(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

 Imagen decorativa
Berriak

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

 

igo

Espacios de la propaganda carlista

Karlismoaren Museoak Francisco Javier Caspistegui Gorazurreta irakaslearen Espacios de la propaganda carlista liburua argitaratu du.

Lana egileak Kausaren ahotsak: karlismoaren propaganda eta hedapena erakusketa proiekturako aurretik egin zuen ikerketaren emaitza da. Erakusketa hori ikusgai egon zen 2020ko azaroaren 27tik 2021eko apirilaren 11ra bitartean.

Saiakera horretan azaltzen da nola baliatu zen karlismoa hainbat mekanismoz bi mendetan (XIX. eta XX. mendeak, hain zuzen), bere printzipio ideologikoak zabaltzeko. Lanak propagandaren kontzeptuan murgiltzen gaitu: hasieran karlismoak mesfidantzaz begiratu zion, baina gero hainbat komunikabideren bidez garatu zuen, bereziki, prentsaren bidez. Izan ere, egilearen ustez, horixe izan zen “propagandarako mekanismo nagusia”. Amaitzeko, aztertzen du nola zabaldu zen karlismoaren propaganda hiru espazio hauetan: kalea, zirkulu karlista eta etxea.

Liburua 12 euroan egonen da salgai Karlismoaren Museoan (Rua kalea, 27-29, Lizarra) eta Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsean (Navas de Tolosa kalea, 21, Iruña) edo Funtsaren webgunearen bidez https://publicaciones.navarra.es

igo

El Declive del Carlismo

Karlismoaren Museoak El Declive del Carlismo [Karlismoaren gainbehera] liburua argitaratu du.

University of Nevada Press-ek 2000. urtean argitaratutako The decline of carlism obraren gaztelaniazko itzulpena da. Jeremy MacClancy autoreak bi urteko landa-lana egin zuen 1980ko hamarkadaren amaieran Zirauki herri nafarrean, eta da lan horren emaitza da liburua.

Karlismoaren oinarriak aztertzen dira 1950eko eta 1960ko hamarkadetako Nafarroako landa eremuan, eta mugimenduak frankismoan izan zuen bilakaera analizatzen da, eskuin mutur tradizionalista izatetik monarkia sozialista bat nahi zuen ezker moderatua izatera igaro baitzen. Argitalpen berritzailea izan zen arlo horretan, historia eta antropologia elkartu baitzituen. Horri esker, gako batzuk ematen ditu karlismoaren azken hamarkadetako bilakaerari buruz, baita Espainia garaikidean izan duen rolari buruz ere.

Liburua 12 euroan egonen da salgai Karlismoaren Museoan (Rua kalea, 27-29, Lizarra) eta Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsean (Navas de Tolosa kalea, 21, Iruña) edo Funtsaren webgunearen bidez (https://publicaciones.navarra.es).

igo

La montaña sagrada

Karlismoaren museoak Jurramendi. Mendi sakratua liburua argitaratu du. Jurramendiri buruzko hitzaldiak biltzen ditu.

Museoan “Jurramendi. Mendi sakratua” aldi baterako erakusketaren harira antolatutako zikloan eskainitako hitzaldietako hiru biltzen ditu liburuak. Erakusketa ikusgai egon zen 2016ko azaroaren 29tik 2017ko maiatzaren 7ra.

Mendi sakratua. Jurramendiri buruzko hitzaldiak lanak Jurramendi mendiak karlismoan duen esanahi sinbolikoa ulertzen laguntzen du, baita bere nortasunean funtsezkoak diren zenbait elementu ere, bereziki landa eremukoak, eta frankismoan izandako bilakaera ideologikoa.

Francisco Javier Caspisteguik, Nafarroako Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasleak, “Karlisten Jurramendi: mitoa eta errealitatea” hitzaldian, mendiak hainbat zibilizaziotan eta kulturetan eremu sakratu gisa izandako rola testuinguruan kokatu ostean, eta karlismoaren eta mendizaletasunaren arteko lotura estua aipatu ondoren, sakontasunean aztertzen du Jurramendik karlismoaren mendi sakratutzat izandako pertzepzioaren bilakaera lau fasetan zehar, 1830eko hamarkadaz geroztik gaur egun arte. Bereziki erreparatzen dio 1873 eta 1935 arteko aldiari, orduan sortu baitzen Jurramendiko mitoa, 1873an lortutako garaipenaren ondorioz hein batean, eta 1935 eta 1977 arteko aldiari, orduan sakralizatu baitzen mendia. 1976ko gertakari tragikoetan, ordea, inflexio puntua izan zuen, mitoaren beheraldia hasi zen, nahiz eta gaur egun oraindik ere mitologia karlistan agertzen den.

Bestalde, Oxford Brookes University unibertsitateko antropologo Jeremy MacClancy Ziraukin 1980ko hamarkadan beterano karlistekin egindako landa azterketan oinarritzen da “Landa inguruneko karlismoa” lanean eta Espainiako Gerra Zibilean borrokatu ziren erreketeen identitatea bereizgarri egin zuten ezaugarriak sakontzen ditu. Horien guztien artean Jainkoa eta erlijioaren defentsa azpimarratzen ditu, baita komunitate bateko kide izatearen sentimendua ere; komunitate hartan belaunaldien arteko balioak eta adinekoekiko errespetua funtsezkoak ziren, bestelako identitate kontzeptuen gainetik; aberria, erregea edo foruak, kasu.

Azkenik, Manuel Martorell kazetari eta karlismoan adituak mugimenduak joan den mendeko 60ko hamarkadan izandako bilakaera ideologikoa aztertzen du “Karlismoaren bilakaera Montejurra aldizkariaren bitartez” hitzaldian, 1960 eta 1971 artean argitaratutako Montejurra aldizkariko eduki, diseinu, azal eta goiburuen bitartez. Ekimen editorial hura, karlista gazteen buletin gisa klandestinitatean sortua eta Nafarroan ziharduen talde karlista nagusiak bultzatua, funtsezko elementu bilakatu zen karlismoaren ideologia modernizatzeko. Frankismoaren aldeko eta kontrako alderdien arteko oreka zailari eutsiz, aldizkari hartako artikuluek jarrera aldaketa handia adierazi zuten zenbait gaietan; hala nola Gerra Zibila, nazioarteko gaurkotasuna, alderdi politikoak eta erlijioa.

Liburua 12 euroan egonen da salgai Karlismoaren Museoan (Rua kalea, 27-29, Lizarra) eta Nafarroako Gobernuaren Argitalpen funtsean (Navas de Tolosa kalea, 21, Iruña) edo webgunearen bidez (https://publicaciones.navarra.es).

igo

Una mirada íntima al día a día del pretendiente carlista. Cartas de Don Alfonso Carlos de Borbón al Marqués de Vessolla

Karlismoaren Museoak liburu berri bat aurkeztu du, hain zuzen ere, karlismoaren gaineko ikerketa proiektuen 2015eko deialdiaren emaitza. Egilea, Ignacio Miguéliz Valcarlos, Nafarroako Unibertsitatearen Museoko kontserbatzailea eta kuratoretzaren eta bildumen departamentuko arduraduna da, eta baita ANECAko eta Iruñeko UHUNeko Artearen Historiaren departamentuko irakasle titularra ere.

"Una mirada íntima al día a día del pretendiente carlista. Cartas de don Alfonso Carlos de Borbón al Marqués de Vessolla" izenburuko lan honek 1893 eta 1935 bitarteko 200 gutun baino gehiagoko epistola-sorta ezagutarazten du. Elio Elio y Magallón Vessollako markesari Alfontso Karlos Borboiko eta Austria-Estekoak igorriak dira, gehienbat, errege familia karlistaren beste kide batzuekin, politikariekin eta inguru hurbileneko jendearekin batera idatziak. Haietan ikusten dira Karlos Maria Isidroren ondorengo zuzena zen Borboien adarreko azken erregegai karlista izan zenak Europa aztoratu hartan izandako gorabehera ekonomikoak eta Espainiako Gerra Zibilaren aurretik karlismoak bizi zuen egoera politikoa.

Transkripzio lan eskerga honek orain arte argitaratu gabea zen epistola-sorta ezagutarazten digu, gaur egun Errege Defentsaren markesen artxibategian gordea dagoena.

Liburua 12 euroan egonen da salgai Karlismoaren Museoan (La rua, 27-29, Lizarra) eta Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsean (Navas de Tolosa, 21, Iruña) edo webgunearen bidez (https://publicaciones.navarra.es).

igo

El carlista en las Cortes. La política electoral y parlamentaria del Carlismo en la primera etapa de la Restauración

Mercedes Peñalbaren liburuaren azala

Karlismoaren Museoak argitaratu berri du karlismoari buruzko ikerketa egiteko 2014ko laguntzaren bidez egin den ikerlana, Demetrio Castrok egina, Pentsamenduaren eta Gizarte eta Politika Mugimenduen Historiako katedraduna baita Nafarroako Unibertsitate Publikoan

El carlista en las Cortes. La política electoral y parlamentaria del Carlismo en la primera etapa de la Restauración izenburuko ikerlanak aztertu du zer-nolakoa izan zen mugimenduaren parte-hartzea parlamentuko hauteskundeetan XIX. mendeko azken hamarraldian eta nola bereganatu zituen gainerako alderdien usadioak, joko parlamentariora egokitzearren. Hauteskundeetan aukera gutxiko alderdia izan bazen ere eta barnean tira-birak sortu ziren arren bide hura jorratzea koherentea eta baliagarria ote zen, karlismoak, bere ezaugarriekin, besteak adinako aktorea izan zen hauteskunde-politikan Errestaurazioaren urteetan, sufragio unibertsala ezarri zen garaian alegia.

Liburua gaurtik aurrera egonen da salgai 12 euroan Karlismoaren Museoan (La rua, 27-29, Lizarra) eta Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsean (Navas de Tolosa, 21, Iruña).

igo

Entre la boina roja y la camisa azul. La integración del carlismo en Falange Española Tradicionalista y de las JONS (1936-1942)

2012an karlismoa ikertzeko Laguntza eman zitzaion Mercedes Peñalba Sotorríori, Historian doktorea eta Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko Historia Moderno eta Garaikideko irakaslea bera, eta Karlismoaren Museoak irakasleak egindako azterlanaren emaitza argitaratu berri du.

Lanak Falange Espainolaren eta Komunio Tradizionalistaren arteko harremanak aztertu ditu, uztailaren 18ko kolpea baino lehenagoko elkarrizketetatik harik eta bi mugimenduak batu ziren arte Francisco Francoren ekimenez sortutako alderdi bakar bat osatuz, 1937ko apirilaren 19an.

Argitalpen berria gaurtik aurrera egonen da salgai 12 euroan Karlismoaren Museoan eta Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsan.

igo

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa