(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Artxiboan Isidoro Fagoaga tenorearen legatua ikusgai dago hilabete honetan asteartea, 2018.eko urriak 2


Urriaren 5ean, ostiralean, hitzaldi bat eskainiko da, eta entzunaldiak entzun ahal izango dira musikariaren eta idazlearen ahots orijinalarekin


Fagoaga

Isidoro Fagoagaren legatuaren zati bat. ( irudia handitu )

Nafarroako Errege Artxibo Nagusian “Isidoro Fagoaga Larrache (1893-1976)” erakusketa ikusgai izango da urrian zehar; hau da, Berako tenorearen eta idazlearen ibilbideari eskainitako mikroerakusketa, jaio zenetik 125 urte betetzearekin batera, eta Ondarearen Europako Jardunaldien barruan kokatuta. Era berean, haren irudia glosatze aldera, urriaren 5ean, ostiralean, 19:00etan, baita ere Nafarroako Artxiboan, “Los baúles de Sigfrido Fagoaga” izeneko hitzaldia eskainiko du Germán Ereña ikertzaileak, eta tenorearen ahots orijinala duten entzunaldiak entzun ahal izango dira.

“Isidoro Fagoaga Larrache (1893-1976)” erakusketarako, haren balio historikoa nabarmendu eta sortzailearen irudia berreskuratu nahi duen materiala eta dokumentazioa hautatu da: Buenos Airesera joateko ontziratze-etiketak dituen maleta, Atlantikoaren alde batean eta bestean bisitatutako lekuetako eranskailuak dituzten kutxak eta honako hauek osaturiko eduki harrigarria: tunikak, sandaliak eta gerrikoak, ezpatak, besokoak, kaskoak, korrespondentzia-sorta, argazki eta prentsa artean banatuta. Horrek guztiak osatzen du Isidoro Fagoaga Larrache (Bera, 1893 - Donostia, 1976) tenorearen legatu berezia, familiak Nafarroako Errege Artxibo Nagusiari eman berri diona, zain dezan.

Erakusketa hiru beira-arasatan egituratu da, protagonistaren fazeta ezberdinen arabera, eta laugarren batean wagneriar Sigfridori dagokion jantzi eszenikoko hainbat pieza jarri dira. Lehen beira-arasa musika-ibilbideari buruzkoa da; bertan jaso dira Milango Scala-rekin egindako kontratua bezalako dokumentuak, Parsifal-eko programa Oportoko São João Antzokian, La Walkiria-ren kartela Erromako Reale dell’Opera Antzokian edo Parsifal-erako sarrera bat Bayreuth-eko Jaialdian.

Bigarrena literatur jarduerari buruzkoa da; hasiera batean abeslari liriko bezala egindako karrerarekin batera partekatu zuen, eta, 1937. urtean agertokia uztean erabat horretan aritu zen. Haren hiru pasio nagusiak, musika, literatura eta euskal kultura, idazle bezala egindako produkzio oparoan nahasten dira, eta narraziorako zituen dohainak nahiz ikerketa-trebetasuna hor erakusten ditu.


Erakusketan ikus daitekeen argazkietariko bat. ( irudia handitu )

Azkenik, pertsonaiari eusten zion pertsona argitzeko eta berraurkitzeko saiakeran, haren nortasun-agirien, idatzien eta oharren, korrespondentziaren eta oroitzapenen bitartez, Isidoro Fagaogaren intimitatea ezagutuko dugu; hain zuen ere, gizon sutsua eta sentikorra, lur maitatuarekiko nostalgia beti lagun izan zuena.

“Isidoro Fagoaga Larrache (1893-1976)” erakusketa doakoa da, eta hilabete osoan zabalik egongo da Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko beheko galerian. 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bisita daiteke asteko egun guztietan, asteburuak eta jai-egunak barne.

Legatua

Bidaian zehar lagun izan zituen kutxetan arretaz bildu zituen haren bizimodu lanpetuko oroitzapenak. Dokumentuak mimoz gorde, ordenatu eta berrirakurri zituen, eta, ondorioz, funts paregabea eta balio handikoa sortu zen haren pertsona eta garaia aztertzeko. Nafarroara itzuli ondoren, kutxak Berako familia-etxean kontserbatu ziren, harik eta ilobaren etxera eraman ziren arte, Iruritan, eta, azkenik, bertan bildu ziren 1976an hil ondoren berreskuratutako dokumentazioarekin. Hainbat hamarkada beranduago, eta legatu hori berreskuratu eta salbatze aldera, Isidoro Fagoagaren ilobek Nafarroako Errege Artxibo Nagusiari eman diote, eta aurrerantzean bertan kontserbatuko da.

Isidoro Fagoagaren funtsean pieza-multzo garrantzitsua eta dokumentu bikainak jasotzen dira, Berako tenorearen bizitzako ibilbide bizia islatzen dutenak. Eszenako objektuen artean, nabarmentzekoa da Sigfridoren eta Parsifal bezalako bestelako wagneriar pertsonaien jantzi osoa, makilatzeko kutxa edota estreinaldien kartel orijinalak, Milango Scala Antzokikoak edota Napolesko San Carlokoak, mundu erdian zehar bidaiatzeko lagun izan zituen kutxez eta maletez gain. Argazki-bilduma garrantzitsua osatzen dute musika-karrera arrakastatsuan zehar erabilitako sustapen-erreportajeek eta lagunengandik, pertsona ospetsuengandik eta miresleengandik jasotako argazkiek. Halaber, funts horretan jaso dira korrespondentziaren hainbat kaxa, senideek, lagunek, adiskideek eta intelektualek bidalitako gutunak, adiskidetasun emankorra izan baitzuen horiekin, edota Jesús Guridi, Manuel Irujo, Eduardo Zamacois edo Jose Migel Barandiaran bezalako pertsona ospetsuek bidalitakoak, haiekin ere harremanetan egon zelako.

Leku garrantzitsua betetzen dute prentsa-aleek, bolumen zein aniztasunarengatik gailentzen baitira. Goiburuak dituzten egunkariak: Il Corriere della Sera, O Primeiro de Janeiro edo The New York Times, eta haren irudiari eskainitako lehen orrialdeak: “Il Corriere di Milano”, haren irudiari eskainia Milango Scalan “El crepúsculo de los dioses” estreinatu ondoren, 1930eko apirilean. Halaber, Isidoro Fagoagak jasotako prentsa aleak eta zatiak kontserbatzen dira, emanaldien gaineko kritikak nahiz musika-karrera utzitakoan idazten hasi zen artikuluak, bereziki Argentinako La Prensa egunkarian eta El Diario Vascon.

Literaturan egindako lana dokumentuen dosier eran kontserbatzen da, eta ikerketako fase guztiak jasotzen dituzte, informazioa biltzea, idaztea, zuzentzea eta argitaratzea barne. Lehen ikerketak Lapurdiko musikariei eskaini zizkien: Pedro Garat, Frantziako Orfeoia (1948) eta Domingo Garat, Biltzarraren defendatzailea (1951). Donostian argitaratu zituen Retablo Vasco (1959), Unamuno a orillas del Bidasoa y otros ensayos (1964) edo Los poetas y el País Vasco (1969), eta Bilbon argia ikusi zuen haren azken argitalpenak: El teatro por dentro (1971).

Bizitza

Buenos Airesen, Parman eta Madrilen prestakuntza jaso ondoren, Isidoro Fagoagak Madrilen debuta egin zuen Sansón y Dalila operarekin, eta 1920an Bilbon sagaratu zen Guridiren Amaya operarekin. Italian bira hasi eta gero, Napolesko San Carlo Antzokian arrakasta izan zuen La Walkyria lanarekin, eta, era horretan, erreferentziazko wagneriar tenore bilakatu zen, Italiako eszenatoki onenetako ateak irekitzearekin batera. Bereziki harreman bizia izan zuen Milango alla Scala Antzokiarekin, eta bertan bederatzi denboraldi lotu zituen (1925-1933), Sigfrido Wagner edo Arturo Toscanini bezalako zuzendarien batutapean.

Europan barrena ibili zen, eta, era berean, arrakasta izan  zuen Buenos Airesko Colon Antzokian. Espainiako Gerra Zibila zela-eta, eszenatokietatik erretiratu egin zen, eta 1938 eta 1951 urte artean Donibane Lohitzunen egon zen; bertan, ikerketa eta literatura alderdia jorratzen hasi zen, eta kazetaritzako artikulu franko eta ikerketako hainbat obra argitaratu zituen. 1964. urtean, Argentinan hamarkada bat baino gehiago igaro ondoren, bere lurraldera itzuli zen legenda bat bezala, eta Donostian bizi izan zen 1976an hil zen arte.

 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa