(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

47/2010 Foru Dekretua, abuztuaren 23koa, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetako ikasleen eskubide eta eginbeharrei eta ikastetxe horietako elkarbizitzari buruzkoa

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2010eko 116.NAOn argitaratua, irailaren 24an. Aldaketak: 57/2014 Foru Dekretua, uztailaren 2koa)

Atarikoa

Elkarren ondoan bizitzen irakastea eta ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea, hezkuntzaren helburu funtsezkoenetako bat izateaz gainera, egungo hezkuntza sistemen eginkizun nagusietako bat da. Ikaskuntza hori baliotsua da berez, eta ezinbestekoa, gizarte demokratikoa, solidarioa, kohesionatua, kritikoa eta baketsua sendotu nahi badugu.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, bere helburuen artean, hauek aipatzen ditu: ikasleen nortasunaren eta ahalmenen erabateko garapena lortzea, funtsezko eskubideen eta askatasunen errespetuan heztea, eta eskubide eta aukeren berdintasunean, baita norberaren erantzukizunean eta tolerantziaren eta askatasunaren erabileran ere, elkarbizitzaren printzipio demokratikoen barrenean.

Lege horrek berak gatazken prebentzioa eta gatazkak bake bidez konpontzea aipatzen ditu, eta orobat, bakerako prestakuntza, giza baliabideen errespetua eta herritar kritiko eta arduratsuak izateko prestakuntza.

Era berean, oinarrizko gaitasunak ikastea, batez ere gizartean eta herritar gisa jarduteko gaitasuna eta norberaren autonomiarako eta ekimen pertsonalerako gaitasuna, gizartean modu aktibo eta demokratikoan elkarrekin bizitzeko ezinbesteko ikasgaia izateaz gainera, ikaslearen garapen pertsonalerako eta gizarte-integraziorako ere lagungarria da.

Helburu horiek guztiak hezkuntzako etapa guztietan zehar zehaztu behar dira eta ikastetxearen hezkuntza proiektuan planifikatu behar dira.

Arau hau elkarbizitza kudeatzeko osoko eredu batean dago oinarritua. Eredu horrek hezkuntza komunitateko eragile guztien parte-hartzea sustatzen du, elkarbizitzarako giro positiboa eratu eta mantendu nahi du, auzitan dauden alderdien arteko komunikazioa sustatzen du eta hezkuntza neurriak eta eragindako kaltea konpontzeko neurriak aplikatzea aurreikusten du, hartutako portaeraren beharrezko ondorio gisa.

Hori horrela, abian jartzen diren prozesu eta ekintzen izaera hezigarrian irakasleak duen erantzukizuna indartzen da, hala prebentzio lanetan eta heziketari lotutako ekintza orokorrean, nola portaera desegokiak zuzentzekoetan, hori guztia, batetik, garapen pertsonalerako eskubidea bermatzeko, eta bestetik, ikasteko eta erantzukizunezko eta errespetuzko jarrerak hartzeko eginbeharra bermatzeko. Irakasleen talde-lana ezinbestekotzat eta funtsezkotzat jotzen da elkarbizitza hobetzeko.

Irakaslearen ardura da hala irakaskuntza-ikaskuntza prozesua kudeatzea, nola ikasgelan eta ikastetxean giro egokia sustatzea. Bere hezkuntza agintea, besteak beste, eginkizun profesional bikoitz hori modu eraginkorrean egitean oinarritzen da. Hortaz, zuzendaritza taldeen eta irakasleen hezkuntza agintea aitortzea eta finkatzea arau honen funtsezko alderdia da. Horregatik, ezartzen da jarrera desegokia gertatzen den bakoitzean irakasleek, beren eginkizunak erabiliz, azkar erabili behar dituztela hezkuntza neurriak. Berehalako jarduketa horiek ez dituzte aurrez epaitzen ez portaera, ez eta ondotik har litezkeen neurriak ere. Helburua da portaera hori berehalakoan uztea eta ikasleari erakustea portaera desegokiarengatik berari dagokion erantzukizuna eta portaera horretatik etor litezkeen ondorioak, eta horren gainean gogoeta eginaraztea.

Foru dekretu honetan aurreikusitako beste alderdi bat familien inplikazioa eta parte-hartzea lortu beharra da, hala elkarbizitza hobetzeko, nola portaera batzuk berbideratu behar diren kasuetan.

Foru dekretu honek ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezartzen ditu, denentzat berdinak. Bereizketa bakarra adinaren araberako zehaztapenak dira.

Era berean, elkarbizitza eta horren irakaskuntza eta ikaskuntza errazteko neurriak ezartzen dira. Horien artean, elkarbizitzarako konpromisoak hartzea eta hezkuntzako bitartekaritza nabarmentzen dira. Elkarbizitza nahasten duten egoeren aurrean, hezkuntzako neurriak bi mailatan artikulatzen dira: lehenengoa, elkarbizitzaren aurkako portaera guztientzat, eta jarduketa bigarren maila bat, elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak diren poertaerentzat. Neurri guztiak, hezigarriak izateko, ikastetxeak azkar eta arin aplikatzekoak izanen dira.

Bestalde, ikastetxeen autonomia sustatzen da, aukera ematen baitzaie bakoitzaren elkarbizitza planean dekretu honetako alderdiak zehazteko, kontuan harturik ikasmailak, irakaskuntza modalitateak eta ikastetxearen gizarte eta kultur ingurunea.

Ildo horretan, foru dekretu hau esparru egokia da lanbide heziketako ikasketen, arte plastikoetako eta diseinuko, musikako eta dantzako lanbide ikasketen, musikako goi mailako ikasketen, hizkuntzen ikasketen eta helduen hezkuntzako ikasketen ezaugarri bereziak bere baitan jasotzeko, ikasleen tipologiari, ematen den prestakuntzari eta ikaskuntza prozesuaren testuinguruari berari dagokienez, foru dekretu honen ikuspegia ukitzen baitute.

Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren azken xedapenetan lehenean ezarritakoarekin bat, eta kontuan harturik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan xedatutakoa, Nafarroako Gobernuari dagokio Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoa eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aplikatzeko behar diren xedapenak ematea.

Horiek horrela, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorriz, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko abuztuaren 23an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru dekretu honen xedea da ikasleen eskubide eta eginbeharrak zehaztea, ikastetxeetako elkarbizitza arautzea eta familiek beren seme-alaben hezkuntza prozesuan parte hartzeko esparrua ezartzea, eskola eremuari dagokionez.

2. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 4ko 2/2006 Lege Organikoan araututako unibertsitateaz kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatu guztietan aplikatuko da.

2. artikulua. Oinarrizko printzipioak.

1. Hona hemen portaera desegokiak hartzen direnean aplikatu behar diren hezkuntza neurrien eta ikasleen eskubide eta eginbeharren esparru arau-emailearen oinarrizko printzipioak, kalitatezko hezkuntza lortzeko:

a) Ikastetxeetan irakaskuntza-ikaskuntza prozesua faboratzen duen giroa eta harreman positiboetarako giroa ezarri beharra, erantzukizunerako hezkuntzaren kontzeptuan oinarrituta.

b) Eskola elkarte osoaren parte-hartzea eta konpromisoa.

c) Gatazkei aurrea hartzea eta bake bidez konpontzea.

d) Pertsona guztien benetako berdintasuna zailtzen duten traba guztiak kentzea eta emakumezkoen eta gizonezkoen eskubideen eta aukeren erabateko berdintasuna sustatzea.

e) Tratu berdinaren printzipioa sartzea, jokabide sexistengatik, arrazistengatik, xenofoboengatik edo erlijioaren kontrakoengatik edo horiei loturiko estereotipo sozialetan oinarritutako jokabideengatik bazterkeria edo desberdintasunak izatea saihestuz.

2. Eskola elkarteko kide guztiei dagokie ikastetxeetako elkarbizitza bermatzeko behar diren neurriak hartzea eta horretaz arduratzea, hala nola ikasleen eskubideak zuzen baliatzen direla eta eginbeharrak zehatz-mehatz betetzen direla bermatzeko, foru dekretu honetan ezarritakoari jarraikiz. Hori helburu:

a) Ikastetxeko zuzendaritzak giro egokia bultzatuko du ikasteko, ikasleek gaitasunak eskuratzeko eta ikastetxean elkarren ondoan bizitzeko, eta gatazkak sortzen direnean, auzia elkarrizketaren bidez, akordioen bidez, bitartekaritzaren bidez edo gatazkak bake bidez konpontzeko beste teknika batzuen bidez konpontzen saiatuko da. Bestalde, indarreko legediaren arabera bidezko diren hezkuntza neurriak ezarriko dizkie ikasleei.

b) Eskola Kontseiluak eta klaustroak behar diren neurriak eta ekimenak proposatuko dituzte ikastetxean elkarbizitza sustatzeko eta horrelakoak garatzen lagunduko dute.

c) Eskola Kontseiluak diziplina gatazken ebazpenak ezagutu beharko ditu, indarreko legediaren araberakoak izatea begiratuko du eta, erreklamazioak aurkeztuz gero, berrikusten ahalko ditu.

d) Klaustroak ezagutu beharko du, orobat, diziplina gatazken ebazpena eta zuzenketa neurrien ezarpena, eta indarreko araudiaren araberakoak izan daitezen begiratuko du.

e) Tutoreek, taldekako eta banakako tutoretzaren bidez, bermatuko dute ikasleak integratzeko eta elkarbizitza hobetzeko estrategia eta jarduerak garatzen direla, baita familiekiko lankidetza ere, elkarrizketen, bileren edo egoki iruditzen zaizkien beste baliabide batzuen bitartez.

f) Irakasleek ikastetxeko jarduerak errespetuzko giro batean garatzen lagunduko dute, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak eta gaitasunak eskuratzeko prozesua errazteko ikasleei, eta horretarako beren agintea erabiliko dute gelan eta ikastetxean. Era berean, sortzen diren diziplina gatazketan edo arazoetan lehenengo esku-hartzearen arduraduna izanen da eta konpontzeko behar diren neurriak aplikatuko ditu bere erantzukizunaren eremuan.

g) Ikasleek erantzukizunez jokatuko dute beren eskubideak erabili eta eginbeharrak betetzeko orduan.

h) Gurasoek, beren seme-alaben lehenengo hezitzaile nagusiak direnez, behar diren neurriak hartu beharko dituzte familia giroan, irakasleen agintearen aitorpena sustatu beharko dute seme-alaben artean, eta hezkuntza prozesua egokia izan dadin lagundu beharko dute, ikastetxeak hartzen dituen erabakiak errespetatuz.

3. Hezkuntza Departamentuak babes eta laguntza juridikoa bermatuko die hala zuzendaritza taldeei, nola irakasleei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei, beren lanbide jardueran gatazkak sortzen direnean.

II. KAPITULUA. Ikasleen eskubideak eta eginbeharrak

3. artikulua. Ikasleen eskubide eta eginbeharren printzipio orokorrak.

1. Ikasle guztiek eskubide eta eginbehar berberak dituzte. Ezberdintasun bakarrak adinaren araberako zehaztapen batzuk izanen dira.

2. Eskolatzealdian, ikaslea bere eginbeharrez arduratuko da, erantzukizunez, eta bere eskubideak ezagutu eta erabiltzeko orduan, beste pertsonak errespetatu beharko ditu, izan ere, erantzukizun hori foru dekretu honen erreferentzia nagusietako bat da.

3. Espainiako Konstituzioan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan ezarritako balio eta printzipioetan hezteko, ikasleek arau horiek ezagutzeko eskubidea eta errespetatzeko beharra dute.

4. Eskubide bat erabiltzeak, banaka edo taldeka, berarekin dakar besteen eskubideak errespetatu beharra.

5. Ikastetxeko zuzendaritzak, irakasleek eta eskola elkarteko gainerako kideek bermatu behar dute eskubide eta eginbehar horiek testuinguru egokian erabiltzen direla.

4. artikulua. Ikasleen eskubideak.

Ikasleek honako oinarrizko eskubide hauek dituzte:

a) Funtsezko eskubide eta askatasunen errespetuan eta elkarbizitzaren printzipio demokratikoetan oinarritutako prestakuntza jasotzeko eskubidea. Eskubide hori honako alderdi hauetan gauzatzen da:

a.1) Tolerantziaren eta askatasunaren erabileran oinarritutako hezkuntza, elkarbizitzaren printzipio demokratikoen barrenean, hala nola gatazkei aurrea hartu eta bake bidez konpontzeko jokabidean oinarritutako hezkuntza.

a.2) Espainiako Konstituzioan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan ezarritako balio eta printzipioetan oinarritutako hezkuntza.

a.3) Giza Eskubideen tratatu eta deklarazio unibertsaletan aitortutako printzipio eta eskubideetan, herritar demokratikoen substratua osatzen duten balio erkideetan eta pertsona guztien duintasunaren errespetuan -nolakoa den aintzat hartu gabe- oinarritutako hezkuntza.

a.4) Foru dekretu honetan eta indarreko legedian ikasleei eta eskola elkarteko gainerako kideei aitortzen zaizkien eskubide eta eginbeharretan oinarritutako hezkuntza.

b) Osoko prestakuntza jasotzeko eskubidea, bere nortasuna erabat garatzen laguntzen duena. Eskubide hori honako alderdi hauetan gauzatzen da:

b.1) Oinarrizko gaitasunetarako hezkuntza, garapen pertsonala eta gizarte integrazioa ahalbidetzeko.

b.2) Curriculumaren arlo guztietan ikasleak kalitatezko irizpideekin hezten dituen irakaskuntza.

b.3) Prestakuntza interes ezberdinetara eta ikasleen ahalmen ezberdinetara egokitutako hezkuntza.

b.4) Hezkuntza emozionala, pertsonen arteko harremanak egoki bideratzen laguntzen duena.

b.5) Zientzian eta didaktikaren oinarrizko printzipioetan oinarritutako irakaskuntza jardueren garapena.

b.6) Prestakuntza etiko eta morala.

b.7) Eskola eta lanbide orientazioa eta orientazio pertsonala, bakoitzak bere gaitasun, ahalmen eta interesen araberako erabakiak hartzea ahalbidetzen duena.

b.8) Nafarroako Foru Komunitatearen hizkuntza aniztasunaren errespeturako prestakuntza.

c) Errespetatua izateko eskubidea.

Ikasleek eskubidea dute beren nortasuna, osotasuna eta duintasun pertsonala errespetatua izateko, baita beren kontzientzia askatasuna eta beren sinesmen erlijioso eta moralak ere, eskubide horiek Nazio Batuen Biltzar Orokorrak 1948ko abenduaren 10ean hartutako (III) Ebazpenaren bidez onartu zen Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean eta Espainiako Konstituzioan aitortuak baitaude. Eskubide hori honako alderdi hauetan gauzatzen da:

c.1) Intimitatearen errespetua.

c.2) Kontzientzia askatasunaren errespetua, hala nola norberaren sinesmen ideologiko, erlijioso eta moralen errespetua.

c.3) Pertsona guztien aniztasunaren eta desberdintasunaren errespetua, estereotipoetatik eta kanpoko beste baldintza batzuetatik haratago.

c.4) Eraso fisikoen, emozionalen, moralen edo bestelakoen kontrako babesa.

c.5) Elkarbizitza positiboko giroa, jarduerak normal egiteko aukera ematen duena eta errespetua eta elkartasuna sustatzen dituena.

c.6) Konfidentzialtasuna datu pertsonalen tratamenduan. Irakaskuntzaren eginkizunetarako beharrezkoak izateagatik ikastetxeak biltzen dituen ikasleen datu pertsonalen tratamenduan datuen segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzen dituzten arau tekniko eta antolaketakoak aplikatuko dira. Datuak lagatzeari dagokionez, datu pertsonalen babesari buruzko legediari jarraikiko zaio. Nolanahi ere, ikastetxeak eskatzen duen informazioa irakaskuntza eta orientazio lanetarako behar-beharrezkoa dena izanen da, eta hezkuntzatik kanpoko beste erabilera batzuetarako ezin izanen da erabili, non ez dagoen familiaren edo ikaslearen, adinez nagusia bada, berariazko baimena.

d) Objektibotasunez baloratua izateko eskubidea.

Ikasleek beren dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez baloratuak izateko eskubidea dute. Eskubide hori honako alderdi hauetan gauzatzen da:

d.1) Programazio didaktikoen oinarrizko alderdiak ezagutzea: helburuak, edukiak, ebaluazio prozedurak eta ebaluaziorako, kalifikaziorako eta aurrera egiteko irizpideak.

d.2) Bere ikaskuntza prozesuaren bilakaeraren gaineko informazioa jasotzea, baita horren arabera hartzen diren erabakien berri ere.

d.3) Lortutako kalifikazioen eta hartutako erabakien gaineko argibideak eskatu eta erreklamazioak aurkezteko aukera izatea, hala ebaluazio partzialetan nola azkenekoetan, betiere Hezkuntza Departamentuak ezartzen duenari jarraikiz.

e) Ikastetxeko bizitzan parte hartzeko eskubidea.

Ikasle guztiek ikastetxeko bizitzan parte hartzeko eskubidea dute, dela banaka dela taldeka, ikastetxeak ezartzen dituen baldintzetan. Eskubide hori honako alderdi hauetan gauzatzen da:

e.1) Ikastetxean dituzten ordezkarien bidez edo legez eratuta dauden ikasleen elkarteen bidez parte hartzea.

e.2) Adierazpen askatasuna. Bere iritziak errespetuz adierazteko aukera, baldin eta iritzi horiek Giza Eskubideen eta balio demokratikoen esparruaren barrenean badaude eta ikastetxearen hezkuntza proiektua eta ikastetxearen izaera errespetatzen badituzte. Ikastetxeek, nork bere Elkarbizitzaren Erregelamenduan, eskubide hori erabiltzeko modua, guneak eta tokiak arautuko dituzte.

e.3) Ikastetxean biltzea. Ikastetxeek, Elkarbizitzaren Erregelamendua prestatzean, ikasleek eskubide hau erabiltzeko baldintzak ezarriko dituzte.

e.4) Elkarteak osatzea. Ikasleek elkarteak osatzeko eskubidea dute, indarreko legediari jarraikiz.

e.5) Adiskidetze eta bitartekaritza bideak erabiltzea gatazkak konpontzeko hezkuntza metodo gisa.

e.6) Ikasleek ikastetxeetako gobernu organoetan parte hartzea indarreko araudiari jarraikiz.

f) Denek aukera berdinak edukiz hezia izateko eta babes soziala izateko eskubidea.

Ikasle guztiek babes sozialerako, aukera berdintasunerako eta hezkuntza eremuan sartzeko eskubidea dute, indarreko lege esparruaren barrenean. Eskubide hau, hezkuntza eremuan, honela gauzatzen da:

f.1) Babes eta laguntza jasotzea desberdintasun, gabezia edo desabantaila pertsonalak, familiarrak, ekonomikoak, sozialak edo kulturalak konpentsatzeko, hezkuntza sisteman sartzea edo segitzea galarazten edo zailtzen duten premia berariazkoak dituztenei arreta berezia eskainiz.

f.2) Familia ezbeharretan edo istripuetan babesa jasotzea. Eritasun luzea gertatzen denean, ikasleak eskubidea du ezinbestean eskolatu gabe egon beharreko aldiak bere ikasketen errendimenduan duen eragina gutxitzeko behar den laguntza jasotzeko.

f.3) Terrorismoaren biktima diren ikasleei arreta berezia ematea, ikasketak egoki egiteko behar duten laguntza jaso dezaten.

f.4) Genero indarkeriaren edo eskolako jazarpenaren biktima diren ikasleei arreta berezia ematea.

f.5) Tratu txar fisiko edo psikologikoen edo axolagabekeriako edo babesgabetasuneko beste edozein egoeraren arrazoizko zantzurik dagoenean edo horrelakoak konfirmatzen direnean, babesa ematea.

g) Osasuna babesteko eta sustatzeko eskubidea.

Ikasle guztiek beren osasuna babesteko eta sustatzeko eskubidea dute. Eskubide hau, hezkuntza eremuan, honela gauzatzen da:

g.1) Ikastetxeetan ohitura osasungarriak sustatzea.

g.2) Gorputz ariketa egiteko ohiturak sustatzea, osasunerako eta aisialdirako, hezkuntzaren ikuspegi batetik.

g.3) Elikatzeko ohitura osasuntsuak sustatzea. Ikastetxeetako jantokietan eskaintzen diren menuetan hori bermatu beharko da.

h) Jasotzen den hezkuntzan, helburuen artean emakumezkoen eta gizonezkoen eskubideen eta aukeren berdintasuna sartzeko eskubidea. Eskubide hori honako alderdi hauetan gauzatzen da:

h.1) Behar diren gaitasunak garatzea eta behar diren ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak sartzea ikasleek autonomiaren eta independentzia pertsonalaren arloan, etxeko lanen arloan eta pertsonen zainketaren arloan dituzten edo izan ditzaketen behar eta erantzukizunak beren gain har ditzaten.

h.2) Behar diren ezagutzak eta trebetasunak sartzea ikasleek ikas dezaten erabakitzeko esparruetan erantzunkidetasuna onartzen eta horrela parte hartzen.

h.3) Emakumezkoak eta gizonezkoak berdintzat hartzea, emakumezkoek hainbat diziplinatan duten jakinduria berreskuratuz eta gizadiaren garapenerako egin duten ekarpen sozial eta historikoa aintzat hartuz.

h.4) Hizkuntza ez-sexista erabiltzea eta komunikatzeko estiloen aniztasuna errespetatzea, ikaslearen autoestimua eta nortasuna garatzeko berdintasun balioak transmititzeko giltza-baliabidea baita.

h.5) Aukera akademikoak, pertsonalak eta profesionalak sexuari lotutako estereotipoetan oinarritutako baldintzarik gabe egiteko prestatzea.

h.6) Ikaslearen heldutasun pertsonala, soziala eta morala sendotzea, bere harreman pertsonaletan eta afektibo-sexualetan erantzukizunez eta modu autonomoan jarduteko, dauden desberdintasunak aztertu eta kritikoki baloratzeko eta pertsonen arteko benetako berdintasun eraginkorra sustatzeko.

5. artikulua. Ikaslearen eginbeharrak.

Hona hemen ikaslearen oinarrizko eginbeharrak:

a) Ikastea, ikasleen oinarrizko eginbeharra baita. Eginbehar honek zera dakar:

a.1) Eskolako nahitaezko jarduera guztietara joatea eta aktiboki parte hartzea.

a.2) Ikastetxeko jardueren ordutegia errespetatzea eta garaiz iristea, jarduerak ikastetxearen instalazioen barrenean izan edo kanpoan.

a.3) Estudiatzea eta ahalegintzea, norberaren gaitasunen arabera garapenik handiena lortzeko.

a.4) Atsedenaldiari, elikadurari eta higieneari dagokienez, ohitura egokiak izatea.

b) Irakasleen eta zuzendaritza taldearen hezkuntza lana eta agintea errespetatzea eta eskola elkartekoak diren edo haren zerbitzura jarduten duten beste eragile batzuen oharrei kasu egitea. Eginbehar honek zera dakar:

b.1) Irakasleen eta zuzendaritza taldearen hezkuntza lana eta agintea errespetatzea eta eskola elkartekoak diren edo haren zerbitzura jarduten duten beste eragile batzuen oharrei kasu egitea, hala hezitzaile gisa ari direnean, nola ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendu arauak eta elkarbizitzaren arauak betetzeko kontrol lanetan ari direnean.

b.2) Irakasleek agintzen dituzten lanak egitea.

b.3) Ikastetxearen izaera eta hezkuntza proiektua errespetatzea.

c) Ikastetxeko elkarbizitza hobetzen eta, ikasgelan eta ikastetxean, ikasketetarako giro egokia lortzen parte hartzea eta modu positiboan laguntzea. Eginbehar honek zera dakar:

c.1) Ikastetxeko elkarbizitzarako arauak eta antolaketa eta funtzionamendu arauak betetzea.

c.2) Parte hartzea eta eskola elkarteko kide guztiei modu aktiboan eta positiboan laguntzea hezkuntza jarduera guztiak errazago egin daitezen.

c.3) Ikasgelan eta ikastetxean ikasteko giro egokia sortzen eta mantentzen laguntzea irakasleei.

c.4) Bere ahalmenen arabera, sortzen diren gatazkei aurrea hartzen eta gatazkak bake bidez eta zuzen konpontzen parte hartzea.

c.5) Behar dutenei laguntza eskaintzea eta ematea.

c.6) Pertsona ahulenen alde eta eskolan jazarpena jasan dezaketenen alde aktiboki parte hartzea, biktimagaiak errespetatuz, defendatuz eta integratuz, eta ikastetxeak Elkarbizitza Planeko "antibullying" protokoloaren bidez ezartzen dituen neurrietan lagunduz.

c.7) Ikastetxeko eta, kasua bada, ikasgelako elkarbizitzarako arauak eta funtzionamendu arauak prestatzen parte hartzea, bere eskumen esparruan.

c.8) Ikastetxearekin batera aktiboki parte hartzea hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak ikastetxeko jarduera eta bizitzan sar daitezen.

d) Pertsonak errespetatzea. Eginbehar honek zera dakar:

d.1) Besteenganako harremanetan errespetuz jokatzea eta hori elkarbizitzarako oinarrizko arautzat hartzea.

d.2) Bere ikaskide guztiei ahalbidea eta erraztasunak ematea foru dekretu honetan ezarritako eskubide eta eginbehar guztiak erabil ditzaten, batez ere ikasteko eskubidea.

d.3) Jarrera baketsua izatea eta sustatzea, mota guztietako indarkeriak errefusatuz.

d.4) Kontzientzia askatasuna eta sinesmen ideologiko, erlijioso eta moralak errespetatzea, jende guztiaren eskubidea den aldetik, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak eta Espainiako Konstituzioak babestu eta aitortua; orobat, eskola elkartekoak diren edo haren zerbitzura jarduten duten kide guztien duintasun pertsonala, osotasuna eta intimitatea errespetatzea, jaiolekua, arraza, sexua, erlijioa, iritzia edo beste edozein inguruabar pertsonal edo sozial dela kausa litezkeen bazterketa guztiak saihestuz.

d.5) Eskola elkartekoak diren edo haren zerbitzura jarduten duten kide guztien ondasunak errespetatzea.

e) Ikastetxera behar bezala jantzita eta norberaren higienea zainduta joatea. Eginbehar honek zera dakar:

e.1) Erabiltzen diren jantziak ikastetxeen izaeraren araberakoak izatea, ikasteko tokiak baitira. Jantziak hezkuntzako lanak eta jarduerak egoki eta ongi egiteko modukoak izanen dira eta ikaslea identifikatzeko trabarik ez dute jarriko.

e.2) Ikastetxearen aholkuak errespetatzea. Ikastetxeak ikaslearen jantzien erabilera arautzen ahalko du. Araudi horrek gizonezkoen eta emakumezkoen tratu berdintasunaren irizpideak hartuko ditu aintzat eta kontuan hartuko ditu janzkien aniztasuna eta elkarbizitzan dituzten ondorioak, gogoeta kritikoa eginez eta integrazioaren ikuspegitik, eta aniztasuna errespetatuz.

e.3) Norberaren higiene eta garbiketarako ohitura egokiak izatea, osasun egoera egokian izateko eta eritasunen transmisioa galarazteko.

f) Ikastetxeko instalazioak, ekipamendua, altzariak eta materialak zaintzea eta egoki erabiltzea, hala nola ikastetxearen inguruetakoak eta eskola garraioetakoak. Eginbehar honek zera dakar:

f.1) Ikastetxeko instalazioak eta ekipamendua, larrialdietako sistemak eta hezkuntza jardueran erabiltzen diren materialak errespetatu eta zaintzea.

f.2) Ingurumena errespetatzea, ikastetxean garbitasuna zainduz, ura eta energia egoki erabiliz, hondakinak bereiziz, etab.

f.3) Ikastetxearen inguruak errespetatzea, lorategiak, espaloiak, atariak, fatxadak, hormak eta abar garbi eta txukun mantenduz.

III. KAPITULUA. Ikastetxeetako elkarbizitzaren araudia

6. artikulua. Elkarbizitza Plana.

1. Arau honen xedeko ikastetxe guztiek Elkarbizitza Plana prestatu beharko dute, ikastetxearen hezkuntza proiektuaren barrenean izanen dena.

2. Bizikidetza planean prebentzio neurriak, bitartekaritza, bizikidetzarako konpromisoak eta bizikidetzarako erregelamendua sartuko dira, hala nola bizikidetza hobetzeko eta gatazkak bake bidez konpontzeko behar diren gainerako neurriak.

Hizkuntza-eredu bat baino gehiago dituzten ikastetxeetan, bizikidetza planak berariaz bilduko ditu aurreko neurriak, eredu ezberdinetako ikasleen eta hizkuntza-komunitatearen bizikidetzari lotuta.

Hainbat hizkuntza-eredu izan eta instalazioak konpartitzen dituzten ikastetxeetan, elkarrekin prestatuko dute haren bizikidetza plana edo planak. Nolanahi ere, eredu ezberdinetako ikasleen eta hizkuntza-komunitatearen bizikidetza errazten duten neurri eta jarduerak sartuko dira.

3. Elkarbizitza errazteko eta, hala dagokionean, gatazkak konpontzeko bitartekaritza bermatzeko, zuzendariak ikastetxeko Elkarbizitza Batzordea osatuko du. Batzordearen osaera eta eginkizunak Elkarbizitza Planean jasoko dira.

4. Elkarbizitza Plana urtero berrikusiko da eta urteroko zehaztapenetan aplikatuko da. Prozesu horretan eskola elkartekoak diren eragileek eta haren zerbitzura jarduten dutenek parte hartuko dute.

5. Elkarbizitza Planak jarduketa eremu hauek hartuko ditu: ikastetxearen kudeaketa eta antolaketa, eskola elkarteko sektore guztien parte-hartzea, tutoretza lana, ikasgelaren kudeaketa, irakaskuntzako eta ikaskuntzako curriculum prozesuak, jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak eta ikastetxearekin harremana duen beste edozein inguruabar.

7. artikulua. Prebentzio neurriak.

Aplika daitezkeen prebentzio neurriak hauek dira:

1. Ikastetxean elkarbizitzarako giro egokia sustatzea, eguneroko eginkizunetan integratutako berariazko jarduketa batzuen bidez.

2. Curriculum arloetako programazioetan behar diren edukiak eta trebetasunak garatzea, gizartean eta herritar gisa jarduteko gaitasuna eta norberaren autonomiarako eta ekimen pertsonalerako gaitasuna eskuratzen direla bermatzeko, hala nola balio demokratikoak eta pertsona guztien berdintasuna sustatzeko.

3. Gatazkak elkarrizketaren bidez eta bake bidez konpontzeko ikaskuntza planifikatzea, ikasleak ezagutzaren bidez prestatuz, hala nola heziketa emozionala, balioetan oinarritutako hezkuntza eta trebetasun sozialak landuz.

4. Elkarbizitzarako arauen kontrako portaerei aurrea hartzea, irakasleak, Elkarbizitza Batzordeko kideak eta Eskola Kontseiluko kideak trebatuz eta arlo horretan dituzten eginkizunak eta jarduketak zehaztuz.

5. Ikastetxearen, familien eta prebentzio eta hezkuntza neurriak hartzeko eskumena duten erakunde publikoen arteko koordinazioa, batez ere ikasleen egoera familiarra, pertsonala edo bestelako bat dela kausa, elkarbizitzarako arauen kontrako jokabideak sor badaitezke.

6. Tutoretza plana diseinatzea, bertan elkarbizitzari, trebetasun sozio-emozionalei eta balioetan oinarritutako hezkuntzari buruzko edukiak eta helburuak bilduz eta, orohar, gizabanakoen arteko eta taldeko harremanak indarkeriari aurrea hartzera eta gatazkak bake bidez konpontzera bideratzen dituzten ikaskizunak sartuz.

7. Hizkuntza-eredu bakarreko ikastetxeetan, familiekin eta erakundeekin 5. idatz zatian adierazi bezala koordinatu behar diren hezkuntza-neurrien artean, ikasleei eta hezkuntza-komunitateari beste hizkuntza-eredu bat edo batzuk dituzten ikastetxeetako ikasle eta hezkuntza-komunitateekin bizitzeko aukera ematen dieten neurriak sartuko dira.

8. artikulua. Bitartekaritza: hezkuntzako baliabidea eta gatazkak konpontzeko metodoa.

1. Gatazkak bake bidez konpontzeko hartzen diren neurrietako bat bitartekaritza lana egitea izan daiteke.

2. Eskolako bitartekaritza gatazkak konpontzeko metodo bat da, non pertsona batek auzitan dauden bi pertsonaren edo gehiagoren artean parte hartzen duen, alderdi guztientzat egokia den akordio bat aurkitzen laguntzeko. Bitartekariak zehaztuko den prestakuntza berariazkoa izanen du eta inpartzialtasunez eta konfidentzialtasunez arituko da.

3. Eskolako bitartekaritza, ahal den guztietan, eskola elkartea osatzen duten pertsonen arteko gatazken kudeaketan erabiliko da, hezkuntzako, prebentziorako eta gatazkak konpontzeko estrategia gisa.

4. Ikastetxeak gatazkak konpontzeko bitartekaritza eskainiko du, ikastetxeetako elkarbizitzaren araudian ezartzen den bezala. Bitartekaritza neurri esklusiboa izan daiteke, edo osagarria, aldi berean, lehenago edo geroago hartzen diren beste hezkuntza neurri batzuekin.

9. artikulua. Elkarbizitzarako konpromisoak.

1. Ikasle batek portaera arazoak baldin baditu, ikastetxearen, ikaslearen eta gurasoen edo legezko ordezkarien arteko elkarbizitzarako konpromisoak sinatzen ahalko dira, ikasturtearen edozein unetan, ahaleginak bateratzeko eta proposatzen diren ekintzak eta neurriak irakasleekin eta beste profesional batzuekin koordinatzeko.

2. Elkarbizitzaren Batzordeak konpromiso horien jarraipena egin dezake.

3. Ikastetxeek konpromisoak proposatzen ahalko dizkiete jazarpen portaerak izateagatik hezkuntza neurriak aplikatu zaizkien ikasleen familiei, modu horretan ikastetxea eta familia batera aritu daitezen portaera horiek zuzentzeko.

Familiek uko egiten badiote konpromiso horiek sinatzeari, agintaritza eskudunei horren berri emanen zaie baldin eta legeek adingabeak zaintzeko ezartzen dituzten betebeharrak betetzen ez badira, edo ez behar bezala, eta adingabeek beharrezko laguntza ez badute.

Ikastetxeek araubide bera aplikatu beharko diete haien bizikidetza arauetan ezarritako konpromiso familiarrei honako kasu hauetan: bizikidetzarako bereziki larritzat jotzen den portaera batengatik neurriak aplikatu direnean; 17. artikuluaren 1 e) edo ) idatz-zatietako kasuetan; edo derrigorrezko eskolatze adineko ikasleak eskoletara behin eta berriz joaten ez direnean.

4. Derrigorrezko eskolatze adinetik gorako ikasle batek, bizikidetzarako bereziki kaltegarria den portaera batengatik ikastetxeak neurri zuzentzaile bat aplikatu ondoren, uko egiten badio ikastetxeak proposatutako bizikidetzarako konpromisoa sinatzeari, haren matrikula deuseztatzen ahalko da, aldez aurretik ikasleari edo, adingabea bada, haren gurasoei edo legezko ordezkariei entzun ondoren, ikastetxearen bizikidetzarako erregelamenduan ezarritako inguruabarrak gertatzen direnean eta, betiere, haren ikasketak aprobetxatzen ez dituenean.

Ikaslea adingabea bada, gurasoei edo legezko ordezkariei ere proposatu behar zaie konpromisoa sinatzea. Familiek uko egiten badiote konpromiso hori sinatzeari, horren berri emanen zaie agintaritza eskudunei 3. idatz-zatian adierazitako moduan.

10. artikulua. Elkarbizitzaren Erregelamendua.

1. Elkarbizitzaren Erregelamendua Elkarbizitza Planaren zati bat da eta, ikastetxearen errealitatea kontuan harturik, honako hauek zehaztuko ditu:

a) Elkarbizitzarako arauak, foru dekretu honen II. kapituluan adierazitako eskubideen eta eginbeharren zehaztapen gisa.

b) Elkarbizitzaren aurkako portaerak eta aplika daitezkeen hezkuntza neurriak, foru dekretu honen V. kapituluan ezarritakoak.

c) Ikastetxeko elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak diren portaerak eta aplika daitezkeen hezkuntza neurriak, foru dekretu honen VI. kapituluan ezarritakoak.

2. Horiez gainera, Elkarbizitzaren Erregelamenduan hezkuntza neurriak aplikatzeko prozedurak sartuko dira.

IV. KAPITULUA. Elkarbizitza nahasten duten portaerak zuzentzeko printzipio orokorrak

11. artikulua. Zuzendu beharreko portaerak.

Foru dekretu honetan ezarritakoarekin bat, zuzendu beharreko portaerak izanen dira elkarbizitzarako arauak urratzen dituztenak, Elkarbizitzaren Erregelamenduan jasoak badaude, eta betiere:

a) Eskola ordutegiaren eta eskola eremuaren barrenean jarduerak egin bitarte gertatzen badira.

b) Eskola eremutik edo ordutegitik kanpora gertatzen badira ere, ikasleen eginbeharren eta eskubideen urraketarekin zuzeneko harremana baldin badute, foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera.

c) Ikastetxeak antolatutako jarduera osagarriak edo eskolaz kanpoko jarduerak egin bitarte gertatzen badira.

d) Ikastetxeko zerbitzu osagarriak erabili bitarte gertatzen badira (jantokia, eskola garraioa,...).

12. artikulua. Neurriak aplikatzeko irizpideak.

1. Irakasle guztiek, beren agintea erabiltzen dutenean, ikasteko behar den eskolako giro ona erraztu behar dute, eta horregatik, ikastetxeak antolatutako hezkuntza jarduerak egiten diren bitartean, elkarbizitzaren aurkakoak diren ikasleen portaerei aurrea hartu behar diete, eta ikasleei ohartarazi eta portaera zuzendu.

2. Zuzendu beharreko portaeretan aplikatu beharreko neurri guztiak egintzen erantzulea den ikaslearentzat hezigarriak izanen dira. Neurri horiek, gainera, ikasleen eskubideak errespetatzen direla bermatu beharko dute, eta erreferentzia elkarbizitza hobetzea izanen da.

3. Neurri horiek aplikatuz gero, ikasle guztiek eta, bidezkoa denean, aitak, amak edo legezko ordezkariak eskubidea izanen dute entzunak izateko eta beren burua defendatzeko alegazioak aurkezteko, foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera.

Neurri zuzentzaileak hartzeko prozeduretan, ikastetxeetako irakasleek eta zuzendaritzako taldeetako kideek egiaztatutako egitateek froga-balioa eta egiazkotasun presuntzioa izanen dituzte, aurkakoa frogatzen ez bada, ikasle edo haien legezko ordezkariek haien eskubide edo interesen alde adierazten edo aurkezten ahal dituzten frogak galarazi gabe.

4. Nolanahi ere, honako alderdi hauek kontuan hartu beharko dira:

a) Neurriek ikasleen hezkuntza prozesuak aurrera segitzea bermatu beharko dute, haien prestakuntza akademikoa galarazi gabe.

b) Ez da osotasun fisikoaren eta duintasun pertsonalaren kontrako neurririk aplikatuko.

c) Aplikatzen diren neurriak ikaslearen portaerarekin proportzionalak izanen dira.

d) Neurriak aplikatzean ikaslearen adina eta egoera pertsonalak, familiarrak eta sozialak hartu beharko dira kontuan. Horretarako, irakasleek inguruabar horiei buruz behar duten informazioa biltzen ahalko dute eta, hala badagokio, familiari edo erakunde publiko eskudunei aholkatzen ahalko diete behar diren neurriak har ditzaten.

e) Aplikatzen den neurriarekin batera kalteen konponketa ere ezarriko da, batez ere kalte pertsonalak izan direnean.

5. Edozein hezkuntza neurri aplikatu aurretik, zilegi izanen da ohartarazpena, kargu-hartzea eta zuzentzeko errekerimendua egitea, ahoz eta/edo idatziz, baita portaera desegokiari eta haren ondorioei buruzko gogoeta bat ere.

Ekipoak, materialak, jantziak edo gailuak eramateagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik aplikatzen diren hezkuntza neurriak alde batera utzita, ikasleei eskatzen ahalko zaie ikastetxeari emateko, haren esku egon daitezen eskolak bukatu arte edo ikasleak berak, gurasoek edo ikasleen ordezkariek jaso arte, ikastetxearen bizikidetzarako erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

6. Neurri jakin bat aplikatzea egokia ote den erabakitzeko, irakasle arduradunek eta zuzendaritzak ondoko hauengana jotzen ahalko dute aholku eske: ikastetxeko orientatzailea, ikastetxeko bizikidetza batzordea, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Hezkuntza Departamentuko Bizikidetzarako Aholkularitza, Hezkuntzako Ikuskatzailetza eta Hezkuntza Departamentuko bizikidetza batzordea.

7. Neurrien izaera hezigarria indartzeko eta antzeko portaerak berriz agertzeari aurrea hartzeko, neurriak aplikatu ondoren, ikastetxeko zuzendaritzak hala erabakitzen badu, ikaslearen, zuzendaritzaren eta zuzendaritzak berak egokitzat jotzen dituen pertsonen arteko elkarrizketak egiten ahalko dira.

13. artikulua. Eragindako kalteak konpontzea.

Eragindako kalteak konpontzea ikastetxeko elkarbizitzaren oinarrizko printzipioetako bat izanen da eta ikastetxe bakoitzeko Elkarbizitzaren Erregelamenduan ezartzen den bezala eginen da, foru dekretu honen seigarren xedapen gehigarrian ezartzen dena galarazi gabe.

V. KAPITULUA. Elkarbizitzaren aurkako portaerak eta hezkuntza neurriak aplikatzea

14. artikulua. Elkarbizitzaren aurkako portaerak.

1. Oro har, elkarbizitzaren aurkako portaerak dira, Elkarbizitzaren Erregelamenduan agertzen direnetatik ikastetxeko ohiko elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak ez direnak. Nolanahi ere, honako hauek elkarbizitzaren aurkako portaeratzat hartuko dira:

a) Ikasteko eginbeharra ez betetzea, edo bere ikaskideek ikasteko duten eginbeharraz eta eskubideaz baliatzea eragozten duen beste edozein portaera hartzea eskolak bitartean.

b) Eskolara ez joatea edo berandu iristea justifikatu gabe. Eskolara ez joatea edo berandu iristea justifikaziorik gabekoa dela ondorioztatuko da idatziz desenkusatzen ez bada edo, hala eginda ere, ikastetxeak uste badu emandako arrazoia ez dela nahikoa hutsegitea justifikatzeko.

Ikastetxeko zuzendaritzak edo bizikidetzarako erregelamenduak honako hauek definituko ditu: hutsegiteak justifikatzeko prozedura, irizpideak idatziz emandako arrazoia ez dela nahikoa hutsegitea justifikatzeko eta beharrezkotzat jotzen diren neurriak informazioa eskuratzeko, justifikazioaren ondorioetarako.

c) Eskolara behin eta berriz agertzea behar den materiala eraman gabe, hori ikasleari egotzi beharreko arrazoiengatik bada.

d) Ikasleak lan gutxi egitea behin eta berriz, hala etxean nola ikasgelan.

e) Azterketetan, probetan edo ariketetan kopiatzea edo beste ikasle batzuei kopiatzeko bidea ematea.

f) Pertsonen duintasunaren eta legez ezarritako eskubide demokratikoen aurkako adierazpen berariazkoak egitea, edo hezkuntza proiektuaren eta ikastetxearen beraren izaeraren aurkakoak.

g) Irakaslearen agintearen aurkako errespetu faltak, eta ikastetxeko langileei desobeditzea, beren eginkizunetan ari direla.

h) Eskola elkartekoak diren edo haren zerbitzura jarduten duten kideak desegoki eta errespetu gabe tratatzea.

i) Taldekako absentzietan parte hartzea, zuzendaritzak baimentzen ez baditu.

j) Ikastetxeko langileei gezurrak esatea edo nahita informazio faltsua ematea, horrek eskola elkartekoa den edo haren zerbitzura jarduten duen kideren bati kalte larria eragiten ez badio.

k) Debekatuta dauden ekipoak, materialak, jantziak edo gailuak eramatea, salbu eta zuzendaritzaren baimena badu.

l) Ikastetxeko guneak, materiala eta ekipamendua erabiltzea baimenik gabe, edo hezkuntzakoak ez diren helburuetarako edo baimendutakoak ez diren beste batzuetarako.

m) Ikastetxeak jantziei buruz ezartzen dituen arauak ez betetzea.

n) Norberaren higieneari eta garbiketari behin eta berriz arreta galtzea, nahita.

ñ) Ikastetxeko instalazio edo materialak, eskolako garraiobideak edo bisitatzen diren lekuetako ondasun edo instalazioak nahita hondatzea, baita eskola elkartekoa den edo haren zerbitzura jarduten duen edozein kideren gauzak ere, kaltea arina denean.

o) Ikastetxeko instalazioen, ekipamenduen, materialen edo inguruen garbiketa galaraztea, hala nola eskolako garraiorako autobusena edo ikastetxearekin bisitatzen diren lekuena. Pintaketak egitea bereziki tratatuko dira.

p) Ikastetxearen barrenean, eskolako garraiobideetan edo ikastetxeak antolatzen dituen jardueren bitartean tabakoa erretzea edo edari alkoholdunak edatea.

q) Ikastetxeak aitei, amei edo legezko ordezkariei bidaltzen dien informazioa ez ematea edo ez jakinaraztea haiei.

r) Eskola jardueraren ohiko garapena nahasten duen beste edozein jokabide oker, ikastetxeko elkarbizitzarako bereziki kaltegarria den portaeratzat hartzen ez bada.

2. Ikastetxeek, beren autonomia erabiliz, ahalmena dute beren Elkarbizitzaren Erregelamenduan aurreko atalean adierazitako portaerak zehazteko, kontuan harturik Hezkuntza Proiektua eta ikastetxearen izaera.

15. artikulua. Elkarbizitzaren aurkako portaeretan aplikatu beharreko hezkuntza neurriak.

1. Elkarbizitzaren Erregelamenduan jasotzen diren elkarbizitzaren aurkako portaeretan aplika daitezkeen hezkuntza neurriak hauek dira:

a) Atsedenaldia erabiltzea ikasleak egindakoa konpondu edo bideratzeko lan berariazkoetarako.

b) Elkarbizitzaren aurkako portaera zein irakaslerekin gertatu den, hark ematen dituen irakasgaien eskoletara agertzeko debekua, 3 saiotarako gehienez. Ordu horietan, ikasleak neurria aplikatu duen irakasleak erabakitzen dituen prestakuntza jarduerak egin beharko ditu ikastetxean, bere hezkuntza eta ebaluazio prozesua ez eteteko.

c) Ikastetxean sartu eta/edo ateratzeko eskola ordutegia aldatzea, 5 eskola egunetan gehienez.

d) Lan batzuk egitea, eskola ordutegiaren barrenean edo hortik kanpora, pertsonei, ikastetxeko instalazioei edo materialei edo eskola elkarteko kideen gauzei eragindako kaltea konpontzen laguntzeko, edo eskola elkartearentzat onuragarriak diren lanak egitea.

e) Jarduera osagarrietan eta/edo eskolaz kanpokoetan parte hartzeko eskubidea etetea denbora mugatu baterako.

f) Ikaslea beste talde batera aldatzea aldi baterako.

g) Eskolako garraioa erabiltzeko eskubidea etetea hamar bidaiatarako gehienez, zuzendu beharreko jokabidea eskolako garraioan gertatu bada.

h) Eskolako jantokiaren ordutegia aldatzea bost egunez gehienez, zuzendu beharreko jokabidea eskolako jantokian gertatu bada.

i) 14.e) artikuluan aipatutako azterketan, proban edo ariketan kalifikazio negatiboa jartzea.

2. Ikastetxeek, beren autonomia erabiliz, ahalmena dute beren Elkarbizitzaren Erregelamenduan aurreko atalean adierazitako hezkuntza neurriak zehazteko, kontuan harturik Hezkuntza Proiektua eta ikastetxearen izaera.

16. artikulua. Elkarbizitzaren aurkako portaeretan hezkuntza neurriak aplikatzeko prozedura.

1. Elkarbizitzaren aurkako portaeretan hezkuntza neurriak aplikatzea ikastetxeko zuzendariari dagokio, edo horren eskuordetza duen organoari edo irakasleari, zeinak informazioa jasoko baitu ikastetxeak ezartzen duen prozeduraren bidez.

2. Dekretu honen 15.1 artikuluko a) eta b) neurriak aplikatzea une horretan eskola ematen ari zen irakasleari dagokio. Neurri horiek ikasleari, ikastetxeko zuzendariari eta tutoreari jakinaraziko zaizkie. Gero, tutoreak ikaslearen gurasoei edo legezko ordezkariei jakinaraziko dizkie.

3. Dekretu honen 15. 1 artikuluko c), d), e), f), g), h) eta i) neurriak aplikatzeko gaitasuna zuzendariari egoki iruditzen zaion organoari edo kargudunari eskuordetzen ahalko dio. Neurri horiek ikasleari, ikastetxeko zuzendariari eta tutoreari jakinaraziko zaizkie. Gero, tutoreak ikaslearen gurasoei edo legezko ordezkariei jakinaraziko dizkie.

4. Ikastetxeak, Elkarbizitzaren Erregelamenduan, elkarbizitzaren aurkako portaeretan hezkuntza neurriak aplikatzeko prozedura zehaztuko du, betiere foru dekretu honen 12. artikuluan ezarritakoa bermatuz.

5. Ekintzen egileen berri izan eta hogei eskolaegun igarota hezkuntza neurririk aplikatu ez bada, ezin izanen da horrelakorik aplikatu.

6. Elkarbizitzaren aurkako portaeretarako hezkuntza neurrien aurka ezin da inolako erreklamaziorik egin administrazio bidean.

VI. KAPITULUA. Elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak diren portaerak eta hezkuntza neurriak aplikatzea

17. artikulua. Elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak diren portaerak.

1. Oro har, elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak diren portaerak dira, Elkarbizitzaren Erregelamenduan agertzen direnetatik ikastetxeko ohiko elkarbizitza larriki nahasten dutenak. Nolanahi ere, honako hauek elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak diren portaeratzat hartuko dira:

a) Irakasleen edo haren agintearen aurkako edo eskola elkartekoak diren edo haren zerbitzura jarduten duten kideen aurkako irainak, kalumniak, ofentsak, isekak edo umiliazioak, haien aurkako indarkeria fisikoa edo bestelakoa eta, halaber, haienganako jazarpen eta hitzezko edo egitezko jokabideak, bereziki alderdi sexista, arrazakeriazkoa edo xenofoboa badute edo pertsonen sinesmen edo konbikzio moralen aurkakoak badira, edo dituzten ezaugarri pertsonalen, ekonomikoen, sozialen edo hezkuntzakoengatik ahulenak diren pertsonen aurka egiten badira.

b) Eskolaldiko edo hezkuntzako jardueren barreneko testuak, irudiak, soinuak eta abar grabatzea zuzendaritzak baimentzen ez dituen erabileretarako, baita pertsonen bizitza pribatuarekin zerikusia duen edozein eszena grabatzea ere.

c) Aurreko atalean adierazitakoak baliabide elektronikoen bidez edo beste baliabide batzuen bidez hedatzea.

d) Ikastetxeko instalazioak, materialak edo dokumentuak, eskolako garraiobideak edo bisitatzen diren lekuetako ondasun edo instalazioak nahita hondatzea, baita eskola elkartekoak diren edo haren zerbitzura jarduten duten gainerako kideen gauzak ere, kaltea larria denean.

e) Asmo txarrez eginak izateagatik, eskola elkartekoak diren edo haren zerbitzura jarduten duten kideen osotasun fisikoarentzat arriskugarriak izan daitezkeen portaerak.

f) Ikastetxeko langileei gezurrak esatea edo informazio faltsua ematea nahita, horrek eskola elkartekoa den edo haren zerbitzura jarduten duen kideren bati kalte larria eragiten badio.

g) Ikastetxeko gauzak edo edozein pertsonaren gauzak lapurtzea.

h) Ekitaldi akademikoetan beste pertsona baten itxurak egitea eta agiri akademikoak faltsutzea edo lapurtzea. Bereziki larritzat joko da azterketen ereduak edo erantzunen kopiak lapurtzea, eta haiek hedatzea, edukitzea, erostea edo saltzea.

i) Elkarbizitzarako bereziki kaltegarria den portaera baten jakitun edo lekuko izatea eta zuzendaritza taldeari ez jakinaraztea.

j) Obedientzia ukatzeko portaerak, bereziki ezarritako hezkuntza neurriak betetzen ez direnean.

k) Konstituzioan jasotako eskubide eta askatasunen aurkakoak diren edo terrorismoaren apologiatzat hartzen diren pintaketak edo idatzizko beste adierazpen batzuk egitea edo halako kartelak jartzea.

l) Drogak kontsumitzea edo banatzea, tabakoa erretzea edo edari alkoholdunak edatea behin eta berriz ikastetxeko guneetan, eskolako garraiobideetan edo ikastetxeak antolatzen dituen jardueretan, edo portaera horiek hartzera bultzatzea.

m) Elkarbizitzaren aurkako portaerak behin eta berriz hartzea.

n) Ikastetxeko jardueren ohiko garapena zuzenean galaraztera bideratutako edozein egintza edo jokabide oker.

ñ) Ikasleek sinatutako bizikidetzarako konpromisoak ez betetzea. Konpromiso horiek foru dekretu honen 9.1 artikuluan aipatzen dira.

2. Nolanahi ere, bizikidetzarako bereziki kaltegarria den portaeratzat joko da beste ikasle bat bultzatzea aurreko idatz zatian bizikidetzarako bereziki kaltegarritzat jotzen den portaera bat hartzera.

3. Ikastetxeek, beren autonomia erabiliz, ahalmena dute beren bizikidetzarako erregelamenduan aurreko bi idatz-zatietan ezarritako portaerak zehazteko, kontuan harturik Hezkuntza Proiektua eta ikastetxearen izaera.

18. artikulua. Aringarriak eta astungarriak.

1. Hezkuntza neurriak aplikatzeko orduan, honako inguruabar hauek aringarritzat har daitezke:

a) Portaera desegokia berez onartzea eta, hala badagokio, kaltea konpontzea.

b) Nahita egina ez izatea.

c) Barkamena eskatzea.

d) Eragindako kaltea konpentsatzeko zerbait eskaintzea.

e) Lehenagotik hezkuntza neurriak aplikatu ez izana.

f) Arau-hausleak bitartekaritza prozesuetan parte hartzeko borondatea izatea, horrelakoetarako aukera baldin badago.

2. Hezkuntza neurriak aplikatzeko orduan, honako inguruabar hauek astungarritzat har daitezke:

a) Premeditazioa.

b) Ikastetxeko elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak diren portaeretan berreslea izatea ikasturte berean.

c) Eskola elkartekoak diren edo haren zerbitzura jarduten duten kideei kalte egiten dieten portaerak.

d) Ikaskide gazteagoei edo bereziki ahulak diren ikaskideei kalte egiten dieten portaerak.

e) Jaiolekuagatik, sexuagatik, arrazagatik, sinesmen ideologiko edo erlijiosoengatik, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialagatik edo beste edozein baldintza pertsonal edo sozialengatik bereizkeria dakarten ekintzak.

f) Eskola elkartekoak diren edo haren zerbitzura jarduten duten gainerako kideen eskubideak urratzen dituzten jarduketak taldeka egitera bultzatzea edo animatzea.

g) Elkarbizitzarako bereziki kaltegarria den edozein jarduketaren publizitatea egitea.

h) Ikastetxeari edo eskola elkartekoak diren edo haren zerbitzura jarduten duten kideei eragindako kalteak bereziki handiak izatea.

i) Zuzendu beharreko edozein portaera grabatzea eta/edo hedatzea.

19. artikulua. Elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak diren portaeretan aplikatu beharreko hezkuntza neurriak.

1. Elkarbizitzaren Erregelamenduan jasoak izanik, elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak diren portaeretan aplikatu beharreko hezkuntza neurriak hauek dira:

a) Eskola ordutegitik kanpora, eskola elkartearen aldeko lanak egitea eta, orohar, instalazioetan, autobusetan, jantokian, materialetan, dokumentuetan edo beste pertsona batzuen gauzetan eragindako kaltea konpontzea.

b) Jarduera osagarrietan eta/edo eskolaz kanpokoetan parte hartzeko eskubidea etetea ikasturte osorako edo zati baterako.

c) Ikaslea maila bereko beste talde batera aldatzea behin betiko.

d) Irakasgai bateko edo gehiagoko eskoletara edo, ohiz kanpoko kasuetan, ikastetxera joateko eskubidea etetea, bi kasuetan hamabost eskola egunetarako gehienez. Etenaldia bitartean, ikasleak ezartzen diren prestakuntza jarduerak egin beharko ditu, bere hezkuntza eta ebaluazio prozesua eten ez dadin. Horretarako, lan plan bat diseinatuko da. Irakasleek plan horretako jardueren segimendua eginen dute eta irakasgaien azken ebaluazioan kontuan hartuko dituzte. Era berean, ikasleak etenaldi horretan programaturik dauden ebaluazio proba objektiboak egiten ahalko ditu.

Gainera, ikastetxea jakitun bada, hezkuntza neurria aplikatzearen ondorioz, adingabe bat arrisku egoera berezian edo babesik gabe gelditzeko aukera dagoela, zuzendaritzaren bidez, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei horren berri emanen die.

e) Eskolako garraioa erabiltzeko eskubidea etetea hamabost eskola egunetarako gehienez, portaera eskolako garraioan hartu baldin badu.

f) Eskola jantokia erabiltzeko eskubidea etetea hamabost eskola egunetarako gehienez, portaera eskola jantokian hartu baldin badu.

g) Idatz-zati honetako e) eta f) letretan aipatzen diren zerbitzuen erabilera aukerakoak baldin badira ikaslearentzat, haiek erabiltzeko eskubidea etetea ikasturtearen bukaerara arte, portaera zerbitzu horretan hartu baldin badu.

h) Ohiz kanpoko kasuetan, ikaslearen portaerak asaldura handia eragin baldin badio eskola elkarteari, ikastetxeko zuzendariak, Eskola Kontseiluak ontzat eman ondoren, ikastetxe aldaketa eskatuko dio Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiari. Ahal bada, ikaslea eskolaturik dagoen ikastetxe sare eta hizkuntza modalitate bereko beste ikastetxe batera eramanen da.

2. Behin betiko hezkuntza neurriak aplikatu aurretik, zuzendariak kautelazko neurriak aplikatzen ahalko ditu. Kautelazko neurriak ikastetxeko Elkarbizitzaren Erregelamenduan jaso beharko dira eta honelakoak izanen dira:

a) Ikaslea taldez aldatzea aldi baterako.

b) Eskola batzuetara edo ikastetxera joateko eskubidea etetea aldi baterako.

c) Eskolaz kanpoko jardueretara edo jarduera osagarrietara joateko eskubidea etetea.

d) Ikastetxeko zerbitzu osagarrien erabilera etetea.

3. Ikastetxeek, beren autonomia erabiliz, kontuan harturik Hezkuntza Proiektua eta ikastetxearen izaera, ahalmena dute beren bizikidetzarako erregelamenduan artikulu honen 1. idatz-zatian adierazitako hezkuntza neurriak zehazteko. Halaber, ikasleak edo haren familiak ikastetxeak aukeratutako hezkuntza neurria ordezten duen beste bat planteatzen ahalko du; ikastetxeko zuzendaritzak onartzen ahalko du proposamena, haren ustez hobea bada ikaslearentzat eta ikastetxeko bizikidetzarako.

4. 17. artikuluaren 1.a) idatz-zatian ezarritako portaeren kasuan eta, betiere artikulu horretan ezarrita badaude, jatorri edo ondorio gisa Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluaren aurkako bereizkeria edo generoan, sexu-orientabidean edo sexu-nortasunean oinarritutako jazarpena duten portaeren kasuan, edo jatorri gisa arraza, etnia, erlijioa, sinesmenak edo desgaitasuna duten portaeren kasuan, edo dituzten ezaugarri pertsonalen, sozialen edo hezkuntzakoengatik ahulenak diren pertsonen aurka egiten direnen kasuan, oro har, neurri zuzentzaile hauetako bat hartuko da: eskoletara edo ikastetxera joateko eskubidea etetea, hamabost eskola egunetarako gehienez, edo beste ikastetxe batera bidaltzea; derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko ikasketen ikasleen kasuan, aipatu eskubidea etetea ikastetxeko bizikidetzarako erregelamenduan ezartzen den gehieneko aldirako, edo haren matrikula deuseztatzea, bi kasuetan ikastetxeak proposatzen zaion neurria aurreko idatz-zatian azaldu bezala aplikatzea galarazi gabe.

20. artikulua. Elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak diren portaeretan hezkuntza neurriak aplikatzeko ohiko prozedura.

1. Portaera bereziki kaltegarri guztiak eta haren ondorioak ikastetxeko zuzendaritzari jakinarazi behar zaizkio. Zuzendariak edo, hala bada, haren eskuordetza hartzen duen irakasleak behar adina ikerketa edo jarduketa egiten ahalko ditu ekintza horrela tipifikatzeko, hala nola erantzuleak identifikatzeko eta ohiko prozedurari hasiera emateko, ekintzaren berri izan eta biharamunetik hasita hiru eskola eguneko epean gehienez.

2. Aurreko puntuan finkatzen den hiru eskola eguneko epea bukatuta, ustezko erantzulea edo erantzuleak identifikatu ez bad(ir)a, zuzendariak edo, hala bada, haren eskuordetza duen irakasleak, Elkarbizitzaren Erregelamenduan xedatutakoarekin bat, egoki iruditzen zaizkion jarduketekin segitzen ahalko du haiek identifikatzeko eta prozedura hasi ahal izateko.

3. Ohiko prozedura hasiko da hasteko dokumentua ikasleari, haren amari edo aitari edo legezko ordezkariei eta instruktoreari ematearekin batera. Elkarbizitzarako bereziki kaltegarria den portaera preskribituko da dokumentu horren entrega ez bada egiten egintzen berri izan eta hirurogei eskola eguneko epearen barrenean.

4. Aplikatzen diren kautelazko neurriak, halakorik bada, prozedura bukatu arte mantentzen ahalko dira, betiere proposatutako neurrirako ezarri den denbora eta 19. artikuluan finkatutakoa gainditu gabe, aplikatu beharreko neurriarekin bat egiten duenean. Ikasleak kautelazko neurrien pean ematen duen denbora aplikatzen den hezkuntza neurrian ezartzen den denboratik deskontatuko zaio.

5. Ohiko prozedurari hasiera emateko dokumentua zuzendaritzak egin beharko du eta honako alderdi hauek jasoko ditu:

a) Neurri horiek aplikatzeko eskumena ematen dion araudiaren aipamen zehatza.

b) Prozedura irekitzea ekarri duten egintzak eta frogak.

c) Zuzendu beharreko portaera, hautsitako arauak, data eta tokia.

d) Inplikatutako ikaslea.

e) Tramitazioaren ardura duen instruktorea, ikastetxeak Elkarbizitzaren Erregelamenduan ezartzen duen sistemaren bidez klaustroko kideen artean hautatua.

f) Aplikatutako kautelazko neurriak, halakorik bada.

g) Inguruabar astungarrien eta aringarrien azalpena, horrelakorik baldin bada.

h) Aplikatu beharreko hezkuntza neurriak, horiek hasteko eta bukatzeko egunak eta aplikatzeko baliabideak.

i) Alegazioak egiteko prozedura eta epeak, adieraziz alegaziorik aurkezten ez bada, egintzak frogatutzat joko direla eta prozedura hasteko dokumentua prozedurari bukaera emateko ebazpentzat hartuko dela.

j) Eskola Kontseiluan erreklamazioak aurkezteko prozedura eta epea.

6. Aurreko puntuan aipatzen den dokumentuan, zuzendaritzak proposatzen ahalko du prozeduraren tramitazioa foru dekretu honen 23. artikuluan ezarri bezala egitea, kontuan harturik aurretik hartan ezarritako salbuespenak.

7. Alegazioak, zuzendariari zuzenduak, ikastetxean aurkeztuko dira, idatziz, prozedura hasteko jakinarazpenaren biharamunetik hasita bi eskola eguneko epearen barruan. Idazki horretan, halaber, instruktorea errefusatzeko eskaera arrazoitua egiten ahalko da.

8. Errefusatzen den instruktoreak adieraziko du alegatutako zergatia baden edo ez. Errefusatzeko idazkia aurkeztu eta hurrengo eskola egunean, zuzendariak horren gaineko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du.

9. Ezarritako epean alegaziorik aurkezten ez bada, egintzak frogatutzat hartuko dira eta prozedura hasteko dokumentua prozedura bukatzeko ebazpentzat hartuko da.

21. artikulua. Alegazioak aurkezten diren kasuetan, ohiko prozeduraren tramitazioaren jarraipena eta prozeduraren ebazpena.

1. Ikasleak, haren gurasoek edo legezko ordezkariek alegazioak aurkeztuz gero ezarritako epean, instruktoreak, bere agintea erabiliz, egoki iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu egintzak argitzeko. Alegazioak aurkeztu eta bost eskola eguneko epean gehienez, eta alegazioak kontuan harturik, ebazpen proposamena prestatu eta zuzendariari aurkeztuko dio. Proposamen horretan alderdi hauek jasoko dira:

a) Frogatutzat hartzen diren egintzak eta hori egiaztatzen duten frogak.

b) Zuzendu beharreko portaera, hautsitako elkarbizitza arauak, data eta tokia.

c) Inplikatutako ikaslea.

d) Aplikatutako kautelazko neurriak, halakorik bada.

e) Inguruabar astungarrien eta aringarrien azalpena, horrelakorik baldin bada.

f) Aplikatu beharreko hezkuntza neurrien proposamena.

Bost eskola eguneko epea luzatzen ahalko da, instruktoreak hori justifikatzeko arrazoiak daudela uste badu.

2. Ebazpen proposamena aurkeztu eta biharamunetik hasita bi eskola eguneko epean gehienez, zuzendariak prozedura bukatzeko ebazpena emanen du. Bi eskola eguneko epea luzatzen ahalko da, zuzendaritzak hori justifikatzeko arrazoiak daudela uste badu. Ebazpen horretan honako hauek adieraziko dira gutxienez:

a) Neurri horiek aplikatzeko eskumena ematen dion araudiaren aipamen zehatza.

b) Frogatutako egintzak eta zuzendu beharreko portaerak.

c) Inguruabar astungarriak eta aringarriak, horrelakorik baldin badago.

d) Aplikatu beharreko hezkuntza neurriak eta, hala badagokio, horiek hasteko eta bukatzeko egunak eta aplikatzeko baliabideak.

e) Eskola Kontseiluan erreklamazioak aurkezteko prozedura eta epea.

3. Ohiko prozeduraren ebazpenaren berri ikasleari eta bere gurasoei edo legezko ordezkariei emanen zaie, idatzi baten bidez, non adierazi beharko baita ebazpen horrek ez duela amaitzen administrazio bidea eta haren aurka, aukeran, 22. artikuluan aipatzen den erreklamazioa edo bidezko errekurtso jurisdikzionala aurkezten ahalko dela, baita zein organotan aurkeztu behar den eta zein epetan.

4. Ikastetxeak, Elkarbizitzaren Erregelamenduan, elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak diren portaeretan hezkuntza neurriak aplikatzeko prozedura ezarriko du, betiere foru dekretu honen 12. artikuluan ezarritakoa bermatuz.

5. Nolanahi ere, ohiko prozeduraren tramitazioa hogeita hamar eskola eguneko epean bukatu beharko da, prozeduraren hasieraren jakinarazpenetik hasita interesdunari edo, hala badagokio, familiari jakinarazten zaion arte. Bestela, prozedura iraungitzat hartuko da.

22. artikulua. Erreklamazioak.

1. Prozeduraren gaineko ebazpena jakinarazita, ikasleak, adinez nagusia bada, edo haren gurasoek edo legezko ordezkariek zuzendariaren erabakiaren berrikuspena eskatzen ahalko diote Eskola Kontseiluari, jakinarazpena jaso eta bi eskola eguneko epearen barruan.

2. Hartutako erabakia berrikusteko, Eskola Kontseiluaren bilkura berezia deituko da. Prozedurari bukaera emateko ebazpena eta erreklamazioa ikusita, Kontseiluak zuzendariari proposatuko dio aplikatutako neurria berresteko edo aldatu edo baliogabetzeko.

3. Kontseiluaren proposamena hamar eskola eguneko epean egin beharko da, erreklamazioa jaso eta biharamunetik hasita. Eskola Kontseiluaren proposamena erabakia aldatu edo baliogabetzekoa baldin bada, proposamena jaso eta biharamunetik bi eskola eguneko epean, zuzendariak Hezkuntza Departamentuari hartutako erabakiaren legezkotasunari buruzko txostena eskatzen ahalko dio. Txosten hori hamar eskola eguneko epean egin beharko da. Zuzendariak bere ebazpena eman eta erreklamazio-egileari idatziz jakinarazi behar dio.

4. Jakinarazpen horretan adierazi beharko da ebazpenaren aurka bidezko den errekurtsoa, zein organotan jarri behar den eta zein epetan.

23. artikulua. Prozedura adostua.

1. Ikastetxeko zuzendariak arau-haustea egin duen ikasleari eta haren gurasoei edo legezko ordezkariei aukera emanen die prozedura adostuaren bidea hartzeko, inguruabar hauek betetzen badira:

a) Bereziki kaltegarria den portaera aitortzea.

b) Kalteturik izanez gero, haiei barkamena eskatzea.

c) Ikastetxeak aintzat hartzen dituen beste inguruabar batzuk, Elkarbizitzaren Erregelamenduan jaso beharrekoak.

2. Espedientea ezin izanen da prozedura adostuaren bidez tramitatu baldin eta ikasturte berean ikasleari aplikatu zaion hezkuntza neurriren bat ez bada bete, edo ikastetxeko bizikidetzarako erregelamenduan horrela ezartzen den kasuetan:

a) Inplikatutako ikasleari horrelako beste prozedura bat tramitatu baldin bazaio ikasturte berean.

b) Ikasturte berean, ikasleari aplikatu zaion hezkuntza neurriren bat ez bada bete.

c) Ikastetxeak zehazten dituen beste kasu batzuetan, Elkarbizitzaren Erregelamenduan jaso beharrekoak.

3. Prozedura adostuaren bidez tramitatzeko aukera ohiko prozedura hasteko dokumentuan jasoko da. Dokumentu horretan interesdunei bilera bat egitea proposatuko zaie, behar den deialdiaren bidez.

4. Bilera hori ikastetxeko zuzendaritzarekin izanen da eta helburua izanen da prozedura adostuaren abantailak azaltzea. Bilera horrexetan, ikasleak edo haren gurasoek erabakiko dute prozedura adostua onartu edo baztertzen duten.

5. Bilerara agertzen ez badira edo aukerabide hori baztertzen badute, hezkuntza neurriaren aplikazioaren tramitazioa ohiko prozeduraren bidez eginen da, foru dekretu honen 20. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta artikulu horren 7. puntutik aurrera adierazitako epeen kontaketa hasiko da. Horrelakoetan, alegazioak aurkezteko eta instruktorea errefusatzeko epea bilera egiteko finkatutako egunaren biharamunetik hasiko da.

6. Prozedura adostua tramitatzeko modua eta prozeduran parte hartzen duten alderdiak ikastetxe bakoitzak erabakiko ditu bere Elkarbizitzaren Erregelamenduan. Nolanahi ere, aplikatzen den neurria arinagoa izanen da prozedura hasteko dokumentuan ezartzen dena baino.

7. Prozedura adostua tramitatuz gero, zuzendaritzak elkarbizitzarako konpromisoa erredaktatu beharko du. Konpromiso horretan, gutxienez, ikaslearen eta gurasoen edo legezko ordezkarien onarpena konpromisoari, aplikatutako hezkuntza neurria eta hura betetzeko baliabideak agertuko dira. Konpromisoa hiru eskola eguneko epean adostu eta sinatu beharko da, bilera egin eta biharamunetik aurrera. Sinadurak bukaera emanen dio prozedura adostuari.

8. Nolanahi ere, prozedura adostuaren bidezko tramitazioa hogei eskola eguneko epean bukatu beharko da, prozeduraren hasiera jakinarazten denetik hasita. Bestela, prozedura iraungitzat hartuko da.

9. Prozeduraren tramitazioaren bitartean, akordioak porrot egiten badu, ohiko prozeduraren bidez segituko da, eta foru dekretu honen 20. artikuluko 7. puntutik aurrera adierazitako epeen kontaketa hasiko da. Horrelakoetan, alegazioak aurkeztu eta instruktorea errefusatzeko epea porrota gertatu eta biharamunetik hasiko da.

24. artikulua. Dokumentazioa artxibatzea eta erregistroko idatzoharra deuseztatzea.

1. Elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak diren portaerak direla eta, ikasleei hezkuntza neurriak aplikatzeko irekitzen zaizkien prozeduren tramitazioaldiko dokumentazioa ikastetxeek ezartzen duten euskarrian eta prozedurari jarraikiz artxibatuko da.

2. Hautsitako arauak eta aplikatutako hezkuntza neurriak erregistroetatik desagertuko dira neurria betetzen denetik bi urte bete ondoren.

VII. KAPITULUA. Familien parte-hartzea beren seme-alaben hezkuntza prozesuan, eskola eremuari dagokionez

25. artikulua. Familien inplikazioa eta konpromisoa.

Beren seme-alaben hezkuntzaren arduradun nagusiak diren aldetik, aitei, amei edo legezko ordezkariei dagokie behar diren neurriak hartzea, behar den laguntza eskatzea eta ikastetxeari laguntzea hezkuntza prozesua egoki joan dadin. Gainera, beren seme-alabak eskoletara eta programatzen diren jardueretara joatearen ardura izanen dute, eta baliabide guztiak jarriko dituzte etxean estudiatu eta irakasleek agintzen dituzten etxeko lan guztiak egin ditzaten.

26. artikulua. Aiten, amen edo legezko ordezkarien eskubideak.

1. Aitek, amek edo legezko ordezkariek, beren seme-alaben hezkuntzari dagokionez, uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 4.1 artikuluan aitortutako eskubideak dituzte.

2. Hezkuntza Departamentuak aurreko puntuan adierazitako eskubideak erabili ahal izatea bermatuko du. Bereziki bermatuko da gurasoek edo legezko ordezkariek beren seme-alaben ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuan parte hartzeko duten eskubidea, deusetan galarazi gabe ikastetxeko zuzendaritzari eta irakasleei esleitutako eskumenak. Eskubide hori honako alderdi hauetan gauzatzen da:

a) Seme-alaben ikaskuntza prozesuaren eta haien gizarte eta hezkuntzako integrazioari buruzko informazioa jasotzea.

Ondorio horietarako, ikastetxeek prozesu horiei buruz behar den informazio guztia emanen diete gurasoei edo legezko ordezkariei, eta, bizikidetza gatazken kasuan, ukituak gertatzen diren adingabeen legezko ordezkariei ere informazioa emanen zaie edo informazioa eskuratzeko aukera eskainiko zaie, babestu behar diren datuak eta interesak salbuetsita, ahalik eta lasterren (beranduenez, hiru eskola egun igaro ondoren gertaerak ezagutzen direnetik).

b) Ikasturtearen hasieratik helburuak, edukiak, ebaluazio prozedurak eta ebaluatu, kalifikatu eta aurrera egiteko irizpideak ezagutzea eta egiten dituzten erreklamazioei buruzko informazioa eta argibideak jasotzea.

c) Ikastetxearen Elkarbizitza Planaren neurrietatik beraiei dagozkienak ezagutzea, batez ere eskolako bitartekaritza gatazkak konpontzeko baliabide gisa erabiltzekoa, eta, halakorik bada, parte hartzea proposatzen diren neurrien eta erabakien diseinuan, eta egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak aurkeztea, indarreko araudiari jarraikiz.

d) Beren seme-alaben orientazio akademikoaren edo profesionalaren gaineko erabakiak hartzen direnean, entzuna izatea, aurreko puntuetan adierazitako parte-hartzea deusetan galarazi gabe.

e) Ikastetxearen antolaketan, gobernuan eta funtzionamenduaren balorazioan parte hartzea, Eskola Kontseiluan edo ikastetxeko gurasoen elkarteetan parte hartuz.

27. artikulua. Aiten, amen edo legezko ordezkarien erantzukizunak.

1. Aitek, amek edo legezko ordezkariek, beren seme-alaben hezkuntzaren arduradun nagusiak diren aldetik, uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 4.2 artikuluan ezarritako eginbeharrak dituzte.

2. Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza arloko administrazioak eta kasuan kasuko ikastetxeak aurreko idatz-zatian adierazitako erantzukizunak betetzen direla begiratuko dute, eta bereziki, honako hauek betetzen direla begiratuko dute:

a) Beren seme-alaben hezkuntza prozesuaren bilakaera ezagutzea, ikasketetara animatzea eta errendimendua hobetzeko parte-hartze aktiboa izatea, eta, hala badagokio, portaera batzuk zuzendu behar badira, ikastetxearekin lankidetzan aritzea.

b) Ikastetxearekin zuzeneko eta etengabeko harreman arina izatea eta erraztea.

c) Beren seme-alaben asistentzia, aprobetxamendua eta parte-hartzea bermatzen dituzten neurriak, baliabide materialak eta baldintzak hartzea.

d) Beren seme-alabak ikastetxera eraman eta hartzeko orduan, puntualak izatea.

e) Irakasleen agintea eta ikastetxeko arauak errespetatzea eta beren seme-alabei hori errespetaraztea.

f) Eskola Komunitateko kide guztiek dagozkien eskubide eta eginbeharrak erabat erabili ahal izateko eta errespetua sustatzeko lanean laguntzea.

g) Ikastetxearen berezko izaera ezagutzea eta ikastetxearen hezkuntza proiektua errespetatzea eta seme-alabei errespetaraztea.

3. Ikastetxeko bizikidetza planean familiek ikastetxeko bizitzan izanen duten parte-hartzea arautuko da, bizikidetzari buruzko alderdi guztietan.

Eskola-jantoki arruntak kudeatzen dituzten entitateek, beren autonomia erabiliz, jantokiko bizikidetzarako arauak ezarriko dituzte, ikastetxeko bizikidetzarako erregelamenduarekin koherentzia mantenduz.

Eskualdeko jantokietan ikastetxeek ikastetxeko Bizikidetza planean sartuko dituzte jantokiko bizikidetzarako arauak.

4. Ikastetxeek ahalmena dute, ikaslea eskolatzearekin batera, familiei eskatzeko hezkuntza arloko erantzunkidetasunaren konpromiso edo itun bat sina dezaten.

5. Gurasoen edo legezko ordezkarien ez-betetze larri edo errepikatuak gertatzen badira 2. idatz-zatiko b) eta e) azpiataletan ezarritako erantzukizunetan, irakasleen agintea eta ikastetxeko arauak errespetatzeari dagokionez, edo f) azpiatalean ezarritakoetan, ikastetxeko zuzendariak murrizten ahalko die ikastetxeko instalazioetan sartzea, gehienez hamabost eskola egunetarako, edo hezkuntza komunitateko kide batekiko komunikazio pertsonala murriztuko die, bizikidetzarako erregelamenduan ezarritako baldintza, prozedura eta mugekin.

Ikastetxean sartzea murrizteko neurria aplikatu baino lehen, ikastetxeak gurasoei edo legezko ordezkariei eskatu beharko die izenda dezatela, hala behar denean, nor izanen den ikastetxera joateko arduraduna, murrizketak dirauen bitartean, bizikidetzarako erregelamenduan finkatuta ez badago.

Komunikazio pertsonalak murrizten direnean, ikastetxeak familiari behar den informazioa emateko erabiliko duen prozeduraren berri emanen dio.

Bi kasuetan, gurasoek edo legezko ordezkariek frogatzen badute neurria aplikatzearen ondorioz adingabearen eskubideen egikaritza osoa galaraziko litzatekeela, ikastetxeak murrizketa eta eskubideak bateratzen dituzten beste neurri bat proposatu beharko du.

Ikastetxeek, beren autonomia erabiliz, bizikidetzarako erregelamenduan zehazten ahalko dituzte instalazioetan sartzeari dagokionez aldi baterako murrizketa ekarriko duten portaerak, baita murrizketen iraunaldia ere, portaeren edo inguruabarren arabera.

Lehenengo Xedapen Gehigarria. Eskola Kontseiluaren eginkizunen eskuordetza.

Araudiaren arabera, kide anitzeko gobernu organo gisa jarduten duen eskola kontseilurik ez duten ikastetxeetan, foru dekretu honek Eskola Kontseiluari esleitzen dizkion eginkizunak eskola elkarteko sektore guztien parte-hartzea bideratzeko eskumena hartzen duen kide anitzeko organoari egokituko zaizkio.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Eskoletara ez joatea eta azken ebaluazioa.

Eskola jardueretara behin eta berriz huts egiteagatik, ezinezkoa bada ikasle bati etengabeko ebaluazioaren prozedura aplikatzea, azken ebaluazioa egiteko eskubidea beti bermatuko da. Eskoletara behin eta berriz huts egitea eta horren ondorioak ikastetxeko Elkarbizitzaren Erregelamenduan zehaztuko dira. Era berean, ikastetxeek azken ebaluazioaren egitura zehaztu beharko dute, irakasgai, eremu edo modulu bakoitzaren izaeraren arabera.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. DBHko hirugarren mailatik aurrera, eskoletara ez joateko eskubidea.

1. Derrigorrezko bigarren hezkuntzako hirugarren mailatik aurrerako ikasleek eskolara ez joateko taldeka hartzen dituzten erabakiak ez dira justifikatu gabeko hutsegite gisa hartuko, baldintza hauek betetzen badira:

a) Hezkuntza arloko erabakiekiko desadostasunengatik izan bada.

b) Ikastetxeko zuzendaritzan eta ordezkarien batzarrean aurkeztutako proposamena, deialdia egiten dutenek sinatutako idazki arrazoitu baten bidez. Idazkia hutsegitearen eguna baino gutxienez hiru eskola egun lehenago aurkeztu beharko da, eta deialdiaren arrazoiak, dei-egileak, eguna eta ordua aipatu beharko dira.

c) Proposamena ikastetxean DBHko hirugarren eta laugarren mailetan eta derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntzan matrikulaturik dauden ikasle guztien %15ek sinatu beharko dute gutxienez, edo DBHko hirugarren eta laugarren mailetan eta derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntzan matrikulaturik dauden ikasleen ordezkarien %75ek.

d) Ikasleek, bozketa sekretuaren bidez, eskolara ez joateko proposamena onartzea edo errefusatzea gehiengo osoz, ordezkariaren argibideak jaso ondoren. Guztirako emaitza eta gelaz gelakoa ikastetxeko zuzendaritzari jakinaraziko dizkio ordezkarien batzarrak, aurreikusitako jarduketak hasi baino bi eskola egun lehenago gutxienez.

2. Ikastetxeko zuzendaritzak aztertuko du betebehar horiek betetzen diren eta, horren arabera, ebatziko du eskolara ez joate hori justifikatu gabeko hutsegitetzat hartzen den edo ez. Ebazpen horren berri DBHko hirugarren mailatik aurrerako ikasleei, irakasleei, ordezkarien batzarrari eta ikastetxeko guraso elkarteetako buruei jakinaraziko zaie idatziz.

3. Dena dela, ikastetxeko zuzendaritzak behar diren neurriak hartuko ditu eskolara huts egiteko erabakia betetzen ez duten ikasleek foru dekretu honen 4. artikuluan aipatzen diren eskubideak erabili ahal izan ditzaten.

Laugarren Xedapen Gehigarria. Gizarte erantzukizuna.

Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoa kontuan harturik, irakasleek, eskola elkartekoak diren edo haren zerbitzura jarduten duten gainerako kideen betebeharrak galarazi gabe, eta bete behar duten eginkizunari kasu eginez, oinarrizko gizarte zerbitzuei jakinarazi behar dizkiete, ikastetxeko zuzendaritzaren edo orientazio departamentuaren bidez, adingabe bat arrisku egoeran edo babesik gabe gelditzeko sor litezkeen egoerak, bereziki kontuan hartuz eskolara ez joateari lotutako alderdiak.

Bosgarren Xedapen Gehigarria. Erantzukizun penala.

1. Ikastetxeko zuzendaritzak Fiskaltzari jakinaraziko dio arau-hauste penaltzat har daitekeen edozein egintza.

2. Ikastetxe bateko bizikidetzarako bereziki kaltegarriak diren portaeren ondorioz, Fiskaltzak irekitzen badu Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan aurreikusitako prozedura bat, baloratuko da foru dekretu honen 20. artikuluan ezarritakoarekin bat hasitako ohiko prozedura eteten den ala ez.

Seigarren Xedapen Gehigarria. Erantzukizun zibila.

1. Banaka edo taldeka, nahita edo axolagabekeriagatik, ikastetxeko instalazioetan edo materialetan, edo eskola elkartekoa den edo haren zerbitzura jarduten duen edozein kideren ondasunetan, kalteak eragiten dituzten ikasleak behartuak egonen dira eragindako kaltea konpontzera edo konponketaren kostu ekonomikoa beren gain hartzera, indarreko legedian ezarrita dagoen bezala.

2. Ikastetxearen edo eskola elkarteko edozein kideren ondasunak lapurtzen dituzten ikasleek lapurtutakoa itzuli beharko dute edo itzulketaren kostu ekonomikoa beren gain hartu, indarreko legedian ezarrita dagoen bezala, eta ikastetxean berean egin litekeen zuzenketa deusetan galarazi gabe.

3. Ikaslea adingabea bada, haren gurasoak edo legezko ordezkariak erantzule zibilak izanen dira, legeetan ezarritakoaren arabera.

Zazpigarren Xedapen Gehigarria. Matrikula deuseztatzea.

Derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko ikasketetan ari diren ikasleen kasuan, elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak diren portaerak gertatuz gero, ikastetxeak matrikula deuseztatzea erabaki dezake, ohiz kanpoko neurri gisa. Neurri horren garrantzia ikusirik, beharrezkoa izanen da onestea eta ikastetxearen Elkarbizitzaren Erregelamenduan sartzea. Aplikatzeko, nahitaezkoa izanen da lehenago ikasle horrekin hezkuntza neurriren bat hartu izana. Matrikularen deuseztapena ohiko prozeduraren bidez tramitatuko da. Xedapen honetan ezarritakoaren kontrako erreklamazioak ikastetxeko Eskola Kontseiluan aurkeztuko dira, ikastetxeko Elkarbizitzaren Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz.

Zortzigarren Xedapen Gehigarria. Hezkuntza, osasun eta gizarte politiken arloetako eskumenak dituzten departamentuen laguntza.

1.–Bizikidetza gatazketan, aparteko kasuetan, beren inguruabar pertsonal edo familiarrengatik edo beren portaerengatik hezkuntza neurriak edo osasun edo gizarte laguntza neurriak behar dituzten ikasleekin lotura badute, ikastetxeek Hezkuntza Departamentuko bizikidetza batzordeari eskatzen ahalko diote balora dezala ea komeni den behar den laguntza ematea, horretarako eskumenak dituen departamentuarekin koordinatuz.

2.–Ikastetxeek Hezkuntza Departamentuko bizikidetza batzordeari eskatzen ahalko diote idazkari bat izenda dezala bizikidetzarako bereziki kaltegarriak diren portaeren ondorioz hezkuntza neurriak aplikatzeko prozedura arrunten instrukzioan laguntzeko, Hezkuntzako kontseilariak ezarriko dituen baldintzetan.

3.–Ikasleen gurasoek edo legezko ordezkariek erreklamazioa jartzen ahalko dute, edo Hezkuntza Departamentuko bizikidetza batzordearen bitartekaritza eskatu, 9. artikuluaren 3. eta 4. idatz-zatietan eta 27. artikuluaren 5. idatz-zatian ezarritako neurri eta jarduketen aplikazioari dagokienez.

Horretarako, erregelamendu bidez batzorde horren osaera eta erreklamazioak jartzeko prozedura ezarriko dira. Batzordean ikasleen gurasoek edo legezko ordezkariek hartuko dute parte haien federazioen bidez.

Xedapen Iragankor Bakarra. Prozeduren ebazpena.

Foru dekretu honek indarra hartu aurretik hasi diren espedienteen tramitazioa abenduaren 14ko 417/1992 Foru Dekretuan eta ekainaren 14ko 191/1997 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz bukatu beharko da. Lehenengo foru dekretuaren bidez unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri ziren eta bigarrenaren bidez 417/1992 Foru Dekretua aldatu zen.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira abenduaren 14ko 417/1992 Foru Dekretua, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri zituena, eta uztailaren 14ko 191/1997 Foru Dekretua, abenduaren 14ko 417/1992 Foru Dekretua aldatu zuena. Indarrik gabe uzten dira, orobat, foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko arau guztiak, deusetan galarazi gabe foru dekretu honen xedapen iragankor bakarrean ezarritakoa.

Azken Xedapenetan Lehena. Arauen garapena.

Baimena ematen zaio Hezkuntzako kontseilariari foru dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Elkarbizitza planak.

Hezkuntzako Departamentuak behar den arau-garapena eginen du ikastetxe bakoitzak bere elkarbizitza plana presta dezan. Plan horretan Elkarbizitzaren Batzordearen eginkizunak eta osaera eta elkarbizitzaren inguruko beste alderdi batzuk zehaztuko dira.

Hirugarren Azken Xedapena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa