldintza edo modalitaterik berekin baldin badakar, eskurapena Osoko Bilkurari dagokio eta ondasunak onartuko dira soil-soilik aurretik espedientea, ezarritako karga ondasunen balioa gainditzen ez duela frogatzen duena, egiten bada.

3. Herendentzien onarpenak beti ulertu beharko dira inbentario onuraren eskubidea barne. Heredentziak Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren menekoak baldin badira ondorio horietarako Bilduman ezarritakora makurtu beharko da.

21. artikulua

Ondasunak helburu zehatz batzurekiko afektazio iraunkorraren baldintza edo modalitatez eskuratu baldin badira, afektazioa bete eta kontsumatutzat ulertuko da helburu horietarako hogei urtez erabili baldin bada, interes publikoko arrazoiak direla eta, afektazio hori galdua badute ere.

22. artikulua

Entitate lokalen usukapio eta akzesio bidezko eskurapenak Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauek zuzenduko dituzte.

23. artikulua

Entitate lokalek okupazio bidez eskuratu ahalko dituzte ondasun higigarriak, indarrean dauden xedapenek agintzen dutenari jarraikiz.

24. artikulua

1. Entitate lokalek prozedura judizial zein administratiboaren ondorioz esleituak dituzten ondasun eta eskubideak identifikatu eta perituek tasa ditzaten eskatu ahalko dute.

2. Identifikazio eta balorazio eginbideak eginda, esleitutako ondasun edo eskubidearen ondare sailkapena burutuko da, hala behar izanez gero.

3. Ondasun eta eskubideen esleipena entitate lokalak emandako kreditu baten ordainean baldin bada, eta kredituaren zenbatekoa haien tasazioaren ondoriozko balioa baino ttikiagoa baldin bada, ordurarte haien jabe izan denak, zordunak, alegia, ez du aldea erreklamatzeko eskubiderik izanen.

Hala eta guztiz ere, entitate lokalak hurrengo bost urteren barrenean ondasuna edo eskubidea besterentzeari ekin eta zor dioten zenbatekoa baino balio altuagoa erdiesten badu, zordunari ordainduko zaio aldea, bidezko gastuak kendu eta zorra gaurkotuz.

IV. KAPITULUA. Babesa, Kontserbazioa eta Berreskurapena

1. atala. Xedapen orokorrak

25. artikulua

1. Nafarroako entitate lokalek beren ondareko ondasun eta eskubideak kontserbatu, babestu, berreskuratu eta hobetzearen ardura hartuko dute, eta horiek babesteko beharrezkoak diren ekintzak burutu behar dituzte.

2. Entitate lokalen ondasun eta eskubideak babesteko beharrezkoak diren egintzak burutzeko erabakiak hartzerakoan, Idazkariaren, Aholkularitza Juridikoaren, halakorik balitz, edo Letratu baten erizpena beharko da aurretik.

26. artikulua

Eskubide zibil eta politikoen jabe den edozein herritarrek entitate lokalei bere ondasun eta eskubideak babesteko beharrezkoak diren ekintzak burutzeko errekerimendua egin ahalko die. Errekerimendu honek eten eginen du hogeitamar lanegunez egintzak exekutatzeko epea, eta aurretik haren berri eman beharko zaie ekintzek ukitzen ahal dituztenei.

Aipatu epearen barrenean entitate lokalak eskatu diren ekintzak burutzeko erabakia hartzen ez badu, herritarrek ekintza hori haren interes eta izenean burutu dezakete. Horretarako, entitateak beharrezkoak diren aurrekin, agiri eta frogak haien esku utziko ditu eta interesatuek Korporazioaren Presidenteari idatziz zuzendutako eskaria egin beharko diote.

Ekintza aitzina ateratzen bada, egileak eskubidea izanen du entitatearen aldetik prozesuaren kostuak eta sor daitezkeen kalte eta galerengatiko ordaina jasotzeko.

27. artikulua

1. Foru Komunitateko Administrazioak, entitate lokalari aldez aurretik errekerimendua eginda eta horren kostura, subrogazioz erabil ditzake ahalmenak herri ondasunak eta jabego publikoa dutenak babestu, kontserbatu eta berreskuratzeko, entitate lokalek erabiltzen ez dituztenean.

2. Ekintza aitzina ateratzen ez bada, sortutako gastu eta galerak Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko ditu.

28. artikulua

1. Arestiko artikuluak aipatzen duen subrogazioaren prozedurari emanen zaio hasiera, aurretik entitate lokalari entzunda, Foru Komunitateko Administrazioaren errekerimenduz, jabari publikoko ondasunak edo herri ondasunak babestu edo berreskuratzeko egintza zehatzak burutzeko, hasiera emateko epea seinalatuz.

Errekerimendua administrazio lokalari buruz eskudun den Departamentuak eginen du, edo bestela, herri ondasunei buruz eskudun denak.

2. Entitate lokalak errekerimenduan aipatzen diren egintzei eman beharko die hasiera horretarako seinalatzen den epearen barrenean, eta errekerimendua egin duen Departamentuari horren berri emanen dio dokumentu frogagarriak igorriko dizkiolarik.

Hasitako egintzak ikusita, horiek errekerimendua egin duen Departamentuaren eritziz nahikoak balira espedientea indarrik gabe geldituko litzateke.

3. Errekerimenduan agertutako epea iraganik, bertan zehazten diren egintzei hasiera eman ez bazaie, edo hasitakoak nahikoak ez badira, Departamentu eskudunak entitate lokalari jakin eraziko dio eta epe berri bat emanen, gehienez ere hilabete batekoa, behar diren egintzei hasiera eman edo haiek burutu ditzan.

4. Arestiko zenbakiak aipatzen duen epe berria iraganik eta entitate lokalak agindutakoa bete ez badu, Nafarroako Gobernuak subrogazioz erabili ahalko ditu arestiko artikuluko 1 zenbakiak aipatzen dituen ahalmenak.

29. artikulua

Foru Komunitateko Administrazioaren errekerimenduz entitate lokalak hasitako egintzek aintzinera egiten ez badute, legeak agindutako ohizko helegite guztiak agortuta, egintzen kostua eta, halakorik balitz, gertatutako kalteak, Nafarroako Gobernuaren kargu izanen dira eta entitate lokalak horrexeri eskatu beharko dio haien abonua, behar diren frogagiri eta balorazioak aurkeztu ondoren.

30. artikulua

1. Entitate lokalek ezin dira beren ondarearen jabaria eta gainerako eskubideak ukitzen dituzten demanda judizialetara makurtu, ez eta horiei amore eman ere, korporazioaren kideen kopuru legalaren gehiengo absolutuaz Osoko Bilkurak hartutako erabakiaren bidez ez bada.

2. Allanamendu edo transakzioei buruz hartutako erabakiak hartu ahal izateko aurretik beharko du Idazkariak, Aholularitza Juridikoak edo, hala balitz, Letratuak txostena egin.

3. Allanamendua edo transakzioa herri ondasunen gainekoa baldin bada arestikoaz aparte beharko da aurretik Nafarroako Gobernuaren onespen zehatza.

4. Arestiko zenbakian ezarritakoaren ondorioetarako, herri ondasunen gaineko transakziotzat hartuko da entitate lokalak, auzi bat sahiestu edo hasitako bati akabera eman asmoz, herri ondasun horiexekin edo iraleku, sarobe, "vecindades foranas" edo bestelako eskubideekin zerikusia duten pertsonekin burutzen duen hitzarmena.

31. artikulua

1. Nafarroako Gobernuak entitate lokalek herri ondasunen gaineko transakzio hitzarmenak egin ahal izan ditzaten onetsi ahal izateko beharrezkoa izanen da ondoko hauek agertzea:

a) Hitzarmenaren xedea.

b) Ordain ekonomikoa edo lurraren portzentaia, oraingo erabilera ikusita aprobetxamenduaren balioan oinarriturik, gehienez ere ehuneko hogeian gehitua, transakzioak herri ondareari ekartzen dion onuraren seinale.

c) Izan daitezkeen zuhaitzen jabetza.

d) Hitzarmena exekutatzeko erabiliko den prozedura.

e) Herri ondarearen ondasunak eraginkortasunez berreskuratzeko hitzarmenean sartu behar diren itun, klausula edo baldintzak.

2. Entitate lokalek, auzi bat sahiestu edo hasitako bati akabera eman asmoz, burutzen dituzten hitzarmenak bakar-bakarrik onetsiko ditu Nafarroako Gobernuak entitate lokalaren herri ondarekoak diren izaera bereko ondasun eta eskubide guztiak sartzen baldin badira, interesatu guztien adostasuna ez izanda ere.

32. artikulua

1. Herri ondasunen gaineko transakzio hitzarmena burutzeko Nafarroako Gobernuaren onespena eskatzerakoan, entitate lokalak aurkeztu beharko du Letratu batek egindako aldeko txostena, bertan transakzioa eta beraren modalitatearen komenigarritasuna baloratuko delarik, entitate lokalaren aldekoak diren inguruabar, dokumentu, jabetza-egintzak eta izan daitezkeen datuak partikularrek azaltzen dituztenekin konparatuta, entitate lokalak justiziaren aurrean dituen esperantzak ikusita.

2. Nafarroako Gobernuak transakzio hitzarmena onesten duen ebazpen zehatza emandakoan, entitate lokalak oneritzia ematen ahalko dio hitzarmenari, eta ondotik eskritura publikoan gauzatzeari ekinen zaio eta entitate lokalak Jabetza Erregistroari eskatu beharko dio herri ondasunen gainean gertatu ahal izan diren aldakuntzak inskriba daitezela.

33. artikulua

Entitate lokalen katastroko orrietan iraleku bat sartzeak ez du jabetzaren gaineko ezer aurrerizten, baina berez entitate lokalek lurra eta ustiapenak beren esku dauzkatela frogatzen du. Horregatik, jabetza adierazteko ohizko epaiketan garaituak izaten ez badira, horiek edukiko dituzte aurrerantzean ere.

34. artikulua

Eskubide pribatuko ondasunen gainean sor daitezkeen gora-behera eta auziak arbitraiara makurtuko dira, korporazioko kideen kopuru legalaren gehiengo absolutuaz Osoko Bilkurak hartutako erabaki baten bidez.

35. artikulu

Entitate lokalek beraiei ere badagozkien ondasunei buruzko kontratuak interpretatuko dituzte eta horiek betetzeko dauden zalantzei buruzko erabakiak hartuko.

Interpretazio erabakiak hartu bezain laster beteko dira, jurisdikzio organo eskudunek horien gainean emandako ebazpenak galerazi gabe.

36. artikulua

1. Pertsona natural edo juridikoa izanik, entitate lokalen ondasun edo eskubiderik bere gain baldin badu, hura zaindu, kontserbatu eta egoki ustiatzera beharturik dago, eta entitate lokalen aurrean, iruzur edo zabarkeria dela eta, sor daitezkeen kalte eta galerei erantzun beharko.

2. Direlako horiek entitate lokalen ondasunetan, dolu edo zabarkeria dela eta, kalteak eragin edo haiek usurpatzen baldin badituzte, entitate lokalek zehapena paratzen ahalko diete, guttienez, eragindako kaltearen edo usurpatutakoaren balioaren adinakoa edo, gehienez haren hirukoitza izanen dena. Balioa ez bada estimatzen ahal, zehapena 5.000 eta 200.000 pezeta bitartekoa izanen da.

3. Zehapenak ezarriko dira eragindako kaltea ordaindu edo usurpatutakoa itzuli eta izan daitezkeen bestelako erantzunkizunak betetzeko beharra ezertan ukatu gabe.

4. Arestiko zenbakietan aipatutako erantzunkizun eta zehapenak administrazio bidez gauzatu eta exekutatuko dira.

2. atala. Entitate lokalek beren ondasunen gainean dituzten prerrogatibak

1. azpiatala. Xedapen orokorra

37. artikulua

1. Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak eta Arautegi honek hartzen duten eremua ikusita, Nafarroako entitate lokalei ondoko ahalmen hauek dagozkie beren ondasunei buruz:

a) Ikerketzeko ahalmena.

b) Zedarritzeko ahalmena.

c) Ofizioz berreskuratzeko ahalmena.

d) Administrazio irauzketa burutzeko ahalmena.

2. Korporazio lokalek beren ondarea defenditu eta haren erabilpen egokia ziurtatzeko, zehapenak paratu ahalko dituzte, aplikagarria den arauterian agindutakoaren arabera.

2. azpiatala. Ikerketa

38. artikulua

1. Entitate lokalari dagokio ustez bereak dituen ondasun eta eskubideen egoera ikertu eta aztertzeko ahalmena, haien titulartasuna finkatzeko asmoz.

2. Foru Komunitateko pertsona fisiko zein juridiko guztiak, publiko nahiz pribatuak, beharturik daude arestiko zenbakiak aipatzen dituen ikerketa eta azterketan laguntzera.

39. artikulua

1. Ikerketa eramaten ahal da aintzinera ondoko era hauetan:

a) Ofizioz. Korporazioak berberak, bai berak bultzaturik bai, informazioa elkarri pasatu eta lankidetza lanak direla eta, beste Administrazio batek parte ematearen ondorioz, entitate lokalari egin beharrekoaren xede izanen diren egitate, ekintza edo inguruabarren berri ematen ahal baitio.

b) Partikularren salaketaz. Horrelakorik bakar-bakarrik onartuko da salatzaileak aurretik ezartzen baldin badu beharrezkoa ikusten den gastuen zenbatekoa, guttienez 10.000 eta gehienez 100.000 pezetakoa izanen dena, guzti hori entitate lokala egindako gastuak zehatz-mehatz justifikatu edo soberakina, horrelakorik balitz, itzultzera beharturik egonik.

2. Salaketa edo partea jasotakoan, eta espedientea irekitzea erabaki baino lehen, aurretik azterketa bat eginen da ikerketa aintzinera eramatearen egokitasunari buruz.

40. artikulua

1. Ikerketa espedienteari hasiera emateko erabakia, ikertu nahi den ondasun edo eskubidea identifikatzen duten ezaugarriak barne, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta entitate lokalarenean, horrelakorik balu, emanen dira argitara eta Aldizkari horietako ale bana jendaurrean jarriko hamabost eguneko epeaz entitate lokalaren iragarki oholean, ondasunak non dauden bertakoan, alegia, espedienteak ukitutako pertsonek arestiko jendaurrean jartzeko epea bukatzen den egunean hasi eta hilabete bateko epearen barrenean entitate lokalari idatziz beren alde jotzen dituzten alegazioak aurkez diezazkioten, alegazioen funtsa diren dokumentu guztiak barne direla.

2. Arestiko zenbakian agindutakoa ezertan ukatu gabe, ikerketa espedienteak ukitutako bakoitzari, ezaguna izanik identifikatzen ahal denari, eman beharko zaio horren jakinerazpena.

41. artikulua

1. Arestiko artikuluak aipatutako alegazioak aurkezteko epea bukatutakoan, frogaldi bati emanen zaio hasiera, bertan honako elementu hauek onartuko direlarik:

a) Epaileak, notariak edo administrazioak emandako dokumentu publikoak, zuzenbidean egindakoak.

b) Adituen azterketa eta erizpena.

c) Lekukoen deklarazioa.

Notari eta Artxibazainek luzatu behar dituzten testigantzagiri eta ziurtagiriak baino lehenago manamendu judiziala eta interesatuen edo Ministrarita Fiskalaren zitazioa egin beharko dira, hondarreko horien beharra baldin bada.

2. Behar diren frogak egindakoan eta korporazioaren zerbitzuek baloraturik, espedientea jendaurrera jarriko da hamar eguneko epeaz, ikerketak ukitutako pertsonek epe horren barrenean beren alde jotzen duten guztia alega dezaten.

42. artikulua

Ikerketa espedientearen ebazpena korporazioaren organo eskudunari dagokio, aurretik Idazkariak txostena emanda. Ebazpena entitate lokalaren aldekoa baldin bada, finka edo eskubidea tasatu, inbentarioan sartu eta entitate lokalaren eskubideak eraginkorrrak izan daitezen neurriak hartzeari ekinen zaio.

43. artikulua

Ikerketa ekintza sustatzen dutenei gastu ororen ordaintzat ikertutako ondasunak inorenganatzetik entitate lokalak erdietsitako balore likidoaren edo, saltzen ez badira, espedientean jasotako horien tasazio balioaren ehuneko 10 emanen zaie.

44. artikulua

1. Egiten den ikerketa dela eta, sortzen diren izaera zibileko arazoen ezagumendua jurisdikzio arruntari dagokio.

2. Ikerketa espedientearen ebazpenak ukitutakoek espediente horren aurka egiten ahal dute Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak bere 333. artikuluan ezarritako moduen bitartez.

3. Horrezaz gain, korporazioak bermeei, sariei eta kalte-ordainei buruz hartzen dituen erabakien kontra helegiteak jar ditzakete salatzaileek arestiko zenbakian aipatu bideen bitartez.

45. artikulua

1. Entitate lokalek hamar eguneko epean, herri ondasun arloan Foru Komunitateko Administrazioaren zein Departamentuk erabiltzen dituen eskumenak hari berari kontu eman beharko diote, finken inmatrikulazioa dela, edo herri ondasunekin mugakide diren finken gehiegizko neurria dela eta, Jabetza Erregistroak igortzen dizkien ediktuei dagokienean. Halaber, bere kasuan, kontu eman beharko diete aipatu epean, inskripzioa dela eta, kalterik izan dezaketen kontzejuei.

Departamentu horrek berari aditzera eman dizkioten ediktuei buruzko txostena igorriko die entitate lokalei.

2. Txostena jaso ondoan, Korporazioaren Osoko Bilkurak bere herri ondasunen aldeko erabakia hartu beharko du eginen duen lehenbiziko bilkuran, erabaki horren berri Departamentuari emanez, gehienez ere hiru hilabeteko epean, txostena eskuratzen denetik kontatzen hasita.

3. Aurreko zenbakian aipatutako epea amaitzen bada hartutako erabakia Departamentuari jakin erazi gabe, edo entitate lokalak bere herri ondasunak defendatzeko ekintzak erabiltzen ez baditu, Nafarroako Gobernuak erabiltzen ahal ditu subrogazio bidez Arautegi honen 27., 28. eta 29. artikuluek ezarritakoari jarraikiz.

46. artikulua

Nafarroako ondarearen ondasunei buruz berriz, entitate lokalek irailaren 27ko 17/1985 Foru Legearen 35. artikuluak aipatu beharkizunak bete beharko dituzte.

3. azpiatala. Ondasunen mugaketa

47. artikulua

1. Entitate lokalek beren ondareko ondasun higiezinen mugaketa egin beharko dute, mugak zehaztu gabe daudenean edo okupazioa behar ez bezala egin izanaren susmoak baldin badaude.

2. Entitate lokalek aitzineko zenbakian ezarritako kasuetako mugaketa sustatzen ez badute, Foru Komunitateko Administrazioak entitate lokalaren ahalmenak hartu ahalko ditu, horren kostura, mugaketa bidezkoa baldin bada eragin zuten arrazoiak kontutan harturik.

3. Entitate lokaletako finkekin mugakide diren edo haien barnean kokatzen diren lurren jabeek horien mugaketa egitea eska dezakete.

48. artikulua

1. Mugaketa, frogatzeko teknika eragiketak eta, bere kasuan, egoera juridikoen zuzenketak, erabat

egiaztatuak, praktikan jartzean datza.

2. Eragiketa horien helburua izanen da aipatu izan den finka mugatzea eta horren egitatezko jabetza deklaratzea.

49. artikulua

1. Mugaketari agindu bidez edo parte interesatuaren eskariz hasiko zaio, Txostenaren azterketa egin ondoan hartutako erabakiaren bidez. Txosten horretan alderdi hauen aipamena bederen egin beharko da:

a) Mugaketaren justifikazioa.

b) Finkaren edo finken deskribapena, mugak, mugakidetasuna, eta kanpoko nahiz azalerako luze-zabalera argi azalduz.

c) Jabetza agiria, eta bere kasuan, Jabetza Erregistroan egindako inskripzio ziurtagiria, eta bereziki, burutu izan diren jabetasun argibideak eta mugatu nahi diren ondasunen jabetzari buruz entitate lokalaren aldeko aitormen egintzak.

2. Mugaketa egiteko gastuen aurrekontu bat prestatuko da aitzineko zenbakian aipatzen den Txostenarekin bat etorriz. Mugaketa egitea erabakitzen bada parte interesatuak eskaturik, gastuak sustatzaile partikularren kontura izanen dira, espedientean berariaz konstarazi behar delarik haien adostasuna.

50. artikulua

1. Mugaketa egitea erabakirik, erabaki horren berri emanen zaie finka mugakideen jabeei, eta orobat, hala gertatuz geroz, finka horien gainean errotutako eskubide errealen titularrei ere.

2. Era berean, mugaketa Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarriko da, entitate lokaleko aldizkarian ere bai, baldin eta badute behintzat, eta entitate lokal horretako iragarki-oholean, eragiketak hasteko eguna baino hiruretan hogei egun lehenago.

Iragarkiak finka zein den jakiteko behar diren datu guztiak izanen ditu, bai eta mugaketari ekiteko eguna, ordua eta lekua ere.

3. Mugaketan aipatzen den finka inskribatua badago, mugaketa erabakia Jabetza Erregistroan jakin eraziko da, jabari inskripzioaz aparte erabakiaren agiria luza dezaten.

51. artikulua

1. Interesatuek aurkezten ahal dituzte entitate lokalean beren eskubideak defendatzeko egoki deritzen dokumentu guztiak. Aurkezteko epea eragiketak hasi baino hogei egun lehenago bukatuko da. Epe hori akiturik, ez da ez agiririk ez alegaziorik onartuko.

2. Mugaketa egitea erabakitzen duen korporazioak era berean erabakiko du mugaketa hasteko eguna baino lehen aurkeztutako dokumentu eta gainerako frogagiriei buruz bidezko dena.

52. artikulua

1. Herri ondasunen mugaketa egiteko oinarritzat hartuko ditu eskura dauden planorik eta agiririk zaharrenak.

Aitzineko atalean aipatu plano eta agirietan agertzen diren herri ondasunak gaur eguneko kartografian mugatzeari ekinen zaio.

Lurzatien ezaugarriei buruzko planoak eta zerrendak landalurren zerga erregistroetako kartografia ofizialarekin bat datozen prozedura informatiko bidez burutuko dira, eta planoak nahitaez U.T.M. koordenadei jarraikiz eratuko dira.

2. Lurzati kontzentrazioari eta landalurren zerga erregistroen prestakuntzari buruzko prozeduretan, herri ondasunen mugatze eragiketak prozedura horiei dagokien kartografiaren gainean eginen dira eta Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuak dohainik burutuko ditu. Herri ondasunen defentsarako Departamentu horrek ematen duen laguntza teknikoa prozedura bakoitzeko fase ezberdinetara hedatuko da.

53. artikulua

1. Adierazitako egunean lur neurketari ekinen zaio finkako mugak zehatz-mehatz tinkatuz, horretarako unibertsitateko titulua duen teknikari bat eta, kasuan kasu, korporazioak izendatu dituen praktikoak izanen dira bertan.

2. Korporazioaren Idazkariak lur neurketaren emaitzaren akta eginen du eragiketak egiten diren leku berean. Bildutako guztiek sinatu beharko dute agiria, eta alderdi hauek aipatuko ditu:

a) Eragiketa hasten deneko lekua eta ordua.

b) Bildutakoen izena, deitura eta ordezkaritza.

c) Lurraren deskribapena, bertan egindako lana eta erabili diren tresnak.

d) Perimetroaren lerroen norabide eta neurriak.

e) Kokamena, finkaren azalera eta izen bereziak, baldin baditu bederen.

f) Egiten diren adierazpen eta oharrak.

g) Lur neurketa zer ordutan amaitu den.

3. Lur neurketa egun batez bukatzerik ez bada, ondokoetan edo erabakitzen den egunetan segiko da eragiketekin, deialdi berririk egin beharrik gabe, eta horietako egun bakoitzean akta bana luzatuko da.

4. Mugaketa bukatuz geroz, espedienteari atxikiko zaizkio egindako akta edo aktak eta mugaketaren xede den finkaren plano bat, eskalan egina. Finka herrilurra baldin bada, 52.1 artikuluaren azken lerroaldean seinalaturiko ezaugarriak beharko ditu izan.

54. artikulua

1. Udalaren Osoko Bilkurari edo entitatearen gobernu eta administrazioko organo gorenari dagokio mugaketak onestea.

2. Mugaketari buruzko ebazpen erabakia exekutiboa izanen da, eta ez dago inpugnatzerik ez bada administrazio bidez Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan ezarritako bideetako baten bitartez, behinik behin, beren eskubideen aldetik kaltetuak sentitzen direnak bide horietaz ohizko jurisdizioaren aitzinean baliatu ahal izatea galerazi gabe.

55. artikulua

 

Mugaketa prozedura izapidatzen den bitartean, ezinen zaio hasiera eman xede bereko prozedura judizialari, eta ez dira entitate lokaletako finken edukitze egoerari buruzko interdiktuak onartuko.

56. artikulua

Mugaketa onesteko akordioa indarrean jarri ondoan ondasunak mugatzeari ekinen zaio, interesatuei dei egiten zaiela.

57. artikulua

Mugatzekoa den finka Jabetza Erregistroan inskribatuta baldin badago, behar bezala onetsitako mugaketa administratiboa ere inskribatuko da. Hala ez bada, horren eskurapen tituluaren inskripzioa eginen da aldez aurretik, edo horren faltan, indarrean dagoen legeriaren arabera luzatutako egiaztapenarena, ondoren mugaketaren inskripzioa eginez.

58. artikulua

Katalogo barreneko erabilpen publikoko mendien mugaketa, Nafarroako entitate lokalenak alegia, haien legeria berarizkoari jarraikiz eginen da.

4. azpiatala. Jabetza berreskuratzea

59. artikulua

1. Herriko edo jabari publikoko ondasun eta eskubideak berreskuratu eta defendatzeko behar diren iharduketa zibilak ezertan eragotzi gabe, Nafarroako entitate lokalek edozein momentutan eta beren kabuz berreskuratzen ahalko dute haien jabetza, bidegabe galdutakoa.

2. Halaber berreskuratzen ahalko dituzte ondareko ondasunak urte bateko epean, usurpazioa gertatu eta biharamunetik hasita. Epe hori amaiturik, entitate lokalak ohizko auzitegietara jo beharko du, behar diren iharduketak egiteko.

3. Ez da interdikturik onartuko arlo honetan entitate lokalek egindako iharduketen aurka, horiek ezarritako prozedurari lotu bazaizkio beti ere.

60. artikulua

1. Administrazio bidetik berreskuratzeari ekiteko, korporazioaren erabakia beharko da aurretik, eta jabetza frogatzen duten agiriak erantsi beharko dira, non usurpazio berrien aurka jo behar ez denean.

2. Berreskuratzeko erabakia, espedientea ireki ondoren hartuko da eta bertan entzutea emanen zaio interesatuari, eta Aholkularitza Juridikoko Idazkariaren erizpena edo Letratu batena, horrela behar denean, eramanen du.

Jabetzaren berreskurapena hasitakotzat emanen da, aurreko lerroaldean aipatzen den espedientea irekiz gero.

61. artikulua

Entitate lokalen ondasunen jabetza berreskuratzeko prozedura, 39. artikuluan jasotako moduen arabera hasten ahalko da.

5. azpiatala. Uzterazpen administratiboa

62. artikulua

Dela baimena, kontzesio edo beste edozein tituluren bidez, herri ondasunen edo jabetza publikoa dutenen gainean sortutako eskubideen iraungipena, bai eta horiek sortuak dituzketen okupazioena ere, entitate lokalek burutuko dute administrazio bidetik, haien ahalmen behartzaileak erabiliz, Azpiatal honetan esandako moduan, aurretik kalteordaina emanda edo gabe, zuzenbideari zor bezala.

63. artikulua

1. Administrazio bidezko uzterazpenerako korporazioaren erabakia beharko da, horren aldekoa, ondasunen gainean sortutako eskubideak iraungitzat hartzen dituena. Erabaki horretan zehaztuko da kalteordainerako eskubiderik dagoen ala ez.

2. Aurreko zenbakian aipaturiko erabakia aurretik interesatuei entzutea ematen dien espedientea ireki ondoan hartuko da.

64. artikulua

1. Aurreko artikuluak aipatzen duen erabakia interesatuei jakin eraziko zaie eta, kalteordainerako eskubiderik ez badago, finka utz dezaten errekerimendua eginen zaie korporazioak adierazitako epean, eta hau gutxienez hilabete batekoa izanen da.

2. Kalteordainerako eskubiderik baldin bada, adostasuna bilatuko da interesatu edo horien legezko ordezkariekin, eta horretarako errekerimendua eginen zaie, jakinerazpenetik kontatuta ondoko hamabost eguneko epean, haren zenbatekoa eta finka uzteko behar den epea proposa dezaten, oharteraziz, beti ere bost hilabeteko epean hura utzi beharko dutela.

65. artikulua

1. Kalteordainaren zenbatekoa zehazteko egindako proposamena, korporazioak onargarritzat jotzen badu, onartu bezala bete eginen da.

2. Akordioren bat lortzen ez bada, kalteordainaren zenbatekoa nahitaezko desjabetzapenari buruzko legerian bildutako prebisioen arabera finkatuko da. Dena den, kalteordaina elkarren akordioz finkatze hori espedientearen prozesuan edozein unetan eman daiteke, harik eta Desjabetzapen Epaimahaiak balio justuari buruzko erabakia hartzen duen arte eta, elkarren arteko akordioa lorturik, indarrik gabe geratuko dira hura finkatzeko egindako iharduketa guztiak.

66. artikulua

1. Kalteordainaren zenbatekoa finkaturik eta berori ordainduta dela, edo hura jasotzeari interesatuak uko egin badio, entitate lokalaren edo Gordailuen Kutxa Orokorrean diru-sarrera eginik, finka okupatzeko eskubide pertsonalen titularrek hura utzi beharko dute, 64. artikuluko 2 zenbakiak aipatzen duen bost hilabeteko epearen mugaeguna bitarte.

2. Aurreko zenbakian esandako epea amaiturik, eta artean kalteordainaren zenbatekoa finkatu ez bada, korporazio lokalak uzterazpenari ekin ahal izanen dio, aurretik entitate lokalaren edo Gordailuen Kutxa Orokorrean kanona adinako zenbatekoa sartzen badu, hau da, eskubidearen titularrak ondasuna erabili edo probexteagatik urtean ordaintzen zuena, gehi urteko edo eskubidearen indarraldiaren zati bakoitzeko kanon horri dagokion hilabete baten zenbatekoa, eta guzti hori afektazioaren ehuneko 3an gehitua, eta kalteordainaren zenbateko gisa finkaturik datekeen diru kopuruaren erreserba moduan.

67. artikulua

Ondasuna uzteko garaia iritsirik, eta horrelakorik gertatzen ez bada, Korporazio-buruak interesatuari errekerimendua eginen dio hamar eguneko epean hura utz dezan, eta horrela ere uzten ez badu, uzterazpenari ekinen zaio administrazio bidetik.

Horretarako, aurreko lerroaldean aipaturiko epea amaitu eta zortzi egun iraganik interesatuak ondasuna utzi gabe, Korporazio-buruak iraizpenaren abisua emanen dio bost eguneko epean ondasuna utzi gabe badirau, eta egun horiek ere hura burutu gabe iragaten badira, idatzizko ebazpena emanen du iraizpena egin dadin aginduz, eta zein egunetan izanen den seinalatuz, interesatuari kopia bat emanez.

68. artikulua

1. Iraizpen eguna finkaturik dela, entitate lokalak burutu beharko du hura, bere bitarteko eta izan dezakeen laguntzaz, horrelakorik baldin badu, baliaturik.

2. Iraizpena burutu ahal izateko, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 87.2 artikuluan bildutako kasuetan, agindu horretarako aipatzen den baimena beharko da.

69. artikulua

1. Iraizpenak edo ondasunen gordailapenak sortzen dituen gastuak, haiek uztera behartua izan denaren kontura izanen dira.

2. Korporazioak, uzterazpen gastuak ordaintzeko beharrezkoak direla uste dituen ondasunak, beretzat gordeko ditu, eta premiamendu prozeduraz besterentzen ahalko ditu.

70. artikulua

Uzterazpena xedatu, kalteordaina finkatu eta iraizpena burutzeko eskumena eta prozedura, administratiboak izanen dira, eta korporazio lokalen eskumen esklusiboak ez die biderik emanen beste erakundeei hartan esku hartzeko, non ez diren Azpiatal honetan aipatuak izan, ez eta ohizko auzitegien bidez iharduketa edo helegiterik onartzeko ere, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legean jasotako kasuak ezik.

71. artikulua

1. Administrazio bidetik uzterazpen prerrogatiba, Azpiatal honetan ezarritako prozeduraren arabera, erabiltzeko orduan, entitate lokalen zerbitzu publikotakotzat hartuko dira haien finka edo etxebizitzak, beren langilegoek, edo ematen diren zerbitzuak direla eta, beste Administrazio Publikoetakoek okupatzen dituztenak.

2. Aurreko zenbakian aipatzen diren okupazio eskubideak iraungi eginen dira, kalteordainerako eskubiderik gabe, lagapena egiteko erabilitako titulua iraungitzen bada, enplegu erlazioa iraungi, edo behin-behineko etenaldiaz bestelako iharduneko zerbitzua bertan behera utzi behar bada.

3. Eskubidea iraungirik, uzterazpena eta iraizpena bidezkoak izanen dira administrazio bidetik, kalteordainen eskubiderik ez dagoen kasuetan, Azpiatal honetan esandako moduan. Dena den, etxebizitza okupatzeko eskubidea legezko xedapen baten ondorioz iraungitzen bada, bost hilabeteko epea eman beharko da hura uzteko, non xedapen hartan besterik ezartzen ez den.

72. artikulua

Ondareko ondasunen gainean sortutako eskubideen iraungipena, zuzenbide pribatuko xedapenei jarraikiz burutuko da, nahitaezko desjabetzapenari buruzko legeriatik datozen ahalmenak ezertan eragotzi gabe.

3. atala. Ondasunen inbentario eta erregistroa

73. artikulua

1. Entitate lokalek, beren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubide guztien inbentario baloratu bat eginen dute, ondasun eta eskubide horien izaera eta lortzeko era edozein dela ere.

2. Nortasun propioa duten entitateek eta korporazio lokalaren menpekoak direnek, bakoitzak bere ondasun eta eskubideak jasoko dituen inbentarioa izanen du, eta horretarako Atal honetan jasotako arauei jarraituko zaie.

Era berean, nortasun propioa eta independientea duten establezimenduek ere beren ondasun eta eskubideak baino jasoko ez duen inbentarioa izanen dute, baldin eta horien legezko ordezkaritza korporazio lokalei badagokie.

3. Aurreko zenbakian aipaturiko inbentario berezien ale bat, eranskin gisa erantsiko zaio entitate lokaleko inbentario nagusiari, eta beste bat entitatean bertan geldituko da.

74. artikulua

1. Inbentarioan, izaeraren arabera, ondasun eta eskubideak berezita jasoko dira ondoko izenburu hauetan sailkatuta:

1.-Higiezinak.

2.-Eskubide errealak.

3.-Izaera historikoa, artistikoa edo balio ekonomiko handia duten higigarriak.

4.-Balio higigarriak, kredituak, korporazioarenak diren izaera pertsonaleko eskubideak.

5.-Ibilgailuak.

6.-Aziendak.

7.-Bestelako higigarriak.

8.-Ondasun eta eskubide itzulgarriak.

2. Korporazioak 7. izenburupeko higigarrientzat kopuru bat finkatuko du eta ez da derrigorrezkoa izanen, unitate bakoitzaren balio kopuru hori baino baxuagoa duten ondasun higigarriak sail horretan sartzea.

75. artikulua

1. Inbentarioko ondasunen aipamena, izenburu bakoitzean dagokion zenbakia hurrenez hurren jarraituz eginen da.

2. Ondoren hutsune bat utziko da, ekitaldi horretan zehar gerta daitezkeen aldaketak jasotzeko eta idazpenak deuseztatzeko.

76. artikulua

Ondasun higiezinen inbentarioan ondoko datu hauek jasoko dira:

a) Lursailaren izena, ezaguna baldin bada.

b) Higiezinaren izaera.

c) Kokapena, lursaila zehazki non dagoen adieraziz, hau da, hirikoetan, zein kaletan dagoen eta dagokion zenbakia; eta, landakoetan, zein parajetan dagoen, poligono eta katastroko lurzatia zehaztuz.

d) Mugak.

e) Azalera.

f) Eraikinak direnean: ezaugarriak, eraiketari buruzko berriak eta egoera.

g) Bide publikoak direnean, inbentarioan hura zehatz mehatz ezagutzeko datuak jaso beharko dira, hala nola, mugak, luzera eta zabalera.

h) Landa lursailen probetxamendu mota.

i) Jabari publikokoa edo ondarekoa den, erabiltzeko ondasunak, zerbitzu publikorakoak, ondare ondasunak edo herri ondasunak diren zehaztu behar delarik.

j) Hura entitateari egozten dion titulua.

k) Inskribatu beharrekoa izanez gero, Jabetza Erregistroan duen inskribapen ezaugarria.

l) Destinoa eta hori xedatu duen erabakia.

m) Haren alde eratutako eskubide errealak.

n) Lursaila zergapetzen duten eskubide errealak.

ñ) Lursaila dela eta, eratutako eskubide pertsonalak.

o) Eskuratze eguna.

p) Eskuratzearen kostua, kostu bidezkoa izan bada, eta egindako inbertsio eta hobekuntzak.

q) Higiezinak saltzekoan izanen lukeen balioa.

r) Emango lituzkeen fruitu eta errentak.

77. artikulua

Eskubide errealen inbentarioak ondoko inguruabar hauek jaso beharko ditu:

a) Izaera.

b) Eskubide hori zein higiezinen gainekoa den.

c) Eskubidearen edukina.

d) Eskuratze titulua.

e) Jabetza Erregistroko inskribapen ezaugarria.

f) Eskuratzearen kostua, kostu bidezkoa izan bada.

g) Egungo balioa.

h) Emango lituzkeen fruitu eta errentak.

78. artikulua

1. Izaera historikoa, artistikoa edo balio ekonomiko handia duten ondasun higigarrien inbentarioak honako hauek azaldu beharko ditu:

a) Ondasuna identifikatzen lagunduko duen deskripzioa.

b) Balio artistiko, historiko edo ekonomikoa zerk ematen dion.

c) Ondasun hori non dagoen eta zeinen ardurapean.

2. Ondasunak historiko edo artistiko gisa sartu ahal izateko, aurrez hala sailkatuak behar dute izan.

79. artikulua

Balio higigarrien inbentarioan xehetasun hauek emanen dira:

a) Tituluen zenbakia.

b) Mota.

c) Hura jaulki duen erakunde edo entitatea.

d) Serie eta numerazioa.

e) Eskuratze eguna.

f) Salneurria.

g) Kapital nominala.

h) Benetako balioa.

i) Emango lituzkeen fruitu eta errentak.

j) Zein lekutan dauden gordailatuak.

80. artikulua

Korporazioaren kreditu eta eskubide pertsonalak inbentarioan jartzekoan, honako hauek zehaztu beharko dira:

a) Kontzeptua.

b) Zordunaren izena.

c) Balioa.

d) Eskuratze titulua.

e) Mugaeguna, baldin badu.

81. artikulua

Ibilgailuen inbentarioak honako hauek zehaztuko ditu:

a) Mota.

b) Trakzio mekanikoa, edo animali nahiz eskuz eragitekoa.

c) Matrikula.

d) Eskuratze titulua.

e) Destinoa.

f) Eskuratze kostua, kosturik izan bada.

g) Egungo balioa.

82. artikulua

Azienda ondasunen inbentarioak honako xehetasun hauek jaso beharko ditu:

a) Animalia mota.

b) Abelburu kopurua.

c) Ezaugarriak.

d) Haiek zaintzeko ardura duen pertsonaren datuak.

83. artikulua

Aurreko artikuluetan jasoak ez dauden ondasun higigarrien inbentarioak, ondasunak ezagutu ahal izateko behar adina xehetasun jaso beharko ditu.

84. artikulua

1. "Ondasun eta eskubide itzulgarriak" izenburupean, egun jakin batean edo baldintza bat betetzen denean edo betetzen ez denean, haien jabari edo gozamena entitatera itzuli edo entitatean kontsolidatu beharreko ondasun eta eskubide guztiak jasoko dira, behar adina xehetasunekin, izaeraren arabera sailkaturik eta horrek beste izenburu batzutan ere zehaztasunak ematea galerazi gabe. Horrek, etengabe oroitaraziko dio korporazioari bere egoera, egoki denean haiei buruz behar diren neurriak har ditzan.

2. Inbentarioaren atal honetan, besteak beste, honako hauek jasoko dira: korporazioak baldintzapean edo epe baterako utzitakoak, kontzesioak eta errentamenduan emandako entitate lokalaren ondasunak.

85. artikulua

1. Posible den kasuetan, lurzatien eta eraiki nen oin eta altxaerako planoak eginen dira eta bertan grafikoki adieraziko dira, orube, eraikigabeko lurzati eta landa lursailen kokapena, mugak eta azalera. Lursailen kasuan triangeluen erpinak, hirugarren mailakoak edo topografikoak eta lurreko puntu goren eta finkoak aipatu beharko dira.

2. Edonola ere, ondasun higigarri historiko, artistiko eta balio ekonomiko handikoen argazkiak aterako dira, behar bezala kautotuak.

86. artikulua

1. Inbentarioan jasotako datuak egiaztatzen dituzten agiriak, batez ere, jabari tituluak, mugaketa eta balorazio aktak, plano eta argazkiak, entitate lokalaren gainontzeko dokumentaziotik aparte artxiboratuko dira.

2. Ondasun bakoitza inbentarioan jartzekoan, azken datu gisa, kasuan kasuko dokumentazioa artxiboratu den lekuaren ezaugarria adieraziko da.

87. artikulua

Inbentarioei Idazkariak emanen die zilegitasuna, Korporazioburuak bere oneritzia eman ondoren. 73. artikuluko 2 eta 3 zenbakietan aipaturiko inbentario berezietan, Idazkariaren sinaduraren aurretik, kasuan kasuko entitateko Zuzendari edo Administrariak sinatu beharko du.

88. artikulua

1. Inbentarioa etengabe berrituko da, urtero zuzenduz eta korporazioa aldatzen den bakoitzean egiaztatuz.

2. Inbentarioaren zuzenketa, korporazioaren aurrekontuak prestatzearekin batera eginen da eta, nolanahi ere, urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen.

3. Inbentarioa egiaztatutakoan, emaitza, agiriaren bukaeran jasoko da; hala ere, nahi izanez gero, akta gehigarri bat egin ahal izanen da, irten beharreko korporazioaren eta sartu beharrekoaren arteko erantzunkizunak zein diren garbi uzteko.

89. artikulua

Osoko Bilkurari dagokio inbentarioa onetsi, zuzendu eta egiaztatzea.

90. artikulua

Entitate lokalek Foru Komunitateko Administrazioari haien inbentario eta kontuen kopia igorriko diote, bai eta urteko zuzenketak ere.

91. artikulua

1. Inskribatzeko diren entitate lokalen ondasun eta eskubideak hala eginen dira, bakoitza bere erregistroan.

2. Inskribatzetik salbu egonen dira erabilpen orokorreko jabari publikoko ondasunak.

3. Herri ondasunak Jabetza Erregistroan inskribatzerakoan haien izaera hori espreski adierazi beharko da.

4. Entitate lokalen ondasun eta eskubideak inmatrikulatu edo inskribatzerakoan, Nafarroako Foru Komunitatekoentzat ezarritako erregistro arau berak aplikatuko dira.

V. KAPITULUA. Ondasunen erabilpen eta probetxamendua

1. atala. Jabari publikoko ondasunen erabilpena

92. artikulua

Jabari eta usaera publikoko ondasunei dagokien xedea beroriek denon artean eta orokorrean erabiltzea da, eta hori hiritar guztiek egin ahal izanen dute, edozein direla ere, ondasunak zertarako diren, hartarako erabiliz eta berorien izaerari, helburuari eta xedapen orokorrei jarraikiz.

93. artikulua

1. Jabari eta usaera publikoko ondasunen erabilpenak, arruntak eta bereziak, pribatu edo ez ohizkoak, lizentzia edo kontzesioaren menpe egonen dira, Sail honetako xedapenei jarraikiz.

2. Erabilpenak izaera arrunt eta berezia izanen du, arriskua, erabilpen haundia edo horrelako inguruabarrak ematen direnean.

3. Ondasunen erabilpena pribatua izanen da, zenbait jende edo entitatek haiek erabiltzeagatik besteendako mugak edo ezintasuna sortzen denean.

4. Erabilpenak ez ohizko izaera du, ondasun horren helburu nagusitik kanpo erabiltzen denean.

94. artikulua

Lizentzia beharko dute ondoko erabilpen hauek:

a) Aurreko artikuluaren 2. zenbakian aipatzen den erabilpen arrunt eta bereziak.

b) Aurreko artikuluaren 3. zenbakian aipatzen den ohizko erabilpen pribatuak, betirako obra edo

instalaziorik behar ez duenean.

95. artikulua

Jabetza eta usaera publikoko erabilpenari buruzko lizentziak emateko eskumena Korporazio-buruari dagokio, non entitate lokaleko Ordenantzek Osoko Bilkurari eskuratzen ez dizkion.

96. artikulua

1. Lizentziak zuzenean emanen dira, inguruabarren bat dela eta haien kopurua mugatzen ez baldin bada, orduan lizitazio bidez emanen bait dira, publizitate eta lehiaketa arauak gordez, eta horrelakorik ezin bada interesatu guztiek baldintza berberak izan behar dituztelako, zozketaren bidez emanen dira.

2. Ordenantzetan erabakiko da lizentziak eskualdatzen ahal diren ala ez, eta hala egiten ez bada, eskualdagarriak direla ulertuko da. Inoiz ere ez dira eskualdatuko sujetuaren beraren kualitateak kontuan hartuz emandako lizentziak, edo kopuru mugatua dutenak.

3. Lizentziak prekarioan emandakoak direla ulertuko da, eta edozein momentutan kontraerabakia hartu ahal izanen da.

4. Inoiz ezin izanen dira lizentziak denbora mugarik gabe eman.

97. artikulua

Administrazioaren kontzesioa beharko dute:

a) 93. artikuluaren 3. zenbakian aipatzen den usaera publikoko ondasunen ohizko erabilpen pribatuak, betirako obra edo instalazioak behar dituenean.

b) Ohizkoa ez den ondasunen erabilpenak, 93. artikuluaren 4. zenbakian aipatutakoak.

98. artikulua

Kontzesioak emateko eskumena korporazioaren Osoko Bilkurari dagokio.

Kontzesioa bost urte baino gehiagorako bada, korporaziokideen legezko kopuruaren erabateko gehiengoaren aldeko botua beharko da, haren zenbatekoak aurrekontuaren baliabide arrunten ehuneko 10a gainditzen duenean beti ere.

99. artikulua.

1. Kontzesioak espedientearen izapidaketa beharko du, bertan zein klausulen arabera ematen den jaso beharko delarik, eta publizitate eta lehiaketa arauetara meneratuko da, eta aldez aurretik lizitazioa egonda emanen da, Atal honetan eta entitate lokalen kontratazioa erregulatzen duen arauterian xedatutakoari jarraikiz.

2. Inoiz ere ezin izanen da kontzesiorik eman denbora mugarik gabe. Kontzesioaren eperik luzeena laurogei eta hemeretzi urtetakoa izanen da, xedapen bereziren batzuk epe motzagorik adierazten ez badute salbu.

100. artikulua

1. Egoki erizten diren beste batzuk galerazi gabe, kontzesioa emateko klausuletan ondoko puntu hauek aipatu beharko dira:

a) Kontzesioaren xede zehatza eta zein muga dituen.

b) Kontzesio hartzaileak, bakoitzak bere kasuan, egin beharreko obra eta instalazioak.

c) Erabilpenaren epea, luzaezina izanen dena, arauteria berezian xedatutakoa ukatu gabe.

d) Kontzesio hartzaileak korporazioarekin dituen betebehar eta ahalmenak, eta korporazioak

hartzen dituenak.

e) Erabilpenaren bidez jendearendako zerbitzu pribatuak ematen badira, horiek arautu behar dituzten tarifak, beren faktore guztiak banan-banan emanik, gerora egin daitezkeen berrikuspenen oinarri izanen bait dira.

f) Dirulaguntza ematen bada, horren mota eta zenbatekoa, eta kontzesio hartzaileari emateko epeak eta moduak.

g) Entitate lokalari ordaindu behar zaion kanona, kontzesio edo baimen hartzaileak ondasunetan edo hauen erabilpen orokor edo zerbitzuan sor ditzakeen kalte eta galeren zenbatekoa ordaindu behar duena alegia.

h) Erabilitako jabari zatia egoera onean mantentzearen betebeharra, eta egiten badira, eraikitzen diren obrak ere.

i) Epe amaieran obrak eta instalazioak itzuli beharra ala ez.

j) Korporazioaren ahalmena, kontzesioa mugaeguna baino lehen eraginik gabe uzteko, horrela eskatuko balute interes publikoan gertaturiko inguruabarrek, egindako kalteen ordaina emanez.

k) Kontzesioa jabetza eskubiderik eta hirugarrenen kalterik gabe ematen dela dioen aipamena.

l) Zehapenak, kontzesio hartzaileak bere betebeharren urratze arin, larri edo oso larrien kasuetarako.

m) Kontzesio hartzailearen betebeharra, epearen barrenean, entitate lokalaren esku, erabilitako ondasunak laga eta libre uzteko, eta honek ekinaldia hasi eta bete erazteko berez duen ahalmena aitortzea.

2. Halaber, kontzesio hartzaileak, ondasunen erabilpen egokia ziurtatzeko hartu beharreko bermeak finkatu beharko dira.

101. artikulua

1. Norbaitek, bere ekimenez, behin betiko obrak edo instalazioak direla eta kontzesioaren beharra duen ondasunaren erabilpen pribatu eta ohizkoa nahi badu, Txosten bat aurkeztu beharko du, erabilpena eta honen helburuak azaltzen dituena eta horiek erabili behar den jabariaren destinoarekin bat datozela eta komenigarri direla frogatzen duelarik.

2. Korporazio lokalak eskaera aztertu, eta interes publikoa kontuan hartuz, izapidaketara onetsi ala atzera bidaliko du.

102. artikulua

1. Hasiera batean, erabilpenaren egokitasuna onetsirik, Korporazioak bere teknikarien eskutan utziko du proiektuaren idazketa, edo proiektu lehiaketarako deia eginen du hilabete bateko epean gutxienez eta entitate lokalek kontratuak egiteko erregulatua duten arauteriak dioen moduan.

2. Azken bide hau hartzen badu, lehiaketaren oinarrietan aukera hauek eskeini beharko ditu:

a) Proiektua erostea diru kopuru bat ordainduz.

b) Proiektuaren exekuzioaren esleipen hartzaile gertatzen denari haren zenbatekoa ordain eraztea, edo

c) Esleipenaren gaineko tanteo eskubidea, 107. artikuluaren 2. zenbakian agindutakoaren arabera.

103. artikulua

Proiektuak, korporazioak edo partikularrek idatzita, honako datu eta dokumentuak izanen ditu, eta korporazioak erabakitzen dituen gainerakoak ere:

a) Txosten frogagarria.

b) Erabili behar den jabari publikoaren zatiaren kokaera, nondik-norako eta gainontzeko inguruabarrak.

c) Burutu behar diren obren xehetasun planoak.

d) Erabili behar den jabari publikoaren zatiaren balorazioa, jabetza pribatuko ondasunak bailiran.

e) Aurrekontua.

f) Obrak egiteko baldintzen plegua, egin behar badira.

g) Kontzesioa arautu behar duten baldintzen plegua, 100. artikuluari jarraikiz.

104. artikulua

Proiektu lehiaketaren deialdia egin bada, korporazioak hautatuko du, haren oinarriei jarraikiz, interes publikoentzat egokiena dena, eta komenigarri erizten dituen aldaketak egin ahal izanen ditu.

105. artikulua

1. Lehiaketak, 102. artikuluaren 2. zenbakiko b) eta c) ataletan aipatzen diren onuretakoren bat ematen badu, hautaturiko proiektua perituek kontraesanean tasatuko dute, horiek, bat korporazioak eta bestea esleipen hartzaileak izendatuak direlarik, eta ezadostasunik bada, Desjabetzapen Epaimahaiak ebatziko du.

2. Tasazioan proiektuaren idazketak sortzen dituen era guztietako gastuak sartuko dira, baita hura erredaktatzen duenaren lansariak ere, horiek arautzen dituzten tarifei jarraikiz, edo horiek ezean, antzeko lanetan usadio edo ohitura denaren arabera, aurkezten denetik balorazioaren legezko korrituan, onurengatiko 100eko 10 batean eta tasazio gastuetan gehitua.

106. artikulua

1. Kontzesiorako oinarri izanen den proiektua korporazioak onetsita duela, berak edo partikularrek erredaktatua, lizitaziorako deia eginen da hura esleitu ahal izateko.

2. Edozeinek parte hartu ahal izanen du lizitazioan, aldez aurretiko lehiaketan, egin izan balitz, proiektuak aurkeztu dituztenez aparte.

3. Behin-behineko bermea ehuneko 2koa izanen da, erabili behar den jabari publikoaren balioaren gain eta, gainera, egin beharreko obren aurrekontuen gainekoa.

4. Jendaurreko informazioa egonen da hogeitamar egunetan, kontzesiorako balio behar duen proiekturako eta lizitazioaren oinarrirako.

5. Proiektuak kontzesio hartzailearendako dirulaguntzarik badu, lizitazioa, laguntza horren beherapenaz izanen da batipat.

6. Bestela eta beherapenean berdintasunik bada:

a) Erabilpenak ez badakar zerbitzu pribaturik jendearentzat, edo tarifagarriak ez badira, lizitazioa, entitate lokalari jabari publikoa erabiltzeagatik zor zaion urteko kanona hobetzeari buruzkoa izanen da eta, berdinketarik ematen bada, kontzesioaren epea murrizteari buruzkoa, edo

b) Erabilpenak jendeari zerbitzu pribatuak eskeintzeko balio badu eta tarifagarria bada, lizitazioa, proiektuan adierazitako tarifa-tipoak merketzeari buruzkoa izanen da eta, berdinketaren kasurako, aurreko atalean aipatzen den puntu bakoitzari buruzkoa, hurrenez hurren.

7. Lizitatzaileek beren proposamenak aurkeztuko dituzte, lizitazioaren puntu bakoitzeko plika banatan, 5. eta 6. puntuei jarraikiz, gutunazalean zeini buruzkoa den adieraziz, horrela aproposak liratekeenak bakarrik ireki ahal izan daitezen.

8. Hala ere, korporazioak erabaki ahal izanen du lizitazioa 5 eta 6 zenbakietan edo agintzen dituen beste batzuetan adierazitako puntu guztiez edo zenbaitez izatea, horietako bakoitzari deialdiaren oinarrietan finkaturiko puntu bat edo gehiago ezarriz, puntuaziorik altuena lortzen duenari esleipena egin ahal izateko.

107. artikulua

1. 101. artikuluan aipatzen den hasierako eskatzaileak tanteo eskubidea izanen du, lizitazioan parte hartu eta berak egindako proposamen ekonomikoa eta hautatua gertatzen denaren artean ez badago

ehuneko 10eko baino alde haundiagorik.

2. Eskubide hori bera dagokio, egoera berdinean, proiektuen aldez aurretiko lehiaketa egin eta bertan hautatua gertatzen den proiektuaren titularrari, haren oinarrietan, sari bezala, eskubide hori ematen bazaio, 102. artikuluaren 2. zenbakiko c) atalean agindutakoari jarraikiz.

3. Eskubide hori erabili ahal izanen da plikak irekitzeko ekitaldian, horretarako hain zuzen hogeitamar minutu luzatuko dena behin-behineko esleipena egin ondotik.

4. 1. eta 2. zenbakietan aipatzen diren pertsonek tanteo eskubidea hartzen badute, bietatik proposamenik merkeena egiten duenari emanen zaio, eta bien artean berdinketarik bada, ahozko pu- jen bidez ebatziko dira entitate lokalen kontratazioa erregulatzen duen arauterian esandako moduan, aipatu pribilegioa hartzeko proposamenaren oinarritik abiatuz.

5. Lizitazio aktan tanteo eskubidea erabili ote den ala ez jasoko da.

108. artikulua

1. Kontzesioaren esleipen hartzaileak, jakinerazpena izan eta hurrengo hamabost egunen epean eratu beharko duen behin betiko bermea, erabiltzen den jabari publikoaren balioaren ehuneko 3koa izanen da eta, horrelakorik balitz, egin beharreko obren aurrekontuena ere.

2. Bermea, kontzesio hartzaileari itzuliko zaio entitate lokalari itzultzeko obrak egin behar baditu, kontzesioan sartutakoen heren baten balioaz eginak dituela frogatzen duenean.

3. Hamabost eguneko epean kontzesio hartzaileak ordaindu beharko du proiektuaren tasazio balioa, horrela agintzen badute lizitazioko oinarriek edo esleipena 107. artikuluaren 1. zenbakian, 4. zenbakiari buruz, xedatutakoari jarraikiz eskuratu badu.

4. Behin betiko bermea eraturik eta, zenbait kasutan, ordaindu edo kontsignaturik proiektuaren balioa, kontzesioa gauzatuko da korporazio lokalen kontratazioa erregulatzen duen arauteriari jarraikiz.

109. artikulua

Ohizkoa ez den jabari publikoko ondasunen erabilpenik nahi denean, 100.etik 107.era bitarteko artikuluetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da, ondoko aldaketa hauekin:

a) 101. eta 103. artikuluei buruzko Txostenean frogatu beharko da erabilpenaren komenigarritasun

publikoa, jabariaren ohizko erabilpenaren ondoan.

b) Erabili behar den jabari publikoaren balorazioan frogatuko da halaber, eta aparte, okupazioak ohizko erabilpenean ekarriko duen kaltea eta galera.

c) Lizitazioan parte hartzeko behin-behineko bermea aurreko balorazioaren ehuneko 2a izanen da eta, obrak egin behar badira, baita horiena ere.

d) Behin betiko bermea aurreko oinarri horien ehuneko 5a izanen da.

110. artikulua

Jakintzat emanen da beti ere entitate lokalen ahalmena edozein momentutan kontzesioaren xede diren objetuak, instalazioak eta eraikinak ikuskatzeko, bai eta kontzesioak beren mugaeguna baino lehen ebazteko ere, interes publikoaren arrazoiek horretarako bide ematen badute, horrelakoetan, kontzesio hartzaileari egiten zaizkion kalteen ordaina emanez.

111. artikulua

1. Honela iraungiko dira emandako kontzesioak:

a) Epearen mugaeguna iritsita.

b) Zein ondasunetarako eman diren, hura desagertuta.

c) Ondasunaren desafekziogatik.

d) Kontzesio hartzaileak uko eginda.

e) Kontzesioaren kontrako erabakia hartuta.

f) Judizio ebazpenaren bidez.

Desafektazioa ondasuna besterentzeko egiten bada, kontzesioa, artikulu honen hurrengo zenbakian aipatzen den jareinsariaren bidez iraungiko da.

2. Entitate lokalak kontzesioen erreskatea erabaki ahal izanen du, haiek eman ziren eperako mantentzeak geroagoko ondasunen erabilpenean kaltea edo balioa izugarri galtzea dakarrela uste badu, eta hori behin desafektazioa eginda ondasunak besterentzea erabakitzen bada.

112. artikulua

1. Atal honetan dauden xedapenak jabari eta usaera publikoko ondasunen erabilpenari aplikatuko zaizkio.

2. Zerbitzu publikorako ondasunen erabilpena, lehendabizi entitate lokalen zerbitzuak arautzen dituzten xedapenek arautuko dituzte eta, horiek ezean, Atal honetako xedapenek.

3. Halaber, zerbitzu publikoak erregulatzen dituzten arauek lehentasuna izanen dute aplikatzeko, usaera publikoko ondasunen erabilpena zerbitzua emateko behar den oinarria soilik denean.

2. atala. Ondareko ondasunen erabilpena

113. artikulua

1. Entitate lokalei dagokie haien ondareko ondasunak erabiltzeko modua arautzea.

2. Erabilpena entitate lokalak egin ahal izanen du zuzenean edo kontratu bidez partikularrei lagatuko zaie.

114. artikulua

1. Entitate lokalen ondareko ondasunen kostubidezko erabilpena esleitzeko prozedura, enkantea, lehiaketa edo hitzarmen zuzena izan daiteke.

2. Kasu hauetan bakarrik egin ahal izanen da hitzarmen zuzena:

a) Interes publikoaren arrazoiengatik, espedientean behar bezala frogatu beharko direnak.

b) Ustiapena edo erabilpena behar bezala aurrera eramateko gai den pertsona edo ente bat bakarra denean, eta hori espedientean jasoko da.

c) Kontratuaren zenbatekoa 1.000.000 pezetakoa baino gutxiagokoa denean eta enkantea derrigorrezkoa ez denean, ondoko artikuluaren 2. zenbakiko b) atalean xedatutakoaren arabera.

d) Erabilpena edo ustiapena Administrazio Publiko baten edo sozietate baten eskuetan uzten denean, honen kapitalean Nafarroako edozein Administrazio Publikok, zuzenean ala ez, ehuneko hirurogeitabosta baino gehiagoko partaidetza baldin badu.

3. Halaber, hitzarmen zuzena egin ahal izanen da, behin enkantea edo lehiaketa eginda, esleipenik ez denean, proposamenak falta edo aurkeztu direnak onetsi ez direlako, edo esleipen hartzaileak kontratua gauzatzeko behar diren baldintzak betetzen ez dituenean, beti ere, hitzarmen zuzena funtsezko baldintzetan eta iragarritako baino prezio gutxiagoan sinatzen ez denean.

115. artikulua

1. Aurreko artikuluan xedatu den bezala, hitzarmen zuzenaren bidez esleipena egiten den kasuetan salbu, esleipen prozedura enkantea edo lehiaketa izanen da.

2. Enkantea eginen da ondoren aipatzen diren inguruabarrak, edo horietako edozein gertatzen denean:

a) Erabilpenaren iraunaldia bost urtetik gorakoa izatea.

b) Itundutako prezioak aurrekontuko baliabide arrunten ehuneko bosta gainditzea.

Gainerako kasuetan, ondareko ondasunen kostubidezko erabilpena lehiaketa bidez esleitu ahal izanen da.

3. Ondareko ondasunen kostubidezko probetxamendu edo erabilpenerako enkanteetan, sesta ematerik izanen da, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 231. artikuluaren zehaztapenen arabera.

116. artikulua

1. Ondareko ondasunen kostubidezko erabilpenerako baimena ematen denean espedientea izapidatu beharko da, eta bertan frogatu beharko da lagapenaren egokiera edo komenigarritasuna, esleipen modua eta klausula administratiboen pleguaren onespena. Espedientean, ondasunaren ondare izaera egiaztatzen duen ziurtagiria, salmentarako haren balorazio teknikoa, eta aurrekontuko baliabide arrunten zenbatekoaren ziurtagiria joanen dira.

2. Ondasuna erabiltzeagatik esleipen hartzaileak urtean ordaindu beharreko prezioa ezin izanen da salmentako balioaren ehuneko 6a baino gutxiagokoa izan.

117. artikulua

1. Entitate lokalek dohainik lagatzen ahalko diete ondareko ondasunen erabilpena beste administrazio edo entitate publikoei, edo irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei, helburuak bizilagunen onerako erabilpen publiko edo interes sozialekoak direnean, xehetasun horiek espedientean behar bezala frogatu beharko direlarik.

2. Lagapenaren erabakian ondasunen zertarako zehatza adierazi beharko da, eta egoki erizten diren baldintza, muga eta bermeak eduki beharko ditu, horiek bete gabe utziez gero erabilpena amaituko bait da. Gauza bera gertatuko da ondasunak esandako helburuarekin erabiltzen ez direnean erabakian ezarritako epearen barrenean, horrela egiten ez bada beranduago edo ondasunen kalte larriz erabiltzen direnean.

3. Higiezinen erabilpenerako dohaineko lagapenaren eperik luzeena hogei urtekoa izanen da.

118. artikulua

1. Korporazio-buruaren eskumenekoak dira jabari pribatuko ondasunen kostubidezko erabilpenari buruzko egintzak, epea bost urtetakoa baino luzeago eta zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrrunten ehuneko bata baino gehiagokoa ez bada.

2. Ondareko ondasunen gainontzeko erabilpen kasuetan, eta aurreko zenbakian aurrikusitako kasuan entitate lokaleko ordenantzek hala xedatzen dutenean, eskumena Osoko Bilkurari dagokio.

119. artikulua

Ondareko ondasunen kostubidezko erabilpenagatik itundutako prezioaren zenbatekoa, 114.2 b), 115.1 c) eta 118.1, artikuluetan aipatzen dena, urteko baten zenbatekoari dagokiona izanen da.

120. artikulua

Ondareko ondasunen erabilpena, edo erabilpena eta gozamena esleitzeko xedea duten egintza eta kontratuak, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bilduman xedatutakoari lotuko zaizkio. Hiri edo landa errentamenduak, bakoitza bere arauteria berarizkoaz erregulatuko dira.

3. atala. Herri ondasunen erabilpen eta ustiapena

121. artikulua

Herri ondasunen erabilpen eta ustiapena, ondasun mota horietarako Bigarren Tituluan xedatutakoaz arautuko da.

VI. KAPITULUA. Ondasunak besterendu eta kargatzea

122. artikulua

Entitate lokalen ondasunak besterentzeko, aldez aurretik inorengarritasun deklarazioa egin behar da, jatorriz ondareko ondasunak bait dira edo hasieran zuten kalifikazio juridikoa aldatzeagatik lortu bait dute izaera hori.

123. artikulua

Ezin izanen da ondareko ondasunik besterendu gastu arruntak finantzatzeko, non ez diren lurzati soberakinak edo gauza ez erabilgarriak, 10. artikuluan aipatzen den bezala.

124. artikulua

Higiezin bat besterentzeko tramiteak hasi baino lehen, haren egoera fisiko zein juridikoa garbitzeari ekin beharko zaio, mugaketa eginez behar baldin bada, eta Jabetza Erregistroan inskribatuz horrela eginik ez badago.

125. artikulua

1. Besterentzeko espedientea ireki beharko da, bertan haren egokiera edo komenigarritasuna, esleipen modua eta klausula administratiboen pleguaren onespena frogatuz.

2. Espedientearen barrenean, ondasunaren ondare izaera eta entitate lokalaren aurrekontuko baliabide arrunten zenbatekoa, bai eta 140. artikuluak aipatzen duen Foru Komunitateko Administrazioaren baimena ere, behar litzatekeen kasuan, joanen dira.

3. Besterendu aurretiko baldintza izanen da balorazio teknikoa, honen xede diren ondasunen balio justua sinestasun osoz egiaztatuko duena, eta espedientearekin batera joan beharko du.

126. artikulua

1. Besterentzeko, Udaleko Osoko Bilkuraren edo entitate lokalaren gobernu eta administrazioko organo gorenaren erabakia beharko da.

Besterendu beharreko ondasunaren balioak aurrekontuko baliabide arrunten ehuneko 10a gainditzen badu, erabakia korporaziokideen legezko kopuruaren erabateko gehiengoaz hartu beharko da.

2. Aurreko zenbakian xedatutakoa horrela bada ere, Korporazio-buruak besterendu ahal izanen ditu ondasun higigarri eta higiezinak, horien balioak aurrekontuko baliabide arrunten ehuneko 5a, ez eta kontratazio zuzenari aplikagarri zaion muga orokorraren ehuneko 50a gainditzen ez baditu.

Ondasun higiezinak, edo korporazioaren baliabide arrunten ehuneko 1aren balioa gainditzen duten ondasun higigarriak direnean, Korporazio-buruak aurreko lerroaldean aipaturiko eskurantza erabiltzeko, Osoko Bilkurak edo entitateko organo gorenak aurretik deklaratu beharko du ondasun horiek entitatearen helburuak betetzeko beharrezko ez direla.

127. artikulua

1. Besterentze prozedura trukearen kasua salbu enkante publikoa izanen da, eta aparteko bezala, besterentze zuzena.

2. Enkantea, prestaketa eta esleipenari buruzkoan, entitate lokalen kontratazioa erregulatzen duen arauteriak eraenduko du. Sesta ematerik izanen da, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 321. artikuluan dauden zehaztapenekin bat etorriz.

128. artikulua

1. Besterentze zuzena erabaki daiteke salbuespen bezala honako kasu hauetan:

a) Eskuratzailea Zuzenbide Publikoaren Korporazio bat, edo Legeak onartu duen interes publikoko Elkarte edo Fundazio bat denean.

b) Enkanteetan esleipenik egiten ez denean, lizitatzailerik ez dagoelako, edo aurkeztutako proposamen onargarririk ez dagoelako, beti ere esleipen zuzena lizitatzeko jarrita dauden baldintza beretan eta prezio txikiagorik gabe egiten bada.

c) Ondasunaren izaeragatik lehiaketa publikoa ezinezkoa edo oso zaila denean, eta hori espedientean frogatu beharko da.

2. Ondasun higiezinak badira, besterentze zuzena salbuespen bezala honako kasu hauetan ere eman daiteke:

a) Hirigintzari buruzko legerian edo beste lege sektorial batzutan besterentze mota honetarako dauden betebeharrak elkartzen direnean.

b) Industriak edo bestelako iharduerak ezarri nahiz handitzeko egiten den besterentzea, entitate lokalak herritar guztiendako in- teresa duela deklaratzen duenean.

c) 10.2 artikuluan aipatutako lurzati soberakinen besterentzea mugakide diren jabeei edo jabe bakarrari.

Jabe mugakideak bat baino gehiago direnean, lurzatiak lurzoruaren antolamendurako erizpiderik arrazoizkoenera lotzen direla besterenduko da, diktamen teknikoari jarraikiz.

3. Ondasun higigarri ukigarriak badira, erabaki daiteke salbuespen bezala ere besterentze zuzena:

a) Gauza ez erabilgarriak besterentzeko.

b) Kontsumoko artikulu, nekazal, merkatal edo industri ustiapeneko produktuak, eta argitarapenak besterentzeko.

4. Elkarteen kapitalak, enpresetako kuotak edo zati alikuotak, obligazioak edo antzeko tituluak, edo jabetza ez materialak ordezkatzen dituzten tituluak direnean, besterentze zuzena egin ahalko da interes publikoa arrazoi dela, interes hori behar bezala arrazoitu eta frogatua izanik.

5. Ondasun higigarriak besterentzeko erabakiak berekin ekarriko du horien desafektazio eta desatxekimendua.

129. artikulua

Entitate lokalen ondareko ondasunak beste batzuekin trukatuz besterendu daitezke, aldez aurretik balorazio teknikoa eginik, eta hortik balioen berdintasuna ateratzen bada edo trukatu nahi diren ondasunekin duten aldeak baliorik altuena duenaren ehuneko 50a gainditzen ez badu.

Kasu horretan, ondasunen balioen arteko aldea dirutan berdinduko da.

130. artikulua

1. Enkantea ez da beharrezkoa izanen besterentzea trukaketa bidez egiten den kasuetan.

2. Trukaketa burutu ahal izateko beharrezkoa izanen da entitate lokalak aldez aurretik trukaketarako eskeintza publikoa egitea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta entitatearen iragarki oholean argitara emanez. Eskeintza horretara, gutxienez ere hamabost egunetakoa izanen den epean, entitate lokalak burutu nahi duen xedea lortzeko egokiak diren ondasunen titularrak aurkeztu ahalko dira.

131. artikulua

1. Trukaketa egiteko 122, 124, 125.3 eta 126. artikuluetan aipatutako baldintzak bete beharko dira.

2. Halaber, trukaketa egiteko espediente bat ireki beharko da, bertan 125. artikuluko 2. zenbakiak aipatutako baldintzez gain, besterentzeko prozedura hori erabiltzearen beharra edo

komenigarritasuna frogatzen duen Txosten bat aurkeztu beharko delarik.

132. artikulua

Entitate lokalen ondareko ondasun eta eskubideen jabetza dohainik lagatzeko, aldez aurretik inorengarri deklaratu beharko da, eta bakar bakarrik eginen da administrazio edo erakunde publikoen alde, bai eta irabazi asmorik gabekoak izan eta interes publikoa duten erakunde pribatuen alde ere, onura publikoa edo gizarte interesa duten xedeetarako, beti ere bertakoen interesak betetzearen aldekoak baldin badira.

133. artikulua

1. Entitate lokalen ondasun edo eskubideen jabetzaren dohaineko lagapena egiteko, espedientea izapidatu beharko da, bertan frogatu egin beharko direlarik lagapenaren onuraduna den entitatearen izaera eta behar den Erregistroan egindako inskripzioa, pribatua izanez gero, eta entitate lokaleko aurrekontuaren ohizko baliabideen zenbatekoa, bai eta 140. artikuluak aipatzen duen Foru Komunitateko Administrazioaren baimena ere, beharrezkoa izanez gero.

Halaber, espedienteari lagapena eskuratu nahi duen entitatearen Txosten bat gehituko zaio, bilatzen duen xedea interes lokalen osagarri den onura publiko edo interes sozialekoa dela frogatu ahal izateko.

2. Ondasun higiezinen dohaineko lagapenari 124. artikuluan aipatutakoa ezarriko zaio.

134. artikulua

Entitate lokalen ondasun eta eskubideak dohanik lagatzeko erabakiak Udalaren Osoko Bilkurak edo entitate lokalaren gestio eta administraziorako organo gorenak hartuko ditu, korporazioko kideen kopuru legalaren gehiengo absolutuz, eta aldez aurretik proiektua jendaurrean jarriz entitatearen iragarki oholean, gutxienez hamabost egunetakoa izanen den epean, horren berri espedientean jaso beharko delarik.

135. artikulua

1. Lagapen erabakiak bidezkotzat jotzen diren baldintza, muga edo bermeak eduki ahal izanen ditu.

Erabakian deus ezartzen ez bada, ondareko ondasunen jabetzaren lagapenak honako baldintza hauei atxekiko zaizkie:

a) Adierazitako xedeak gehienez ere bost urtetako epean betetzea.

b) Horien destinoa hurrengo hogeitamar urteetan mantentzea.

2. Ezarritako baldintza, muga eta bermeak betetzen ez badira, ondasunen jabetza entitate lokalaren ondarera eskubide osoz itzuliko da, beren ondasun eta eskurapenak barne.

136. artikulua

Ondasun higiezinen jabetza dohainik lagatzea eskritura publiko bidez formalizatuko da, baldintza, muga eta bermeak adieraziz, eta Jabetza Erregistroan inskribatuko.

137. artikulua

Entitate lokalen ondareko ondasun eta eskubideen gaineko kargak eratzeko, besterenganatzeko beharrezkoak diren betebeharrak esijituko dira.

138. artikulua

Entitate lokalen ondareko ondasun eta eskubideen besterenganatzea nahitaezko desjabetzapenaren ondorio denean, berarizko legeriari jarraikiko zaio.

139. artikulua

Entitate lokalek herri ondasunei buruz burututako xedapen eta karga egintzak, aldez aurretik desafektazioa eginda, Bigarren Tituluko I. Kapituluan bildutako berarizko xedapenei lotuko zaizkie.

Ondasun horiei buruzko xedapen egintzei 123, 124 eta 129. artikuluetan ezarritakoa aplikatuko zaie.

140. artikulua

1. Foru Komunitateko Administrazioak Nafarroako entitate lokalen iharduketen interes orokorreko kontrola ezarriko du, jarraian adierazten diren ondasun eta eskubideei buruzko besterenganatze, jabetza lagatze, truke eta karga arloetan.

a) Izaera historiko-artistikoa duten ondasun higigarri eta higiezinak.

b) Aurreko atalean sartzen ez diren ondasun higigarri eta higiezinak, horien balio ekonomikoak aurrekontuaren ohizko baliabideen ehuneko hogeitabosta gainditzen duela.

c) Entitate Lokalaren balore higigarri, kreditu eta eskubideak, horien balio ekonomikoak aurreko atalean aipatutako aurrekontuaren portzentaia gainditzen duela.

2. Aurreko zenbakian aipatutako ondasun eta eskubideen gaineko besterenganatze, jabetza lagatze, truke edo kargek aldez aurretik Foru Komunitateko Administrazioaren baimena beharko dute.

Herri ondasunen arloan entitate lokalen iharduketek duten interes orokorraren kontrola, ondasun mota horretarako bereziki ezarritako moduan eginen da.

3. Aurreko zenbakietan ezarritakoari jarraikiz, higiezinak besterenganatu edo kargak ezartzeko, bai eta horiek dohainik lagatzeko ere Foru Komunitateko Administrazioaren baimena beharrezkoa ez den kasuetan, horren berri emanen zaio hari.

II. TITULUA. Herri ondasunak

I. KAPITULUA. Administrazioa eta xedapen egintzak

1. atala. Ahalmenak eta eskumenak

141. artikulua

Herri ondasunei buruzko xedapen, administrazio, probetxamendu eraentza eta antolamendu ahalmenak entitate lokalei dagozkie, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Arautegi honetan ezarri den bezala.

Entitate lokaletako organo eskudunek hartutako erabakiek arestian aipatutako Foru Legean bereziki aurrikusitako kasuetan soilik beharko dute Foru Komunitateko Administrazioaren onespena.

2. atala. Desafektazioa

142. artikulua

Herri ondasunen desafektazioa Atal honetan aipatutako kasuetan egin ahalko da.

143. artikulua

Herri ondasunen desafektazioa egiteko, horien erabilpena lagatzea edo karga izanik arrazoi, honako hau bete beharko da:

a) Hasierako erabakia, Udalaren Osoko Bilkurak edo entitate lokalaren gobernu eta administraziorako organo gorenak gehiengo absolutuz hartua.

b) Erabakia jendaurrean jartzea hilabete batez entitatearen iragarki oholean, aldez aurretik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, epe horren barnean alegazioak eta erreklamazioak egin ahal izan daitezen.

c) Behar izanez gero, alegazio edo erreklamazioei buruzko ebazpena ematea eta a) atalak aipatzen duen organoak behin betiko erabakia hartzea, horretan adierazten den gehiengo berberaz.

Hasierako erabakia behin betikoa izanen da alegazio edo erreklamazioak egiten ez badira.

d) Herri ondasunen arloko eskumenak dituen Foru Komunitateko Administrazioaren Departamentura honako hau igortzea: aurreko ataletan aipatutakoa betetzen dela egiaztatzen duten agiriak, finkaren identifikaziorako beharrezkoak diren agiriak, eta erabilpenaren lagapen edo kargaren gaineko klausula administratiboen plegua.

e) Nafarroako Gobernuak Foru Dekretu bidez onestea.

144. artikulua

Herri ondasunetako lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioak honako hau eskatzen du:

a) Hasierako erabakia, Udalaren Osoko Bilkurak edo entitate lokalaren gobernu eta administraziorako organo gorenak hartua, kideen kopuru legalaren bi hereneko gehiengoz.

b) Jendaurrean jarri eta iragartzea, aurreko artikuluko b) atalean aipatutako moduan, epean eta ondorioetarako.

c) Behar izanez gero, egindako alegazio edo erreklamazioei buruzko ebazpena ematea eta a) atalak aipatzen duen organoak behin betiko erabakia hartzea, horretan adierazitako gehiengo berberaz.

Hasierako erabakia behin betikoa izanen da alegazio edo erreklamazioak egiten ez badira.

d) Herri ondasunen arloko eskumenak dituen Foru Komunitateko Administrazioaren Departamentura honako hau igortzea: aurreko ataletan aipatutakoa betetzen dela egiaztatzen duten agiriak, 146. artikuluak aipatzen duen justifikazioa, bai eta finkaren identifikaziorako beharrezkoak diren agiriak, horren balorazio teknikoa eta besterenganatzearen gaineko klausula administratiboen plegua.

e) Onura publiko edo sozialaren deklarazioa eta Nafarroako Gobernuak Foru Dekretu bidez onestea.

145. artikulua

1. Aurreko artikuluan aurrikusitako ondorioetarako eta desafektazioaren xedea trukaketa denean, lurzati txikitzat bost hektarea edo gutxiago duen azalerako lurra hartuko da.

2. Desafektazioa salmentarako egiten denean, lurzati txikitzat honako baldintza hauek betetzen dituena hartuko da:

a) Hiru hektarea edo gutxiagoko azalera izatea.

b) Azalera hori entitate lokaleko herri lurraren azalera osoaren ehuneko 2a edo gutxiago izatea.

c) Lurzatiaren ondareko balio katastrala entitate lokaleko herri lur guztiaren ondareko balio katastralaren ehuneko 2a edo gutxiago izatea.

146. artikulua

Desafektazioaren xedea lurzati txikien salmenta edo trukaketa denean, Nafarroako Gobernuak onura publiko edo sozialaren deklarazioa egin ahal izateko, entitateak aldez aurretik frogatu egin beharko du xede hori kargaren edo erabilpenaren lagapenaren bidez lortzerik ez dagoela. Nolanahi ere bi aukera horiek lehentasuna izanen dute.

147. artikulua

144. artikuluaren e) atalak aipatzen duen onura publiko edo sozialaren deklarazioa egiteko, aintzat hartuko dira desafektazioa justifika dezaketen erizpideak eta, bereziki, honako hauek:

a) Erdietsi nahi den xedeak kasuan kasuko herriko eta horren zonalde edo eskualdeko bizitzaren kalitatea eta garapen ekonomiko eta soziala bilatzea.

b) Sor daitezkeen lanpostu berriak.

c) Burutu nahi den iharduerak inguruarekin duen egokitasuna.

148. artikulua

Desafektazioak Foru Lege bat beharko du onespena jasotzeko, jabetza kostubidez edo dohainik aldatzeko eta lurzati txikia gainditzen duten lurrak trukatzeko egiten denean, bai eta aurreko artikuluetan aipatu ez diren gainerako kasuetarako ere.

149. artikulua

1. Entitate lokalek herri ondasunen desafektazioari buruz hartutako erabakiek

itzultze klausula bat eduki beharko dute, horien xedeak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

2. Entitate lokalek desafektazioaren xede diren lagapen, karga, salmenta edo trukaketak zuzentzeko onesten dituzten klasula administratiboen pleguetan aurreko zenbakian aipatutako itzultze klausula jaso beharko da.

Kontratua dokumentu publiko bidez eginen da, bertan itzultze klausula jasoko, eta Jabetza Erregistroan inskribatuko.

3. Itzultzea egin ondoren, ondasunak entitate lokalaren ondarean sartuko dira berriz herri ondasun bezala.

150. artikulua

Herri ondasunen desafektazioari buruzko Atal honen aurreko artikuluetan xedatutakoak ez dakarkie kalterik kalifikazio juridikoa 13.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera aldatuta duten kasuei.

151. artikulua

Herri ondasunen nahitaezko desjabetzapen kasuak arlo horretan indarrean dagoen legeriari jarraikiz zuzenduko dira.

II. KAPITULUA. Herri ondasunen probetxamendua

1. atala. Xedapen orokorrak

152. artikulua

Entitate lokalak herri lurren emaitza, hobetze eta probetxamendu hoberenaz arduratuko dira.

153. artikulua

Kapitulu honek aipatzen dituen probetxamenduak honako hauek dira:

a) Laborantzako herri lurren probetxamenduak.

b) Herri larreen probetxamenduak.

c) Zur eta egur probetxamenduak.

d) Beste probetxamendu batzuk.

154. artikulua

Oro har, herri lurren probetxamenduen onuradun izan nahi duten famili unitateetako titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia edo adinez txiki burujabetu nahiz juridikoki zilegitua izatea.

b) Udal erroldan izen emanda egotea urte bat eta sei urte bitarteko antzinatasunaz. Entitate lokalek epe hori Ordenantza bidez finkatuko dute.

c) Egoitza herri lurraren entitate titularrean egiazki eta jarraian izatea, urtean bederatzi hilabetez gutxienez.

d) Onuradunak entitate lokalarekin dituen betebehar fiskalak eguneratuak izatea.

155. artikulua

Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Dena den, famili unitate independientetzat joko da guraso jubilatuek osatutakoa, nahiz eta familiakoekin bizi, beti ere horien dirusarrera lanbidearteko gutxieneko soldata baino txikiagoa baldin bada.

156. artikulua

1. Herri ondasunen probetxamendurako enkanteetan bigarrenak egin ahalko dira eta, egokituz gero, baita hirugarren enkanteak ere, kasu bakoitzean, tasazioaren hasierako prezioa ehuneko hamarrean eta hogeian gutxituz, horiek eman gabe geratuko balira. Halaber, enkantea eman gabe geratzen denean, probetxamendua zuzenean esleitu ahalko da, prezioa azken enkanteko lizitaziokoa baino txikiagoa izan gabe.

2. Herri lurren probetxamendurako enkanteak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitateko egunkari batean edo gehiagotan argitaratuko dira, horiek egiteko data baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

3. Nolanahi ere, landa edo larreen probetxamendurako bigarren eta hirugarren enkanteak egiteko, aski izanen da entitate lokaleko iragarki oholean agertzea, horietako bakoitza egiteko data baino bost egun lehenago gutxienez.

4. Oihan probetxamenduko enkanteetan kontutan hartuko da baita ere, 4. Ataleko 210. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa.

5. Herri lurren probetxamenduko enkanteetan sesta eman ahalko da, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 231. artikuluan jasotako zehaztapenekin bat etorriz.

2. atala. Laborantzako herri lurren probetxamendua

1. azpiatala. Probetxamendu moduak

157. artikulua

1. Laborantzako herri lurren probetxamenduak hiru modu ezberdinetan eginen dira:

a) Lehentasunezko herri probetxamenduak.

b) Esleipen zuzeneko herri probetxamenduak.

c) Entitate lokalak zuzeneko ustiapen edo enkante publiko bidez egindako esleipena.

2. Entitate lokalek laborantzako lurren probetxamendurako esleipen prozesua aurreko zenbakian adierazitako hiru moduak hurrenez hurren aplikatuz eginen dute.

2. azpiatala. Lehentasunezko herri probetxamenduak

158. artikulua

1. Probetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 154. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta famili unitateko kide bakoitzarengatiko dirusarrera propioek lanbidearteko gutxieneko soldataren ehuneko hogeitamarra baino txikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrera osoak soldata hori eta erdiaren azpitik egon beharko.

2. Famili unitatean fisikoki edo adimenez gai ez diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren ehuneko hirurogeiaren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Entitate lokalen Ordenantzek artikulu honek aipatzen dituen errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren erizpideak finkatuko dituzte, eta horiek honako datu objetibo hauetan oinarrituko dira: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Aitorpenak, soldatak, landa lurrak errentamenduan edo beste titulu batez edukitzea, ezarpen lokalari atxekiriko ondasun higiezinen kapital ezargarria, norberaren etxebizitzari dagokiona izan ezik, iharduerengatiko ezarpen oinarri lokala, bai eta antzeko beste edozein datu ere.

159. artikulua

Entitate lokalek Ordenantza bidez finkatuko dute ereduzko lotearen azalera, beharrezkoa izanen dena lanbidearteko gutxieneko soldataren erdiaren pareko dirusarrera garbiak sortzeko.

160. artikulua

158. artikuluan ezarritakoari jarraitzen dioten onuradunei eman beharreko loteak, famili unitateko kideen kopuruaren arabera, ereduzko loteari honako koefiziente hauek aplikatu ondorengoak izanen dira:

a) Hiru kide bitarteko famili unitateak, 1 koefizientea.

b) Lautik seira kide bitarteko famili unitateak, 2 koefizientea.

c) Zazpitik bederatzira kide bitarteko famili unitateak, 3 koefizientea.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko famili unitateak, 5 koefizientea.

161. artikulua

1. Entitate lokalek, kontutan harturik herri lurren ezaugarriak eta herriko gizarte baldintzak, Foru Komunitateko Administrazioaren aurretiko baimenarekin, arestiko hiru artikuluetan adierazitako faktoreak beheratu egin ahalko dituzte proportzionalki eta arrazoituz, baina ez igo.

2. Entitate lokalek, halako kasuetan, laborantzako herri lurren ehuneko berrogeitamarra gutxienez, banaketa mota honetarako jarri beharko dute.

162. artikulua

Entitate lokalen Ordenantzek kasu bakoitzean adieraziko dute erabilpen edo probetxamendurako epea, zortzi urtetakoa izanen dena gutxienez ere urteko zikloa duten landen kasuan eta landen onura bizitza gaindituko ez duena zortzi urte baino gehiagoko zikloa dutenen kasuan.

163. artikulua.

Onuradunek ordaindu beharreko kanona entitate lokalek finkatuko dute eta horren zenbatekoa zonalde horretan antzeko lurrentzat dauden errentamendu prezioen ehuneko berrogeitamarra bitartekoa izan ahalko da.

Nolanahi ere, kanonak entitate lokalari eragindako kostuak kitatuko ditu gutxienez.

164. artikulua

1. Herri lurzatiak onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte, ezin izanen dituztelarik errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den beste formula ezberdinen bat erabiliz.

Landaketa zuzen eta pertsonaltzat onuradunei esleitutako lurzatien landaketa amankomuna joko da, horiek kooperatibatan edo legez eratutako eta 158. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituzten kideek soilik osatutako lan taldetan elkartzen direnean.

2. Entitate lokalen Ordenantzek esleipen prozedurarako formulak aurrikusi ahal izanen dituzte, lurzati elkartuak esleitu ahal izateko, aurreko zenbakiaren bigarren lerroaldean adierazitako baldintza egiaztatzen duten onuradunei.

165. artikulua

Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, entitate lokalek lurzati horiek esleitu eginen dituzte, 3. Azpiatalean eta, kasuan kasu, 4. Azpiatalean adierazitako eran.

Entitate lokalek lurzatien onuradunei, aldez aurretik pertsonalki landatzea galerazten dien arrazoia egiaztatu eta eskaera eginda, esleipenetik ateratako dirusarrerak ordainduko dizkiete, kanona kenduta.

166. artikulua

1. Onuradunek beren landak apartzerian eman edo beste batzuei lagatzen badizkiete, kendu eginen zaizkie herri lurzatiak esleipen epearen gainerakoan.

2. Lurzatiak galdu dituzten onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak kasuan kasuko hazienda lokalean sartu beharko dituzte.

3. Lurzatien kentzea aldez aurretik entitate lokalak espedientea irekita eta interesatuari entzutea emanda burutuko da.

4. Entitate lokalak 2. zenbakian aipatzen diren onuren zenbatekoa finkatuko du.

167. artikulua

Entitate lokalek bidezko erizten dituzten egiaztaketak egin ahalko dituzte edozein unetan, eta onuradunei behar hainbat agiri eskatu, landaketa zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

168. artikulua

1. Entitate lokalek Ordenantzetan beharrezkoak diren baldintzak ezarri ahalko dituzte, landaketa zuzenean eta pertsonalki egiten dela eta horren motak frogatu ahal izateko.

2. Entitate lokalek esleitu den herri lurzatia zuzenean eta pertsonalki ez dela lantzen, besteak beste, ondoko kasu hauetan uste izan ahalko dute:

a) Nekazal makinaria izanik, esleitutako herri lurzatietan erabiltzen ez dutenak.

b) Erregaiak, ongarriak eta lehengaiak erosi izanaren edo egindako produktuen salmentaren frogagiriak aurkeztu beharra izanik, horretarako adierazitako epean aurkezten ez dituztenak.

c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Aitorpenean nekazal etekinak aitortzen ez dituztenak, horretara behartuta egonik.

d) Landaketa lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan ematen dizkietenak.

169. artikulua

Onuradunek, entitate lokalaren baimen adierazia izan gabe, herri lurrak ezin izanen dituzte erabili esleipenean emandako erabilpen, probetxamendu edo landaketak ez direnetan, kasuan kasuko Ordenantzetan ezarritakoa galerazi gabe.

3. azpiatala. Herritarrendako esleipen zuzena

170. artikulua

Lurzati beharra 2. Azpiatalean ezarritakoaren arabera bete ondoren, geratzen diren landaketako herri lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 154. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

171. artikulua

Herritarrendako esleipen zuzeneko loteen azalera entitate lokalak zehaztuko du, herritarrendako lehentasunezko esleipena egin ondoren, eta geratzen den landaketa azaleraren eta eskatzaile kopuruaren arabera eginen da, famili unitate bakoitzaren dirusarrera garbiei buruzko alderantzizko proportzionaltasun erizpideak erabiliz, edota ustiategien tamaina kontutan hartuz esleipen hartzaileak nekazariak baldin badira.

172. artikulua

1. Azpiatal honek aipatzen dituen esleipenak egitean, entitate lokalek kontutan hartuko dute, onuradun berriak onartu ahal izateko herri lurren loteak gorde beharra, beti ere hasierako osotasunaren ehuneko bosta gainditzen ez duen eremua izanik.

2. Aurreko zenbakiak aipatutako gorde beharreko landaketa lur horiek behin-behinekoz esleitu ahalko ditu entitate lokalak, esleipen horiek indarrik gabe geratuko direlarik probetxamendua lehentasunezko eskubidea duen onuradun berri bati ematen zaionean. Horretarako, baldintzen zerrendan bidezko den baldintza ebaztailea sartuko da.

173. artikulua

Landaketa zuzenean eta pertsonalki eginen du esleipen hartzaileak. Horretarako, 164, 166, 167 eta 168. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

174. artikulua

Herritarrei zuzeneko esleipena egiteko epeari dagokionean, herritarrendako lehentasunezko probetxamenduari buruz 162. artikuluan xedatutakoa ezarriko da.

175. artikulua

Probetxamendu mota honen onuradunek ordaindu beharreko kanona entitate lokalek finkatuko dute, eta horren zenbatekoa zonalde horretan antzeko lurrentzat dauden errentamendu prezioen ehuneko laurogeitamarra izanen da gutxienez ere.

176. artikulua

Herritarrendako esleipen zuzenaren bidezko onuradunek, entitate lokalaren baimen adierazia izan gabe, herri lurrak ezin izanen dituzte erabili esleipenean emandako erabilpen, probetxamendu edo landaketak ez direnetan, kasuan kasuko Ordenantzetan ezarritakoa galerazi gabe.

177. artikulua

Lur egokia dagoen herrietan, entitate lokalak antzeko lurrik ez duten herritar eskatzaileen artean zozketa bidez famili baratze edo antzeko erabilpenerako lurzati bat eman ahalko du. Azalera, kanona eta baldintzak entitate lokalek libreki finkatuko dituzte behar den Ordenantzan. Xede hauetarako jartzen den azalera osoak inola ere ez du gaindituko landaketako herri lurraren azaleraren ehuneko hamarra.

4. azpiatala. Entitateak egindako ustiapen zuzena edo jendaurreko enkantea

178. artikulua

1. Landaketako lurra soberan geratzen bada 2. eta 3. Azpiataletan aipatutako prozedurak ezarri ondoren, entitate lokalak jendaurreko enkantearen bidez esleitu ahalko du, horren epea banaketa berria egitean esleipena bukatu artekoa izanen delarik.

2. Lizitazioaren hasierako prezioa entitate lokalak finkatuko du eta zonalde horretan antzeko lurrentzat dauden errentamendu prezioen parekoa izanen da.

179. artikulua

Aurreko artikuluak aipatzen duen enkantea egin ondoren landaketa lurra soberan geratzen bada, entitate lokalak zuzenean ustiatu ahalko du.

5. azpiatala. Herritarrendako esleipena egiteko prozedura

180. artikulua

Landaketako herri lurrak herritarrei esleitzeko prozedura entitate lokalek zehaztuko dute beren Ordenantzetan. Horiek Azpiatal honetan ondoren agertzen diren artikuluetan aurrikusitako tramiteak behintzat jasoko dituzte, nolanahi ere, Ordenantzarik ez dagoenean ezarriko direlarik.

181. artikulua

Lantzeko herrilurren esleipen prozedura, eskabideak onartzeko epea finkatuko duen ediktua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz eta iragarkia entitateko iragarki oholean jarriz hasiko da.

182. artikulua

Entitate lokalak erabakiko du eskatzaileak zein agiri aurkeztu behar dituzten, nahiz zinpeko aitorpen gisa, nahiz nahikoa den ziurtagiri bidez, ondoren zehaztuko diren puntuak egiaztatzeko:

a) Herrilurren probetxamenduaren onuradun izateko Ordenantzak eskatzen duen aitzinatasun bera izatea herriko bizilagun gisa eta, herrian, gutxienez urtean bederatzi hilabetez bizitzea.

b) Eskatzailea atxekita dagoen entitate lokalekiko betebehar fiskalak gaurkotuak izatea.

c) Famili unitatea osatzen duten kideen datuak eta lehentasuna duten probetxamenduak aukeratzen dituztenen kasuan, halakorik bada, fisikoki eta adimen mailan ezinduak direnenak.

d) Jabetzakoa duen landutako azalera eta zer duen sartua lur horietan.

e) Errentamenduan edo jabetzepekoa izan gabe, lantzen dituen lurrak eta zer duen sartua lur horietan.

f) Hiriko higiezinen kapital ezargarriak, norbere etxebizitzari dagokiona izan ezik eta famili unitateko kide bakoitzak zenbat abelburu eta zein motatakoak dituen.

g) Famili unitateko kide bakoitzaren dirusarrerak, bai nekazaritza, abelazkuntza, industria edo zerbitzuetatik jasotakoak, bai Gizarte Segurantza eta beste errenta batzutatik datozenak.

183. artikulua

Entitate lokalak esleipen mota bakoitzerako behin-behineko onartuen zerrenda onetsiko du eta ondoren, entitateko iragarki oholean jarri eta doakienei jakin eraziko die, horrekin, erreklamazio epea irekiko delarik.

184. artikulua

1. Horretarako ezarritako epea igarotakoan, erreklamaziorik izan ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da.

Erreklamazioak jaso badira, entitate lokalak haiei buruzko ebazpena eman eta behin betiko zerrenda onetsiko du.

2. Entitate lokalak behin betiko zerrenda entitateko iragarki oholean jarriko du.

185. artikulua

1. Behin betiko esleipenari buruzko erabakia doakienei jakin eraziko zaie.

2. Entitate lokalaren erabakiak, Nafarroako Administrazio Lokalei buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak aurrikusitako bideak jarraikiz aurkatu ahal izanen dira.

3. atala. Herri larreen probetxamendua

186. artikulua

Herri larreen probetxamendua, ohituraz, legez nahiz hitzarmenez ustiapen unitate bat diren lursail partikulurreko probetxamenduekin elkartutakoa, honako modu hauetara eginen da:

a) Herritarrei zuzeneko esleipena eginez.

b) Ohituraz.

Eta horrelakorik ez bada,

c) Esleipena jendaurreko enkante bidez eginda.

187. artikulua

154. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten herritarren artean eginen den zuzeneko esleipenaren bidezko probetxamendua, horri dagokion Ordenantzak arautuko du, herriko usadio eta ohiturak jasoz.

188. artikulua

Bai espezieen araberako abelburu bakoitzagatiko kanona, bai eta esleipen prezioa, larreen balio errealaren ehuneko laurogeia baino txikiagoa ezin izanen da izan, ez eta ehuneko laurogeitamarra baino handiagoa ere.

189. artikulua

Herritarrei zuzenean esleitutako probetxamendurako epea ez da zortzi urtekoa baino laburragoa izanen, ez eta hamabost urte baino luzeagoa ere, entitate lokalek zehazki adieraziko dutelarik Ordenantza bidez.

190. artikulua

Aurreko artikuluan ezarritakoa gorabehera, herritarrentzako larreen probetxamenduaren esleipena, usadioz, bakoitzak duen abelburuen eta herriko larreek jasan dezaketenen arabera urtero berritzen duten entitate lokaletan ere, prozedura bera mantenduko da.

191. artikulua

Entitate lokalek, kasuan kasuko Ordenantzan, herri larreen azaleraren, gehienez ere, bostetik bat gorde ahal izanen dute urtero esleitzeko, beste onuradun batzu gerta bait daitezke.

192. artikulua

Larreak txikiak izan edo bertan belar gutxi edo kalitate txarrekoa gertatzen denean eta, beraz, herritarren azienda guztien elikatze beharrak asetzeko haina belar ez badago, entitate lokalek esleipena egiterakoan, erizpide sozialak hartuko dituzte haintzat, guztira, dirusarrera baxuenak dituzten famili unitateei lehentasuna emanez.

193. artikulua

Larreen probetxamendua zuzenean eginen da, errentamendua eta lagapena egiteko baimenik izan gabe.

Aurreko lerroaldean xedatutakoaren ondorioetarako, zuzeneko probetxamendutzat joko da, onuradunak legez eratutako talde edo elkarteak osatzen dituztenean egindakoak, kideek 154. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, behintzat.

194. artikulua

1. Entitate lokalek beren Ordenantzetan, esleipen hartzaileari baimena eman ahal izanen diote, hark eskaera arrazoitua egin badu, sasoiko baldintzegatik larreetan superprodukzioa dagoela eta, larreak bere osotasunean probetxatu ahal izateko besteren aziendak sar ditzan.

Besteren aziendak, gehienez ere, urtean bi hilabetez sartu ahal izanen dira, azienda espezie bera bada, eta, bestelakoa bada, urtean lau hilabetez.

Dirusarrera gehigarriak entitate lokalarentzat izanen dira eta entitate horrek hurrengo ekitaldiari dagokion larraketa kanonetik dirusarrera gehigarri horren ehuneko berrogeitamar jeitsi ahal izanen dio esleipen hartzaileari.

2. Inolaz ere ezin izanen da baimenik eman esleipen hartzailearen espezie bereko besteren azienda sartzeko, baldin eta hark abelburuak galdu baditu.

195. artikulua

1. Entitate lokalek noiznahi egin ahal izanen dituzte larreak zuzenean probetxatzen direla ziurtatzeko egoki erizten dituzten egiaztapenak.

2. Entitate lokalek beren Ordenantzetan, norbaitek larreak ez dituela zuzenean probetxatzen eritzi ahal izanen dute:

a) Norbaitek entitate lokaleko zergabilketan bere aziendaren edo azienda ihardueraren baja ematen badu.

b) Norbaitek Pertsona Fisikoen gaineko Zerga Aitorpenean, behartua egon arren, aziendagatiko etekinak aitortzen ez baditu.

c) Norbaitek, bazkatarako lurrak izanik, beste norbaiti errentan ematen badio.

d) Norbaitek, probetxamendu zuzena frogatzeko agiriak aurkezteko eskatzen zaionean, hala nola, artzaiengatik Gizarte Segurantzari egindako ordainketen agiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketak edo bestelako agiriak, ezarritako epean aurkezten ez baditu.

196. artikulua

Entitate lokalek beren Ordenantzetan jasoko dute artzantza barruti eta eremuak, azienda mota eta txandaketak, dauden larreek manten ditzaketen abere kopurua eta, orohar, herri larren probetxamendurik onena egiteko beharrezko erizten diren gaiak.

197. artikulua

Bertako ohiturei jarraikiz, entitate lokalek beren Ordenantzetan jasoko dituzte aziendak larreetan sartzeko epea eta horretarako erizpide hauek hartuko dira kontutan: landaketa mota, ur zikinentzako erregimena, korten garbitasuna eta egoera, sarobeen arteko pasabideak, aziendak edateko lekuak eta interesgarri gerta daitezkeen gainontzekoak.

198. artikulua

Herritarrentzako herri larrak esleitzeko prozedura beren Ordenantzetan ezarriko dute entitate lokalek. Ordenantza horiek gutxienez 199.etik 202.era bitarteko artikuluetan jasotako tramiteak jasoko dituzte eta Ordenantzarik ez badago artikulu horiek aplikatuko dira.

199. artikulua

Korporazio lokalak hartuko duen erabaki bidez, larreen esleipenerako eskubidea dutela erizten duten pertsonentzat epe bat irekiko da, ediktua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta entitateko iragarki oholean jarri ondoren.

200. artikulua

Eskabideekin batera 182. artikuluan aipatuko diren agiriak aurkeztu beharko dira, hots, dagokion betebehar fiskalerako, abelburu kopurua egiaztatzen duen agiria, 204. artikuluak aipatzen duen osasun ziurtagiria eta eskatzaileak nahi dituen sarobe edo eremuen zerrenda.

201. artikulua

Entitate lokalak behin-behineko esleipena eginen du, horretarako, besteak beste, puntu hauek hartuko dituelarik kontutan:

a) Lehentasuna emanen zaie guztira dirusarrera txikienak dituzten famili unitateei.

b) Sarobeen esleipena, jasan dezaketen larreko azienda kopuruaren arabera eginen da. Sarobe osoen esleipenean, lehentasuna izanen dute sarobe horiek jasan dezaketen azienda kargaren pareko kopurua duten abeltzainek.

c) Sarobe bera abeltzain bati baino gehiagori esleitu ahal izanen zaio, baldin eta abelburu guztiek batera azienda karga gainditzen ez badute. Kasu horretan, kanona kalkulatzeko erreferentziatzat abelburua hartuko da.

d) Abeltzain bati bi sarobe esleitu ahal izanen zaizkio, baldin behar adina abelburu baditu eta herriko gainontzeko abeltzainen beharrei erantzun bazaie.

202. artikulua

1. Behin-behineko esleipena egindakoan, entitateko iragarki oholean jarriko da eta epe bat irekiko erreklamazioak aurkezteko.

2. Ezarritako epea igaro eta erreklamaziorik aurkeztu ez bada, behin-behineko esleipena, behin betiko bihurtuko da.

Erreklamaziorik aurkeztuz gero, entitate lokalak haiek ebatzi eta behin betiko esleipenari buruzko erabakia hartuko du.

203. artikulua

Herritarrei zuzeneko esleipena egiteko prozedura agortu ondoren herri larre guztiak esleitzen ez badira, horiek enkante publiko bidez esleituko dira, zortzi eta hamabost urte bitarteko eperako.

204. artikulua

Herri larreak probetxatuko dituen aziendak, herri larreak probetxatzen dituen aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4eko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan eskaturiko beharkizunak betetzen dituela egiaztatzen duen osasun ziurtagiri bat beharko du eta Foru Lege horretan eta haren arautegiek ezarritako beharkizun guztiak bete.

4. atala. Zur eta egur probetxamenduak

205. artikulua

Herri mendietako probetxamenduak Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentauak emandako agindu tekniko eta fakultatiboei jarraikiz eginen dira, eta Foru Komunitateko Administrazioaren baimena beharko dute aldez aurretik.

206. artikulua

1. Entitate lokalek Ordenantza bidez finkatuko dituzte herriko egur probetxamenduen zenbateko, epe eta gainerako baldintzak, etxerako, zein materialetarakoak izan, haien salmenta, beti ere,debekaturik egongo dela.

2. Arboladiaren seinaleztapena, eskuraketa eta ikuskapena, eginkizun hori duen Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuko Zerbitzuak eginen du.

207. artikulua

Entitate lokalek, Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuak aldez aurretik baimena eman ondoren, lekuan lekuko usadio eta ohituren arabera eman ahal izanen ditu oihan loteen probetxamenduak. 154. artikuluak aipatzen dituen baldintza orokorrez gain, Ordenantza lokalek ondoko betebeharrak eskatuko dituzte:

a) Familia unitateko kide bakoitzeko profesio arteko alokairu minimoaren ehuneko hogeitamarra baino gutxiagoko sarrera propioak dituzten herritarrak edo familia unitatearen sarrera osoak alokairu horren bat eta erdi aldiz egin eta baxuagoak dituztenak izan ahalko dira onuradunak.

Familia unitatean ezintasun fisikoa nahiz adimenezkoa duen kiderik baldin bada, haietariko bakoitzagatik profesio arteko alokairu minimoaren ehuneko hirurogeiko sarrera konputatuko da.

b) Ereduko lotearen bolumena etxe bakoitzeko bost metro kubikokoa izanen da. Onuradunei eman beharreko loteak, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuz aterako dira:

-Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea.

-Lau eta sei kide bitarteko familia unitateak, 1'5 koefizientea.

-Zazpitik bederatzi kide bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea.

-Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak, 2'5 koefizientea.

Lote guztiak ez dira inola ere mendiaren ahalaren edo urteko errentaren ehuneko hogeitabosta baino gehiago izanen.

c) Entitate lokalek, beren herrilurren ezaugarriak eta lekuan lekuko gizarte egoera nolakoak diren kontutan harturik, a) eta b) ataletan aipatutako baldintzak proportzionalki murriztu ahal izanen dituzte, arrazoituz gero, baina inoiz ez handitu.

d) Basogai lote horien ustiapena, onuradun bakoitzeko, banan bana ez, baizik batera eginen dute entitate lokalek. Horiek enkante publikoan salduko dituzte eta salmentaren irabazia onuradunei emanen, behin seinaleztapen eta enkante gastuak kendu ondoan.

208. artikulua

Aurreko artikuluan ezarritako ondorioetarako, 158.3, 180, 181, 182, 183, 184 eta 185. artikuluak aplikatuko dira, kasuan kasuko probetxamendu motaren arabera behar diren egokitzapenak egin ondoren.

209. artikulua

Baso probetxamenduak enkante publikoan bertzerenduko dira, 156. artikuluak ezarritakoarekin bat. Udal kontratazioari dagokionez, Atal honen ondoko artikuluek aipatzen dituzten berezitasunak bete beharko dira.

210. artikulua

Entitate lokalek hala eskaturik, enkanteak probetxamendu zonaldeka egin ahal

izanen dira, kokapen geografikoaren eta ekoizten diren zurtako espezieen arabera.

211. artikulua

Enkantea eginda, behin-behineko esleipen garaian, entitate lokalek, esleipena zein preziotan gauzatu zen, hartan erosten ahalko dute berendako.

212. artikulua

Probetxamendua saldu ez baldin bada, balorazio berria eginen dute Nafarroako Gobernuko Baso Zerbitzu Teknikoek, entitate lokalek hala eskatzen badute.

213. artikulua

Entitate lokalek Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuak espreski baimenduta, enkanterik gabe bertzerendu ahal izanen dituzte ondoko kasu hauetako probetxamenduak:

a) Probetxamendua lote bakarrak osatzen duenean eta haren kubikazioa ondoko hauek baino baxuagoa denean: kubiko haritz; kubiko egur edo kubiko adaska edo pago egur; kubiko gainontzeko zuhaitz hostotsuetakoa; kubiko zur, zerrategirako edo habeetarako; eta kubiko zur industrial, erretxinadunetakoa.

b) Benetan premiazkoak eta interes publikoa ukitzen duten obra publiko edo pribatuak burutzeko direnean.

5. atala. Bertze probetxamendu vatus

214. artikulua

Herrilurrak hartuta eratzen diren ehiza-esparruetan, ehizaren probetxamendua gai honi buruzko foru arauteriari lotuko zaio.

215. artikulua

Herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan ezarri asmo den edozein probetxamendu edo hobekuntza, entitate lokalek kasu bakoitzerako egiten dituzten baldintza pleguei lotuko zaizkie. Gainera, gutxienez hamabortz eguneko epearen barrenean jendaurrean jartzea eta Foru Komunitateko Administrazioak onestea beharrezkoa izanen da.

216. artikulua

Hemendik aitzinera entitate lokalek ez dute auzoen artean iratzen probetxamendua banatu ahal izanen. Adieraziz nahiz isilbidez, lehenago banatutako iralekuak entitate lokalari itzuliko zaizkio, segidako bi urtez haien probetxamendua burutzen ez baldin bada, horrek, Foru Lege honen 62. artikuluak eta ondorengoek aipatzen duten etxea utzerazteko ahalmena deusetan galerazi gabe.

6. atala. Herri ondasunen hobekuntzak

217. artikulua

Entitate lokalek indarrik gabe uzten ahalko dituzte diren probetxamenduen esleipenak, lur horietan helburu hauexek dituzten proiektuak burutu behar badira:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Egoera pertsonal, familiar edo soziala dela eta, beren beharra arrazoitzen duten herritarrei laguntzeko gizarte izaerako proiektuak egitea.

218. artikulua

Aurreko artikuluan aipaturiko proiektuak, udalak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahalko dituzte eta lehentasuna izanen dute.

219. artikulua

217. artikuluan ageri den ahalmena aurrera eramateko prozedurak honako hau eskatzen du:

a) Udalaren Osoko Bilkurak edo entitate lokalaren gobernu eta administrazio organo gorenak

hartutako erabakia, kasuan kasuko proiektua eta ukitutako herrilurren probetxamendua lotuko duen arauketa berezia onesten duena.

b) Aurkezturiko alegazioak eta, halakorik bada, aurreko artikuluan aipaturiko organoak horiei buruz hartutako erabakia jendaurrean jartzea.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

220. artikulua

1. Entitate lokalek onesten duten arauketa berezia, arauketa hori sortu duen proiektuaren helburu eta ezaugarriei egokituko zaie eta proiektuaren xedeak betetzeko adineko epeaz egonen da indarrean.

2. Behin indarraldia iraganez gero, proiektuak ukitutako herrilurrak Kapitulu honetako 1 eta 5. Atalek ezarritako prozedura orokorrera bilduko dira berriro.

221. artikulua

Nafarroako Gobernuak onets ditzan, entitate lokalak espediente bat igorriko dio, honako agiri hauek osatua:

a) Hobekuntza proiektu teknikoa, halakorik izanez gero, eta hobetu beharreko herrilurren identifikazio kartografikoa.

b) Hobekuntza proiektua, herrilurren gaineko kargak kentzea edo gizarte izaerako proiektua onesten duen korporazio lokalaren erabakia.

c) Ukituriko herrilurren probetxamenduari buruzko arauketa berezia.

d) Aurkezturiko alegazioak eta haiei buruzko ebazpen arrazoituak jendaurrean jarri izana egiaztatzen duen agiria.

e) Arauketa bereziari buruzko memoria justifikatzailea. Arauketak, aurreko artikuluko 1. zenbakiari jarraikiz, arrazoitua behar du izan.

222. artikulua

Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, titularrei sorterazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan egindako hobekuntzak ere, ordainduko zaizkiela.

223. artikulua

Probetxamenduen onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak, zein entitate lokali dagokion, hark baizik ez ditu onetsi beharko, berak erabakitzen duen prozedurari jarraiki.

224. artikulua

Herrilurren irauzketak, gero landu ahal izateko, Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Departamentuaren aldez aurreko baimena hartu beharko du.

III. KAPITULUA. Lege-hausteak eta zehapenak

225. artikulua

1. Entitate lokalei dagokie, kasuan kasuko Ordenantzetan ezarritakoa betetzen ez dutenei zehapenak jartzeko ahalmena.

Herrilurren arloan, indarrean dagoen oihan legeria urratzen duten egintzen berri izatea eta zehapenak jartzea Nafarroako Gobernuari dagokio.

2. Entitate lokalen Ordenantzek ezin izanen dute, aurreko zenbakiaren arabera, Nafarroako Gobernuak zehatu beharreko lege-hausteei buruzko zehapenak jarri. Nafarroako Gobernuak, berriz, ezin izanen du entitate lokalen ardurapeko egintzak zehatu, 227. artikuluan aurrikusitako kasuan izan ezik.

226. artikulua

Lege-hauste zehatzak eta haiei dagozkien zehapenak entitate lokalen Ordenantzek tipifikatu beharko dituzte, baina Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 178. artikuluan ezarritako mugak gainditu gabe.

Lege-hauslea herrilurren probetxamenduaren onuradun bada, zehapen gisa probetxamendua kendu ahal izanen zaio.

227. artikulua

Lege-haustearen berri izan eta hilabete batera, entitate lokalek herrilurren okupazio eta irauzketa arloan duten zehapen-ahalmena erabiltzen ez badute, Nafarroako Gobernuak erabiliko du ahalmen hori haien ordez.

228. artikulua

Lege-hausteek, egintza bete eta bi hilabetera iraungiko dira.

IV. KAPITULUA. Herrilurretarako Batzorde Artekariak

229. artikulua

Nafarroako bost Merinaldeetan, izaera mistoa izanen duen Herrilurretarako Batzorde Artekari bana sortuko dute; Batzorde horretan entitate lokalen ordezkariekin batera, probetxamenduen onuradunek hartuko dute parte.

230. artikulua

Herrilurretarako Batzorde Artekariak, kasuan kasu Batzordeburu den ordezkariaren entitate lokalaren Udaletxean izanen du egoitza.

231. artikulua

1. Herrilurretarako Batzorde Artekari bakoitzak zortzi kide izanen ditu; horietarik lau, entitate lokaletakoak izanen dira, eta beste lauak, herrilurren probetxamenduen onuradunak.

2. Entitate lokalen ordezkariak, kasuan kasuko korporazioetako kideen artetik aukeratuko dira: bi, Merinalde horretan herrilur azalera gehien duten entitate lokaletakoak, eta beste bi, gainontzekoen artean zozketa eginda.

3. Probetxamenduen onuradunen ordezkariak, Nekazal Sindikatuek izendatuko dituzte.

232. artikulua

1. Herrilurretarako Batzorde Artekari bakoitzak Batzordeburu eta Idazkari bat hautatuko du bere kideen artetik eta barne erregimen eta funtzionamendurako arautegi bat eginen du.

2. Batzordeak hartutako erabakiek indarra izan dezaten, aski izanen da bilkuran daudenen erdiak eta batek gehiagok aldeko botoa ematea.

233. artikulua

1. Herrilurretarako Batzorde Artekariak kontsulta izaera izanen dute entitate lokalentzako, Titulu honen II. Kapituluaren arabera, Batzorde horien eskumenekoak diren gai guztietan.

2. Herrilurretarako Batzorde Artekarien txostenak manuzkoak, ez lotesleak eta izaera publikokoak izanen dira.

234. artikulua

Herrilurretarako Batzorde Artekariek, besteak beste, txostenak emanen dituzte ondoko hauek gaitzat hartuz:

a) Herri ondasunen probetxamenduari buruz entitate lokalen Ordenantzen onespen edo aldaketa.

b) Entitate lokalek onuradunen errenta mailak zehazteko emandako erizpideak ezartzea.

c) Landaketen probetxamenduaren lote ereduen azalera zehaztea.

d) Landaketa, zuzenean eta norberak egiten duela ziurtatzeko beharkizunak eta lan hori egiteko

erak, bai eta haiek aplikatzeari buruzko helegiteak finkatzea.

e) Herri larreen probetxamendu erak definitzea.

f) Larraketa kanonaren kuantifikazioa.

g) Etxerako eta materialetarako egurren probetxamenduen kopurua, epeak eta baldintzak zehaztea.

h) Oihan loteen probetxamendua arautzea, hori finkatu eta aplikatzea.

i) Hobekuntza iharduketak egitea.

235. artikulua

Aurreko artikuluan xedaturiko ondorioetarako, herrilurren probetxamenduari buruzko Ordenantzak, onetsi edo aldatu aurretik, kasuan kasuko Herrilurretarako Batzorde Artekariari igorri beharko dizkiote entitate lokalek, bai eta haiek onetsi edo aldatzeko prozedurari hasiera eman zioten erabakiak ere.

Kasuan kasuko Batzorde Artekariak hilabeteko epean emanen du bere txostena. Batzordeak epe horretan txostena ematen ez badu, tramite hori bukatutzat joko da.

236. artikulua

Nekazaritza, Abelazkuntza eta Mendi Kontseilariak behar diren xedapen osagarriak emanen ditu Herrilurretarako Batzorde Artekariak sor daitezen.

Lehen Xedapen Gehigarria

Arautegi honek indarra hartzen duenean, beren ondasunen Inbentarioak egiteke dituzten entitate lokalek hiru urte izanen dituzte hasi eta bukatzeko.

Epe bera izanen dute entitate lokalek, aurrez egindako ondasun Inbentarioak, Arautegi honen aginduei egokitzeko.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Uztailaren 2ko Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko 6/1990 Foru Legearen Hamaikagarren Xedapen Gehigarriak aipatzen duen Herrilurren Aberastasunen Erregistroan, Nafarroako entitate lokalen ondasun Inbentarioetan jasotako herri ondasunak sartuko dira.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

Uztailaren 2ko Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko 6/1990 Foru Legearen Hirugarren Xedapen Gehigarriak aurrikusitako ondorioetarako, Arautegi honen 154. artikuluaren c) lerroaldean eta 182. artikuluaren a) lerroaldean ezinbesteko egoitzari buruz aipaturikoa, iraungitako entitate lokalaren lurralde eremuari dagokio.

Xedapen Derogatzaile Bakarra

Indarrik gabe gelditzen dira Herrilurrei buruzko Arautegia onesten zuen uztailaren 28ko 214/1988 Foru Dekretua eta, orohar, Arautegi honek ezarritakoari kontra egiten dioten lerrun bereko edo txikiagoko arau guztiak.

Azken Xedapen Bakarra

Arautegi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa