Castellano | Euskara | Français | English
(1992ko 93. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 3an. Aldaketak: 2007ko martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak haur hezkuntzako lehen zikloari buruzko atala indargabetu zuen)
Atarikoa
1070/1990 Errege Dekretuak, abuztuaren 31koak, Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru komunitateari irakaskuntza ez unibertsitarioen arloko funtzio eta zerbitzu eskualdatzeari buruzkoak, esleitzen ditu, besteak beste, ikastetxe pribatuen sortze, abiarazte, aldatze, eraldatze, sailkatze, eskualdatze, ixte, deuseztea eta haien lege-araubidea.
8/1985 Lege Organikoak, uztailaren 3koak, Hezkuntza Eskubidea arautzen duenak, bere 23. artikuluan, eta Hezkuntz Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak bere Seigarren Xedapen Gehigarrian xedatzen dutenaren arabera, Ikastetxe pribatuen irekitze eta iharduna administrazio-baimenaren oinarriaren mende daudenez, eta 1004/1991 Errege Dekretuak, ekainaren 14ekoak ezarri dituenez ikastetxeen gutxienezko betebeharrak aipatu 1/1990 Lege Organikoak araututako irakaskuntza orokorrak emateko, beharrezkoa da Foru Komunitateko Administrazioak Nafarroan ikastetxe pribatuak sortu, aldatu eta deusezteko prozedura arautzea.
Horiek horrela, Hezkuntza eta Kultura Kontseilariaren proposamenez eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeitamabiko uztailaren seian hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:
I TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua
1. Erregimen orokorreko Irakaskuntzak, 1/1990 Lege Organikoan, urriaren 3koan, Hezkuntz sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzkoan arautuak, ematen dituzten ikastetxe pribatuen irekitze eta funtzionamentua administrazio-baimenaren oinarriaren mende egongo dira, Hezkuntza Eskubidea arautzen duen 8/1985 lege Organikoko 23. artikuluan xedatzen denez.
2. Aurreko atalean aipatzen diren ikastetxeen baimenen lege-araubidea Dekretu honetan ezarritako arauen pean egongo da.
3. Irekitze eta ihardunerako baimena emango zaie ikastetxe pribatuei ekainaren 14eko 1004/1991 Errege Dekretuak izaera orokorrez ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen dituztenean, eta kenduko zaie ikastetxe horiek baldintza horiek betetzeari uzten diotenean.
2. artikulua
Hezkuntza eta Kultura Departamentuak baimendutako ikastetxeek eskumen akademiko osoak izango dituzte eta Nafarroako Gobernuaren Ikastetxe Erregistroan eta Hezkuntza Ministraritzaren Ikastetxe Erregistro Berezian inskribatu beharko dira, hilabeteko epean gehienez ere, baimen-emate egunetik kontatzen hasita.
3. artikulua
1. Izaeraz pribatua eta nazionalitatez espainiarra -edo Europako Elkarteko beste edozein Estatu partaidekoa- den edozein pertsona fisiko edo juridikok Nafarroako Foru Komunitateko Lurraldean ikastetxe pribatuak ireki eta ihardunean jartzeko baimena eskuratu ahal izango du, indarra duen legeriak ezarritako baldintzak betetzen baditu.
2. Aipatu baimena lortu ahal izango dute, halaber, nazionalitatez atzerritarrak diren pertsona fisiko nahiz juridiko, publiko nahiz pribatuek, indarra duen legeriatik, nazioarteko akordioetatik, edo, halakorik bada, elkarrekikotasun printzipiotik heldu denari egokituz.
4. artikulua
Ezingo dira ikastetxe pribatuen titularrak izan eta, ondorioz, ezingo dute administrazio-baimenik eskatu haiek ireki eta ihardunean jartzeko:
a) Estatuko, elkarte autonomoetako nahiz udaletako hezkuntz Administrazioan beren zerbitzuak ematen dituzten pertsonak.
b) Maltzurkeriazko delituengatik aurrekari penalak dituztenak.
c) Epai judizial irmoz eskubide honen egikaritzeaz espreski gabeturiko pertsona fisiko nahiz juridikoak.
d) Aurreko ataletan sartutako pertsonak zuzendaritza karguak dituzten pertsona juridikoek, edo horrelako pertsonak elkartearen kapitalaren %20aren edo gehiagoren titularrak badira.
5. artikulua
1. Baimendutako ikastetxeek baimena eman zaien irakaskuntzetako izendapen orokorra hartuko dute.
2. Ikastetxe pribatu guztiek erroldako inskripzioan agertuko den izendapen berezi bat izango dute. Ikastetxeek ez dute zilegi izango bestelako izendapenik erabiltzea.
II. TITULUA. BAIMEN ESPEDIENTEAK
LEHEN KAPITULUA. Baimen espedienteen izapideak egiteko prozedura
6. artikulua
1. Ikastetxe pribatu bat ireki eta ihardunean jartzeko administrazio-baimeneko espedienteari sustatzailearen edo beronen legezko ordezkariaren eskariz hasiera emango zaio, Nafarroako Hezkuntza eta Kultura Kontseilariari zuzendutako eskabidearen bitartez.
2. Aipatu eskabideak honako datu hauek jasoko ditu:
a) Ikastetxea sustatzen duen pertsona fisiko nahiz juridikoa.
b) Proposatzen den izendapen berezia.
c) Ikastetxearen kokapen geografikoa.
d) Baimena zein irakaskuntzatarako eskatzen den.
e) Zenbat eskola unitate eta postu sortu nahi diren.
3. Eskabideari erantsiko zaio adierazpen bat esanez sustatzailea ez dagoela Dekretu honetako 4. artikuluko ezein kasutan sarturik.
4. Halaber, erantsiko zaio, aipatu ikastetxea burutzeko egingo diren obren proiektua. Proiektu hori, nahitaez, Ekainaren 14eko 1004/1991 Errege Dekretuan ezarritako instalazio eta baldintzen araberakoa izango da, eta, kasua bada, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak aipatu Errege Dekretuaren garapenerako eman ditzakeen proiektuak erredaktatzeko Premia-Programei.
Lehendik eginak diren eraikinen kasuan, instalazioen gaurko egoeraren planoak aurkeztu beharko dira, eta, txukuntzeko asmorik bada, obretarako proiektua.
Ukitutako higiezinak erabili ahal izatea eta zenbat denborako den justifikatzen duen titulu juridikoa erantsiko da.
5. Eskabideak eta hari erantsitako agiriek ikastetxea sortzeko espedientea osatuko dute, zeini Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Ikastetxeen Erregistroan emango baitzaio sarrera.
Aurkeztutako eskaera eta agiriak akastunak edo osatu gabeak badira, interesatuari eskatuko zaio, ezartzen den epean, akatsa zuzendu odo legezkoak diren agiriak ekar ditzan, oharteraziaz, horrela egin ezean, espedientea besterik gabe artxibatuko dela.
7. artikulua
1. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak eskola-eraikuntzako zerbitzu teknikoen aurretiazko txostena jasorik, ekainaren 14eko 1004/1991 Errege Dekretuak eskatzen dituen gutxienezko betebeharretara aurrikusitako eraikinak zenbateraino egokitzen diren adieraziaz bere Ebazpena emango du.
2. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpena, egoki ikusten bada interesatuarekin aurretik elkarrizketa izan ondoren emango dena, gehienez ere bi hilabeteko epean gauzatuko da, ikastetxearen sustatzaileak aurreko artikuluak aipatzen dituen agiriak osatzen dituen datatik kontatzen hasita. Ebazpen horrek ez du ahituko administrazio-bidea.
8. artikulua
1. Aurreko artikuluak aipatzen duen Ebazpenak deklaratzen badu proposatutako eraikinak ezarritako gutxienezko betebehar orokorretara egokitzen direla, interesatuak, obrak burutu ondoren, behin betiko baimena eskatuko du.
2. Eskabidea, Hezkuntza eta Kultura Kontseilariari zuzendua, Departamentuko Ikastetxeen Erregistroan aurkeztuko da eta langileen zerrenda erantsiko zaio haien tituluak adieraziaz.
3. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu teknikoek egiaztatuko dituzte honako kontuok eta, egoki ikusten bada, txostena emango dute:
a) Plangintza eta Inbertsio Zerbitzuak:
-Instalazioak bere garaian onetsi zen eta eraikuntzen egokitasunari buruz Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpena ekarri zuen proiektuarekin bat datozen.
-Ikastetxeen lege-araubideari buruzko gorabeherak.
b) Ikasketak Antolatu eta Hezkuntza Berritzeko Zerbitzuak:
-Irakaskuntzak hezkuntz sistemako maila desberdinetako curriculum-ei egokitzeari buruz.
c) Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskatzailetza Teknikorako Zerbitzuak:
-Plantilen egokitasuna eta irakasleen titulazioari buruz.
-Altzarien eta irakastresnen egokitasun eta behar adinakotasunaz.
-Indarra duen legeria betez ikastetxeei eska dakizkiekeen beste zenbait alderdi pedagogiko eta antolamenduzkori buruz.
4. Aurreko txostenak ikusi ondoren, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak Hezkuntza eta Kultura Kontseilariari ebazpen proposamena egingo dio.
9. artikulua
1. Kasua balitz, elkarrizketa izapidea bete ondoren, Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak ikastetxea ireki eta ihardunean jartzeko proposamena onartu edo ukatuko du, ebazpen arrazoitu baten bidez.
2. Ebazpen horren edukia interesatuari aditzera emango zaio eta, baimena ematen bazaio, xedapen atala Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Hezkuntza eta Zientzia Ministraritzari haren berri emango zaio ikastetxe berria Ikastetxe Berezien Erregistroan sartzeko.
3. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean emango da, interesatuak behin betiko baimen eskabidea aurkezten duenetik kontatzen hasita.
4. Ikastetxe bat ireki eta ihardunean jartzeko baimena ematen duen Foru Aginduak honako datu hauek jaso beharko ditu:
a) Ikastetxearen titularra.
b) Helbidea, herria eta udalerria.
c) Izendapen berezia.
d) Baimendutako irakaskuntza.
e) Unitate kopurua eta gehienez ere zenbat eskola-postu dauden baimenduak.
Aipatutako datu horietakoren bat aldatzeko aurretiaz administrazio-baimena behar du, Dekretu honen Hirugarren Tituluan aurrikusitako eran.
5. Ikastetxe bat ireki eta ihardunean jartzeko baimenak ebazpen dataren hurrengo ikasturte akademikotik aurrera izango ditu ondorioak. Hala ere, ikastetxearen titularrak ihardunean jartze hori atzeratzea eskatzea zilegi du.
10. artikulua
Balio akademikorik gabeko titulua lortzeko ikasketak ematen dituzten ikastetxe pribatuak zuzenbide komuneko arauen mende izango dira. Zentro hauek ezingo dute erabili ikastetxeetarako ezarritako izendapenik, ezta haiekin oker edo nahasterik sor dezakeen besterik ere.
II. KAPITULUA. Nahitaezko Irakaskuntzetan Itun Araubideari edo irakaskuntza ez-nahitaezkoetan Dirulaguntzenari lotu nahi duten baimen espedienteen izapideak egiteko prozedura
11. artikulua
Araubide orokorreko irakaskuntzak eman nahi dituzten eta itun araubideari lotu nahi duten ikastetxe pribatu sortu berriek administrazio-baimenen prozedurari hasiera ematean horretarako eskaera egin beharko dute.
12. artikulua
Nahitaezko irakaskuntzak emango diren eta, bere garaian, hezkuntz itunen araubidera bildu nahi duten ikastetxeetako baimen espedienteen izapideak Dekretu honetan xedatutakoaren arabera egingo dira.
13. artikulua
1. Baimen espedienteari hasiera emateko eskabideak, Dekretu honetako 6.2. artikuluan aipatutako datuez gain eduki beharko du hezkuntz itun eta/edo dirulaguntzen araubideari lotzeko borondate espreski azaldua.
2. Ikastetxearen sustatzailearen eskariz, obra-proiektu edo instalazioen planoak aurkeztea Dekretu honetako 14. artikuluak aipatzen duen ebazpena ezagutu arte atzeratu ahal izango da.
14. artikulua
1. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak Plangintza eta Inbertsio Zerbitzuaren eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskatzailetza Teknikorako Zerbitzuaren aurretiazko txostenak ikusirik, bere erabakia emango du aurrikusitako ituna sinatzeari buruz hezkuntz itunen araubideari lotu nahi duten ikastetxe berrientzako indarrean den legerian oinarriturik edo, kasua bada, dirulaguntza ematearen egokitasunari buruz.
2. Plangintza eta Inbertsioen Zerbitzuaren txostenak aipatu beharko du Foru Komunitateko eskolatze plangintza orokorrean eta Nafarroako Eskola-Maparen garapenean nola egokitzen den ikastetxea.
3. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskatzailetza Teknikorako Zerbitzuak adierazi beharko ditu ikastetxean inguruabar hauek biltzen diren:
a) Ikastetxeak kokatu behar den eremuko eskolatze premiak betetzen dituen.
b) Populazio sozioekonomikoki apalen premiak beteko dituen.
c) Hezkuntz sistemarako pedagogia aldetik interesagarria izan litekeen esperientziarik proposatzen duen.
4. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenak administrazio ez du bidea ahituko.
15. artikulua
1. Itunea sinatzearen egokitasuna edo dirulaguntza ematearen aldeko ebazpena aurreko artikuluan aipatutako lehentasun inguruabarrak ikastetxe horretan biltzen direnean emango da, bereziki ikastetxea kokatuko den eskualdean eskolatze premiarik bada, egin asmo den zentruak egiazta ditzakeen matrikula aurrikuspenak kontuan hartu gabe, baldin eta itunpeko ikastetxeei eusteko Nafarroako Aurrekotu Orokorretan ezarritako fondo publikoak behar adinakoak badira.
2. Ebazpena aldekoa ez bada, hala ere ikastetxeren sustatzaileak aurrera jarratzea bere esku izango du, itune araubideari lotzeko eskabidearen kalterik gabe, abenduaren 18ko 2377/1985 Errege Dekretuaz onetsitako Hezkuntz Ituneei buruzko Oinarrizko Arauen Erregelamenduko 19. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.
III. TITULUA. ALDAKETAK ETA BAIMEN BERRIAK
16. artikulua
Baimenaren aldaketa dakarten inguruabartzat hartzen dira honako hauek:
a) Ikastetxearen izendapen bereziaren aldaketa.
b) Instalazioen aldaketa baldin eta berekin badakar:
-Baimena emateko kontuan izan ziren barrendegien neurriak aldatzea.
-Barrendegien erabilpen edo xedearen aldaketa.
-Barrendegi horien erabilera edo xedea aldatzea.
c) Eskola-unitateen edo postuen gehitze edo murriztea.
d) Irakaskuntzen aldaketa, esperimentu gisa ematen direnean, baldin eta baimena emandako zikloa, etapa edo hezkuntz maila bere horretan geratzen badira.
e) Irakaskuntzak zabaldu, murriztu edo aldatzea, lanbide heziketa berezia ematen duten ikastetxeen kasuan.
f) Modalitateen hedatze, murrizte edo aldatzea, batxilergoa ematen duten ikastetxeen kasuan.
g) Aldaketa Ikastetxearen titulartasunean.
17. artikulua
Baimen berri bat ekarriko duten inguruabartzat honako hauek hartuko dira:
a) Instalazioak lekuz aldatzetik sortzen den helbide aldaketa.
b) Ikastetxeak baimena duen ziklo, etapa edo hezkuntza mailetako aldaketak, aurreko artikuluko d) eta e) ataletan xedatutakoa salbu.
18. artikulua
1. Aldaketa edo baimen berrian interesaturik dauden ikastetxeek eskabidea egin beharko dute, bertan beren eskaeraren arrazoiak emanez, Hezkuntza Zuzendari Nagusiari zuzenduz eta Nafarroako Gobernuaren Ikastetxeen Erregistroan aurkeztuz.
2. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu teknikoek arauzko txostenak emango dituzte, eskabidearen nolakotasunaren arabera eta aurreko artikuluetan aipatutako eskumen esparruan.
3. Unitateak hedatzeko eskaera kasuetan, ikastetxearen titularrak adieraziko du, kasua bada, itune edo dirulaguntzen araubidera bildu nahia.
Horrelakorik eskatzen badute, izapideak eta ebazpena Dekretu honetako Bigarren Kapituluan ezarritako prozeduraren arabera emango dira.
19. artikulua
1. Aldaketa edo baimen berria ikastetxeak ireki eta ihardunean jartzeko baimena ematea egokitzen zaion agintari berberak onetsi beharko du, Dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen baditu.
2. Elkarrizketa izapidea bete ondoren, kasua bada, espedientearen bukaera-ebazpena hiru hilabeteko gehienezko epean emango da, eskabidea aurkezten denetik kontatzen hasita, edo, halakorik bada, egindako oharretan adierazitakoak konpondu ondoren. Ebazpen horrek administrazio-bidea ahituko du.
3. Hartzen den erabakia Foru Dekretu honetako 9.2. artikuluan ezartzen den bezala jakin erazi eta argitaratuko da.
4. Onartzen den aldaketak Nafarroako Gobernuaren Ikastetxeen Erregistroan ikastetxeak duen inskripzioan dagokion aldaketa ekarriko du eta Hezkuntza eta Zientzia Ministraritzako Ikastetxeen Erregistro Bereziari egokia den jakinerazpena.
IV. TITULUA. BAIMENAREN IRAUNGIPENA
20. artikulua
Baimena ikastetxearen ihardunaren gelditzeagatik edo Hezkuntza eta Kultura Kontseilariaren berarizko aurkako erabakiz iraungitzen da, hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.
21. artikulua
1. Ikastetxe baten ihardunaren gelditzeagatiko baimen iraungipena Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak ofizioz deklaratuko du, interesatuari aurretik entzunez, ikastetxeak egitez ihardunari utzi dionean.
2. Baimen iraungipena ikastetxearen titularraren eskariz erabaki daiteke.
Ikastetxea hezkuntz ituneen araubideari lotua bada, baimen iraungipena ez da bidezkoa izango itunearen iraungipen data arte, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren eta interesatuaren arteko akordioz ez bada.
3. Beti ere, baimen iraungipenak hurrengo ikasturte akademikoaren hasieratik izango ditu ondorioak.
22. artikulua
1. Baimena ikastetxeek ekainaren 14eko 1004/1991 Errege Dekretuan ezarritako gutxienezko baldintzetakoren bat betetzeari uzten diotenean indargabetuko da, titularrari aurretiaz jakineraziaz eta hautemandako akatsen zuzenketarako ezarritako epea bete ondoren.
2. Araubide akademikoko arau-hausteen berri interesatuari emango zaio behar dena zuzen dezan.
3. Arau haustea baldin bada ikastetxeak baimenduak dituen irakaskuntzak dagozkien programa eta ikasketa-planen arabera eta indarrean diren araubide akademikoko arauei atxikiz ez ematea, interesatuari oharteraziko zaio behar dena zuzen dezan.
Emandako epean hori egiten ez badu, baimena indargabetzeko prozedurari hasiera emango zaio, Foru Dekretu honetan xedatutakoren arabera.
23. artikulua
1. Baimenaren iraungipena Hezkuntza eta Kultura Kontseilariaren Foru Aginduz erabakiko da, Foru Dekretu honetako 9.2. artikuluan ezarritakoaren arabera argitaratu eta jakineraziko dena.
2. Ikastetxe baten iharduna gelditzeko baimena ematen duen Aginduan eta baimena indargabetzea erabakizen duenean onetsi ahal izango da haien ondorioak progresiboak izatea, bertan matrikulatutako ikasleen eskolatzeari kalterik ez egiteko.
3. Ihardunaren gelditze ebazpenak Nafarroako Gobernuaren Ikastetxeen Erregistroan eta Hezkuntza eta Zientzia Ministraritzako Ikastetxeen Erregistro berezian dagokion baja-oharra ekarriko du berekin.
Lehen Xedapen Gehigarria
Foru Dekretu hau aplikagarri izango zaie Hezkuntz Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko 1/1990 Lege Organikoak, urriaren 3koak, araututako irakaskuntzak eman eta Nafarroako Foru Komunitatean kokatuak diren ikastetxe pribatu guztiei.
Bigarren Xedapen Gehigarria
II. Tituluko II. Kapituluan azaltzen den prozeduratik kanpo geratuko dira Hezkuntz Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoko hirugarren xedapen iragankorreko 2 zenbakian aipatzen diren ikastetxeak.
Hirugarren Xedapen Gehigarria
Dekretu honek arautzen dituen prozeduretan kasu bakoitzerako ezarritako epeetan ebazpen espresurik ematen ez bada, hasiera eman zieten eskaerak gaitzetsitzat joko dira.
Azken Xedapenetako Lehena
Hezkuntza eta Kultura Kontseilariari baimena ematen zaio Dekretu honetan xedatutakoaren bururapen eta garapenerako beharrezkoak diren xedapenak emateko.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.