(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak Sanferminetan ere osasun-zentroetara eta ospitalez kanpoko larrialdietara joatea gomendatzen du asteartea, 2018.eko ekainak 26


Osasun kontseilari Fernando Domínguez buru, datozen jaietarako arreta sanitarioa bermatzeko dispositibo bereziari buruzko bilera teknikoa egin da gaur


SAnfermines

Domínguez kontseilaria Sanferminetarako zerbitzu bereziko kideekin bildu da gaur. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak datozen Sanferminetan osasun-arreta behar badute beren osasun-zentroetra joatea gomendatu die Iruñeko eta bere eskualdeko herritarrei, irekita egongo baitira lanegun guztietan, 08.00etatik 15.20ra bitartean. Ordutegi horretatik kanpo, ospitalez kanpoko larrialdi-guneetara joatea, eta ahal badute Nafarroako Ospitaleguneko (NOG) Larrialdietara ez joatea eskatu du, kasu larrietarako bakarrik erabili behar delako.

Osasuneko kontseilari Fernando Dominguez Sanferminetako zerbitzu bereziko kideekin gaur goizean egindako bileraren buru izan da. Bilera horretan, Osasun Departamentuko arduradunez gain (Osasunbideko kudeatzailea, NOGeko kudeatzailea, Ospitaleko Larrialdi zerbitzuetako, Ospitalez kanpoko Larrialdietako eta Lehen Mailako Arretako arduradunak besteak beste), Barne Zuzendaritza Orokorreko, Komunikazioko Zuzendaritza Nagusiko, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasun Saileko, DYAko, Gurutze Gorriko eta Zezen Plazako erizaindegiko ordezkariak ere izan dira.

Lehen mailako arreta-sareari dagokionez, Iruñeko eta Iruñerriko (Antsoain, Barañain, Berriozar, Burlata, Sarriguren, Atarrabia eta Zizur Nagusia) osasun-zentroek egunero irekiko dute, 08:00etatik 15:20era. Asteburuan, osasun-zentroak itxira egongo dira.

Egun horietako ohiko osasun-arretak herritar bakoitzari dagokion osasun-zentroari eskatu beharko zaizkio.

Ospitalez kanpoko larrialdien arreta

Osasun-zentroen ordutegiz kanpo, Ospitalez kanpoko Larrialdi Zerbitzuak zentro hauetan artatuko ditu larrialdiak:

- Egun guztietan, 15:00etatik 20:00etara, Ermitagaña eta Errotxapea (Iruñean biak) eta Burlatako osasun-zentroetan. Uztailaren 7, 8, 14 eta 15ean zentro horiek 08:00etatik 20:00etara irekiko dute.

- Eguneko 24 orduetan, jaiak dauden egun guztietan, San Martin doktorearen zentroa (San Fermin, 29) erreferentziako zentroa izango da beste urte batez jaiaren esparruan gertatzen diren osasun-larrialdietarako, eta etengabe irekita egongo da osteguneko (hilak 6) 08.00etatik asteleheneko (hilak 16) 08:00etara bitartean.

Zentro horretan, Ospitalez Kanpoko Larrialdi Zerbitzua mediku batez, erizain batez eta administrari batez indartuko da.

Iruñeko eta bere eskualdeko garraio-sare sanitario arruntari dagokionez, normalean bizi-euskarri aurreratuko 3 anbulantziaz, oinarrizko bizi-euskarriko 4 anbulantziaz eta Nafarroako Gobernuko Barneko Zuzendaritza Nagusiaren helikoptero medikalizatu batez osatuta dago, eta jaietan, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantziekin eta Gurutze Gorriko eta DYAko beste laguntza-ibilgailu batzuekin indartuko da.

Entzierroetarako zerbitzu berezia

Entzierroko zaurituak artatzeko zerbitzu berezia honela egongo da osatuta: arreta sanitarioko 9 postu hesietan, medikuekin, erizainekin eta sorosleekin, beste 8 laguntza-puntu, sorosleekin, eta zezen-plazako erizaindegia. Entzierroak 848,6 metroko ibilbidea du eta 50 metrotik 50 metrora gutxi gorabehera asistentzia-gune bat izango du. Arreta zerbitzu guztia SOS Nafarroa 112 zentroan koordinatuko dute.

Sorospen guneak leku hauetan egongo dira: Santo Domingoko aldaparen hasieran (Hezkuntza departamentuaren egoitzan), Nafarroako Museoko eskaileretan, Santiago plazan (udaletxearen atzealdean), San Saturnino kaleko eskaileretan, udaletxean (2), Mercaderesen (2), Xabierko jaitsieran (2) Espoz eta Mina zeharkalean, Telleria kalean, Ahumada dukearen kalean, Labriteko jaitsieran, Amaya ("Telefonica" edo hegoaldeko kailejoian), Hemingway pasealekuan (iparraldeko kailejoian) eta Zezen Plazan (sorosleen postuan).

Garraio sanitarioari dagokionez, 15 anbulantzia medikalizatu ibiliko dira entzierroaren ibilbidean zehar. Horietako 2, Gazteluko plazan egongo dira laguntza gisa, SOS Nafarroako 112 Zentroa medio ibilbidean osasun-garraio gehien behar duen gunera eramateko.

Laguntza-zerbitzu horretan, gutxienez, 9 mediku, 9 erizain, 21 garraio-teknikari, 47 sorosle, 9 komunikazio-langile eta 8 postu-koordinatzaile arituko dira.

Ibilbideko arreta Gurutze Gorriaren (78), DYAren (30) eta Osasunbideko baliabide eta langile sanitarioekin egingo da. Horrela arreta-postuetan bertan emango dute laguntza eta dagokien sektoretik NOGera eramango dute zauritua. Bestalde, SOS Nafarroako 112 Zentro Koordinatzaileari informazioa emango diote denbora errealean artatutako pertsonen zauriei eta lesioei buruz.

SOS Nafarroako 112 Zentro Koordinatzailea izango da laguntza sanitarioa antolatzearen eta zauriak osasun-zentroetara eramatearen arduraduna, zauritu larrienak NOGera edo SOS Nafarroako 112 zentroak adierazten duen zentrora eramaten diren lehenak izan daitezen. Horretarako, aurreko urteetan dagoeneko ezarri zenez, hesietan bertan dagoeneko artatutako zauritu arinak, zauritu larriak ospitalera eraman ondoren eramango dira ospitalera.

Arreta txupinazoan

Uztailaren 6an, Txupinazoa dela eta, lehen laguntzak emateko lau postu jarriko dira Zapateria 40ko udal-eraikineko etxabeetan, Santo Domingoko aldapan (Hezkuntza Departamentuaren alboan), San Saturninoko atarian eta Gazteluko plazan (Karlos III.). Gurutze Gorriarekin, DYArekin eta Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin lankidetzan jarritako postu horietan kolpe, kristalek eragindako ebaki eta beste patologia txiki batzuen ondoriozko osasun-beharrak artatuko dira, izan ere, halako asko gertatzen dira jaiak hasteko ekitaldi horretan sortutako jende-uholdearen ondorioz.

Dispositibo hori 1 medikuk, 3 erizainek, sorosleek, SVAko anbulantzia batek, SVBko 5 anbulantziak eta laguntzeko beste 2 ibilgailuk osatzen dute.

Lehen arretako unitatea Vázquez de Mella ikastetxean

Horren guztiaren osagarri, uztailaren 5, 6, 7, 8 eta 13, 14 eta 15ean, aurreko urteetan bezala. Vazquez de Mella ikastetxean Lehen Arretako Unitate bat prestatuko da jaietako patologia arinak artatzeko. Puntu horretan, etengabeko arreta emango du Gurutze Gorriak uztailaren 5eko 20:00etatik igandeko (hilak 8) 20:00ak arte eta ostiraleko (hilak 13) 20:00etatik igandeko (hilak 15) 08:00ak arte. Bertan, lehen arreta bat egingo da eta, hala badagokio, larritasun handiagoko pazienteak San Martin Doktorea zentrora edo Nafarroako Ospitalegunera bideratuko dira.

Sarasate pasealekuan (Nafarroako jauregia), lehen sorospeneko postu bat jarriko du DYAk, hilaren 6, 7, 8, 13 eta 14an, ordutegi honekin: 16:00etatik biharamuneko 06:00etara bitartean.

Entzierroko zaurituen gaineko informazioa

Osasun Departamentuak prentsa-areto bat prestatu du, eta bertatik egunero entzierroko zaurituei buruzko informazio emango da, Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdien eraikinean izango dena, eta bertara eramango dira zaurituak.

Kazetariek entzierroa prentsa-aretoan ikusi ahalko dute, hala nahi izanez gero, izan ere, telebistako pantaila bat jarri dute han. Gainera, egunero bi unetan informazioa emango da: lehenengo aldiz, 08:20an, eta orduan goiz horretan izandako zaurituen lehen aurrerapena emango da; eta 08:40an prentsaurreko bat emango da egun horretako zaurituei buruzko informazio guztia ematen saiatzeko.

Prentsa-aretoa Osasun arloan San Fermin jaietan izan daitezkeen informazio guztiak emateko esparru egokia izango da.

8.000 identifikazio-eskumuturreko herritarrei informazioa emateko eta kontzientziatzeko

Ondoz ondoko bigarren urtez, Osasun Departamentuak, Iruñeko eta bere eskualdeko osasun zentroen bitartez, 8.000 identifikazio-eskumuturreko banatuko ditu adingabeentzat, gaztelaniaz eta euskaraz, helburu bikoitzarekin. Batetik, tresna baliagarria eskaini nahi zaie gurasoei haurrak aurkitzeko, Sanferminetan galtzen badira. Hori dela eta eskumuturrekoak eremu bat du gurasoen edo tutoreen eta adingabeen izena eta harremanetarako telefonoa errotuladore ezabaezin batekin idazteko.

Bigarrenik, helburua da herritarrek lehen mailako arretako baliabideak erabil ditzaten gogoratzea eta kontzientziatzea, eta haien ordutegien berri ematea. Hori dela eta, eskumuturrekoak QR kode bat du nahi duenak informazio hori eskura dezan, eta horrekin batera, esaldi hau idatzita dauka: “Sanferminetan ere, zure osasun zentroa. Larrialdiak: San Martin Zentroa (24 ordu). Arrotxapea, Ermitagaña eta Burlata”.

Eskumuturrekoak alergia-kontrakoak dira eta ostegun honetatik aurrera jaso ahalko dira Iruñeko eta bere eskualdeko Osasun Zentroetan eta San Martin Doktorea zentroan.

Jarduera hori Osasun Departamentuak osasun-zerbitzu publikoen erabilera eraginkorragoa sustatzeko ateratako kanpainaren barruan kokatuta dago. "Arazoa beti berdina ez bada...irtenbidea ezta ere" goiburupean, eskuragarri dauden baliabideen erabilera egokia sustatu nahi da, herritarrek laguntzarik onena jaso dezaten eta osasun-sistemaren jarduera arinagoa eta eraginkorragoa izan dadin.

Era berean, ahal badute, osasun-zentroetara beren baliabideen bidez joatea gomendatzen zaie herritarrei, larrialdi-sareko anbulantziak lehentasunez kasurik larrienetarako uzteko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa