(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak eta eusten dioten talde parlamentarioek etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzeko Foru Lege-proposamena aurkeztu dute asteartea, 2018.eko urriak 23


Beste hainbat neurriren artean, hileko prestazioa bermatuko du gazteen emantzipazioa errazteko, eta adin txikikoak dituzten familientzako beste prestazio bat, errenta muga batekin


etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzeko Foru Lege berria

Ezkerretik eskuinera, Mikel Buil, Asunción Fernández de Garaialde, Laparra lehendakariordea, Isabel Aranburu eta José Miguel Nuin. ( irudia handitu )

Aurkezpen ekitaldian izan dira, Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrarekin batera, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Asunción Fernández de Garaialde (EH- Bildu Nafarroa), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra) parlamentarioak. Agerraldian, aurkeztutako legegintza arloko ekimenaren garrantzia nabarmendu dute, izan ere, Lege-proposamen honi esker, Nafarroako Foru Komunitatea “etxebizitzarako eskubide subjektiboa” aurreikusten duten autonomia-erkidego gutxietako bat izango da. Horren arabera, baldintzak betetzen dituen Nafarroako edozein herritarrek etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea izanen du, eta lehendabiziko aldiz, berez eskatzeko moduko oinarrizko eskubidetzat jotzen da.

Alokatzeko etxebizitzaren parke publikoarekin egungo beharrak estaltzeko aukerarik ez dagoela kontuan harturik, aurkeztutako proiektuak, prestazio ekonomiko bermatua ezarri du horren ordez, eta laguntza hori errentaren gaineko zerga negatibo gisa emango da, kuota diferentzialaren gaineko kenkari gisa alegia. Prestazioak bi modalitate izanen ditu:

“EmanZipa” deritzon programa, 23 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako prestazio bermatua da, hiru urteko gehienezko iraupena duena, ondoz ondoko hiru urte egin beharrik gabe. Laguntzaren zenbatekoak etxebizitzaren hileko alokairuaren % 50 estaliko du, hileko 250 euroko gehienezko mugarekin, baldin eta etxebizitzaren alokairua hileko 650 eurotik gorakoa ez bada.

Laguntza honetaz baliatzeko eskubidea izanen dute urteko diru-sarrerak 20.000 eurotik gorakoak ez dituzten gazteek, edota gehienez 30.000 euroko diru-sarrerak dituztenek, bi pertsona edo gehiago bizi diren etxebizitzen kasuan.

Behin laguntza onartuta, ordainketa hiru hilero egingo da, errenta ordaindu izanaren banku-egiaztagiriak aurkeztu ondoren. Prestazioa urtero berrituko da, baldintzak betetzen jarraitzekotan.

“DaVId” izeneko bigarren programa, kide kopuruaren araberako diru-sarrera jakin batzuk gainditzen ez dituzten familiei zuzendutako prestazioa da. Laguntza hileko 300, 250 edo 200 eurokoa izanen da errenta erabilgarriaren arabera, alokairuaren % 50eko muga gainditu gabe.

Zenbatekoa kalkulatzeko, egungo Askotariko Ondorioak dituen Errentaren Adierazle Publikoa (IPREM) baino handiagoa den errenta adierazle berri bat ezarri da, SARA (Errenta Egokiaren araberako Erosteko Nahikotasuna) deritzona. Diru-sarrera haztatuak SARA halako 1,7 baino txikiagoak dituzten familiek izanen dute prestazio hau jasotzeko eskubidea. Zenbatekoak hileko 300 eurokoak izanen dira SARA baino diru-sarrera txikiagoak dituzten familientzat; 250 eurokoak, diru-sarrerak SALA halako 1,4 baino txikiagoak dituztenentzat, eta 200 eurokoak diru-sarrerak SALA halako 1,7 baino txikiagoak dituztenen kasuan. Adierazle berri honek egundoko eguneratzea ekarri du (IPREM 2017= 7.519,59 euro eta SARA 2017= 8.120 euro) eta Nafarroako ekonomiari buruzko datuetan oinarrituko da soil-soilik, Foru Komunitatetik kanpoko faktoreak kontuan hartu gabe. Urteko errentari erreparatuta, lau kide dituen familia-unitate batek prestazioa jasoko luke, urteko diru-sarrerak 22.250,16 eurotik beherakoak izanik.

Laguntza honetaz profitatu ahal izateko, nahitaezkoa da urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean eta gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin etxebizitza babestuaren eskatzaileen erroldan izena emanda egotea.

“EmanZipa” programan bezalaxe, etxebizitzaren alokairua ezin da hileko 650 eurotik gorakoa izan. Kasu honetan, ordainketa hilero eginen da, errenta ordaindu izanaren banku-egiaztagiriak aurkeztu ondoren. Prestazioa urtero berrituko da, baldintzak betetzen jarraitzekotan.

Bi prestazioez baliatu ahal izateko, nahitaezkoa da etxebizitza babestuen errentamendurako dirulaguntzak jasotzeko indarrean dauden baldintzak betetzea; hala nola, etxebizitza baten jabea ez izatea, azken 5 urteotan etxebizitzarik eskualdatu ez izana (salbuespenak salbu), 90.000 eurotik gorako ondasunak edo eskubideak ez izatea, eta kasu honetan, errentatzailearekiko ahaidetasunik ez izatea gaineratu da, odolkidetasunaren edo ezkontza-ahaidetasunaren bigarren mailaraino.

Etxebizitzarako eskubide subjektiboa abian jartzeko, eskubide hori pixkanaka-pixkanaka aitortzeko egutegia finkatu da, horretarako behar adinako baliabide ekonomikoak, materialak eta antolaketa arlokoak bildu ahala, baina asmoa legea lehenbailehen onartzea da, eskubide subjektiboa oro har 2019ko urtarrilaren 1ean indarrean sar dadin.

Aurten, indarrean izanen da gazteei zuzendutako “EmanZipa” programako prestazioa, eta “DaVId” programaren kasuan, adingabekoak dituzten familiek laguntza eskatzeko eskubidea izanen dute, 2019ko urtarrilaren 1ean erroldan gutxienez bi urteko antzinatasuna baldin badute. 2020an, “DaVId” programa adingabeak dituzten familiengana hedatuko da, 2020ko urtarrilaren 1ean erroldan gutxienez bi urteko antzinatasuna izateko baldintzapean. Azkenik, 2021ean, bi programak erabat indarrean eta zabalduta egongo dira.

Egindako kalkuluen arabera, beharrezko inbertsio sozialaren kariaz, zerga-bilketan egungo kenkariei dagokien murrizketa areagotuko da, 9,3 milioi gutxiago bilduz 2019an. Kopuru horretatik, 7,3 milioi “EmanZipa” programari dagozkie eta 2 milioi “DaVId” programari.

Lege berriak dakartzan beste aldaketa batzuk

Legeak beste aldaketa batzuk ere aurreikusi ditu etxebizitzaren funtzio sozialen sakontzeko 22/2016 Foru Legeak jorratutako bideari jarraiki. Besteak beste, honako hauek nabarmen daitezke:

• Etxebizitza babestuak ez dira erabiliko, zatika bada ere, alokairu turistikorako. Horrela, etxebizitza babestua eraikuntzan zuen helbururako erabiliko dela bermatu nahi da, familiek ohiko etxebizitza izateko duten beharrari erantzunez.

• Familia bakarreko etxebizitzetara ere hedatu da Eraikinak Ebaluatzeko Txostena egiteko beharra, betebeharrari pixkanaka-pixkanaka erantzuteko egutegia ezarriz.

• Aurrerantzean, arau-haustea izanen da habitagarritasun-zedulak ez berritzea, baina momentuz, pertsona juridikoei baizik ez zaie aplikatuko. Hartara, etxebizitzen habitagarritasunari eustea jabeen erantzukizuna dela ulertzen da, bereziki finantza-erakundeei, enpresei eta etxebizitza ugari duten gainerako entitateei dagokienez.

• Etxebizitza babestuak eskualdatzean Nafarroako Gobernuak balia dezakeen eroslehentasun nahiz atzera egiteko eskubidea errazteko asmoz, etxebizitza-eskatzaile bat erosle potentzial gisa izendatzeko ahalmena eman zaio, etxebizitza hori nagusiki baldintzak betetzen dituzten eskatzaileei zuzendu ahal izateko.

Horrekin batera, zaharberritze babestuko laguntzak eta politikak Nafarroako eremu desberdinetako eraikuntza, ekonomia zein gizarte beharren arabera planifikatzen eta mailakatzen lagunduko duten tresnak izateko asmoz, urtebeteko gehienezko epean kalte-arriskuan dauden zonaldeen mapa lantzeko beharra ezarri da.

Azkenik, etxebizitza babestuen erosleak babesteko neurri gisa, horien hipoteka-exekuzioak saihestekoa asmoa dago. Nolanahiere, ordainean emateko aukera errazteko asmoz, jabe berriari oro har etxebizitza babestua finkaturiko preziorik gorenean besterentzeko eskubidea aitortu zaio. Bestelako kasuetan, prezio gorena % 50 murriztuko da. Formula honen bitartez, banku-erakundeari ez litzaioke behin ere errentagarri aterako ordainean ematea ez aplikatzea hipoteka-exekuziorik izatekotan.

Eskubide Sozialetako lehendakariordeak arras balorazio positiboa egin du lege proposamenari buruz: “Zenbait helburu uztartzen dituen proiektua da. Gazteen emantzipazioa errazteaz gain, bizitza-proiektu independenteari ekiteko duten gaitasuna hobetu nahi du, eta honek zuzenean eragingo dio jaiotza-tasari”. Horrekin batera argi utzi du, lege honen bitartez, “etxebizitzaren alokairuko gastuei aurre egiteko gauza izango direla bermatu nahi diegula seme-alabak dituzten familiei, eta honek adingabe horien egiazko aukera-berdintasunaren hobekuntza ekarriko du, haurren pobrezia murriztuz. Eta hori guztia modu berritzailean eginen dugu, Espainia osoan parekorik ez duen aurretiaz kobratzeko moduko zerga-kenkari baten bitartez”.

Halaber, Laparraren esanetan, arras positiboa izan da “etxebizitzarako eskubide subjektiboa deritzonaz gain, etxerik gabe gelditu diren familiak zorrak metatzeko arriskutik babestea xede duten beste gai batzuk sartu izana, baita BOEek etxebizitzaren funtzio soziala bene-benetan betetzearen aldeko neurriak eta Nafarroako etxebizitza-parkearen kalitate eta habitagarritasunari eusteko neurriak ere”. “Honekin, Akordio Programatikoan bildutako beste konpromiso bat bete dugula esan dezakegu”, ziurtatu du.

 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa