(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak Nafarroako Gizarte Zerbitzuen 2019-2023ko Plan Estrategikoa aurkeztu du, arreta unibertsalizatzeko xedez osteguna, 2019.eko martxoak 28


Eskubide Sozialetako Departamentuak “Nafarroarako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategiko berria” izenburuko jardunaldia antolatu du, apirilaren 22ra arte erakusketa publikoan izanen den proiektu berri hau ezagutzera emateko


Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoaren aurkezpenera bertaratu direnak. ( irudia handitu )

Gizarte zerbitzuen esparruan arloz arloko hainbat parte-hartze metodori lotuta egin den aldez aurreko plangintza prozesuaren ondoren, Eskubide Sozialetako Departamentuak Gizarte Zerbitzuen 2019-2023ko Plan Estrategikoaren  zirriborroa landu du, arreta unibertsalizatzeko xedez. Gobernu Irekiaren webgunean argitaratuta dago martxoaren 22az geroztik eta erakusketa publikoan izanen da apirilaren 22ra arte.

Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak Iruñeko Civican entzunaretoan aurkeztu du gaur plan berri hau “Nafarroarako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategiko berria” izenburuko jardunaldiaren barnean, eta haren ondoan izan dira Errealitate Sozialaren Behatokiko eta Gizarte Politiken Plangintza eta Ebaluazioko zuzendari nagusi Patxi Tuñón, jardunaldiari bukaera emateko, eta Errealitate Sozialaren Behatokiaren zerbitzuko zuzendari Antidio Martínez de Lizarrondo, Plan berriaren ildo nagusiak azaltzeko.

Haiekin batera, hizlari gisa parte hartu du Fernando Fantovak, gizarte zerbitzu nahiz esku-hartzeen kudeaketan trebatutako kontsultore ezagunak, gizarte zerbitzuen arloan egin beharreko aldaketak identifikatu eta, horien arabera, eragin beharreko biraketa estrategikoa zehazteko.

Nafarroako Gizarte Zerbitzuen 2019-2023ko Plan Estrategikoa

Gizarte zerbitzuen eredu berri bat eskaintzea da Nafarroako Gizarte Zerbitzuen 2019-2023ko Plan Estrategikoaren helburua, pertsona guztiei eguneroko bizimoduko erabaki eta jardueretan nahiz familia eta gizarte harremanetan behar duten autonomia hobetzeko zainketak eta laguntzak eman ahal izateko. Epe ertaineko ikuspegiak ezagutzan oinarrituriko balio erantsi handiko gizarte zerbitzu unibertsalak eta bermatuak aurreikusten ditu, sektore publikoak lideratu baina hirugarren sektorearekin eta bestelako eragile komunitarioekin batera ekoitzitakoak, ingurune birtualari, ingurune irekiari eta pertsonen bizitokiei lotuagoak. Horrez gain, lurraldeko gizarte babeseko hainbat sektoretako beste sistema batzuekin integratuta daude, eta horrela, ongizate eta garapen eredua berritzen eta eraldatzen laguntzen dute, pertsona guztien bizimodu ona errazteko.

Horretarako, Planak aginte koadroan bildutako bost ildo estrategiko eta 36 ekintza zehaztuak ditu:

- “Balioa duten prestazioak” garatzea, hots, pertsonei egokitutako kalitatezko zerbitzuak; esaterako, mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeko programa berriak.

- Berrantolatzea, emaitzetan eraginkorragoak izateko. Mendekotasuna baloratzeko nahiz errenta bermatua tramitatzeko prozesuetan izandako hobekuntza nabarmena arreta-eremu guztietara hedatzea.

- Sistemaren gobernantza egituratzea.

- Eskubide sozialak eta beharrezko zerbitzuak handitzen jarraitzeko arautegia garatzea.

- Adimen digitalizatua sortzea, hots, ezagutza sortzeko gaitasun duen sistema bat sortzea.

Proiektu honetan, halaber, oraingo legealdian gauzatzen hasi diren giltzarrizko bost gai edo apustu bildu dira, Nafarroako gizarte zerbitzuen etorkizun hurbileko osagai nagusiak eta lehentasun estrategikoak zehaztuz:

- Gizarte zerbitzuetako eskaintzaren estaldura eta unibertsalizazio proaktibo eta adimenduna hedatzea eta erabiltzaileein koordainketa pixkanaka-pixkanaka eta modu birdistributiboan murriztea.

- Gizarte zerbitzuetako lehen mailako arreta berrantolatu eta gertuko gizarte zerbitzuak indartzea.

- Gizarte babeseko sistema guztien sektore arteko integrazioa eta gobernantza, gizarte zerbitzuak bultzatzeko esparrutzat.

- Botere publikoen lidergoa eta hirugarren sektorearekiko aliantza estrategikoa.

- Ezagutza eta berrikuntzaren arloko eragile sistemaren beharrezko dinamizazioa Errealitate Sozialaren Behatokiaren laguntzaz, azken hau garrantzi handiko tresna baita gizarte plangintza, ikerketa eta berrikuntzarako.

Planak bukaera eman dio parte-hartze bidezko plangintza prozesuari

Nafarroako Gobernurako 2015-2019 legealdiko Akordio Programatikoak giltzarrizkotzat jotzen zuen “gizarte zerbitzuen plan estrategiko berria lantzea”. Ondorioz, premiak bultzatuta, Eskubide Sozialetako Departamentuak azkenaldian proiekturik ez zuten zenbait eremuren gaineko plangintza sektorialari ekitea erabaki zuen legealdiaren hasieran, ongizate-sistemaren oinarrian finkatzeko moduko benetako gizarte zerbitzu unibertsalen eraikuntza sektoriala bultzatzen lagunduko zuen plan berri bat lantzeko.

Hartara, proiektu berri honekin bukatzen ari den parte-hartze bidezko plangintza prozesuak gizarte zerbitzuen arloan estrategikoak diren planak eta agiriak landu eta onartzea ahalbidetu du; hala nola, Familiari, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko II. Plan Integrala (2017-2023), Nafarroako Gizarteratze Plan Estrategikoa (2018-2021), Nafarroako Ijitoen Garapenerako Estrategia (2019-2022) eta Boluntariotza Plana (2018-2020). Hauei, planarekin batera landu diren 2019-2022ko Desgaitasun Plana eta Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Lehen Mailako Arreta Berrantolatzeko Proiektua gehitu behar zaizkie.

Horren kariaz, plan hau lantzeko prozesuan, aipaturiko dokumentuak baliatu dira, baita bestelako ebaluazio, azterketa, gogoeta eta eztabaida prozesuei loturikoak ere. Horien artean, berariaz nabarmendu behar dira aurreko gizarte zerbitzuen plan estrategikoa, eremu honetako zerbitzu zorroa, mapa, eskaria eta eskaintza, mendekotasunaren arloko plangintza operatiboa eta zahartze aktibo eta osasungarria. Hauei gehitu behar zaizkie Informazio Sistema Integratuarekin, gizarte hitzarmenekin edota Nafarroako gizarte zerbitzuen kudeaketa zuzenarekin zerikusia dutenak, gehienak Errealitate Sozialaren Behatokiak gauzatu eta bildutakoak, baita bestelako plan sektorialak eta zeharkakoak ere.

Planak, halaber, eskaria eta eskaintza doitzeko egin den ahalegina jaso du, baita sistemaren estaldura unibertsalizatzearen aldeko apustua ere. Horretan oinarrituta, argi utzi du arretan izandako orain arteko joerak eta ondoko urteetarako aurreikusita daudenak zerbitzu hauen gaitasun hirukoitzaren isla direla: erantzuteko gaitasuna, estaldura areagotuz eta prestazio eta zerbitzurik ezagunenetan izandako eskariaren hazkundera egokituz, gizarte zerbitzuen sistema publikoa unibertsalizatzeko proiektuari jarraiki; eskaria kudeatzeko gaitasuna, patroiak eta jokaerak aldatzeko eta sistemari etxez etxeko nahiz komunitate giroko abordatze prebentiboagoak egiteko aukerak gehitzeko, kasurik konplexuenak integrazio maila altuko egoitza zerbitzuen bitartez tratatzeari utzi gabe; eta erantzun berritzaile eta iraunkorrak emateko gaitasuna, zerbitzu berrien ereduarekin bat eginik.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Laparra lehendakariordearen adierazpenak 
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa