(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ikastetxeak :
    • Ikastetxeen erabilera :
      • 2/1995 Foru Dekretua, urtarrilaren 9koa, Nafarroako Gobernuak emana, maila ez-unibertsitarioko Ikastetxe eta ikasleendako egoitzen eta horiei atxikitako kirol instalazioen erabilera arautzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

2/1995 Foru Dekretua, urtarrilaren 9koa, Nafarroako Gobernuak emana, maila ez-unibertsitarioko Ikastetxe eta ikasleendako egoitzen eta horiei atxikitako kirol instalazioen erabilera arautzen duena

 

(1995eko 10. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 23an)

Atarikoa

Ikastetxeen iharduera eskolako komunitateari eta herriko edo auzoko gizarte inguruneari lotuta dago eta, hortaz, askotan, arlo ezberdinetako ekintzak sustatu eta garatzen dituzten hainbat eta hainbat erakunde eta elkarteren ekimenen bilgune izaten da.

Ikastetxeen instalazio eta lokal horiek, sarritan, irakaskuntza, elkarlan, kultur edo kirolaren arloko ekintza hauetariko batzuk burutzeko tokirik egokienak dira eta, zenbait kasutan, eskura dagoen bakarra ere.

Ikastetxeak eskolaz kanpoko ekintzak nahiz kirolaren eta eragintza soziokulturalaren inguruko ekinbideak burutzeko zabaldu beharrak ez dio inolako kalterik ekarri behar irakaskuntza iharduerari.

Horregatik guztiagatik, beharrezko da Ikastetxeen eta ikasleendako egoitzen instalazioak erabiltzeko irizpideak zehaztea eta baita instalazio horietan kultura, prestakuntza eta lanaren inguruko ekintzak eta eskolaz kanpokoak burutzeko eskabidea izapidatzeko administrazio prozedura ere. Izan ere, instalazio horiek ahalik eta gehien erabil daitezen bideak ireki behar dira, gure Komunitatearen zerbitzu publikoa diren aldetik.

Aurrikusi diren irizpideetan, erabiltzeko lehentasun batzuk finkatu dira, eskaeraren xede, ordutegi eta instalazioen egokitasun-mailaren araberakoak, eta hitzarmen zenbaitetan bilduriko baldintza bereziak errespetatu dira.

Foru Dekretu honek, gainera, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan aurrikusitakoa betearazi nahi du, hamazazpigarren Xedapen Gehigarrian honelaxe baitio: "Hezkuntza administrazioek beren menpeko ikastetxeak udal agintariek eskola ordutegiaz kanpo erabil ditzaten prozedura ezarriko dute, bertan hezkuntza, kultur, kirol edo gizarte izaerako bestelako ekintzak burutu daitezen. Instalazioen erabilera ikastetxe horietako iharduera programen beharren menpe egonen da, soilik.

Horrenbestez, Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko urtarrilaren bederatzian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Foru Dekretuaren xedea.

1. Foru Dekretu honen xedea maila ez-unibertsitarioko ikastetxe eta ikasleen egoitza publikoei atxikitako lokal, eraikin eta instalazioen erabilera arautzea da.

2. Foru Dekretu honen xedapenak bigarren mailakoak dira, indarra hartzen duen egunean maila ez-unibertsitarioko Ikastetxe eta ikasleen egoitza publikoei utzitako edo atxikitako lokal, instalazio edo eraikinen erabilera arautzeko indarra duten erabaki, kontratu edo hitzarmenak gainetik izanen baitira.

3. Uztailaren 24ko 246/1991 Foru Dekretuaren aplikazio eremuaren barruan dauden jantokien erabilera, Xedapen horretan eta horrekin bat datozenetan aurrikusitako arauen menpe egonen da.

2. artikulua. Baimena lor dezaketen iharduerak. Sailkapena.

1. Foru Dekretu honen xede diren lokal, instalazio eta eraikinak hezkuntza, gizarte, kultur eta kirol ekintzak egiteko erabili ahalko dira, Foru Dekretu honetan aurrikusitako betekizunen arabera.

Eraikin, lokal edo instalazio horrek kasuan kasuko ekintzak burutu ahal izateko indarra duen arauteriak eskaturiko baldintza eta betekizunak bete beharko ditu.

2. Baimena lor dezaketen iharduerak hiru taldetan sailkatzen dira, egiten diren instalazio, lokal edo eraikinaren ezaugarrien arabera:

a) Foru Komunitateko Administrazioarenak diren Ikastetxe eta ikasleen egoitzetako gelak erabiltzen dituzten ekintzak.

b) Toki entitateenak diren Ikastetxe eta ikasleen egoitzetako gelak erabiltzen dituzten ekintzak.

c) Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak eta Nafarroako Foru Diputazioak 1989 eta 1991. urteetan sinaturiko Hitzarmenen arabera eraikitako kirol instalazioak erabiltzen dituzten ekintzak.

3. Baimena lor dezaketen iharduerak lehentasunaren arabera sailkatu dira, 3. artikuluan aurrikusitakoari jarraikiz.

3. artikulua. Lehentasun ordena.

1. Jarraian ematen diren iharduera hauek izanen dute lehentasuna, hurrenik hurren:

1. Eskola ordutegiaren barruko eskola ekintzak.

Horretarako, eskola ordutegiaren barruko ihardueratzat honako arlo hauen ingurukoak hartuko dira: kurrikulumaren garapena, jantoki zerbitzuak, ekintza osagarriak eta eskolaz kanpokoak, organo kolegiatuen bilerak, irakasleen lana, ikasle eta ikasle gurasoen taldeen iharduerak eta bestelako edozein ekintza, Eskola Kontseiluek edo Egoitzetan dauden antzeko organoek onetsi eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak baimendutako Ikastetxeen urteko Plan orokorretan baldin badaude, baita Zerbitzu horrek behar bezala baimendu dituen egungo Iharduera Planetan daudenak ere.

2. Eskola ordutegiaz kanpo, Ikastetxe eta ikasleen egoitzetan egiten diren irakaskuntza iharduerak, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak egin, sustatu edo baimentzen baditu.

3. Eskola ordutegiaz kanpo, egiten diren hezkuntza, gizarte, kultur eta kirol arloko ekintzak, hala toki entitateek beren menpeko Ikastetxe eta Egoitzetan nola Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko Ikastetxe eta Egoitzetan egin, sustatu eta baimentzen badituzte.

2. Artikulu honen ordenaren arabera, lehentasunezkoagoak diren ekintzak burutzea galarazi edo oztopatzen duten ekintzak ezin izanen dira burutu.

4. artikulua. Ekintza horiek baimentzeko ahalmena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxeetan:

a) Eskola garaian ekintzak burutzeko baimenak Ikastetxeko edo Egoitzako Zuzendariak emanen ditu.

b) Eskola garaitik kanpo ekintzak egin ahal izateko, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Plangintza eta Inbertsio Zerbitzuko Zuzendariaren baimena beharko da.

2. Toki entitateen ikastetxeetan, entitate hauek ekintzak egiteko baimenak eman ahalko dituzte, 3. artikuluan adierazitako ordenari jarraikiz, lehentasunezko beste ekintza batzuk burutzea galarazten ez badute.

Eskola garaian, toki entitateek baimendu dituzten ihardueren berri eman beharko diote Ikastetxe edo Egoitzako Zuzendariari, 6.2. artikuluan aurrikusitako epearen barruan. Jakinarazpenarekin batera, ekintzen ezaugarri zehatzak eta baimena emateko arrazoiak azaldu beharko dira. 6.2. artikuluan finkatutako epeen barruan, Zuzendariak ez badu ezer kontrakorik adierazten, baimena behin-betikoa izanen da. 6.2. artikuluan ezarritako epeen barruan, erreklamazioren bat aurkeztuko balu, baimena bertan behera geldituko litzateke, harik eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Plangintza eta Inbertsio Zerbitzuak, indarra duen arauteriarekin bat, erabaki arte behin-betiko baimena eman edo hura bertan behera uztea.

Toki entitateek ekintza burutzeko baimena eman baldin badute, ez da bainarik adieraziko, salbu eta Foru Dekretu honetan edo ekintza horri aplikagarri zaion arauterian aurrikusitakoa hausten baldin bada.

5. artikulua. Baimenak emateko irizpideak.

1. Baimena eman duen organoak honako alderdi hauek ikuskatu beharko ditu: proposaturiko ekintza Foru Dekretu honen 2. artikuluan aurrikusitakoari egokitzen zaion, indarra duen arauteriak eskatzen dituen segurtasun eta bestelako baldintzak betetzen diren eta ekintza hori burutzeko ordutegia lehentasunezkoagoak diren bestelakoen ordutegiarekin egokitzen den.

) Ikastetxe eta Egoitzen jabe diren Toki Entitateek baimena emateko eskaerak ebatziko dituzte, haiek beraiek finkaturiko irizpideen arabera, baina artikulu honen 1. artikuluan aurrikusitakoa kontuan harturik.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Ikastetxe eta Egoitzetan, eskatzaileek proposaturikoaren arabera, ordu berean erabiltzeko bi eskari edo gehiago dagoenean, honako irizpide hauek aplikatuko dira, ondoko ordenari estu-estuki jarrakiz:

1. Foru Dekretu honen 3. artikuluan adierazitakoaren araberako lehentasuna.

2. Irabazteko asmorik ez izatea.

3. 16 urtetik beherakoei edo gizartearen sektorerik behartsuenei zuzenduriko ekintzak. Horrelakoetan hezkuntzaren inguruko iharduerek lehentasuna izanen dute gizarte eta kultur arlokoen aurretik eta azken hauek kirol ekintzen aurretik.

4. Ikastetxea kokatuta dagoen herriko auzokoei zuzenduriko ekintzak.

5. Ikastetxea kokatuta dagoen herriaren inguruko eskualdeko auzokoei zuzenduriko ekintzak, ikastetxe publikoetan ikasleak onartzeko ezarri den ordenari berari jarraikiz.

6. Ekintzaren interes eta eragina, baimena ematen duen organoak baloratu beharrekoa.

3. Eskaerari baimena ez emateko jakinarazpenarekin batera, eskatzaileari ezesteko arrazoiak azaldu beharko zaizkio.

6. artikulua. Prozedura eta epeak.

1. Foru Komunitateko Administrazioaren Ikastetxe eta ikasleen Egoitzak erabiltzeko baimenen eskabideak prozedura arau hauei jarraikiz aurkeztu beharko dira:

A) Eskabideak hartzeko Organoak.

a) Instalazioak eskola garaian erabiltzeko eskabideak Ikastetxe edo Egoitzara bertara bidali behar dira.

b) Instalazioak eskola garaitik kanpo erabiltzeko eskabideak Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Plangintza eta Inbertsio Zerbitzura bidali beharko dira.

B) Epeak.

a) Aste batetik gora erabiltzeko eskabideak hilabete bat aurretik aurkeztu beharko dira, salbu eta baimena ematen duen organoaren arabera epe laburragoan aurkezteko justifikaturiko arrazoiren bat baldin badago.

Eskaera horiek aurkeztu eta hilabetean ebatziko dira. Epe hori eskatzaileari ezer adierazi gabe amaiturik, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

b) Foru Komunitateko Administrazioaren Ikastetxe edo ikasleen Egoitzak aste batetik gora erabiltzeko eskabideak, gutxienez, lau lanegun aurretik aurkeztu beharko dira. Ekintza hori burutzeko finkaturiko ordua baino hogeita lau ordu lehenago eskatzaileari ez bazaio ezer jakinarazi, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

2. Toki entitateek beren Ikastetxe edo Egoitzak erabiltzeko baimena eman ondoren Ikastetxeko edo Egoitzako Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote, ekintza egin baino lau lanegun lehenago, gutxienez, ekintza aste batekoa edo hortik goitikoa denean eta hamabost egun natural lehenago, gainerako kasuetan.

7. artikulua. Ebazpenak errebokatu, baliogabetu eta bertan behera uztea.

1. Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxeetan egin beharreko ekintzak baimendu edo ezestea.

Baimena lortu duen iharduerak, Foru Dekretu honetan nahiz aplikagarri zaizkion gainerako arauetan aurrikusitakoa urratzen duenean, baimena eman aurretik, aldi berean edo ondoren izanik ere, erabakia errebokatu, baliogabetu edo bertan behera utzi ahalko da, hauetariko baten aginduz:

a) Eman zuen organoa bera.

b) Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Plangintza eta Inbertsio Zerbitzua.

Errebokatu edo baliogabetzeko erabakiak kasuan kasuko ekintza egitea galaraziko du.

Bertan behera uzteko ebazpenak galaraziko du ekintza hori egin ahal izatea, harik eta bertan behera uztea ekarri duen kausa desagertu arte edo Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Plangintza eta Inbertsio Zerbitzuak hala ebatzi arte.

Baimena ezesten bada, behin hori ekarri duen kausa desagertzen denean, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Plangintza eta Inbertsio Zerbitzuak erabaki hori errebokatu, baliogabetu edo bertan behera utzi ahalko du.

Errebokatu, baliogabetu eta bertan behera uzteko ebazpenetan adierazi beharko da erabaki hori ekarri duen kausa eta, berehalako ondorioak ez baditu, noiztik aurrera izanen duen eragina.

2. Toki entitateen ikastetxeetan egin beharreko ekintzak baimendu edo ezestea.

Ikastetxeen jabeak diren toki entitateek ekintzak antolatzeko baimenen ebazpenak errebokatu, baliogabetu edo bertan behera utz ditzakete, haiek beraiek ezarritako irizpideen arabera.

Baimena ezesten bada, behin hori ekarri duen kausa desagertzen denean, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Plangintza eta Inbertsio Zerbitzuak nahiz toki entitateak berak erabaki hori errebokatu, baliogabetu edo bertan behera utzi ahalko dute.

Errebokatu, baliogabetu eta bertan behera uzteko ebazpenetan adierazi beharko da erabaki hori ekarri duen kausa eta, berehalako ondorioak ez baditu, noiztik aurrera izanen duen eragina.

8. artikulua. Helegiteak.

Zuzendariak eta Plangintza eta Inbertsio Zerbitzuak emandako ebazpenen aurka ohizko helegitea jarri ahalko da Nafarroako Gobernuan, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, baino horrek ez du ekarriko bitartean erabakia baliogabetzea.

9. artikulua. Baimena lortu duten ekintzak iragartzea.

Ikastetxe edo ikasleen egoitzetan aditzera emanen da baimendu diren ekintzen zerrenda, lehentasun ordenaren arabera.

II. KAPITULUA. Betebehar eta erantzukizunak

10. artikulua. Erantzuleak.

Baimendu den ekintzaren erantzule zuzena baimenaren eskatzailea izanen da, salbu eta beste batek ordezkaritza egiaztatzen baldin badu, kasu horretan erantzukizuna horren gainean izanen baita.

11. artikulua. Erantzulearen betebeharrak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Ikastetxe edo ikasleen egoitzetan egiten diren ekintzen ordezkariek erabilitako gelak txukun aski utzi beharko dituzte, eskola iharduerak hasi baino lehen baimenaren agirian adieraziko den denbora tartea utzi beharko delarik. Bereziki, honako ardura hauek izanen dituzte:

a) Eraikin, lokal edo instalazioaren mantenimendu, garbiketa, ur, argi eta erregaiaren gastuak ordaintzea eta, halakorik beharko balitz, beharrezko liratekeen langileen gastuak, erabiltzeko baimena duen ordu kopuruaren arabera. Horren aurretik, baimena lortzeko agintari eskudunek ezarritako prezioak ordaindu beharko dituzte.

Eraikin, lokal edo instalazioaren mantenimendu, garbiketa, ur, argi eta erregaiaren gastuetatik eta, halakorik beharko balitz, beharrezko liratekeen langileen gastuetatik etorritako dirusarrerak bildu ahal izateko, Ikastetxe edo Egoitzak prezio horiek ezartzeko baimena eskatu beharko dio Hezkuntza Zuzendari Nagusiari edo eginkizun hori hartzen duen Zerbitzuari, uztailaren 6ko 250/1992 Foru Dekretuaren 3. artikuluan aurrikusitakoarekin bat etorriz. Dirusarrera horiek Ikastetxe edo Egoitzaren Kudeaketa Kontuan konputatuko dira.

b) Antolaturiko ekintza eta eraikin, lokal edo instalazioa zaindu, ikuskatu eta begiratzeko beharrezko diren langile teknikoak ekartzea edo kontratatzea, Ikastetxeak edo Egoitzak horrelakorik jartzerik ez duenean.

Langile tekniko hauek sortzen dituzten gastuak baimena lortu duen erantzulearen gain izanen dira, soil-soilik.

Ekintza zaintzeko langilerik ezin ekartzea, ez Ikastetxe edo Egoitzakoa ez eta bestelakoa ere, arrazoi aski izan liteke eskaturiko baimena ezesteko.

c) Baimenduriko ordutegiaren barruan, hala erabilitako lokal, instalazio eta eraikinetan nola Ikastetxe edo Egoitzaren beste geletan egindako kalteen erabateko erantzukizun zuzena hartzea, baita baimena lortu duen ekintza egitearen ondorioz pertsona fisikoek jasandako kalteena ere.

2. Toki entitateek antolatu, sustatu edo baimenduriko ekintzen ondorioz sorturiko matxura eta kalte guztiak toki entitateak konpondu beharko ditu, ahalik eta lasterrenik.

III. KAPITULUA. Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekin sinaturiko Hitzarmenen arabera eraikitako kirol instalazioak

12. artikulua. Araubide juridikoa.

Kasuan kasuko hitzarmenetan aurrikuspen berariazkorik izan ezean, Foru Dekretu honen eraskinean azaltzen diren ikastetxeetako kirol instalazioak erabiltzeko, ondoko artikuluetan aurrikusitako aplikazio arauei jarraikiko zaie:

13. artikulua. Kirol instalazioak eskola ordutegian erabiltzen uzteko baimena emateko irizpideak eta eskumena.

1. Eskola ordutegiaren barruan erabiltzeko, herriko beste ikastetxe publikoetako ikasleek lehentasunezko eskubidea izanen dute, hango kirol instalazioek ez badituzte betetzen ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuan aurrikusitako baldintzak. Gorputz Hezkuntza eta Psikomotrizitate irakasgaiekin zerikusia duten ekintzei lehentasuna emanen zaie eta horien artean, ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuaren arabera, instalazioen egokitasun maila kaskarrena duten ikastetxeek antolatutakoei. Erabiltzeko ordutegiak Ikastetxe Publikoetako Zuzendariek finkatuko dituzte eta sor litezkeen tirabirak Kultura eta Hezkuntza Departamentuko Plangintza eta Inbertsio Zerbitzuko Zuzendariak erabakiko ditu.

2. Kirol instalazioa dagoen herriko edo udalerriko Ikastetxe Pribatuetako ikasleek kirol instalazio horiek eskola ordutegian erabiltzeko eskubidea Ikastetxe Publikoetako ikasleen erabilera ordutegiaren menpe izanen da.

Ikastetxe pribatuek instalazio horiek erabiltzeko baimena kasuan kasuko toki entitateari eskatu beharko diote.

Instalazioen titularra den toki entitateak ikastetxe pribatu bakoitzak instalazioak zaindu, mantendu eta begiratzeko gastuengatik dagokion zatia ordaintzearen baldintzapean jar dezake baimenaren ematea.

Ekintzaren arduradunak, baimenduriko ordutegiaren barruan, hala erabilitako lokal, instalazio eta eraikinetan nola Ikastetxe edo Egoitzaren beste geletan egindako kalteen erabateko erantzukizun zuzena hartuko du, baita baimena lortu duen ekintza egitearen ondorioz pertsona fisikoek jasandako kalteena ere.

14. artikulua. Kirol instalazioak eskola ordutegitik kanpora uzteko baimena eta horiek erabiltzeko arauak.

1. Kirol instalazioak eskola ordutegitik kanpora uzteko baimena ematea eta horiek erabiltzeko arauak finkatzea kirol instalazioen titularrak diren toki entitateen eskumena da.

2. Nolanahi ere, kirol instalazioen titularrak diren toki entitateek eskola ordutegiaren barruan kirol ekintzak ahalik eta baldintza onenetan burutu ahal izan daitezen begiratu beharko dute.

Ekintzaren arduradunak, baimenduriko ordutegiaren barruan, hala erabilitako lokal, instalazio eta eraikinetan nola Ikastetxe edo Egoitzaren beste geletan egindako kalteen erabateko erantzukizun zuzena hartuko du, baita baimena lortu duen ekintza egitearen ondorioz pertsona fisikoek jasandako kalteena ere.

Lehen Xedapen Gehigarria

Foru Komunitateko Administrazioarenak diren Ikastetxe eta Egoitzetako ikasleen guraso elkarteek Kultura eta Hezkuntza Departamentuko Plangintza eta Inbertsio Zerbitzuari baimena eskatu ahalko diote eskola garaian instalazio horietan taberna/kafetegi zerbitzua jartzeko, zerbitzu horiek kudeatu edo kontratatzeko Hezkuntza eta Kultura Departamentuak edo Ikastetxe nahiz Egoitzak berak duen eskubidea deusetan galarazi gabe.

Baimen horiek kasuan kasuko hitzarmenean zehaztuko diren baldintzapean emanen dira. Zerbitzua kontratatzeko, gutxienez hiru eskaintza eskatuko dira eta horietan egokiena aukeratuko du Elkarteak.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Salbuespen gisa eta hezkuntza arloa hobetzearren soilik, Ekintzen Plana aldatzea ekarriko duten erabilerak baimendu ahalko ditu Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Plangintza eta Inbertsio Zerbitzuak.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

Ikastetxe eta Egoitzen jabeei aplikagarri zaizkien arauak haiek erabili eta gozatzeko eskubide errealen titularrak direnei ere aplikatuko zaizkio.

Laugarren Xedapen Gehigarria

Foru Dekretu honetan aurrikusitako ondorioetarako, eskola garaitik kanpokotzat hartuko dira ikastetxeko zuzendaritza organoek beren eginkizunetan ihardun gabe ematen dituzten aldiak. Asteburuak eta jaiegunak eskola garaiaren barrukotzat hartuko dira, baldin eta ikastetxeko zuzendaritza organoek dituzten eginkizunetan diharduten bi asteren artean baldin badaude.

Azken Xedapenetako Lehena

Ahalmena ematen zaio Hezkuntza eta Kultura Kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen oro eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten arau oro, lerrun berekoak nahiz baxuagokoak, indarrik gabe utzi dira.

Azken Xedapenetako Hirugarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

ERASKINA

************ imagen**********

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa