Castellano | Euskara | Français | English
(1995eko 47. NAOn argitaratua, apirilaren 12an)
Atarikoa
Nafarroako Foru Erregimena Birrezarri eta Hobeagotzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluak eskumen osoa ematen dio gure Foru Komunitateari gizarte laguntzaren arloan. Horrekin loturik, Nafarroako erakundeek behar ziren ekimenei ekin zieten, gizarte-txertakuntzaren politikaren oinarriak ezartzeko eta mugikortasun urria zein bestelako mugak dituzten sarbideetako baldintzak hobetzeko.
Horrela, 1983ko martxoaren 30eko Gizarte Zerbitzuen Foru Legea arauzko abiapuntua da zerbitzuen politika orokorraren ikuspegitik. Ondoren 1988ko uztailaren 11ko Oztopo Fisiko zein Zentzumenentzakoei buruzko Foru Legea iritsi zen, 1990eko azaroaren 13ko gizarte zerbitzuen alorreko baimen, arau hauste eta zehapenen araubideari buruzko Foru Legea eta Foru Dekretu eta Foru Agindu anitz, urtero arau hauek guztiak osatzen eta garatzen dituztenak.
Prozesu honen barruan kokatu behar da oraingo Foru Lege hau, ikusmeneko disfuntzio osoa edo latza duten pertsonei bermatu ahal izateko toki publikoetara edo erabilera publikokoetara mugarik gabe sartu, eta bertan ibili eta egotea. Foru Lege honek hori gauzatzeko erregimena ezarri du, eta baita aitortzen diren eskubideen erabilpena murrizteko ahalegina egiten duenarentzako zehapen erregimena ere.
Hemen erabili den lexikoa aukeratzeko orduan kontutan izan da disfuntzioa izanik, gida zakurren laguntza behar dutenen amankomuneko iritzia. Horren arabera, "lazarillo" edo itsu-aurreko edo itsu-lagun" hitzak, historikoki errotuagoak, halako esplotazio ñabardura bat ekartzen die gogora, alegia, eramate-, gidatze- eta laguntza zerbitzuak jasotzen dituenak zerbitzaria esplotatuko lukeela. Zera adierazi nahi da, beraz, itsua eta bere zakurraren arteko harreman sakonen gardentasun edo garbitasuna, horregatik hobetsi delarik gida zakurra izena.
I. KAPITULUA. Xedapen Orokorrak
1. artikulua. Legearen xedea.
1. Foru Lege honen xedea da ikusmeneko disfuntzio osoa edo latza izanik, gida zakurrak lagundurik dabiltzan pertsonei toki publiko edo erabilera publikokoetan askatasunez sartu, eta bertan ibili eta egoteko eskubidearen erabilpena bermatzea.
2. Foru Lege honen ezarpen esparrua Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoa da, aipatu tokietan sartu, ibili eta egoteko berdintasuna lortzeko, gainerako hiritarren antzera.
3. Foru Lege honetan ezarritakoa, edonola ere, nagusitu egingo zaio animaliak sartzen uzteko eskubideari edo debekuari buruzko agindu berezi edo zilegi orori, bai tegi edo eraikuntza publikoei dagokienean, bai pribatuak izanik jendearentzako irekita daudenei dagokienean, 3. artikuluan ezarritakoari jarraiki.
4. Foru Lege honetan biltzen diren eskubide eta eskumenak, ikusmeneko disfuntzioak jotako pertsonari begira daudela ulertuko da. Horrela, beraz, pertsona horri laguntzen dion gida zakurra haren zerbitzaria izango da bizi den bitartean.
2. artikulua. Gida zakurra zer den.
1. Gida zakurtzat joko da zakur bat, zeinak, horretako homologaturiko zentro batean trebatua izan ondoren, ikusmeneko disfuntzio osoa edo latza duten pertsonei laguntza, gidaritza eta babesa eskaintzeko gaitasun egokiak eskuratu baititu.
Aurrean aipatu izaera onartu ondoren, zakurra bizi den bitartean eutsiko zaio, animaliak berak gerora izan dezakeen edozein disfuntzio kenduta eta zakurrak zerbitzua nori eman harekiko duen lotura kontutan izanik soilik, osasun agindua salbu.
2. Gida zakur bakoitza halakotzat identifikaturik beharko du une orotan, dagokion ikurra izango duelarik jarrita ikusteko moduan.
3. Gida zakur bakoitzari aipatu ikurra emateko baldintzei buruzkoan, eskatzen diren trebatze nahikoaren baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da, zakurren osasun poliziari buruz Nafarroan indarrean diren arauen araberako identifikazioa beharko da eta, gainera, albaitariaren ziurtagiria, une bakoitzean endemikotzat jotako zoonosien gaineko arauek eskatzen dituzten osasun baldintzak betetzeari buruzkoa.
4. Gida zakurra erabiltzen duen orok, aldean eraman beharko du beti zakurren osasunaren gaineko legeria orokorrak ezarritako baldintza higieniko eta sanitarioak betetzen direla ziurtatzeko dokumentazio ofiziala, artikulu honetako hirugarren ataleko lehen lerroaldeko azken zatian dioena deustan galarazi gabe. Inolaz ere ez da arrazoirik gabe edo apetakeriaz eskatuko osasun baldintzak betetzea, zakurren ohiko osasun-poliziari buruzko legeria orokorrak eskatzen dituenez gain.
Artikulu honetako hirugarren ataleko lehen lerroaldean aipatzen den ikurra edo ezaugarria egiaztatutzat joko da gida zakur ikurra izate hutsaren bidez, Foru Lege honetan ezarritakoaren arabera.
3. artikulua. Toki publikoak eta erabilera publikokoak.
1. 1. artikuluan aipatzen diren tokiak zehazteko, halakotzat hartuko dira:
a) Une bakoitzean ezar daitekeen hirigintza eta bide legeriaren arabera, bidaztien pasaguneak, bidaztientzakoak edo bidaztiek bakarrik erabiltzekoak direnak.
b) Tegi edo establezimendu publikoak edo erabilera publikoak, hala nola:
1. Aisialdirako, jolaserako edo denbora emateko zentroak.
2. Edozein motatako eta titularitatetako zentro ofizialak, horietarako sarbidea jendeari eskuarki debekatzen ez Zaionean.
3. Ikastetxeak, akademiak eta maila eta gai orotako ikastegiak, publikoak zein pribatuak.
4. Osasun eta laguntza zentroak.
5. Zentro erlijiosoak.
6. Museoak eta erakustaretoak edo hitzaldi aretoak.
7. Erabilera publikoko edo jendeari harrera egiteko eraikuntza eta tegiak.
8. Merkataritza-biltegiak eta establezimenduak.
9. Lanbidedun liberalen bulego eta idazguak, holako zio jakinengatik joateko beharra baldin bada.
10. Bus eta tren geltokietan, aireportuetan eta garraio publikorako ibilgailu arinen geltokietan jendeak eskuarki erabiltzeko diren guneak.
c) Maila eta mota oroko ostalaritza eta errestaurazio establezimenduak, hala nola, aterpetxeak, kanpalekuak, bungalowak, akanpatzeko tokiak, bainuetxeak, parkeak, aisialdirakoak, uretakoak, jolaserakoak edo tematikoak, zoologikoak eta turismoko establezimenduak eta ostalaritzakoak orokorrean, hori guzti hori, une bakoitzean eta gai bakoitzari buruz ezar daiteken amankomuneko legeria orokorrak ezarritakoaren mugen barruan.
d) Titularitate edo erabilera publikoko jendearentzako garraiobide oro, batez ere, bidaiariak errepidez, trenez edo abioiz eramateko garraio zerbitzuak, hirikoak eta hiriartekoak, Nafarroako Gobernuaren aginpidepekoak, edo garraioa Nafarroako lurraldean barna egiten den bitartean.
2. 1. artikuluan aitortzen den sartu, ibili eta egoteko eskubideari dagokionez, ulertuko da horren baitan sartzen dela gida zakurra jabearen ondoan mugarik eta etenik gabe egotea, ondoan egotea eten edo laguntza urrutiratzea ekar dezakeen oztoporik gabe. Debeku hori ez da indarrean izango beste edozein pertsonarentzako, gida zakurrak lagundutakoarentzako edo gida zakurra berarentzako arrisku larri eta ber-bertako denean.
3. Aipatu eskubideaz baliatzeak inolaz ere ez dio eskubidedunari erakarriko gastu gehigarririk ordaintzeko betebeharrik, ez eta arrazoirik gabeko gainerako gestiorik egin beharrik ere.
4. Gida zakurrak trebatzeko zentro homologatuetako hezitzaileek, aurreko trebatze-ariketak egiten ari diren bitartean, eta baita ere pertsona jakin bati egokitzekoak burutzen dituztenean ere, Foru Lege honek itsuentzako ezarri dituen eskubide eta betebehar berberak izango dituzte.
4. artikulua. Gida zakurraren titularraren betebeharrak.
Ikusmeneko disfuntzio osoa edo latza dutenek, gida zakurra baldin badute, Foru Lege honetan ezarritako betebeharrak betetzeko ardura dute eta beharturik egonen dira:
a) Animaliaren osasun liburuxka indarrekoa erakustera Foru Lege honetan aitortutako eskubideez baliatzeagatik eskatzen zaion bakoitzean.
b) Gida zakurraren higienea eta sanitatea arreta handiz zaintzea eta, horretaz gain, une bakoitzean ezar daitekeen legeriak, zakurren osasun-polizia orokorrari buruzkoak, eskatzen dituen osasun kontrolak aurretik eta epearen barruan betetzera.
c) Gida zakurrari berari buruzko errespetu, defentsa eta zaintze hatsapen eta irizpideak bete eta betearaztera.
d) Zertako trebatu, zeregin berezi horietarako baino ez erabiltzera gida zakurra.
e) Bide eta leku publikoetako higiene eta segurtasun arauak bete eta errespetatzera, gida zakurra erabiltzen duenaren ikusmenezko disfuntzioa kontuan hartuz.
f) Taldearen barruan elkarrekin bakean bizi ahal izateko arauak arretaz eta zehaztasunez betetzera.
g) Erantzukizun zibileko poliza bat izenpetzera aseguru erakunde batekin, gida zakurrak hirugarrenei eragin liezazkiekeen kalteak prebenitzeko.
II. KAPITULUA. Zehapen erregimena
5. artikulua. Arau hausteak.
1. 1., 3. eta 4. artikuluetan ezartzen diren betebeharrak ez betetzea, administrazio arau haustea da.
2. Halakorik egitea Kapitulu honetan ezarritakoaren arabera zehatuko da.
6. artikulua. Erantzukizuna duten subjektuak.
Foru Lege honetan ezarritakoak betetzen ez dituztenak dira arau hausteen erantzukizuna duten subjektuak, eta solidarioki, iharduerak edo establezimenduak benetan antolatu edo ustiatzen dituzten pertsona fisiko zein juridikoak, eta dagokien lizentzien jabe direnak edo, hala bada, zerbitzuaren titular den erakunde publiko zein pribatuko arduradunak.
7. artikulua. Arau hausteen sailkapena.
1. Foru Lege honetan ezarritako arau hausteak arinak, larriak eta oso larriak dira.
2. Arau hauste arin dira:
a) Foru Lege honetan aitortutako eskubideen eraginkortasuna murriztu edo atzeratzeko xede duen nahitako edo axola gabeko jokaera oro.
b) 4. artikuluan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.
3. Hutsegite edo arau hauste larri dira 1. artikuluan ezarritakoa ez betetzea, titularitate pribatu eta erabilera publikoko toki, ostatu, establezimendu, tegi eta garraioei buruz.
4. Hutsegite edo arau hauste oso larri dira 1. artikuluan ezarritakoa ez betetzea, titularitate publikoko toki, ostatu, establezimendu, tegi eta garraioei buruz, baita 3.3 artikuluan ezarritako debekua ez betetzea ere.
8. artikulua. Zehapenak.
1. Arau hauste arinak 25.000 pezetarainoko isunaz zehatuko dira.
2. Arau hauste larriak 25.001 pezetatik 500.000 pezetarainoko isunaz zehatuko dira.
3. Arau hauste oso larriak 500.001 pezetatik 2.000.000 pezetarainoko isunaz zehatuko dira.
9. artikulua. Zehapenengatiko erantzukizuna eta zehapenen mailaketa.
1. Zehapena ezartzeak ez du kentzen erantzukizun zibila ez eta indarreko legeriaren araberako kalteengatikako balizko ordainbeharra ere.
2. Zehapenen mailaketa proportzionalitate edo heinekotasun hatsapenari jarraiki eginen da eta berretzea kontuan hartuz.
10. artikulua. Zehapen prozedura.
Lege honetan ezarritako arau hausteak direla eta eratzen diren espedienteen biderapena eta ebazpenari dagokienez, administrazio zehapen ihardunbideari buruzko indarreko legeek ezartzen dutena izanen da jarraitzekoa.
11. artikulua. Organo eskudunak.
1. Foru Lege honetan tipifikatzen diren arau hausteei buruzko zehapen espedienteak ireki eta erabakitzea, Gizarte Ongizate Departamentuari dagokio eta, subsidiarioki, gaia dela eta dagokionari.
2. Zehapen espedienteak erabakitzerakoan kontutan izan beharko dira hurrengo txostenak: gaia dela eta zerikusirik duten departamentuek derrigorrez eman beharrekoak eta lotesle ez direnak.
Lehen Xedapen Gehigarria
Lehena.-Nafarroako Gobernuak sustatu eta burutu egingo ditu hiritarrentzako berri emate- eta heziketa-kanpainak, ikusmeneko disfuntzio osoa edo latza izanik, gida zakurraren laguntza eta babesa behar duten pertsonenganako sentiberatasuna areagotzeko, haien integrazioa benetakoa eta eraginkorra izan dadin.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Esku ematen zaio Nafarroako Gobernuari, 8. artikuluan aipatzen diren zehapenen zenbatekoak Foru Dekretu bidez eguneratzeko.
Hirugarren Xedapen Gehigarria
Esku ematen zaio Nafarroako Gobernuari Trebatzeko Zentroak homologatzeko beharrezko arauak emateko, orobat zakur gidarien erakuskariak taxutzeko eta horiek emateko arauak idazteko.
Azken Xedapenetan Lehena
Esku ematen zaio Nafarroako Gobernuari Foru Lege hau garatu eta ezartzeko beharrezko diren arau guztiak emateko.
Azken Xedapenetan Bigarrena
Ezabatu egiten dira honako Foru Lege honen kontra doazen maila bereko edo apalagoko arauak.
Azken Xedapenetan Hirugarrena
Foru Lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.