Castellano | Euskara | Français | English
Istripua:
Paper-orea fabrikatzean, askotariko hondar-likidoak sortzen dira, osaera ezezaguna eta aldakorra dutenak. Likido horiek prozesuan erabiltzen diren produktu kimiko ez-organikoak dituzte, baita zelulosa den lehengaitik datozen substantzia organiko disolbatuak ere. Ingurumen eta ekonomia arrazoiak direla eta, likido horiek andel osagarri batzuetan biltzen dira, gero berreskuratu ahal izateko. Bildutako likido horri “likore beltza” esaten zaio.
Andel horietako batean hainbat ihes aurkitu ziren. Andela metalezkoa zen, edukiera handia zuen, atmosferara irekia zegoen, eta instalaziora konektatua zegoen tutuen bidez. Tutu horietatik, hondar-likidoak biltzen ziren prozesuaren jatorri guztietatik, eta likore beltza berreskuratze zirkuiturantz bideratzen zen.
Egun hartan, instalazioaren aurreko sekzio bateko etena programatu zen konponketak egiteko, eta, andela horretara konektatua zegoenez, hori ere konpontzea erabaki zen. Aurretik egindako konponketetan bezala, lehendik zeuden pitzadurak itxi behar ziren kanpoaldetik soldadura aplikatuta.
Langile talde batek lana prestatu zuen, ihes guztiak lokalizatu eta markatu zituen, isolamendurako inguratzailea kendu zuen, andela hustu zuen, eta lurruna injektatu zuen barruan egon zitezkeen gasak aterarazteko. Hurrengo egunean, beste langile bati eskatu zitzaion pitzadurak soldatzeko. Enpresan ezarritako prozedurei jarraikiz, langileak plataforma jasotzailea erabiltzeko baimenak eta lan-baimenak bete zituen beroan. Jarraian, sua itzaltzeko baliabideez arduratzen zen lankidearen laguntzaz eta beharrezko ekipoak eta materialak hartuta, andelerantz abiatu, eta lehen ihesa konpontzen hasi zen, behealdeko bat, hain zuzen. Soldatzen hasi eta berehala, andela lehertu, altxatu eta erori zen. Zorionez, andelak ez zuen zauritu eremuan zeuden bi langileetako bakar bat ere.
Arrazoiak:
Mota horretako ezbeharrek efektu suntsitzaileak dituzte beti. Hori dela eta, beti zaila da ezbeharren balizko jatorria identifikatzea. Kasu honetan, baiezta daiteke leherketaren jatorria kimikoa izan zela: andelean substantzia leherkorren bat metatuko zen, eta soldadura egitean su hartu zuen.
Une horretatik aurrera, eta kontuan hartuta, alde batetik, arloa ez zegoela sailkatuta atmosfera lehergarriak izateko arriskua duen eremu gisa (likidoa ez baitzen leherkorra) eta, beste aldetik, aurreko aldi batzuetan soldadura egin zela inolako istripurik egon gabe, usteak edo susmoak baino ez daude gertatu zenari buruz: Zer egin zen ezberdin, eta nondik etorri ahal izan zen substantzia leherkorra?
Egia esan, aurreko aldi batzuetan, konponketak ez ziren gauzatu aldi berean edo segidan. Produkzio instalazioaren aurreko sekzioa, gelditu zena eta konpondu zena, konpondu ondoren abiarazi zen, eta sortutako hondar-likido guztia isuri zuen andelera. Likido horren barnean, trementina kantitate handia egon zitekeen. Substantzia leherkor hori prozesuan sortzen da, eta, ekoizpena arrunta denean, tratatzeko beste zirkuitu batera bideratzen da. Lan horiek gordailatze neurri egokiak hartu gabe egin ziren; izan ere, andela ez zen isolatu gainerako instalazioetatik.
Aurreko beste aldi batzuetan, ez zen hain neurri handian hustu andela. Hori egitean, beharbada propietate leherkorrak zituzten substantziak sortu eta/edo askatu ziren hondoko jalkinak deskonposatu edo irakitean, horietako gehienek jatorri organikoa baitute, jalkinek eta aireak elkar ukitutakoan. Era berean, beharbada abioan sortutako likidoak, andelaren goialdetik sartu zenak, substantzia gehiago ekartzeaz gain, horiek sorrarazten zituen erortzean eta/edo hondoa iraultzean (lehen adierazi bezala, andela ez zen isolatu gainerako instalazioetatik).
Aurreko aldi batzuetan, ez zen lurrunik injektatu gasak aterarazteko. Uste da lan hori egin zela, substantzia leherkorren bat egotearen inguruko zalantzak edo susmoak zeudelako. Hala ere, ondoren ez zen neurketarik egin aurretik egindako prestaketen eraginkortasuna frogatzeko eta/edo substantzia leherkorrik ez zegoela egiaztatzeko. Halaber, uste da lurrunez egindako garbiketa ez zela ondo planteatu. Izan ere, substantzia leherkorrak eta/edo sukoiak egon zitezkeen egoera likidoan edo gaseosoan, airea baino astunagoak zirenak eta, beraz, andelaren hondoan egonda kanpoalderantz atera ez zirenak, lurruna injektatzeko eta haizatzeko tutuak andelaren goialdean baitzeuden. Lurrunaren injekzioak andelaren eta/edo haren edukiaren tenperatura handiarazi ahal izan zuen, mota horretako substantziak sortzea eraginda edo areagotuta.
Konponketak aditu baten edo egoera osoa eta egindako prestaketak ezagutzen zituen pertsona baten zaintzarik, kontrolik eta/edo koordinaziorik gabe gauzatu ziren. Eta inork ez zekien izendatutako prebentzio baliabidea eremuan zegoela.
Prebentziozko gomendioak:
Edozein mantentze-lan egin baino lehen, garatu beharreko lanei lotutako arriskuen berariazko ebaluazioa egin beharko da, batez ere mantentze-lan hori ohiz kanpokoa bada haren konplexutasunagatik, jardueren pilaketagatik edo arriskutsuak izan daitezkeen eragiketak egin behar izateagatik.
Horrela egindako ebaluazioak balio beharko du bai egon daitezkeen arriskuak identifikatzeko, bai lanak segurtasun baldintzen pean gauzatze aldera hartu beharreko prebentzio neurriak planifikatzeko.
Neurri horien artean, honako hauek daude: kontrol zerrenden definizioa, lan segururako jarraitu beharreko jarraibideak eta/edo lan prozedurak (hartu beharreko gordailatze neurriak adierazita), eta aldi bereko edo segidako mantentze-lanak egiten dituzten lantaldeen koordinazioa eta ikuskapena.
Beste edozein lanetan bezala, lan horiek gauzatuko dituzten langileek prestakuntza eta informazio egokiak jaso beharko dituzte.
Bai prebentzio zerbitzuak, bai lanak gauzatuko diren ataletako agintariek eta lanez arduratuko diren langileen unitateetako agintariek, aurreko prebentzio jarduera guztietan hartu beharko dute parte.
Gogoratu:
Kasu honetan, gordailatze prozedura osoa aplikatzeko, lau fase bete behar izan ziren:
“Beti bezala jokatu genuen, eta ez zen inoiz ezbeharrik gertatu” Baina horrek ez du esan nahi aurretik ongi egiten zenik: beharbada gaizki egiten zen hasieratik, baina zortea izan genuen (egun horretan zorterik gabe geratu ginen arte).