(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

4/2011 Foru Legea, martxoaren 17koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VII. titulua aldatzen duena

 

(2011ko 60. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 28an)

Zioen Azalpena

Konstituzio Auzitegiaren Bigarren Salako 2009ko ekainaren 1eko epaiak, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salak planteatutako konstituzionaltasun arazoak ebatzi zituenean, Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren zenbait zati Konstituzioaren kontrakotzat jo zituen. Xedapen horren bidez Nafarroako toki entitateetako idazkari eta kontu-hartzaileen lanpostu hutsak betetzeko ohiz kanpoko prozesua garatzeko baimena eman zen. Epai horren bidez, prozesu hartan modu murriztailean emandako gaikuntzak deuseztatu ziren eta gaitu berriei eskainitako plazak funtzionario araubidean betetzea ezinezko bihurtu zen.

Nafarroako toki administrazioetako idazkari eta kontu-hartzaileen lanpostuak betetzeko gaur egun indarra duen sistema arrunta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen VII. tituluan jasota dago. Horko zenbait determinazio bateraezinak dira Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legean ezarritakoekin. Hori ikusita, beharrezkoa litzateke lege-araudi bat onestea, Nafarroako Toki Administrazioan beharrezkoak diren eginkizun publikoetan aritzeko erreserbatutako lanpostuak bete eta bertan sartzeko sistemaren normalizazioa bermatzeko.

Araudi berria egiteko, lehenbizi, indarreko sistemaren gabezia eta mugak identifikatu behar izan dira, normalizazioa lortuko bada, sistema hori bideraezina eta eutsiezina delako. Gabezia horiek, besteak beste, hauek dira: langile gaituen araubide juridikorik ez dago, Nafarroako Toki Administrazioaren balizko berrantolaketa administratibo eta funtzionalarekin bateragarriak liratekeen atalase batzuk ezarri beharko lirateke, denbora-mugarrien zorroztasuna ezarritako prozeduraren zailtasunarekin bateraezina da eta, azkenik, toki entitateekiko gehiegizko mendekotasuna dago hutsik dauden lanpostuak eta horiek betetzeko berariazko balorazio irizpideak finkatzeko orduan, eta hori bateraezina da lanpostuak betetzeko lehiaketa bateratuen egonkortasun eta segurtasunarekin.

Indarreko araudiaren eta lehen adierazitako gabezia horien arteko bateraezintasuna gainditu nahian, foru legeak behar horiei erantzuna eman nahi die, baina Nafarroako Toki Administrazioaren errealitate soziala alde batera utzi gabe, ez eta aurrekari administratibo eta judizialak ere, garbi utzi baitute beharrezkoa dela sistemari ahalik eta segurtasun juridikorik handiena ematea.

Problematika hau guztia konpondu nahi bada, zeina gero eta konplikatuagoa baita denborak aurrera egitearen, arreta administratiborako formulak ugaritzearen eta entitate pribatuak toki kudeaketan parte hartzearen ondorioz, garatu egin beharko dira, nahitaez, lege-aurreikuspenak; bereziki, zerbitzu administratiboetarako batasunak sortzeko aurreikuspena. Eta hori egin beharko da diseinu-gako saihestezin batzuk oinarri hartuta:

-Interes bakarra izan behar du Nafarroako Toki Administrazioaren antolamendua eta funtzionamendua hobea izateak.

-Administrazio publikoen jardunbidea inspiratzen duten printzipio konstituzionalei jarraitu behar zaie, eta espezializaziorako eta profesionalizaziorako baldintzak egotea ziurtatu behar da, toki kudeaketako benetako lan-taldeen konfigurazioa abiapuntu.

-Ziurtatu behar da udal oro egonen dela beharrezkoak dituen baliabide pertsonalez eta materialez hornituta.

-Konponbideak abiapuntu izan behar du mapa funtzional bat, lurraldean kokatuta gauden modu konplexuari eta gure egitura administratibo konplexuari erantzunen diena, eta, udalei kontsultatu ondoren, egonkorra gertatuko dena.

-Epe bat ezarri behar da eredua nork bere borondatez ezar dezan, eta sustapen neurriak ere bai epe horretan iniziatiba hartzen dutenentzat.

-Bideratu beharra dago toki entitateetako langileen eskari zilegiak, bai langile finkoenak bai bitartekoenak, nola baitira egonkortasuna, mugikortasuna eta gora egiteko aukera.

-Neurriak hartu beharra dago dauden problemak arintzeko, eta errazteko gaurko egoeratik etorkizuneko eredurako iragatea errazteko.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen VII. tituluaren egitura nabarmen aldatuz, artikuluetan finkatzen da, Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langile guztien araudi generikoaz gainera, araudi berariazkoago eta berezituago bat, idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako eginkizun publiko beharrezkoetan aritzeko erreserbatutako lanpostuei dagokiena. Izan ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak lanpostu horietarako gaikuntza eman beharrak langile horien araubide juridikoaren eta lanpostu horiek betetzeko sistemaren eguneratzea dakar, hori guztia determinazio hauetan oinarritua:

-Nafarroako toki entitateetako idazkari eta kontu-hartzaileen lanpostuak, aurreko araudiaren arabera aldaketarik gabe sailkatuta daudenak, dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eman beharreko gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatuta dauden bakarrak, eta hori berresten da.

-Beharrezkoak diren eginkizun publikoak finkatzen dira, baita lanpostu bakoitzari dagozkionak ere, eta lehenbiziko aldiz, gaikuntza duten toki funtzionarioen berariazko araubide juridikoa eratzen da. Funtzionario horiek bateraezintasun araubidean arituko dira.

-Beharrezkoak diren eginkizun publikoetan aritzeko erreserbatuta dauden lanpostuak noiz diren aginduzkoak eta noiz borondatezkoak finkatzen da eta lanpostu hutsak funtzionario araubidean betetzeko beharrezkoak diren atalase batzuk ezartzen, biztanle kopuruaren eta aurrekontuaren araberakoak, parlamentuaren erabakiaren bidez aldatzen ez diren bitartean.

-Toki Administrazioaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuari esleitzen zaio idazkari eta kontu-hartzaileen lanpostuak funtzionario araubidean bete behar dituzten langileak hautatu eta izendatzeko ardura, kasuan kasuko plantilla organikoan ezartzen diren determinazioen arabera.

-Idazkari eta kontu-hartzaile izaera behin betikoz hartzeko ezinbesteko baldintza izanen da, aurretik, gaikuntza lortzea txanda irekian, dela oposizio bidez, dela oposizio-lehiaketa bidez, lanpostu bakoitzaren hizkuntza eskakizunaren arabera, baina gaikuntzen kopurua ezin izanen da izan aurretik egin beharreko lehiaketetan hutsik gelditzen diren lanpostuen kopurua baino handiagoa.

-Hutsik dauden idazkari eta kontu-hartzaileen lanpostu hutsak betetzeko, funtzionario gaituen arteko merezimendu lehiaketa bateratuak egiten segituko dira, lehentasunezko hautapen sistemaren bidez, baremo bakarra aplikatuz lortutako puntuazioaren arabera eta, hala badagokio, hizkuntza arloan indarra duen araudia aplikatuz. Merezimendu lehiaketa horiek egiteko gehieneko maiztasuna ere finkatzen da.

-Idazkari eta kontu-hartzaileen lanpostuak betetzeko araubide berezi bakarra Iruñeko Udalari aitortu zitzaiona dela berresten da eta araubide hori eguneratzen. Aitortza hori Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen hamaseigarren xedapen gehigarriaren bidez eman zitzaion.

-Toki entitateek idazkari eta kontu-hartzaileen lanpostuen ezaugarriei buruzko informazioa eman beharra ezartzen da, lanpostuetan sartu eta betetzeko deialdiak zuzen ebatzi ahal izateko.

Era berean, Nafarroako toki entitateetako agintaritzako eta diruzaintzako eginkizun publikoetan aritzeko arauak ematearekin batera, foru legeak denbora luzamendu bat ezartzen du Nafarroako Gobernuak udal-batasunak ezar ditzan, erreserbatuta dauden idazkari eta kontu-hartzaileen lanpostuak funtzionario araubidean betetzeko indarra duten atalaseak gainditzeko elkartu ez diren udalekin. Orobat, araubide iragankor bat ezartzen da arauzko aurreikuspen batzuetarako, lanpostu horiek betetzeko sistema berria normalizatzea baldintzatzen duten indarreko arauak indargabetzen dira eta Toki Administrazioan beharrezkoak diren eginkizun publikoetan aritzearen gaineko aurreikuspenen erregelamenduzko garapena egiteko ahalmena esleitzen da.

Garrantzi berezia eman behar zaie foru lege honetako lehen xedapen gehigarriko nahiz xedapen iragankorretako aurreikuspenei. Horien bidez, izan ere, epe bat ezartzen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege proiektu bat igor dezan Nafarroako Parlamentura, non arautuko baitira Nafarroako tokiko mapa eta Nafarroako toki entitateen antolamendua; aldi berean, aldez aurretik existitzen ziren egoera juridikoak arautu nahi dira, eta lanpostuak betetzeko sistema berriari beharrezko segurtasun juridikoa eman ere bai.

Artikulu Bakarra

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko VII. tituluak testu berria du. Hona:

I. KAPITULUA. Xedapen komunak

233. artikulua. Langile motak. Araubide juridikoa.

1. Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileria funtzionario publikoek, behin-behineko langileek eta kontratupeko langileek (finkoek edo aldi baterakoek) osatzen dute.

2. Ez dute Nafarroako toki entitateetako langileen izaera izanen Korporazioko kidea izateagatik eginkizun batzuk egitea edo zerbitzu batzuk ematea esleitua dutenek, ez eta horrelakoak errentamendu-harreman baten bidez egiten dituztenek ere.

3. Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileen araubidea, lege honetan aurreikusitakoa ez dagoen orotan, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuan xedatutakoa izanen da.

234. artikulua. Beharrezkoak diren eginkizun publikoen azalpena eta horietan aritzea.

1. Nafarroako toki entitate guztietan beharrezkoak diren eginkizun publikoak hauek dira:

a) Idazkaritza lanak, fede publikoa eta aginduzko lege-aholkularitza barne direla.

b) Kontu-hartzailetza lanak, barneko kontrol eta fiskalizazioa, ekonomiaren, finantzen eta aurrekontuen arloko aholkularitza eta kudeaketa eta, azkenik, kontabilitatea barne direla.

c) Diruzaintza lanak, funtsak erabili eta gordetzea eta dirua biltzea barne direla.

Oro har, idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako eginkizun publikoetan aritzea Foru Komunitateko Administrazioak ematen duen gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatuta egonen da bakar-bakarrik. Diruzaintzako eta aginteko eginkizunak, berriz, foru lege honetan ezarritako determinazioen arabera gauzatzen ahalko dira.

Artikulu honetako aurreko idatz-zatietan ezarritako kasuetan izan ezik, ezinezkoa izanen da idazkaritzako, kontu-hartzailetzako eta diruzaintzako eginkizun publikoetan aldi berean aritzea berariazko lanpostua duten toki entitate batean baino gehiagotan.

2. Aurreko zenbakian adierazitako eginkizun publikoak honako hauen ardura izanen dira:

a) Udaletan, berariazko lanpostua duten mankomunitateetan eta eginkizun horiek egiteko sortutako batasunetan, kasuan kasuko entitateko langileak.

b) Kontzejuetan, eginkizun horiek batzarreko edo kontzeju irekiko kideek eginen dituzte, organo horien gaikuntza badute. Langile gaitu horiek kargutik libreki kentzen ahalko dira.

c) Tradiziozko toki batasunetan, beren erregelamendu, ordenantza, hitzarmen, akordio, epai edo itunetan xedatzen denari jarraikiz eginen dira.

d) Berariazko lanposturik ez duten mankomunitateetan, 1. idatz-zatiko a) eta b) letretan aipatutako eginkizunak, toki entitate elkartuetako batean eginkizun horietan aritzen direnei esleitzen ahalko zaizkie, hala eskatuz gero, edo eskaerarik ez bada, nahitaez, txandaka. Horrelakoetan, mankomunitateak zehaztuko duen ordainsaria jasoko du, betiere eginkizuna hartzen duen langileak aitortua duen mailari dagokion hasierako soldataren ehuneko 10 gutxienez.

3. Aurrekoa gorabehera, titularra kanpoan, gaixorik edo lanpostua erreserbatzeko eskubidea ematen duen beste administrazio egoera batean badago, eta orobat, lanpostua behin betiko betetzeko arau-eragozpen bat badago, edo funtzionario batek betetzeko deitutako lanpostu hutsa aldi baterako bete behar bada, idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako eginkizun publikoetan honako hauek aritzen ahalko dira:

a) Entitateko plantillako langile finko bat, lanpostu horretan aritzeko behar den titulazioa badu eta entitateak horretarako gaikuntza halabeharrez eman badio, edo deialdi baten bidez hautatutako pertsona bat, administrazio araubidean aldi baterako kontratatua.

b) Behar den foru gaikuntza duen funtzionario bat, beste toki entitate batean aritzen dena, behar bezala frogatzen bada ezinezkoa izan dela lanpostu horiek aldi baterako betetzea aurreko idatz-zatian aurreikusitako aukeren bidez, edo betetzeko tramitazioak iraun bitarte. Horretarako, lehenago, Toki Administrazioaren arloan eskumena duen departamentuari jakinarazi beharko zaio eta ukitutako toki entitateen baimena lortu beharko da.

235. artikulua. Plantilla organikoak.

1. Toki entitate bakoitzak bere plantilla organikoan adierazi beharko ditu plazen eta lanpostuen ezaugarriak, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea eta hura garatzeko araudia aplikatuz kontuan hartzen direnak barne. Langile horiek hartzeko prozedurak ezaugarri horietara egokituko dira.

2. Toki entitateetako plantilla organikoak urtero onetsi beharko dira, aurrekontua onestearekin batera. Onesteko eta hura indarra dagoen bitartean aldatzeko, aurrekontuetarako ezarritako tramiteak bete beharko dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea ere barne.

3. Elkarte-izaerako entitate bat edo hitzarmen bat egoteagatik, toki entitate batean baino gehiagotan aritzen diren langileak badaude, langile horiek plantilla organiko bakar batean agertuko dira, organikoki menpean dituen entitaterenean hain zuzen, eta horren aipamena egin beharko da lanean ari diren gainerako entitateetako plantilla organikoetan.

4. Toki entitateek plantillaren kopia bat igorriko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, behin betiko onetsi eta hilabete bateko epean. Horrekin batera, lanpostuen zerrenda ere igorriko da, bakoitzean ari diren langileak aipatuz.

236. artikulua. Langileen hautaketa.

1. Toki entitate bakoitzari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emandako gaikuntza behar duten langileentzat erreserbatuta ez dauden lanpostuak beteko dituzten langileak hautatzea.

2. Nafarroako Gobernuaren barrenean Toki Administrazioaren arloko eskumena duen departamentuari dagokio idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuak beteko dituzten langileak hautatu eta izendatzea. Hala ere, lanpostu horiek toki entitate bakoitzeko plantillakotzat hartuko dira.

3. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren eginkizunen artean toki entitateetako langileen prestakuntza egonen da. Hala ere, toki entitateek eta beren elkarteek erakunde horrekin hitzarmenak sinatzen ahalko dituzte, prestakuntza jarduerak elkarrekin egiteko.

237. artikulua. Ordainsariak.

Toki entitateen zerbitzuko langileek, foru lege honetan ezarritako berezitasunekin, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritako kontzeptuengatik finkatutako zenbatekoak jasoko dituzte ordainsari gisa ez besterik. Horiek entitate bakoitzeko plantilla organikoan aipatu eta zehaztuko dira.

Hortaz, ezin izanen dute inolako funtsen banaketan parte hartu, eta ezin izanen dute arau horietan aipatutakoez kanpo beste ordainsaririk jaso.

II. KAPITULUA. Beharrezkoak diren eginkizun publikoen mugapena eta foru gaikuntza
behar duten funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuena

Lehenengo atala. Beharrezkoak diren eginkizun publikoak

238. artikulua. Beharrezkoak diren eginkizun publikoetan aritzearen erantzukizuna.

1. Oro har, atal honetan zerrendatzen diren idazkaritzako, kontu-hartzailetzako eta diruzaintzako eginkizun publiko beharrezko bakoitzaren administrazio-erantzukizuna duenak lan horiek egiteaz arduratzen diren zerbitzuen zuzendaritza izanen du esleitua, deusetan galarazi gabe toki entitateko gobernu organoen eskudantziak, bakoitzak antolatzeko duen ahalmena erabiliz.

2. Toki entitateek behar beste neurri (antolamendukoak, pertsonalak eta materialak) hartuko dituzte beharrezkoak diren eginkizun publikoetan eta eginkizun osagarrietan aritzeko erreserbatuta dauden lanpostuetako titularrei bermatzeko beren eginbeharrak askatasun, objektibotasun eta inpartzialtasun osoz beteko dituztela.

239. artikulua. Fede publikoa emateko eginkizunaren barruan, lan hauek daude:

a) Osoko Bilkuraren, Gobernu Batzorde erabakitzailearen edo entitatea lotesten duten erabakiak hartzen dituen Korporazioko kide anitzeko beste edozein organoren bileretako gai zerrendan sartu beharreko gaiak prestatzea, alkateak edo Korporazioko buruak ezarritakoarekin bat, eta horri laguntzea deialdia egiten, eta kide anitzeko organoko kide guztiei garaiz jakinaraztea.

b) Deialdia egiten denetik, gai zerrendan sartzen diren espedienteetako dokumentazio osoa zaintzea eta kide anitzeko organoko kideen eskura izatea, aztertu nahi badute.

c) Artikulu honetako a) letran aipatutako kide anitzeko organoen bilkuren akta egitea eta, bilkura bakoitza hasi aurretik, aurrekoaren akta onesteko bidean jartzea. Akta onetsi ondoren, akten liburu baimenduan transkribatuko da, idazkariak sinatu eta alkateak edo Korporazioko buruak ontzat eman ondoren.

d) Lehendakaritzako ebazpenen liburuan transkribatzea lehendakariak eta Korporazioko kideek, hark eskuordeturik, ematen dituzten ebazpenak.

e) Lehendakaritzaren egintza edo ebazpen guztiak ziurtatzea eta, orobat, erabakitzeko ahalmena duten kide anitzeko organoen erabakiak, hala nola entitatearen aurrekari, liburu eta dokumentuak.

f) Estatuko Administraziora eta Nafarroako Foru Komunitateko Administraziora igortzea, erregelamenduz ezartzen den moduan eta epeetan, Korporazioko pertsona bakarreko edo kide anitzeko organo erabakitzaileen egintzen eta erabakien kopia edo, hala badagokio, laburpena.

g) Espedienteetan, idatzohar bidez jasotzea, sinadura jarrita, hartzen diren ebazpenak eta erabakiak.

h) Entitateak parte hartzen duen lizitazio, kontratu eta antzeko agiri administratibo guztien aktak baimentzea, atxikita dituen berme eta erantzukizunekin.

i) Aginduzkoak diren iragarkiak publizitate-bide ofizialetan eta entitatearen iragarki oholean argitara daitezela xedatzea eta horren emaitza ziurtatzea, behar izanez gero.

j) Korporazioko kideen Interesen Erregistroaz eta Entitatearen Ondasunen Inbentarioaz arduratzea eta haiek zaintzea.

k) Entitatearen artxibo eta erregistroen goi zuzendaritza.

239. artikulua (bis). Aginduzko lege aholkularitzako eginkizunaren barruan, lan hauek daude:

a) Aurretiko txostenak prestatzea, Korporazioko buruak aginduz gero edo zinegotzien heren batek eskatuz gero kasuan kasuko gaia jorratuko den bilkura egin baino zortzi egun lehenago. Txosten horietan kasu bakoitzean aplikatzekoa den legedia adierazi beharko da eta proiektu fasean dauden erabakiak legearen araberakoak ote diren.

b) Aurretiko txostena prestatzea, onesteko gehiengo berezi bat eskatzen duen gai bat jorratzen den bakoitzean. Horrelakoetan, zerbitzuko edo bulegoko beste buruek edo beste aholkulari juridiko batzuek txostena egin badute, aski izanen da harekiko adostasuna edo desadostasuna adierazteko oharra egitea. Kasu horretan, oharraren sinatzaileak txostenaren erantzukizuna hartuko du bere gain.

c) Aurretiko txostenak egitea, berariazko lege agindu batek hala eskatzen badu.

d) Parte hartzen duen kide anitzeko organoetako bilkuretan eta organoko buruaren berariazko errekerimendua dagoen guztietan, eztabaidatzen den gaiaren gaineko legezko alderdiei buruzko txostena egitea, hartu beharreko erabakiaren zuzentasun juridikoa helburu. Eztabaidan, gairen baten legezkotasunaren gainean zalantzarik sortzen baldin bada, hitz egiteko baimena eskatzen ahalko dio buruari Korporazioari aholku emateko.

e) Korporazioko buruari edo kideei eskriturak sinatzeko ekitaldietan laguntzea eta, hala eskatuz gero, baita agintariei egiten dizkieten bisitetan edo bileretan ere, lege arloko aholkularitza emateko.

f) Korporazioko buruari aurrekontua prestatzen laguntzea, kontu-hartzailearekin batera.

g) Toki entitatearen zerbitzu juridikoak koordinatzea.

h) Udalerrian dauden kontzejuetako buruek eskatzen dizkioten aholkularitza eta laguntza lanak.

240. artikulua. Barneko fiskalizazioko eta kontroleko eginkizunak lan hauek hartzen ditu eginkizun bakoitzerako: kontu-hartzailetzan, finantza kontrolean eta eraginkortasunaren kontrolean:

1. Kontu-hartzailetzako eginkizunaren helburuak hauek dira:

a) Toki entitatearen eta haren erakunde autonomoen egintza guztiak fiskalizatzea, eskubide eta betebeharren aitorpena eta likidazioa edo gastu ekonomikoak badakartzate, baita haietatik datozen kobrantzak eta ordainketak ere, eta, orobat, administratutako diru publiko guztien aplikazioa, inbertsioa eta diru-bilketa egitea, oro har, kudeaketa kasuan-kasuan aplikatu beharreko xedapenetara egokitu dadin. Eginkizun horren barrenean, lan hauek daude:

-Eskubide edo betebehar ekonomikoak eta funtsen edo baloreen mugimenduak sor ditzaketen egintza, agiri edo espediente guztien kontu-hartzailetza kritikoa edo aurretikoa egitea.

-Ordainketa aginduen kontu-hartzailetza formala.

-Ordainketaren kontu-hartzailetza materiala.

-Inbertsioen eta diru-laguntzen aplikazioaren kontu-hartzailetza eta egiaztapen materiala.

b) Egindako ohartarazpenen kontra toki entitateko buruak hartutako ebazpen guztien gaineko txostena egitea eta Osoko Bilkurari igortzea, hala nola diru-sarreren arloan atzemandako anomalia nagusien laburpen bat.

c) Kreditu aski izan gabe, baimentzen diren gastuak edo aitortu, likidatu edo ordaintzen diren betebeharrak bidegabeak direla ohartaraztea idatziz, bestela haien gaineko erantzukizun pertsonala izanen du eta.

d) 50.000 biztanletik gorako udalerrietan, aurretiko txostena egitea, alkate-udalburuak proposaturik, entitateak erabaki dezan aurretiko kontu-hartzailetzako lana alderdi hauek egiaztatzera muga dadila:

-Aurrekontuetan kreditu aski ote dagoen eta proposatzen den kreditua egin edo hartu nahi den gastu edo betebeharrerako egokia den, eta urte anitzeko gastu konpromisoak hartuz gero, agindutakoa betetzen den.

-Betebeharrak edo gastuak organo eskudun batek proposatzen ote dituen.

-Kudeaketa prozesuan duten eragina dela-eta, Osoko Bilkurak zehazten dituen beste alderdi batzuk.

Kontu-hartzailetzako organoak egoki iruditzen zaizkion ohar osagarriak egiten ahalko ditu, baina horiek ez dute inola ere etengo kasuko espedienteen tramitazioa.

e) Obrak hartzeko ekitaldietara joatea entitateko buruarekin edo hark eskuordetutako kidearekin, entitateko idazkariarekin, obra zuzendaritzaren arduradunarekin eta kontratistarekin batera. Azken horrek, hala nahi izanez gero, bere fakultatiboa eraman dezake.

2. Finantza kontroleko eginkizunaren helburuak hauek dira:

a) Toki entitateetako zerbitzuen, haien erakunde autonomoen eta haien menpeko merkataritza sozietateen alderdi ekonomiko-finantzarioaren funtzionamendua egiaztatzea.

b) Epaitzea ea finantza arloko informazioaren aurkezpena egokia ote den, betetzen ote diren aplikatzekoak diren arau eta jarraibideak, eta zenbatekoa den aurreikusitako helburuen efizientzia maila.

c) Egindako azterketaren ondorioz ateratzen diren ohar eta helburu guztiak azaltzen dituen txosten idatzia egitea. Txostenak, auditoriaren xede izan den organoaren alegazioekin batera, Osoko Bilkurari bidaliko zaizkio, azter ditzan.

3. Eraginkortasuna kontrolatzeko eginkizunaren helburua da, aldian behin, helburuak noraino bete diren egiaztatzea, hala nola zerbitzuen edo inbertsioen errendimenduaren eta funtzionamenduaren kostuaren azterketa egitea.

240. artikulua (bis). Ekonomiaren, finantzen eta aurrekontuen arloko kudeaketa eta aholkularitzako eginkizunaren barruan lan hauek daude:

a) Toki entitateko buruari aurrekontua prestatzen laguntzea, idazkariarekin batera.

b) Ekonomia eta finantza txosten bat prestatzea, entitatearen aurrekontuari buruzko informazio osagarria izanen dena. Txosten horretan honako hauek azalduko dira: batetik, aurreikusitako diru-sarreren eta kreditu-eragiketen ebaluazioa egiteko erabilitako oinarriak, eta, bestetik, kredituak aski ote diren eskatzen zaizkion betebeharrei eta zerbitzuen funtzionamendu gastuei aurre egiteko eta, horrenbestez, aurrekontua benetan berdintzeko. Kreditu eragiketei dagokienez, haien zenbatekoaz gainera, hitzartu asmo diren ezaugarri eta baldintza finantzario guztien xehetasunak adieraziko dira, eta bereziki aipatuko da entitateak duen finantza karga, hura formalizatu aurretik eta ondotik.

c) Idazkariarekin batera, aurrekontu orokorren proiektuari buruzko aurretiko laburpen txostena prestatzea, entitateko buruak Korporazioaren Osoko Bilkurari azaroaren lehena baino lehen bidaltzeko, horrek onetsi, zuzendu edo itzul dezan.

d) Exekuzio oinarrien aurretiko txostena prestatzea, gastuen aurrekontuen kargura egiten diren kutxa finkoko aurrerakinak eta justifikatu beharreko ordainketa aginduak emateko arauei buruz. Bertan zehaztuko dira irizpide orokorrak, muga kuantitatiboak eta zein aurrekontu-kontzepturi aplikatu behar zaizkien.

e) Aurrekontuetako kredituen aldaketa guztiei buruzko txostena egitea, nahitaez.

f) Mota guztietako kreditu-eragiketak hitzartzeko aurretiko txostena prestatzea, non toki entitateak eragiketa horien ondoriozko betebeharrei denboran aurre egiteko duen gaitasuna aztertuko baita bereziki. Toki entitatearen menpeko erakunde autonomoek kreditu-eragiketak hitzartu aurretik ere, txostena prestatu beharko da.

g) Aurreragoko ekitaldiei egotzi beharreko gastuak baimendu aurretik txostena prestatzea, baimendu beharreko urte anitzeko gastuaren ondorio ekonomiko-finantzarioei buruz eta, hala badagokio, gastu horien eta inbertsio planen eta finantzaketa programen arteko korrelazioari buruz.

h) Toki entitatearen eta haren menpeko erakunde autonomoen aurrekontuen likidazioa toki entitateko buruak onetsi aurretik, aginduzko txostena prestatzea.

i) Gastuen murrizketa ezeztatu aurretik txostena prestatzea, aurrekontua likidatzean diruzaintzako geldikin negatiboa baldin badago.

j) Toki entitateko buruak edo zinegotzien heren batek eskaturik, edo legez gehiengo berezi bat behar duten gaiak jorratu behar direnetan, ekonomiaren, finantzen edo aurrekontuen gaineko txostenak, irizpenak eta proposamenak egitea.

k) Irizpena ematea zerbitzu berriak sortzeari edo daudenak berritzeari buruz, aurkezten diren proposamenen ondorio ekonomiko-finantzarioak ebaluatzeko. Eztabaidan gairen baten aurrekontu-ondorioen gainean zalantzarik sortzen baldin bada, hitz egiteko baimena eskatzen ahalko dio entitateko buruari, Korporazioari aholku emateko.

l) Aurretiko txostena prestatzea, herri ekimen baten bidez, udalaren eskumenekoak diren gaiei buruzko erabaki edo jarduketen proposamenak edo xedapen orokorren proiektuak aurkezten direnean, eskubide edo betebehar ekonomikoetan ondoriorik badute.

240. artikulua (ter). Kontabilitateko eginkizunak lan hauek hartzen ditu:

a) Aurrekontuaren exekuzioaren segimendua eta kontabilitatea eraman eta garatzea, arau orokorrei eta Korporazioko Osoko Bilkurak ematen dituen arauei jarraikiz.

b) Toki entitatearen menpeko erakunde autonomoen eta merkataritza-sozietateen kontabilitatea kontrolatu eta gainbegiratzea, Osoko Bilkurak ezartzen dituen prozedurekin bat.

c) Toki entitateko Osoko Bilkurari, entitateko buruaren bidez, aurrekontuen betearazpenaren gaineko informazioa igortzea, baita Osoko Bilkurak kontabilitatearen gainean eskatzen duen gainerako informazioa ere, hark eskatzen dituen epeak eta maiztasuna betez.

d) Kontu orokorrak egin edo prestatzea.

241. artikulua. Diruzaintzako eginkizunak.

1. Diruzaintzako eginkizunen barrenean dago toki entitatearen funts, balore eta efektuak erabili eta zaintzea, indarreko legezko xedapenek eta dirubilketa zerbitzuko buruek ezartzen dutenari jarraikiz.

2. Funts, balore eta efektuak erabili eta zaintzeak berarekin dakar:

a) Entitatearen funts eta baloreei dagozkien kobrantzak eta ordainketak egitea, indarreko lege xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

b) Funtsak, baloreak eta efektuak nola zaindu behar diren antolatzea, entitateko buruak ematen dituen jarraibideekin bat.

c) Korporazioak ematen dituen jarraibideekin bat, bankuetan, Gordailu Kutxa Orokorrean eta antzeko establezimenduetan kontsignazioak egitea eta establezimendu horietan irekitako kontuen kontra igortzen diren txeke eta gainerako ordainketa aginduak baimentzea, ordainketen agintzailearekin eta kontu-hartzailearekin batera.

d) Diruzaintzako plan eta programak prestatzea, entitatearen diru-baliabideak denboran banatuz, bere betebeharrak egoki betetzeko, legez ezarritako lehentasunei erantzunez, Korporazioak ezartzen dituen jarraibideekin bat.

3. Dirubilketa zerbitzuko burutzak lan hauek hartzen ditu:

a) Dirubilketa prozedurak sustatu eta zuzentzea, eta kobrantzak ezarrita dauden epeetan egiteko beharrezkoak diren neurriak proposatzea.

b) Dirubiltzaileei eta derrigorrezko dirubilketako agenteei ematen zaizkien baloreen kargu-orriak baimentzea.

c) Premiamenduko administrazio espedienteetan premiamendu probidentzia diktatzea eta bahitutako ondasunen enkantea egiteko baimena ematea.

d) Baloreen galeraren ondoriozko erantzukizunaren espedienteak tramitatzea.

Bigarren atala. Foru gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuak

242. artikulua. Erreserbatutako lanpostuak.

Foru gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatuta dauden lanpostuak dira idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako eginkizunen administrazio-erantzukizuna esleitua dutenak, foru lege honetan finkatzen den moduan eta baldintzetan. Eginkizun horiek foru lege honen 234. artikuluko 1. puntuko a) eta b) idatz-zatietan ezarrita daude.

Lehenengo azpiatala. Idazkari lanpostua

243. artikulua. Idazkari lanpostua.

1. Idazkari lanpostuak esleituta izanen ditu fede publikoa ematearen administrazio-erantzukizuna eta aginduzko lege aholkularitzakoa; erantzukizunok foru lege honetako 239. eta 239. (bis) artikuluetan daude adierazita.

Idazkari lanpostuaren eginkizun izanen dira, era berean, kontu-hartzailetzako eginkizunak, 244. artikuluan ezarritakoaren arabera kontu-hartzailearen lanposturik ez duten toki entitateetan, eta, orobat, toki entitate horren bulego eta zerbitzuak antolatu eta zuzentzeko eginkizunak, kudeaketa-lanak egiten dituen A mailako beste pertsona bati esleituta ez daudenean.

2. Honakoetan izanen da idazkari lanpostua:

a) 2.000 biztanletik gorako udalerrietan.

b) Tradiziozko batasunetan, baldin eta hala badago xedatuta beren erregelamendu, ordenantza, hitzarmen, akordio, epai edo itunetan.

c) Zerbitzu administratiboetarako batasunetan eta gainerako toki entitateetan, baldin eta hala ezartzen bada foru lege honetako lehen xedapen gehigarriak aipatzen duen foru legean, eta bertan ezartzen diren eskakizun eta baldintzekin bat.

3. Idazkariordearen lanpostua 25.000 biztanletik gorako udalerrietan bakarrik sortzen ahalko da, eta idazkarien lanpostuentzat ezarritako arauei lotuko zaie.

Bigarren azpiatala. Kontu-hartzaile lanpostua

244. artikulua. Kontu-hartzaile lanpostua.

1. Kontu-hartzaile lanpostuak foru lege honen 240., 240. (bis) eta 240. (ter) artikuluetan adierazitako eginkizunen administrazio-erantzukizuna izanen du esleitua.

Kontu-hartzaile lanpostuari berez dagozkion eginkizunez gain, diruzaintza lanak ere egin beharko ditu, diruzainaren lanposturik ez duten entitateetan.

2. Kontu-hartzailearen lanpostua honako entitate hauetan izanen da nahitaezkoa:

a) 3.000 biztanle edo gehiago dituzten udalerrietan.

b) Tradiziozko batasunetan, hala badago xedatuta beren erregelamendu, ordenantza, hitzarmen, akordio, epai edo itunetan, eta, betiere, azken bost urteetan urteko gastu arrunta hiru milioi eurotik gorakoa izan bada.

c) Zerbitzu administratiboetarako batasunetan eta gainerako toki entitateetan, baldin eta hala ezartzen bada foru lege honetako lehen xedapen gehigarriak aipatzen duen foru legean, eta bertan ezartzen diren eskakizun eta baldintzekin bat.

244. artikulua (bis). Kontu-hartzaileen lanpostuen sailkapena.

1. Kontu-hartzaileen lanpostuak honela sailkatzen dira:

a) A taldeko kontu-hartzailea, 7.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan.

b) B taldeko kontu-hartzailea, foru lege honetako ) artikuluak aipatzen dituen gainontzeko udalerrietan.

2. Gainontzeko toki entitateetan kontu-hartzaileen lanpostuak sailkatuko dira foru lege honetako lehen xedapen gehigarrian aipaturiko foru legean ezarritakoaren arabera.

3. Dena dela, biztanle kopuruaren bilakaeraren arabera edo toki entitateak beste edozein zirkunstantziarengatik hala erabakitzen duelako, entitateari duena baino maila altuagoko kontu-hartzaile bat baldin badagokio, lanpostu hori salbuetsita egonen da gerora etorritako sailkapenaren araberako gaikuntza duten langileekin bete beharretik, betiere sailkapen baxuagoa izanik lan horiek egiten dituen funtzionarioaren egoera pertsonalak iraun arte. Horrelakoetan, funtzionarioak eginkizun horietan segitzen ahalko du, baina daukan mailatik goragoko gaikuntzarik eskuratu gabe.

Hirugarren atala. Hautapena eta lanpostuak betetzea

Lehenengo azpiatala. Gaikuntza lortzea

245. artikulua. Gaikuntza lortzeko deialdiak.

1. Nafarroako toki entitateetako idazkariaren edo kontu-hartzailearen izaera eskuratzeko, beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ematen duen gaikuntza lortzea. Aurrekotik salbuetsita dago foru lege honetan Iruñeko Udalarentzat ezarrita dagoena.

2. Gaikuntza lortzeko aurretiko betebeharra izanen da oposizio edo oposizio-lehiaketa bidez eginen den deialdia gainditzea, txanda irekian.

3. Deialdien oinarriak, programak eta merezimenduen baremoak Nafarroako Gobernuan Toki Administrazioaren arloan eskumena duen departamentuak onetsiko ditu, Toki Administrazioaren ordezkarien parte-hartzearekin, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Sarrera Erregelamenduan ezarritako determinazioekin bat.

4. Gaikuntza lortzeko deialdietan, berariaz antolatuko diren prestakuntza ikastaroak gainditzea eska daiteke.

5. Deialdi bakoitzean eman beharreko gaikuntzen zenbatekoa ez da izanen lanpostuak betetzeko aurretiko lehiaketak ebatzi ondoren hutsik gelditzen diren lanpostuen kopurua baino handiagoa.

246. artikulua. Epaimahaiak.

Toki Administrazioaren arloan eskumena duen departamentuak hautapen probak kalifikatzeaz eta, hala behar bada, baremoak aplikatzeaz eta prestakuntza ikastaroak ebaluatzeaz arduratuko diren epaimahaiak izendatuko ditu. Epaimahaietan Nafarroako toki entitateen ordezkariak izanen dira, deialdietan ezartzen denaren arabera.

246. artikulua (bis). Gaikuntza probetan parte hartzeko betebeharrak.

1. Parte hartu nahi izanez gero Nafarroako toki entitateetako idazkari lanpostuetan sartzeko eta gaikuntza lortzeko probetan, kasuan kasuko deialdian eskabideak aurkezteko finkatzen den epea bukatzen den egunean ondorengo ikasketa tituluren bat eskuratu dela frogatu beharko da, edota ikasketa horietakoren bati dagokion gradu-titulua edo titulu baliokide bat:

-Zuzenbideko lizentzia.

-Zientzia Politikoetako eta Administrazioaren Zientzietako lizentzia edo Soziologiako lizentzia edo Zientzia Politikoetako eta Soziologiako lizentzia.

2. Parte hartu nahi izanez gero Nafarroako toki entitateetako A taldeko kontu-hartzaileen lanpostuetan sartzeko eta gaikuntza lortzeko probetan, kasuan kasuko deialdian eskabideak aurkezteko finkatzen den epea bukatzen den egunean ondorengo ikasketa tituluren bat eskuratu dela frogatu beharko da, edota ikasketa horietakoren bati dagokion gradu-titulua edo titulu baliokide bat:

-Zuzenbideko lizentzia.

-Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentzia.

-Ekonomiako lizentzia.

-Zientzia Aktuarial eta Finantzarioetako lizentzia edo Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentzia.

3. Parte hartu nahi izanez gero Nafarroako toki entitateetako B taldeko kontu-hartzaileen lanpostuetan sartzeko eta gaikuntza lortzeko probetan, kasuan kasuko deialdian eskabideak aurkezteko finkatzen den epea bukatzen den egunean aurreko idatz-zatian aipatutako ikasketa tituluren bat eskuratu dela frogatu beharko da, edota ikasketa horietakoren bati dagokion gradu-titulua edo titulu baliokide bat:

246. artikulua (ter). Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

1. Foru gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuak, merezimenduen lehiaketen deialdietan betetzen ez direnak, 245. artikuluan aipatzen den gaikuntza lortzen dutenei esleituko zaizkie, betiere Toki Administrazioaren arloko eskumena duen departamentuko titularrak aurretik izendatu ondoren, izangaiek lortutako puntuazioaren arabera eta lanpostu hutsen hizkuntza eskakizunaren arabera, eta foru lege honen 250. artikuluaren 2. puntuan ezarritako irizpideei jarraikiz. Esleitzen diren lanpostuen jabetza hartzeko araubidea foru lege honen 252. artikuluan ezarritakoari egokituko zaio.

2. Nafarroako toki entitate batean idazkari edo kontu-hartzaile lanpostu bat Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak deitutako hautapen prozesu baten bidez lortzen dutenek, bertan sartzeko euskaraz jakitea nahitaezkoa bazen, gero batean Nafarroako beste toki entitate batzuetako lanpostu hutsak betetzeko prozesuetan parte hartu nahi izanez gero, euskaraz jakitea nahitaezkoa duten lanpostuak betetzeko prozesuetan baizik ezin izanen dute parte hartu.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, euskararen ezagutza kontuan hartu gabe, erreferentziako hautapen prozeduraren emaitzak bide eman bazion interesdunari betebehar hori ezarrita ez duen lanpostu bat lortzeko.

3. Gaikuntza prozesuetako probak gainditu arren, deialdiaren xedeko lanpostu hutsak betetzeko izendatuak ez diren izangaiak Toki Administrazioko Departamentuak izendatzen ahalko ditu hari eskatzen dioten toki entitateek administrazio araubidean kontrata ditzan, hala eskatzen duten toki entitateetan lanpostu horiei dagozkien eginkizunetan aldi baterako aritzeko.

Horren ondorioetarako, hautapen prozesu horietan lortzen duten guztirako puntuazioaren araberako lehentasunezko ordena korrelatiboari segituko zaio.

Bigarren azpiatala. Lanpostuak betetzea

247. artikulua. Lanpostuak betetzeko sistema, lanpostu hutsak zehaztea.

1. Gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuak, oro har, merezimendu lehiaketa bidez beteko dira, salbu eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen hamaseigarren xedapen gehigarrian Iruñeko Udalarentzat ezarritako kasuetan. Lehiaketaren deialdia egitea Nafarroako Gobernuan Toki Administrazioaren arloko eskumena duen departamentuari dagokio. Lehiaketa horien deialdia hiru urtean behin eginen da, gutxienez.

2. Lehiaketa horien xedea izanen da betetzea, hutsik badaude, foru lege honetako 243.2 eta 244.2 artikuluetan ageri diren lanpostuak; lanpostuon deialdia hiru urtean behin eginen da gutxienez, eta foru lege honetako 245. artikuluak aipatzen duen gaikuntza lortzeko deialdia onetsi baino lehen eginen da.

3. Deitzen den lehiaketa bakoitzean, betetzeko eskainiko dira, halaber, beren titularrak lehiaketa horrexetan beste lanpostu bat lortzeagatik hutsik gelditzen diren lanpostuak, aurretik azaldu diren baldintzak betetzen badira betiere. Lehiaketen oinarrietan aurreikusita egonen da hurrenez hurreneko itzuliak egiteko prozedura, halako moduz non modua egonen baita esleitzeko, izangaien merezimenduak eta hurrenkera kontuan hartuta, bai hasieran deitutako lanpostu hutsak, bai titularrak lehiaketan parte hartzearen ondorioz hutsik gelditutako lanpostuak.

248. artikulua. Lanpostuak betetzeko deialdien aurreko prozedura.

1. Toki Administrazioaren arloan eskumena duen departamentuak, gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuak betetzeko lehiaketen deialdia egin baino hiru hilabete lehenago gutxienez, jarduketa hauek eginen ditu:

a) Toki entitateei adieraziko die zeintzuk diren, foru lege honen 243.2 eta 244.2 artikuluetan sartuta egonik, hutsik dauden edo hutsik egon daitezkeen idazkari edo kontu-hartzaile lanpostuak.

b) Idazkari edo kontu-hartzaile lanposturik ba ote den adierazteko eskatuko die lanpostu horiek sortzeko ahalmena duten toki entitateei, ahalmen hori eskuratuta dutelarik, hain zuzen ere, foru lege honen lehen xedapen gehigarriak aipagai duen foru legeak ezartzen duenarekin bat.

c) Tradiziozko toki batasunei eta Iruñeko Udalari galdetuko die zer erabaki duten beren idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuak sistema arruntarekin bete beharrekoen artean sartzeari buruz.

d) a) Idatz-zatian aipaturiko toki entitate guztietatik informazioa bilduko du jakiteko zer lanpostu dauden erreserbatuta, aplikatzekoa den araudiaren arabera, minusbalioa dutenentzako txandakoentzat.

e) Eremu mistoko eta eremu euskalduneko toki entitateei informazioa eskatuko die funtzionario-araubidean bete daitezkeen lanpostuen hizkuntza eskakizunari buruz.

2. Aurreko paragrafoan adierazitako jarduketak bukatu eta bi hilabeteko epean, toki entitateek departamentu horretara joko dute, lan hauetarako:

a) Adierazteko idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuak sortu nahi dituztela, foru lege honetako lehen xedapen gehigarrian aipaturiko foru legean ezarritakoari jarraikiz horretarako ahalmena dutenean. Betebehar hori ez betetzea ez da oztopo izanen lanpostu horiek lehiaketetan ofizioz sartzeko.

b) Jakinarazteko bete beharreko zer lanpostu dauden erreserbatuta minusbaliatuentzako txandakoentzat, halakorik baldin badago.

c) Eremu mistoko eta eremu euskalduneko idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuen hizkuntza eskakizuna zehazteko. Ezarritako epean jakinarazten ez badute, ondorioztatuko da euskaraz jakitea ez dela nahitaezkoa, eta merezimendu gisa eremu euskaldunean bakarrik baloratuko da. Elkarte-izaerako toki entitateetan zer hizkuntza eskakizun aplikatuko den jakiteko, entitatearen egoitza non dagoen hartuko da kontuan.

3. Aurreko puntuan ezarritako epea bukatuta eta toki entitateen informazioa aztertuta, Toki Administrazioaren arloan eskumena duen departamentuak, lehiaketen deialdia egin baino lehen, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du 247. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritakoari jarraikiz funtzionario araubidean bete daitezkeen idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuen zerrenda eta, behar bada, honakoak zehaztuko ditu: minusbaliatuentzako txandan betetzeko erreserbak eta lanpostu bakoitzaren hizkuntza eskakizuna.

249. artikulua. Lehiaketetan parte hartzea.

1. Foru gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatuta dauden lanpostuak betetzeko merezimendu lehiaketetan parte hartzen ahalko dute ondotik aipatzen diren administrazio egoeretako batean dauden toki funtzionario gaituek, betiere lortu nahi duten lanpostua beren karguari eta taldeari dagokiena baldin bada. Alegia:

-Jardunean.

-Zerbitzu bereziak.

-Borondatezko eszedentzia, egoera horretara igaro zenetik urtebete gutxienez igaro bada.

-Eszedentzia berezia.

2. Epai edo administrazio ebazpen irmo baten bidez desgaituak edo eginkizun-gabetuak dauden funtzionarioek ezin izanen dute parte hartu lehiaketetan, epaian edo zehatzeko ebazpenean adierazitako epea igaro ez bada.

3. Nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioak lehiaketetan parte hartu eta lanpostu huts guztiak eskatzera beharturik daude.

4. Parte-hartzaileek lanpostuak aukeratzeko prozedura deialdietan ezartzen dena izanen da.

250. artikulua. Merezimenduak.

1. Nahitaez baloratu beharreko merezimenduen baremoa zehaztea Nafarroako Gobernuan Toki Administrazioaren arloan eskumena duen departamentuari dagokio, Nafarroako toki entitateen ordezkarien parte-hartzearekin. Baremoa Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamenduan lekualdatze lehiaketetarako ezarritako aurreikuspenetara egokituko da.

2. Eremu euskalduneko toki entitateetan, euskaraz jakitea nahitaezkotzat jotzen ez bada, merezimendu kualifikatutzat hartuko da, eta haren balorazio osagarria merezimenduen baremoaren guztirako puntuazioaren ehuneko 10ekoa izanen da.

Eremu mistoko toki entitateetan, euskaraz jakitea nahitaezkotzat jotzen ez bada, eta merezimendu kualifikatutzat hartzea erabaki badute, haren balorazio osagarria merezimenduen baremoaren guztirako puntuazioaren ehuneko 6koa izanen da.

Euskaraz jakitearen egiaztapena eta kasu bakoitzean balorazioa egiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileentzat hizkuntza horren ezagutzaren tratamenduaren gainean ezarritako araudiari segituko zaio.

251. artikulua. Epaimahaiak.

1. Funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuak betetzeko merezimendu lehiaketak ebazteko ardura duten epaimahaietan toki entitateen ordezkariek parte hartuko dute. Epaimahai horietako kideak Toki Administrazioaren arloan eskumena duen departamentuak izendatuko ditu.

2. Deialdi bakoitzaren aurreikuspenekin bat, epaimahaiek parte-hartzaileek frogatutako merezimenduak baloratuko dituzte eta horien zerrenda ordenatu bat prestatuko dute, bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera. Zerrendan euskaraz jakitea nahitaezkoa duten lanpostuetan sartu nahi duten lehiakideak azalduko dira, eta kontuan hartuko da, orobat, foru lege honen 246. (ter). artikuluko 2. idatz-zatian jasotako aurreikuspena.

3. Lehiaketen ebazpenak eta lanpostuen esleipenen proposamenak Toki Administrazioaren arloan eskumena duen departamentuko titularrari igorriko zaizkio, eta horrek bidezko diren izendapenak eginen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko direnak.

252. artikulua. Esleipenak eta jabetza hartzeak.

1. Merezimenduen lehiaketen ondorioz lanposturen bat esleitua gertatzen direnek hilabeteko epean hartu beharko dute izendapenaren xedeko lanpostuaren jabetza, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik kontatuta. Horrekin batera, aurreko lanpostua utzi beharko dute, kasua bada.

Dena dela, administrazio eraginkortasuna helburu, deialdia egin duen organoak lanpostuaren jabetza hartzeko egun jakin bat finkatzen ahalko du. Horrelakoetan, aurreko paragrafoan ezarritako epea gainditzen ahalko da.

2. Lanpostuaren jabetza hartzearekin batera, lanpostuak atxikita dituen funtzionario-eskubide eta -betebehar guztiak bereganatuko dira eta funtzionarioa kasuko toki entitatearen menpe geldituko da.

3. Justifikatutako arrazoirik izan gabe lanpostuaren jabetza hartzen ez bada, gaikuntza galduko da. Hori dela kausa bete gabe gelditzen diren lanpostuak hurrengo deialdian eskainiko dira.

4. Hurrengo deialdietan eskainiko dira, orobat, gaikuntza prozesuetan esleitu arren, arrazoi honengatik hutsik gelditzen diren lanpostuak: titularrak borondatezko eszedentzia hartzea lanpostuaren jabetza hartzeko unean beste administrazio publiko batean lanean ari delako.

Laugarren atala. Eskubide eta betebeharrak

253. artikulua. Ordainsari osagarriak.

Foru gaikuntza duten funtzionarioen ordainsari osagarriak kasuan kasuko toki entitateak finkatuko ditu, indarreko legerian ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren berariazko baldintzen arabera:

1. Nafarroako toki entitateetan funtzionario araubidean bete daitezkeen idazkari eta kontu-hartzaile lanpostu guztiak bateraezintasun araubidean beteko dira, salbu eta dedikazio esklusiboaren modalitateko zerbitzu-ematearen araubidea esleitzen bazaie.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako araubideetatik edozein esleituz gero, beharrezkoa bada, dagokion plantilla organikoa berrikusi beharko da, araubide berria eta horren ondorioz lanpostu bakoitzari egokitzen zaion ordainsari-osagarria bertan jasotzeko.

3. Foru lege honek indarra hartzen duenerako bateraezintasun araubidea esleitua ez duten lanpostuetan hori ezartzen bada, ezin izanen da handitu lanpostu bakoitzari esleitutako ordainsari-osagarrien guztirako zenbatekoa, salbu eta beharrezkoa baldin bada dagokion mailaren hasierako soldataren ehuneko 35era iristeko.

4. Dagokion mailaren hasierako soldataren ehuneko 35eko edo gehiagoko ordainsari-osagarriak esleituak dituzten lanpostuek bateraezintasun araubidea atxikita dutela ulertuko da.

5. Aipatutakoez gain, lanpostuei beste osagarri batzuk esleitzen ahalko zaizkie, lanpostu bakoitzaren ezaugarrien arabera, betiere Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren araudian ezarritakoarekin bat baldin badatoz.

254. artikulua. Diziplina araubidea.

Foru Komunitatearen gaikuntza duten toki funtzionarioei aplikatzekoa zaien diziplina araubidea Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioei aplikatu beharreko indarreko araudian ezarrita dagoena izanen da, berezitasun hauek kontuan harturik:

1. Diziplina espedienteak hasteko eskumena duten organoak:

a) Arau-hauste arinen kasuan, diziplina espedienteak hasteko ahalmena Korporazioko alkate-udalburuari dagokio eta, batasun bateko entitateen kasuan, arau-haustea egin den udalerriko alkate-udalburuari.

b) Arau-hauste larrien edo oso larrien kasuan, diziplina espedienteak irekitzeko ahalmena Korporazioko alkate-udalburuari dagokio edo, bestela, Toki Administrazioko zuzendari nagusiari, alkate-udalburuak hori proposatu eta toki entitateko Osoko Bilkurak baimentzen badu.

2. Zehapenak jartzeko eskumena duten organoak:

a) Arau-hauste arinengatiko zehapenak jartzea Korporazioko alkate-udalburuari dagokio edo, kasua bada, funtzionarioa organikoki atxikita duen batasuneko buruari.

b) Arau-hauste larriengatiko edo oso larriengatiko zehapenak jartzeko eskumena diziplina espedientea hasi duenak izanen du, salbu eta zehapenak ondorio gisa zerbitzutik kentzea baldin badakar, kasu horretan eskumena Nafarroako Gobernuarena izanen baita betiere.

255. artikulua. Administrazio egoerak.

Nafarroako Foru Komunitatearen gaikuntza duten funtzionarioen administrazio egoerak Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuan araututa daudenak dira, baina artikulu honetan jasotzen diren berezitasunak izanen dituzte:

1. Nafarroako Foru Komunitatearen gaikuntza duten funtzionarioen administrazio egoeraren deklarazioa egitea haiek menpean dituen toki entitateko edo batasuneko buruari dagokio.

2. Jarduneko egoeran izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren arabera administrazio egoera hori sortzen duten inguruabarretatik edozeinetan dauden toki funtzionarioak, Nafarroako Foru Komunitateak emandako gaikuntza dutenak, baita ondoko egoeretako batean daudenak ere:

a) Beharrezkoak diren lanpostu berdin-berdinak dituzten toki administrazio batzuen arteko administrazio berrantolaketa bat dela kausa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren hamabigarren xedapen gehigarrian xedatu bezala transferitzen ez direnak.

b) Elkarte-izaerako toki entitate baten menpe dauden lanpostuak izanik, entitatea formalki desegin eta kide ziren udal bakar bati atxikita gelditzen ez direnak.

Kasu bietan, jarduneko funtzionario horiek behartuak egonen dira lanpostuak betetzeko deitzen den hurrengo lehiaketan parte hartzera eta bertan esleitu daitezkeen lanpostu guztiak eskatzera. Parte hartzen ez badute, nahitaezko eszedentziako egoerara pasako dira.

256. artikulua. Oporrak, lizentziak eta baimenak.

Nafarroako Foru Komunitatearen gaikuntza duten toki funtzionarioen oporrak, lizentziak eta baimenak ematea haiek menpean dituzten toki entitateei dagokie, aplikatzekoa den indarreko araudiarekin bat, eta lekualdatze kasuetan, entitate bakoitzean egindako denboraren arabera.

III. KAPITULUA. Diru-zaintzako eta poliziako langileak

257. artikulua. Diruzain lanpostua.

1. Diruzain lanpostuak, funtzionario estatusari lotutako langileei dagokienez, foru lege honen 240. (ter) artikuluan aipatutako eginkizunen administrazio erantzukizuna dakar berarekin.

2. Diruzain lanpostua beharrezkoa izanen da 25.000 biztanletik gorako udalerrietan eta horretarako propio sortzen diren udal-batasunetan.

3. Diruzain lanpostu bat hartzeko beharrezkoa izanen da A taldeko kontu-hartzailearen gaikuntza lortzeko foru lege honetan eskatzen diren tituluetatik bat edukitzea eta, lanpostua hartzearekin batera, funtzionario araubidea bereganatuko da, kasuan kasuko toki entitatearen zerbitzura aritzeko.

4. Kontu-hartzaile lanpostua plantilla organikoan sartzea erabaki duten udaletan edo elkarte-izaerako toki entitateetan, kontu-hartzaileari egokituko zaizkio entitatearen diruzaintzako eginkizunak.

5. Diruzain lanpostua ez duten toki entitateetan, lehenago xedatutakoaren arabera diruzaintza lanak kontu-hartzaileari esleitu ez bazaizkio, lan horiek entitateak izendatutako C edo D mailako langile funtzionario batek eginen ditu (lan gehigarri edo osagarriak agintzen ahalko zaizkio), edo entitateko kideei esleitzen ahalko zaizkie.

6. Diruzain lanpostua duenak diruzaintza lanak egiteak berarekin ekarriko du behar adinako bermea eratzea bere kargura. Bermearen zenbatekoa eta nolakoa dagokion toki entitateko Osoko Bilkurak finkatuko ditu.

258. artikulua. Udaltzaingoak.

Agintea erabiltzea dakarten lanak udaltzaingoko langileek eginen dituzte eta, hala badagokio, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako arauetan adierazitako langileek.»

Lehen Xedapen Gehigarria. Idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuak partekatzeko udal-batasunak ezartzea.

2012ko irailaren 30a baino lehenago, Nafarroako Gobernuak foru lege proiektu bat igorriko du Nafarroako Parlamentura, non arautuko baitira Toki Mapa eta Nafarroako toki entitateen antolamendua; proiektu horrek errespetatu beharreko printzipioak izanen dira subsidiaritatearena, eskumenen argitasunarena, finantza-nahikotasunarena eta lurralde-elkartasunarena. Legearen nahitaezko ezarpena gauzatu aurretik, toki entitateek epe labur bat izanen dute legeko aurreikuspenak bere borondatez onartzeko.

Lege proiektu horrek, betiere, Nafarroako toki entitateen mapa bat edukiko du, zeinaren egitura-mailetan jasota egonen baitira kontzejuak, udalak, zerbitzu administratiboetarako batasunak eta udalez gaindiko bestelako entitateak.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen hamaseigarren xedapen gehigarriaren 2. puntuko a) eta b) idatz-zatiak honela idatzita geldituko dira:

"a) Iruñeko Udalak, plantilla organikoa onesten duenean, Osoko Bilkurako idazkari lanpostu hutsa betetzeko zer sistema erabiliko den zehaztuko du. Honako bide hauek izanen ditu aukeran:

-Lanpostua lege honen 245. eta ondoko artikuluetan araututako betetze sisteman sartzea. Horretarako, Iruñeko Udalak Toki Administrazioaren arloan eskumena duen departamentura jo beharko du, foru lege honen 248. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

-Lanpostu hori Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Sarrera Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz betetzea. Proba horietan parte hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioek, daukaten lanpostuan sartzeko 246. (bis). artikuluko 1. idatz-zatian adierazitako tituluren bat eskatu baldin bazaie.

Prozedura horren bitartez lanpostuan sartzen den pertsonak Nafarroako toki entitateetan idazkari gisa aritzeko gaikuntza lortuko du zuzenean, horrelakorik ez badu.

-Foru gaikuntza duten funtzionarioen artean betetzea, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Sarrera Erregelamenduaren II. tituluko III. kapituluan ezarritakoarekin bat.

Prozedura horren bidez lanpostuan sartzen dena zerbitzu berezien egoeran geldituko da jatorriz duen lanpostuan.

d) Iruñeko Udalak, plantilla organikoa onesten duenean, Udaleko kontu-hartzaile orokorraren lanpostu hutsa betetzeko zer sistema erabiliko den zehaztuko du. Honako bide hauek izanen ditu aukeran:

-Lanpostua lege honen 245. eta ondoko artikuluetan araututako betetze sisteman sartzea. Horretarako, Iruñeko Udalak Toki Administrazioaren arloan eskumena duen departamentura jo beharko du, foru lege honen 248. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

-Lanpostu hori Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Sarrera Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz betetzea. Proba horietan parte hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioek, daukaten lanpostuan sartzeko 246. (bis). artikuluko 2. idatz-zatian adierazitako tituluren bat eskatu baldin bazaie.

Prozedura horren bitartez lanpostuan sartzen den pertsonak Nafarroako toki entitateetan kontu-hartzaile gisa aritzeko gaikuntza lortuko du zuzenean, horrelakorik ez badu.

-Foru gaikuntza duten funtzionarioen artean betetzea, Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuetan Sartzeko Erregelamenduaren II. tituluko III. kapituluan ezarritakoarekin bat.

Prozedura horren bidez lanpostuan sartzen dena zerbitzu berezien egoeran geldituko da jatorriz duen lanpostuan."

Hirugarren Xedapen Gehigarria

"Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 46. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatiek testu berria izanen dute. Hona:

2. Batasun horiek foru legez sortu beharko dira, salbu eta zerbitzu administratiboetarako batasunen kasuan, zeinak sortzen ahalko baitira foru dekretuz eta bat etorriz Toki Mapa eta Nafarroako toki entitateen antolamendua arautuko dituen foru legeak ezarritakoarekin.

Batasunak sortzean, zehaztu egin beharko dira izena, buru eginen duen udala, zer osaera eta funtzionamendu izanen duten bere gobernu-organoek, zeinak bateratutako udalen ordezkari izanen baitira, zer eskumen eta baliabide ekonomiko esleituko zaizkien, eta zer ahalmen izanen zaizkien aplikatzekoak.

Aurreko lerrokadak aipatzen dituen udal-batasunetan buru eginen duen udala zehazterakoan, funtzionaltasun irizpideei begiratuko zaie, hala nola zeinek duen biztanle kopururik handiena edo zein den batasuneko udalerrien artetik erdigunetik hurbilen dagoena.

3. Nafarroako udalek zerbitzu administratiboetarako batasunak eratzen ahalko dituzte soilik Toki Mapa eta Nafarroako toki entitateen antolamendua arautuko dituen foru legeak ezarritakoarekin bat; batasun horien antolamendua eta funtzionamendua beren estatutuetan ezarritakoari lotuko zaizkio, eta subsidiarioki batasunen araubide orokorra aplikatuko zaie.

Baldin eta administrazio zerbitzuetarako batasun bat, 3.1.d) artikuluan aipatzen direnetakoa, eratu gogo duten udalak partaide badira edo sartuak badaude legez edo borondatez sortutako batasun batean, gutxienez ere beharrezkoak diren tokiko funtzio publikoko lanpostuei eutsi ahal izateko, batasun haren esparruak bat etorri beharko du, gutxienez, haren baitan sartutako udalenarekin, non eta Nafarroako Gobernuak beste zerbaitetarako baimena ematen ez duen, Toki Mapa eta Nafarroako toki entitateen antolamendua arautuko dituen foru legeak ezarritakoarekin bat.

Nolanahi dela ere, administrazio zerbitzuetarako batasun bat eratzen bada xede horretarako sortu edo eratutako entitateetako kide diren udalen artean, entitate horiek desegin eginen dira eta, kasua bada, batasun hartan sartuko dira une horretan kargu horiek betetzen ari diren funtzionarioak.

Batasun horien toki entitate izaerak bidea ematen du beren gain har dezaten, beren estatutuetan ezarritako moduan betiere, borondatez erabakitzen diren udal eskudantzien erabilera konpetentziala."

Lehen Xedapen Iragankorra

Foru lege hau indarrean sartzen denean beren plantilla organikoetan idazkari eta/edo kontu-hartzaile lanpostuak dituzten toki entitateek eutsi eginen diete postu horiei, harik eta, Toki Mapa eta Nafarroako toki entitateen antolamendua arautuko dituen foru legeak ezarritakoa aplikatzearen ondorioz, beren plantilla organikoak egokitzen dituzten arte.

Bigarren Xedapen Iragankorra

Foru lege honen 253. artikuluan xedatutakoa gorabehera, hark indarra hartzen duenean idazkari edo kontu-hartzaile lanpostuetan ari direnek zerbitzuak emateko lehenago zuten araubidean segitzeko aukera izanen dute, lanpostu horretan segitzen duten bitartean.

Hirugarren Xedapen Iragankorra

1. Foru lege honetako lehen xedapen gehigarriak aipatzen duen foru legea indarrean sartu bitartean, deialdi bakar bat eginen da idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuak betetzeko Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru legeko 243.2 eta 244.2 artikuluek aipatzen dituzten udaletan, foru lege honek ezarritako testuari eta prozedurari jarraikiz.

Gaikuntza lortu eta prozesu horretan eskainitako lanpostuetara sartzeko probak ezin izanen dira hasi 2012ko bigarren seihilekoa baino lehenago, eta deialdia, betiere, probak hasi baino gutxienez sei hilabete lehenago onetsi beharko da.

2. Bestalde, ebazpen irmorik gabe dagoen bitartean edozein erreklamazio administratibo edo judizial oinarri duena Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legea, lehenengo xedapen gehigarriko lehenengo idatz-zatiko hirugarren lerrokada oinarri duena hain zuzen, ez dira inongo deialditan eskainiko aipatutako xedapen gehigarriko hirugarren idatz-zatiko lehenengo lerrokadan ezarritakoaren arabera deitutako lehiaketan sartu ziren idazkari lanpostuak, zeinak behin betikoz betetzeko asmoz sartu baitziren deialdi hartan.

Laugarren Xedapen Iragankorra

Foru lege hau indarrean sartu ondoren idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuetan sartzeko eta gaikuntza lortzeko onesten diren lehenbiziko hiru deialdiak oposizio-lehiaketa bidez gauzatuko dira.

Deialdi horietan, eta ezertan galarazi gabe euskararen balorazio gehigarrirako ezarritakoa, oposizio eta lehiaketa faseek izanen duten balorazio proportzionala 70ekoa eta 30ekoa izanen da hurrenez hurren, eta Nafarroako toki entitateetako idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuetan 20 urtez emaniko zerbitzuekin, bai eta urte horiei beste merezimendu batzuk gehituta, lehiaketa faseko gehieneko puntuazioa lortzeko modua izan beharko da.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak. Berariaz indargabetzen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarria.

Azken Xedapenetan Lehena

Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioaren arloan eskumena duen departamentuak proposaturik, foru lege honen xedapenak garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko arauak ematen ahalko ditu, Nafarroako toki entitateetan beharrezkoak diren eginkizun publikoetan aritzearen gainean.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa