Castellano | Euskara | Français | English
Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Gaur hasi da uztailaren 20tik abuztuaren 4ra bitartean ospatuko den 19. ediziorako sarreren salmenta
Transcripción textual del video
Aurtengo edizioko kartela.
(
irudia handitu
)
Erriberriko Antzerki Jaialdiak antzerki klasikoan inspiratutako programazioaren aldeko apustua egin du aurten, garai eta joera eszeniko guztietara irekitzeko eta nortasun propioa duen nazioarteko erreferentziazko jaialdi bihurtzeko asmoz, Europako zein Latinoamerikako egile eta taldeei tartea eskainiz.
Kulturako zuzendari nagusi Dori López Juríok eta Erriberriko Antzerki Jaialdiko zuzendari artistiko Luis Jiménezek aurkeztu dute gaur goizean uztailaren 20tik abuztuaren 4ra bitartean ospatuko den jaialdiaren hemeretzigarren edizioa, “antzerkiaren festa bihurtzeko xedearekin”, Jiménezen hitzetan. Jaialdiko zuzendari artistikoak gaineratu duenez, “taldeei edo proiektuei baino askoz ere garrantzi handiagoa ematen diot publikoari. Honen arabera hautatzen ditut kulturarako sarbide handiagoa nahiz kontzientzia eta gogoeta kritikoaren ikuspegitik obrarekiko eta eszenaratzearekiko bat-egite handiagoa eskaintzen dizkiguten proposamen eszenikoak”.
Bestetik, López Juríok argin utzi nahi izan du, “jaialdi honen bultzadaz, Kulturako Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako sektoreko profesionalen aldeko sostengu irmoa berretsi duela. Izan ere, helburu horrek Nafarroako Gobernua garatzen ari den Antzerkia Bultzatzeko Planari atxikitako beste ekintza eta ekimen batzuk motibatzen ditu”.
IKUSKIZUNAK
Kulturako Zuzendaritza Nagusiak eta Baluarte Fundazioak antolatuta, Erriberriko Antzerki Jaialdiak zuzendari gonbidatu bat izanen du 19. edizio honetan: Alfonso Zurro, antzerkigilea, eszena-zuzendaria eta Sevillako Arte Dramatikoko Goi Eskolako zuzendaritza eszenikoko irakaslea. Bere lanaren zati handi bat Sevillako Teatro de la Jácara taldearekin egin du eta Caín Club Teatro konpainiaren sortzailekidea da. Zurrok ongi bereizitako bi proposamen aurkeztuko ditu La Cavako agertokian antzerki-programazioa hasi eta bukatzeko, hurrenez hurren: batetik, bere azken sorkuntza, “Luces de Bohemia” (1924), 98ko Belaunaldiko antzerkigilerik nabarmenenetakotzat jotzen den Ramón María del Valle Inclán idazlearena; eta bestetik, sari gehien ekarri dizkion lana, “Hamlet” (1599), William Shakespearerena. Bata zein bestea El Teatro Clásico de Sevilla taldeko produkzioak dira.
Shakespeareren “Macbeth" lanetik eta Juan Rulforen unibertsotik, Erriberriko ikusleak Mexikoko 1910eko iraultzetara abiatuko dira Los Colochos konpainia mexikarraren “Mendoza” ikuskizunarekin. Eta “La Fiesta del Viejo” –“Lear Errege”– taularatuko duen Índigo Producciones konpainia argentinarrarekin, Jaialdiak urtebetetzeko ospakizunetatik familia barruko betiko gatazka eta traizioetara abiatuko da.
Frantzia ongi ordezkatuta egonen da bi egile handiren eskutik. Batetik, Marivaux, Thomas Jolly zuzendari gaztearen gidaritzapean. Espainian eskainiko duen lehenengo ikuskizun honetan, La Piccola Familia izeneko konpainiaren laguntzaz, “Arlequin poli par l’amour “(1720) antzezlana eskainiko du frantsesez, baina gaztelaniaz azpidatzita. Thomas Jolly Avignongo Jaialditik etorriko da zuzen-zuzenean Erriberrira, izan ere, uztailaren 6an, Senekaren “Tiestes” estreinatuko du Cour d’Honor du Palais des Papes aretoan. Ikuskizun hori uztailaren 15a arte programatuko da.
Bestetik, Molière eta “Tartufo, el impostor” (1664) gaztelaniaz entzuteko aukera izanen da Madrilgo Venezia Teatro konpainiarekin. Hauxe izango da Pedro Víllorak landutako bertsio honen azken funtzioa.
Gaztela eta Leondik, Antzerki Klasikoaren Konpainia Nazioanalarekiko (CNTC) koprodukzioan, Nao d’amores Espainiako antzerkiaren jatorrietara bidaiatu da Torres Naharroren “Comedia Aquilana” (1485) obrarekin. Ana Zamorak zuzendu du Espainiako antzerkigintzako lehen obra erromantikoa.
Miguel de Cervantes idazleak ere merezi duen lekua izanen du Erriberrin, Lauretzi Producciones taldeak 6 eta 80 urte bitarteko publiko guzti-guztientzat prestatu duen “El hermano de Sancho” izenburuko jolas eszeniko, bisual eta soinudunarekin.
La Cavan, jaialdia, Sara Caleroren “Fandango Street” dantza flamenkoko ikuskizunaz bukatuko da. Espainiako musika mota hau Europako hainbat konposiziotan azaldu ohi da, eta jauregi giroko doinuetan nahiz komedia-lekuetako entremes eta ikuskizunen bukaera gisa dantzatu izan da. Egungo flamenkoaren artistarik eredugarrienetakoa izanik, Sara Calerok erreferentzia horiek hartu eta hiri-inguru garaikidera eramatea du erronka.
La Cavatik kanpo, jaialdiak Errege Jauregiko zenbait areto eta Erriberriko hainbat esparru publiko hartuko ditu, José Padillak iazko edizioko “Poetica Teatral” zikloaren barnean eta “On Kixote” liburuko Marcela artzainaren pertsonaiaren bakarrizketan oinarrituta sortu duen “Gris/Mar” ikuskizunaren bi emanaldi eskaintzeko eta nafar taldeen beste lau proposamen taularatzeko, “Egile espainiarrei buruz, koblakariengandik 98ko belaunaldiraino” lemapean: “La Trovairitz”, Montse Zabalza eta Peio Otanorena; “ Como las cenizas por el fuego”, Iralei Teatro taldearena; “Polvo serán… mas polvo enamorado”, La Nave Teatrorena; eta “Tres tristes tigresas”, Atikusena.
Edizio honetan, jaialdiak bi antzerki-esperientzietan parte harzteko aukera emanen die publikoari eta Erriberriko biztanleei. Bata, “Negua”, Iparraldeko dantzak eta erritualak Erriberriko landa eremuko inauterietako maskarekin eta dantzekin lotuta eskainiko dituen kaleko ikuskizuna; eta bestea, “Vecindarios”, Candelita clownak landutako egoitzako lana, zein, aitonak irakatsitako poesiekin eta istorioekin liluratuta, Pirinioez bestaldetik etorriko baita astebetez, Erriberrin beste auzokide bat balitz bezala finkatzeko asmoz.
Aurten ere, arte dramatikoko hiru eskoletan landutako ikasketa-bukerako lanak izango dira ikusgai Tafallako Kultur Etxean. Nafarroako Antzerki Eskolak Angélica Lidell-en “Eché mi corazón a freír en la sartén” (Nire bihotza frijitzera bota nuen zartaginera) aurkeztuko du. Bordeleko Antzerki Eskola Nazionalak, Joven Compañía de Teatro Clásico taldeko antzezleen laguntzaz, Calderón de la Barcaren “La vida es sueño” taularatuko dute. Sevillako Arte Dramatikoko Goi Eskolak Federico García Lorcaren “Así que pasen cinco años” (Bost urte igarota ere) aurkeztuko du.
ALDI BEREKO JARDUERAK
Ikuskizunen programazioarekin batera, Erriberriko Antzerki Jaialdiak aldi bereko hainbat jarduera ere antolatzen ditu. Ondoz ondoko hirugarren urtez, lan-egonaldia eskaini zaio Nafarroako konpainia eszeniko bati proiektu artistiko bat garatzeko ikerketa-laborategi gisa. Kasu honetan In Extremis taldeak egonaldia eginen du uztailaren 20tik abuztuaren 5era bitartean Erriberriko Ikastetxe Publikoko erabilera anitzeko gelan.Era berean, jaialdiak Nafarroako antzezleei zuzendutako bi tailer programatu ditu. Uztailaren 23tik 27ra bitartean, Tafallako Kultur Etxean, José Tomék “A la búsqueda de Calderón” (Calderonen bila) izenburuko tailerra eskainiko du, “La vida es sueño” obra, honen egilea eta bertan ageri den ekintza bihurtutako hitza aztertzeko. Bestetik, uztailaren 30etik abuztuaren 2ra bitartean, Erriberriko Kultur Etxean, Alfonso Zurrok “Creación e interpretación en el personaje” (Pertsonaiaren gaineko sorkuntza eta interpretazioa) delako ikastaroa emango du, antzezleek pertsonaiaren bilaketa sortzailerako egin ohi duten ikerketa praktikoan oinarrituta. Alfonso Zurrok zuzendari gonbidatu gisa izango duen parte-hartzea abuztuaren 3an bukatuko da, Erriberriko Kultur Etxean jendeari irekita egingo den “Teatro Popular” deritzon topaketarekin.
Egun berean, Jauregian, Mikel Zuzarekiko solasaldiak eta Príncipe de Viana: el hombre que pudo reinar izenburuko haren liburuaren irakurketa antzeztuak eginen dira.
Abuztuaren 3an, publikoari irekitako topaketa eginen da. Foru Komunitateko sektore profesionalari sostengua adierazteko ekimen honen bitartez, Erriberriko Jaialdiak ikuskizunaren arloa gainditu nahi du sormena sustatzeko eta jarduera eszenikoari buruzko ikusmolde berriak lantzen laguntzeko.
Aurtengo edizioko programazioa osatzeko, topaketa bana antolatuko da Mikel Zuzarekin eta Alfonso Zurrorekin.
KARTELA ETA SARREREN SALMENTA
Aurtengo edizioan, jaialdiaren irudiak bi elementu bildu ditu: abanikoa eta maskara. Horiekin, jolasteko eta parte hartzeko gonbita luzatu nahi zaio publikoari. Laburbilduz, kartela Erriberriko antzerkiaren festa bizitzeko gonbidapena da.
Sarreren salmentari dagokionez, gaur, ekainak 12, 19. edizioko ikuskizunetarako sarreren online salmenta irekiko da publikoarentzat www.oliteteatrofestival.com eta www.baluarte.com webguneen bitartez. Txarteldegian, sarrerak Baluarten eros daitezke ekainaren 12tik uztailaren 5era, astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartean. Baita uztailaren 16tik abuztuaren 3ra ere, astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara bitartean.
Erriberrin, sarrerak uztailaren 16tik aurrera erosi ahalko dira, eta jaialdiak dirauen bitartean, Turismo Bulegoa-Ardoaren Museoan (Teobaldotarren Plaza, 4). Irekiera ordutegia 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bitartekoa da astelehenetik larunbatera. Gainera, La Cavan funtzioa dagoenean, sarrerak 19:00etatik aurrera eskuratu ahalko dira, antzezpena hasi arte.
Interpretazio eskolen zikloko ikuskizunetarako sarrerak Tafalla Kulturguneko txarteldegian eta online baizik ez daude salgai, eta gaur hasita, ekainak 12, erosi ahalko dira (https:// es.patronbase.com/_Tafalla/Productions) 6 euroko prezio bakarrean.
Prezioa aldakorra da ikuskizunen arabera (La Cavako edo Armen Patioko emanaldiak) eta asteko egunaren arabera (ostirala eta larunbata, edo igandetik ostegunera). Jaialdiak zenbait abonu ere sustatuko ditu.
Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen