(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

300 pertsonak parte hartu dute Zahartze Aktibo eta Osasungarriari buruzko Jardunaldian, esparru horretako gizarte ekintza sustatu eta aurrera ateratzeko asteartea, 2019.eko martxoak 12


2033an, Nafarroako biztanleriaren % 30ek 60 urte baino gehiago izanen ditu eta % 7k 80 urte baino gehiago, ondorengo hamarkadetarako proiekzio demografikoaren arabera


Hizlariak eta parte-hartzaileak, jardunaldiaren une batean. ( irudia handitu )

Hirurehun pertsona inguruk parte hartu duten astearte honetan Baluarten "Zahartze aktiboa eta osasungarria, jardunbide egokiak eta aukerak" deritzon jardunaldian: Nafarroa osoko adinekoen elkarteak eta udalak, osasun nahiz gizarte zentroetako profesionalak, gai honekin zerikusia duten Nafarroako Gobernuko hainbat departamentutako teknikariak, adinekoen egoitzetako eta loturiko enpresetako profesionalak eta elkargo profesionalen ordezkariak.

Azken hamarkadetako bilakaera demografikoaren eta etorkizuneko proiekzioen harira, Nafarroan, 2033an, herritarren % 30ek 60 urte baino gehiago izanen ditu (emakumeen % 32k eta gizonen % 28k), eta % 7k 80 urte baino gehiago (emakumeen % 8,5ek eta gizonen % 5,8k). Nafarroako bizi-itxaropena munduko altuenetakoa da, baina ez da horren altua osasun oneko bizi-itxaropena.

“Zahartzaroaren iraultza” arrakasta handia da gure gizartearentzat, eta gaiarekin zerikusia duten eragile guztiek lagundu dute hala gerta dadin, baina aldi berean, erronka handia izanen da ondorengo hamarkadetarako, eta politika publiko berriak eta gizarte osoaren erantzun berriak beharko ditu. Horren kariaz, 2017an, Gobernuak Zahartze Aktibo eta Osasungarriaren aldeko 2017-2022ko Estrategia landu zuen, herritarrek zahartzaroan ahalik eta gaitasun funtzionalik handiena eta ahalik eta osasun eta bizi-kalitaterik onena izan ditzaten eta, ahalik eta luzaroen, aktiboak, autonomoak eta independenteak izaten jarraitzeko aukera izan dezaten.

Estrategia hori koordinatzeaz arduratu den Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) zuzendari kudeatzaile María José Pérez Jarautak 2018-2019ko Ekintza Plana lantzeko prozesuan hainbat eragilek izandako parte-hartzea eskertu eta aitortu du. Plan horrek 10 esparru estrategiko eta 122 ekintza ditu, 3 ardatz hauetan antolatuta: bizi-proiektu aktibo eta osasungarriak; adinekoekiko ingurune adeitsuak eta eskualde-garapenerako aukerak; eta zerbitzu eta prestazio sozialak eta ekonomikoak.

Gaurko jardunaldiak helburu bikoitza izan du: jardunbide egoki eta aukerei buruzko eredu eta esperientziak aztertu eta partekatzea, lankidetza bidezko eta sareko lanaren bidezko esperientziei erreparatuz, eta aipaturiko ekintza-planaren barruan Gobernuko departamentuek deituak dituzten 2019ko dirulaguntzen berri ematea.

Jardunbide egokien ereduak eta esperientziak

Esperientzia horien aurkezpena eta eztabaida izan dira jardunaldiaren programaren ardatz, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Agentziako zuzendari kudeatzaile Ines Francesek eta Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusi Eva Garcia Balaguerrek moderatutako bi mahaingurutan landu dira.

Berriozarrek adinekoen udal zentroko esperientzia aurkeztu du, aspaldiko haurtzaindegi baten birmoldaketan oinarritu eta udalaren, osasun zentroaren eta gizarte-zerbitzuen mankomunitatearen partaidetzari esker gauzaturikoa, 2015ean abiarazitako parte-hartze prozesu zabalaren ondorioz. Zentroak zahartzaroaren fase bakoitzari egokituriko hainbat zerbitzu eskaintzen ditu (bizimodu aktiboari buruzko ikastaroak, senitartekoendako arintze proiektua, etorkizuneko eguneko zentroa, etab.), baina pertsonak ohiko ingurunetik atera gabe.

Iruñeko “Donibane Auzoko adinekoen aldeko Ituna” zahartzoaren errealitatea ikuspegi guztietatik aztertu eta eta kolektiboari erantzun globala emateko xedez sortua da. Osasun zentroak bultzaturiko ekimen honetako kideak dira Iruñeko Udala (Auzoko Unitatea eta Udaltzaingoa) eta auzoko hainbat elkarte eta erakundea (San Juan Xar Auzo Elkartea, Martin Azpilikueta Merkatari Elkartea, Anaitasuna Kirol, Aisia eta Kultur Elkartea, Donibane Kirol Elkartea, Caritas Donibane, Oskia Erretiratuen Elkartea eta DYA Nafarroa). Tailerrak, hitzaldiak, hiriko baratzea, jubiloteka, denboraren bankua, auzoko boluntarioak, etab. tarteko dituzten ekintzak bultzatzen dituzte.

“Corella Adeitsua” deritzona, bertako udalak hirigintza arloko esku-hartzeei buruzko gidalerroak ezartzeko sustatu duen proiektua da, esparru publikoa herritar guztien beharretara eta bereziki adinekoen beharretara egokituko dela bermatzeko, hiria guztiendako toki adeitsuagoa izan dadin. Parte-hartze bidezko diagnosia landu zen adinekoek hiri-ingurunean dituzten ohiko beharrak era dinamiko eta ludikoan antzemateko eta, ikupegi horretan oinarrituta, ingurune hori guztiendako seguruagoa, irisgarriagoa eta adeitsuagoa izatea bermatuko duen diseinua taxutu zen.

Bortzirietako Jubiloteka Arantza, Bera, Etxalar, Lesaka eta Igantzi aldean gauzatzen ari den proiektua da, adinekoek eragile aktibo gisa parte hartzea eta horien integrazio soziala erraztea xede duena, isolamendua eta bakardadea saihesteko. Norberaren autonomiari eutsi eta pertsonak ohiko ingurunean mantentze xede duen aisialdi aktiboa eta gizarte harremanak sustatzeko topagune bilakatu da. Ariketa fisikoa, irakurketa eta oroimena landu eta erorikoak saihesteko tailerrak tarteko dituen jarduera-eskaintza zabala du, Elkarrizan boluntario taldeak emandako garraio zerbitzuarekin batera.

Zaraitzuko Ibaxako zahartze aktiboaren aldeko proiektuan parte hartu dute osasun zentroak, Elurretako Ama Elkarteak, Eutsi kooperatibak, herrietako udalek eta oinarrizko gizarte zerbitzuek, Cederna/Garalur elkarteak, adinekoen egoitzak, Bizirik Gaude Elkarteak, Otxagabia BHIPak eta parrokiako kontseiluak. Ariketa fisikoa sustatzeko programak antolatzen dituzte 65 urtetik gorako pertsonendako, baita arreta, kontzentrazioa, arrazoibidea eta oroimena izaera sozialeko jarduerekin batera lantzeko tailer psikosozialak ere. Garraio zerbitzua erabiltzen dute parte-hartzaileak jarduerak egiten diren zentrora eramateko.

Erriberako erretiratuen elkarteak ariketa fisikoa eta kognitiboa lantzeko jardueren programa handitu du, baita adinekoei zuzendutako jarduera sozialak ere, eskualdeko 55 urtetik gorako pertsonen aisialdia aktiboagoa eta osasungarriagoa izan dadin, adinekoen parte-hartzeari lehentasuna emanez.

Mahainguru bakoitzaren ondoko eztabaidan, han-hemenka garatzen ari diren sareko proiektuen diseinu, inplementazio eta finantzaketari buruzko beste esperientzia batzuk aztertu dira, baita proiektu horiek denboran mantentzeak dakartzan zailtasunak eta proiektu eta alternatiba berriak gauzatzeko aukerak ere, besteak beste.

2019ko dirulaguntza deialdiak

Jardunaldiaren lehendabiziko zatian, NOPLOIko Osasun Komunitarioa Sustatzeko zerbitzuko buru Koldo Cambrak, Lurralde eta Ingurumen Iraunkortasunari buruzko Ezagutza eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendari Joaquín del Vallek eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendariorde Carmen Maeztuk dagozkien departamentuen dirulaguntza-deialdien berri eman zuten, 2018-2019ko Ekintza Planeko hiru ardatzei jarraiki.

Bizi-proiektu aktibo eta osasungarriak lortzea xede duen lehendabiziko ardatzaren barnean, Koldo Cambrak Ekintza Planean nabarmendutako ildoetako batzuk aipatu ditu esparrua deskribatzeko; hala nola, ariketa fisikoaren eskaintzaren hobekuntza, Adinekoen Eskola, informazio teknologietan trebatzeko jarduerak, irudi sozial positiboa, tratu onaren sustapena eta tratu txarraren prebentzioa, eta elkartegintza babestu eta sustatzea.

Nafarroako Gobernuak osasun programetarako abiarazi duen 2019ko deialdian, 70.000 euroko aurrekontu-saila duen ildo berria sortu da zahartze aktibo eta osasungarriaren aldeko programak sustatzeko. Toki entitateei, fundazioei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei zuzendutako dirulaguntza-deialdi hau martxoaren 8an argitaratu zen eta 20 eguneko epea irekia du proiektuak aurkezteko. Hauexek dira kontuan hartuko diren balorazio irizpideetako batzuk: gizarte ekintza, hezkuntza, formakuntza eta ikaskuntza ardatz dituzten proiektuak izatea, bizimodu osasungarriak edo irudi sozial positiboa sustatzea, edota nork bere burua nahiz ingurukoak zaintzea sustatzea. Diseinuan, lehentasuna emanen zaie sareko lanari eta herritarren parte-hartzeari.

Bigarren ardatzak adinekoekiko ingurune adeitsuak nahiz berrikuntza eta ikerketaren aldekoak lortzea du xede. Ardatz honen barnean, Joaquín del Vallek berariaz nabarmendu du toki agendetan iraunkortasun soziala bultzatu eta lurralde zein hirigintza planetan zahartzearen ikuspegia txertatzeko ahalegina, adinekoekiko hiri, herri eta auzo adeitsuak sustatzeko helburuari jarraiki, baita klima aldaketara egokitzeko Life Nadapta ikerketa proiektuak eta Zahartze Aktiboaren Indizearen kalkulua ere.

21 Agenda onartua edo onespena lortzeko prozesua hasia duten toki entitateendako deialdiari dagokionez, Joaquín del Vallek adierazi du 2018ko deialdiak 430.000 euroko aurrekontua izan zuela, eta horren laguntzaz 41 proiektu finantzatu zirela jubilotekak sustatzeko, bideak ariketa fisikorako egokitzeko, hiri-altzariak adinekoendako egokitu edo arkitektura-oztopoak kentzeko eta adinekoen beharrei buruzko ikerlanak bideratzeko. Del Vallek iragarri duenez, luze gabe irekiko den 2019ko deialdiak 490.475 euroko aurrekontua izanen du.

Hirugarren ardatzak zerbitzu eta prestazio sozialei eta ekonomikoei erreparatzen die. Ekintza nabarmenene artean, Carmen Maeztuk adinekoen beharretara egokitutako gizarte eta osasun zerbitzuak aipatu ditu; hala nola, pertsona ahulenendako eta erorikoak saihesteko arreta protokoloa, bizitzaren bukerako arreta zerbitzuak, Aurretiazko Borondateen Erregistroa elektronikoki zein osasun zentroaren bitartez tramitatzeko aukera eta Heriotz Duinaren Behatokiaren sorrera, baita prestazio ekonomikoen hobekuntza ere: 65 urtetik gorakoendako errenta bermatua, alarguntza-pentsioetarako zerga-kenkaria, zaintzaile profesionalak kontratatzeko laguntzak edota etxebizitza seguruak lortzeko zaharberritze-lanetarako dirulaguntzak.

Adinekoen arloan diharduten gizarte ekimeneko entitateendako 2018ko dirulaguntza-deialdian, Eskubide Sozialetako Departamentuak 501.000 euro bideratu ditu elkartegintza sustatzera, 156 entitate jasotzaileri zuzenduta, eta 590.000 euro autonopmia sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko programetara, 194 entitate finantzatu dituelarik. 2019an, deialdi horiek 546.420 eta 650.000 euroko aurrekontuak aurrekusiak dituzte, hurrenez hurren, eta 60.000 euroko kontu-saila bildu da boluntariotza sustatzeko. 2019an, tokiko entitateei zuzendutako 150.000 euroko deialdi berri bat ere izanen da autonomia sustatzeko programak bultzatzeko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa