(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

421/1992 Foru Dekretua, abenduaren 21ekoa, Musika eta Dantza Eskolen sortzea eta funtzimendua zuzenduko duten oinarrizko arauak ezartzen dituena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1993ko urtarrilaren 22an argitaratua. Aldaketak: 79/2010 Foru Dekretua, abenduaren 13koa)

Atarikoa

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak Arte Ikasketak hezkuntza sistemaren barruan sartu ditu osoki. Aipatu Lege Organikoak musika eta dantza arloko ikasketei ezartzen dien helburua, ikasleei kalitatezko arte-heziketa ematea eta bi arlo horietan gerora profesionariak izanen direnen kualifikazioa ziurtatzea da.

Helburu bikoitz hori lortu ahal izateko, bi heziketa eskaintza agertzen dira Lege horretan: irakaskuntza arautua, profesionarien kualifikaziora eta titulaziora bideratuta dagoena; irakaskuntza arautu gabea, musika ikastera arlo horretako kultura berenganatu nahi duten pertsonak -adin mugarik gabe- prestatzen dituena. Bi heziketa horiek ezberdintzearen ondorioz bi ikastetxe mota sortu dira: Musikaren irakaskuntza profesionalerako Kontserbatorioak eta Musika edo Dantza Eskola berarizkoak. Azken hauetan kultur izaerak du lehentasuna profesionalaren gainetik.

HSAOLaren 39.5 artikuluak aipatzen dituen berarizko eskolak, balio akademiko eta profesionaleko tituluak eskuratzera bideratuta ez dauden ikasketak, adin mugarik gabe, ematen dituzten Ikastetxeak dira.

Musika eta Dantza Eskolen izaera kontutan harturik, xedapen honek arauketa aski malgua ezartzen du horientzat, sortzen zaizkien egoera eta behar ezberdinei egokituriko kalitatezko heziketa eskaini ahal dezaten. Eskola horietan, musika eta dantzaren irakaskuntza norberaren burua garatzearen arloan kokatzen da, eta hori, beti ere, bakoitzaren inguru sozialera iristen da.

Musika eta Dantza Eskoletan irakaskuntza praktikoa da batez ere eta talde lana bultzatzen da.

Musika eta dantzaren ikasketa espezializatuen antolamendu berriaren barnean, kontutan hartuz antolamendu horrek lehenago aipatu diren bi ikastetxe motak jasotzen dituela heziketa eskaintzaren arabera, beharrezkoa da bi ikasketa mota horien artean harreman estua izatea. Horregatik, urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak aukera ematen du sistemaren kanpotik titulazioa eskuratzeko ikasketetara sartzeko, horiek nola lortu diren alde batera utzita. Sarrera hori egin ahal izateko baldintza bakarra ezagupenak froga batean erakustea izanen litzateke. Horrela, eskolak kultur zabalkundea eginkizun nagusi duten prestakuntza ikastetxeak direnez, ez dago bazterturik joera profesionala pizteko helburua, ez eta prestakuntza sakonagoa ematea ere gaitasun zein interesarengatik ikasketa arautuak egiteko baldintzak eta gogoa dituzten ikasleei.

Horrenbestez, Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeitamabiko abenduaren hogeitabatean hartutako Erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua

1. Foru Dekretu honek, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 39.5 artikuluak aipatzen dituen Musika eta/edo Dantza Eskola berarizkoen sortzea eta funtzionamendua arautzen du.

2. Arau hau Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ezarriko da.

2. artikulua

Foru Dekretu honetan zehazten diren Eskolek musika nahiz dantza edo musika eta dantza batera irakatsi ahalko dute.

3. artikulua

Musika eta Dantza Eskola berarizkoak irakaskuntza arautu gabeko ikastetxeak dira eta bertan edozein adinetako zaletuei heziketa praktikoa eskaintzeaz gain, gaitasun eta grina berezia azaltzen dutenak ikasketa profesionaletara bideratzen dira.

4. artikulua

Musika Eskola berarizkoek helburu hauek izanen dituzte:

a) Musikaren ezagupen eta ederrespena bultzatzea.

b) Musikaren hezkuntzako eskaintza zabal eta berezitua garatzea.

c) Edozein musika mota entzuteko interesa sustatzea eta ikasleen izpiritu kritikoa garatzea.

d) Tresnak jotzen erakustea, bakarka nahiz taldean aritzen ikasi ahal izateko.

e) Tresnak jotzearen osagarria izanen den musikaren irakaskuntza ematea.

f) Ikasleengan ahots eta tresna taldeetan parte hartzeko interesa bultzatzea.

g) Trebetasun eta grina berezia duen ikaslea izaera profesionaleko irakaskuntzara bideratzea. Halakoetan, irakaskuntza horretako maila ezberdinetan sartu ahal izateko behar bezala sustatu eta prestatuko da.

5. artikulua

Dantza Eskola berarizkoek helburu hauek izanen dituzte:

a) Dantzaren ezagupen eta ederrespena bultzatzea.

b) Eskaintza zabal eta berezitua garatzea.

c) Dantza era eta estilo ezberdinetarako interesa sustatzea eta ikasleen izpiritu kritikoa garatzea.

d) Mugimendu eta dantzarako prestakuntza ematea.

e) Ikasleengan dantza taldeetan parte hartzeko interesa bultzatzea.

f) Trebetasun eta grina berezia duen ikaslea izaera profesionaleko irakaskuntzara bideratzea. Halakoetan, irakaskuntza horretako maila ezberdinetan sartu ahal izateko behar bezala sustatu eta prestatuko da.

6. artikulua

1. Musika eta/edo Dantza Eskolek, ikastetxeak diren aldetik, Ikastetxeko Pedagogia Plan bat egin beharko dute.

2. Pedagogia Plana Eskolaren bide publikoa koherenteki azaltzen duen agiria da eta barneko egoera eta inguru sozioekonomiko zein kulturala aztertu ondoren ematen da. Plan horretan adierazi beharko dira Ikastetxeak dituen helburuak, eskaintzen diren espezialitateak, ikasketen ezaugarri pedagogikoak, horien antolaketa, onarpen irizpideak, ikasleen plaza sustatu eta galtzearenak, eta, azkenik, Ikastetxearen administrazioaren antolaketa.

3. Plan hori prestatzerakoan, eskolek kontutan izan beharko dute eginkizun nagusia ikasle guztiei musika eta dantzaren arloko kultura zabaltzea dela, eta gutxiengo kualifikatu batentzat baizik ez dela utziko prestakuntza sakonagoa eskaintzea, horiek ikasketa arautuetara heldu ahal daitezen.

7. artikulua

Musika eta Dantza Eskola berarizkoek behar bezalako funtzionamendua izan dezaten, zuzendaritza talde bat izanen da, gutxienez Zuzendari bat izanen duena, entitate titularrak izendatuta, eta Dekretu honetako III. kapituluan ezarritako baldintzak beteko dituena.

8. artikulua

Eskola berarizko hauetan egiten diren musika eta dantza ikasketetan ez dira lortuko balio akademiko edo profesionaleko tituluak. Hala ere, egiaztagiriak eman ahalko dira, eta horien testu edo formatoa balio akademiko eta profesionala duten ziurtagiri eta tituluekin ez nahasteko modukoa izanen da.

II. KAPITULUA. Ikasketen antolamendua

9. artikulua

1. Musika Eskolen oinarrizko eskaintzak honako iharduketa arlo hauek izan beharko ditu:

a) Tresnak jotzea. Bai "musika klasikoari" dagozkion tresnak, bai tradiziozko sustraia dutenak edo "musika modernokoak". Nolanahi ere, Musika Eskolak egiten duen eskaintzak egokia izan behar du, musikako praktikak taldean egin ahal daitezen.

b) Tresnak jotzearen osagarria den musika-heziketa. Tresnaren bat jotzen ikasteko izena emana duten 8 urtetik gorako ikasleek, aldi berean musika-heziketa osagarriko gaietan edo talde iharduera batean parte hartu beharko dute.

c) Taldeko tresna eta ahotsezko iharduerak. Musika Eskoletan ahots talde bat eta tresnen beste bat behintzat izan beharko da.

2. Eskaintza horretaz gainera, Musika Eskolek beste gai batzuk ere sartu ahalko dituzte, Foru Dekretu honetan aipatutako helburuekin bat baldin badatoz.

Kontutan harturik ahalmenak lehen urteetatik garatzeak musikaren ikaskuntzan duen garrantzia, bereziki baloratu beharko da musika eta higiduraren heziketaren eskaintza. Heziketa arlo hau lau eta zortzi urteen arteko ikasleei baizik ez zaie ematen, tratamendu pedagogiko berezi batez begiratu ahal izateko adierazkortasun, musika eta higidura gaitasunen agerpen eta garapena, ondoren musika-heziketak jarraipena izan ahal dezan.

10. artikulua

1. Dantza Eskoletan lehentasuna izan beharko dute dantza eszeniko edo herrikoiaren era ezberdinei buruzko ikasketek. Ikasketa horiek egiteko 8 urte izan beharko dira gutxienez.

2. Eskaintza horretaz gainera, Dantza Eskolek beste gai batzuk ere sartu ahalko dituzte, Dekretu honetan aipatutako helburuekin bat baldin badatoz.

Kontutan harturik ahalmenak lehen urteetatik garatzeak dantzaren ikaskuntzan duen garrantzia, bereziki baloratu beharko da musika eta higiduraren heziketaren eskaintza. Heziketaren arlo hau lau eta zortzi urteen arteko ikasleei baizik ez zaie ematen, tratamendu pedagogiko berezi batez begiratu ahal izateko adierazkortasun, musika eta higidura gaitasunen agerpen eta garapena, ondoren dantza-heziketak jarraipena izan ahal dezan.

11. artikulua

Musika eta/edo Dantza Eskolek, Foru Dekretu honen esparruaren barnean, pedagogia eta antolaketa arloan autonomia osoa izanen dute.

III. KAPITULUA. Irakasleak

12. artikulua

Musika eta Dantza Eskoletako irakasleek musika edo dantzako maila ertainari dagokion titulazioa izan beharko dute.

13. artikulua

Legearen arabera berarizko titulazioa ez duten espezialitateetan, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko kualifikazioaren egiaztagiria izatea. Horretarako, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak beste titulazio, ziurtagiri eta merezimendu batzuen egokitasuna baloratuko du.

IV. KAPITULUA. Musika eta Dantza Eskolen titulartasuna

14. artikulua

Musika eta Dantza Eskolak titulartasun publiko edo pribatukoak izan ahalko dira.

15. artikulua

Musika eta Dantzako eskola pribatuen titularrak izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoak, nazionalite espainiarra, Europako Elkarteko beste Estatu batekoa edo indarra duen legerian nahiz nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoaren araberako beste Estatu batekoa dutenak. Ezinen dira titularrak izan:

a) Zerbitzuak Estatu, Autonomi Elkarte edo Udal bateko hezkuntz Administrazioan ematen dituzten pertsonak.

b) Maltzurkeriazko delituengatik zigor aurrekinak dituztenak.

c) Epai irmoz eskubide hori espreski galdua duten pertsona fisiko edo juridikoak.

d) Pertsona juridikoak, zeinetan aurreko subjektuek zuzendaritza karguak baitituzte edo kapital sozialaren %20aren edo gehiagoren titularrak baitira.

V. KAPITULUA. Instalazioen gutxieneko betebeharrak eta baldintza materialak

16. artikulua

1. Musika eta Dantza Eskolek indarra duen legeriak ezartzen dituen osasun, hots, bizigarritasun eta segurtasun baldintzak bete beharko dituzte.

2. Musika Eskolek, gutxienez, tresnen irakaskuntzarako bi gela izan beharko dituzte, bakoitza gutxienez karratukoa, eta hirugarren bat, gutxienez karratukoa, irakaskuntza teoriko eta taldekoentzat. Azken honetan gehienez ere 20 ikasle egon ahalko dira batera, eta ratio hori gehitu egin ahalko da, gutxieneko karratuetatik gorako metro t'erdi bakoitzeko beste ikasle bat jarriz. Ikasketa teorikoen gelan ez dira inoiz ere 30 ikasle baino gehiago egon ahalko.

3. Dantza Eskolek, gutxienez, dantza egiteko gela bat eduki beharko dute, zoladura flotagarria duena, gutxienez karratukoa. Neurri hori izanez gero, gehienez ere 10 ikasle aritu ahalko dira batera. Hala ere, gutxieneko karratuetatik gorako bost metro gehiagoko beste ikasle bat sartu ahalko da. Gela horretan ez dira inoiz ere 20 ikasle baino gehiago egon ahalko.

17. artikulua

Musika eta/edo Dantza Eskolek zuzendaritza eta administrazio eginkizunetarako tokia izan beharko dute eta hori irakasle gelatarako ere erabiltzerik izanen da.

18. artikulua

Eskolek irakaskuntzarako beharrezkoa den ekipamendua eduki beharko dute. Musika Eskoletan zein tresna behar den hartuko da kontutan; soka edo haize eta metalezko tresnak jotzen irakasten bada, ikasleen adinaren araberako neurria duten tresnak izan beharko dituzte.

19. artikulua

1. Biztanleria urriko eremuek, gelak barreiatuta dituen eskola bakar bat eratu ahalko dute. Eskolak, orokorrean, Dekretu honetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

2. Musika eskolak bere heziketa eskaintzan organo ikasketak sartzen dituenean, klaseak tresna dagoen tokian ematen ahalko dira. Horrelakoetan, tresnaren titularraren adostasuna erantsiko zaio jardueraren aldez aurreko jakinarazpena egitean eskatutako dokumentazioari.

VI. KAPITULUA. Musika eta Dantza Eskolen sorrera jakinaraztea, Berariazko Erregistroan inskribatzea, inskripzioa aldatzea eta atzera botatzea

20. artikulua

1. Ikastetxe horiek ireki eta abian jartzeko baldintza izanen da titularrak hezkuntza arloan eskumena duen departamentuari jarduera jakinaraztea aldez aurretik. Hori ohiko bideetatik nahiz bide elektronikoen bidez eginen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

Aldez aurreko jakinarazpen hori Musika eta Dantza Eskolen Berariazko Erregistroan inskribatzeko eskaeratzat ere joko da.

2. Jakinarazpenari dokumentu hauek erantsiko zaizkio:

a) Eskolaren izen berariazkoa eta kokapen geografikoa adierazten dituen eskabidea.

b) Titularraren nortasuna egiaztatzen duten agiriak eta dekretu honen 15. artikuluan aipatzen diren kasuetako batean ere ez dagoela azaltzen duen aitorpena edo adierazpena.

c) Foru dekretu honen 6. artikuluan zerrendatutako agiri akademiko eta pedagogikoak.

d) Eskolako instalazioen planoak, zertarako erabiliko diren azalduta, eta ikastetxeko ekipamenduaren zerrenda.

e) Eskolako zuzendari kargua hartuko duen pertsonaren merezimendu akademiko eta pedagogikoak egiaztatzen dituzten agiriak.

f) Irakasleek foru dekretu honen 12. eta 13. artikuluetan aipatzen diren titulazio baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak eta emanen duten espezialitatea.

g) Zenbat ikasle hartzeko asmoa dagoen.

3. Eskolaren titularrak jakinarazpena aurkezten duen egunetik aurrera eman ahalko dio hasiera jarduerari, ezertan galarazi gabe gerora hezkuntza arloan eskumena duen departamentuak titularrak foru dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ahal izatea.

21. artikulua

Nafarroako Gobernuan hezkuntza arloan eskumena duen departamentuaren mendeko ikastetxeen erregistroan, Musika eta Dantza Eskolen Berariazko Erregistro bat sortuko da. Bertan inskribatuko dira titulartasun publiko edo pribatuko eskolak, baldin eta horien helburuak eta funtzionamendurako baldintzak foru dekretu honetan ezarritakora egokitzen badira.

22. artikulua

Ikastetxea Musika eta Dantza Eskolen Berariazko Erregistroan inskribatzeko, beharrezkoa izanen da hezkuntza arloan eskumena duen departamentuak egiaztatzea 21. artikuluan eskatutako agiriekin batera aurkeztutako eskola proiektua foru dekretu honetan ezarritako helburu eta baldintzetara egokitzen dela eta legeria indardunak ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen dituela.

23. artikulua

1. Akatsak zuzentzeko tramitea, halakorik badago, egin ondoren, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du, eta bertan aginduko, baldintzak bete direla egiaztatu ondoren, ikastetxea Musika eta/edo Dantza Eskolen Berariazko Erregistroan inskribatzeko.

Ebazpen hori hiru hileko gehieneko epean emanen da, jakinarazpena hezkuntza arloan eskumena duen departamentuaren erregistroan sartzen denetik hasita. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, Berariazko Erregistroan inskribatzeko eskaera baietsi dela ulertuko da."

2. Musika eta/edo Dantza Eskola inskribatzeko agindua ematen duen ebazpenean datu hauek agertuko dira:

a) Ikastetxearen titularra.

b) Helbidea, herria, udalerria, probintzia.

c) Izen generikoa.

d) Berariazko izena.

e) Ematen diren espezialitateak.

3. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

24. artikulua

1. Ikastetxe hauen izen orokorra Musika eta/edo Dantza Eskolak izanen da, eta ondotik berarizko izena jarriko zaio. Delako izena ikastetxe hauen bereizgarri izanen da eta beste ezein entitatek ez du hartu ahalko.

2. Hezkuntza arloan eskumena duen departamentua adi egonen da, erregistratu gabeko ikastetxeek 1. idatz-zatiaren arabera erregistratuak daudenei dagozkien izenak har ez ditzaten.

25. artikulua

26. artikulua

27. artikulua

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, bere argitalpenetan eta musika eta dantza heziketari buruz administratuei ematen dien informazioan, Musika eta Dantza Eskolen Erregistro Berarizkoan dauden Ikastetxeak agertaraziko ditu.

28. artikulua

Musika eta Dantza Eskolek beren sailkapena erabili ahalko dute publizitatean eta izenean.

29. artikulua

Eskolako edozein eraldaketaren ondorioz berariazko izena aldatu, instalazioak aldatu, espezialitateak gehitu, eskaintza aldatu eta titulartasuna edo eraikina aldatu egiten badira, Nafarroako Gobernuan hezkuntza arloan eskumena duen departamentuari jakinaraziko zaio. Horrek, gehienez ere hiru hileko epean, jakinarazpena hezkuntza arloan eskumena duen departamentuaren erregistroan sartzen denetik hasita, baldintzak egiaztatu eta, kasua bada, beharrezkoak diren datuak eguneratuko ditu dagokion ebazpenaren bidez.

Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, aldaketa egiteko eskaera baietsi dela ulertuko da.

30. artikulua

Musika eta Dantza eskola berariazkoek foru dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzeari edo funtzionamendurako arauetara egokitzeari uzten badiote, Hezkuntza Administrazioak Musika eta Dantza Eskolen Berariazko Erregistroan egindako inskripzioa atzera botatzeko espedientea irekiko du, entitate interesdunari entzunaldia eman ondoren.

31. artikulua

1. Inskripzioa arrazoi hauengatik botako da atzera:

a) Ematen dituen ikasketak ez betetzea.

b) Jarduerak etetea.

c) Foru dekretu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea.

2. Nolanahi ere, titularrari aurreko atalean ezarritakoa nabarmenduko zaio, akatsak zuzen ditzan; emandako epean egin ezean, erregistroan egindako inskripzioa atzera botatzeko espedienteari hasiera emanen zaio.

3. Atzera botatzeko espedienteari hasiera eman eta gero, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak entzunaldia emanen dio ikastetxearen titularrari. Tramite hori eginda, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak dagokion ebazpena emanen du.

4. Aurreko atalean aipatutako ebazpenak ikastetxea Musika eta Dantza Eskolen Berariazko Erregistrotik ateratzea ekarriko du, bai eta bere izena egokitzea ere, ikastetxearen funtzionamendua galarazi gabe.

Lehenengo Xedapen Gehigarria

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Musika eta/edo Dantza Eskolen arteko koordinazioa bultzatuko du.

Bigarren Xedapen Gehigarria

1. Zerbitzuen Ikuskaritza eta Ikerketa Zerbitzuak, Musika eta Dantza Eskolak Foru Dekretu honetan ezarritakoari egokitzen diren begiratuko du.

2. Zerbitzuen Ikuskaritza eta Ikerketa Zerbitzuak, Musika eta Dantza Eskolen xedeak betetzean hezkuntzaren kalitatea ziurtatzeko, aholkuak emanen dizkie hezkuntz komunitateko estamentu ezberdinei eta horrekin batera, berrikuntzen zabalkundea eta esperientziak elkarren artean trukatzea bultzatuko du.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak kontutan hartuko du, irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuan ezarritako planaren arabera Musikako Titulu edo Diplomak luzatzeko legezko gaitasuna zuten ikastetxeen berezitasuna, bai eta otsailaren 19ko 38/1987 Foru Dekretuaren babesean baimendu zirenena ere.

Lehenengo Xedapen Iragankorra

2618/1966 Dekretuaren arabera baimendutako Kontserbatorio zaharrek epe iragankor bat izanen dute, Dekretu honetan araututako irakaskuntzaz gain, 1966.eko planean araututakoa ere eman ahal izateko, beti ere, ikastetxe horietan 1991-92 ikastaroa arte, hori barne, erregimen ofizial edo librean matrikulatutako ikasleek beren gradua bukatu arte iraunen duena, indarra duen legeriak ezarritako mugen barnean.

Bigarren Xedapen Iragankorra

Kontserbatorio zaharretatik heldu diren Musika Eskolei baimena ematen zaie Foru Dekretu honetan araututako ikasketak eskaintzeko. Hala ere, Hezkuntza eta Kultura Departamentuan Foru Dekretu honetako 6. artikuluak aipatzen duen Pedagogia Plana aurkeztu beharko dute.

Azken Xedapenetako Lehenengoa

Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak baimena izanen du Foru Dekretu hau ezarri, interpretatu eta garatzeko beharrezko diren xedapenak emateko.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Indarrik gabe gelditzen dira Foru Dekretu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten lerrun bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetako Hirugarrena

Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa