(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Technorati
  • Google
  • Facebook
  • Yahoo

contacto de esta sección

Herritarren arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Udako ordutegia:
  uztailaren 1etik abuztuaren 15era (biak barne), astelehenetik ostiralera, 8ak eta 15ak artean.
Posta-elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barkos Lehendakariak berdintasunaren Berdinna saria eman dio Blanca Fernández Viguera ikertzaile sozialari asteazkena, 2018.eko martxoak 7


Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde hartu duen konpromiso iraunkorra eta Nafarroan "pentsamoldeak aldatzeko" egin duen ekarpena nabarmendu ditu


Berdinna

Barkos Lehendakaria, Blanca Fernández sariduna, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarez eta saria esleitu duen epaimahaia. Ikusi prentsa-oharraren amaierako argazki-oina. ( irudia handitu )

Nafarroako Lehendakaria buru, Nafarroako gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako 2018ko Berdinna Saria Blanca Fernández Viguera ikertzaile sozialari emateko ekitaldia egin da gaur eguerdian. Uxue Barkosek saritutakoaren bizitza-ibilbidea nabarmendu du, “gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko konpromiso iraunkorrari lotutakoa”.

Ekitaldia Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan egin da. Bertan parte hartu du, saritutakoarekin batera, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo. Ekitaldian, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez ere izan da. Sari-banaketa San Fermin Abesbatzaren musika-akonpainamenduaz egin da.

Sari hau Nafarroako Gobernuak eratu zuen urtarrilean, berdintasunaren arloan lan egiteagatik nabarmendu direnen jarduera publikoki aitortu eta aldarrikatzeko asmoz. Halaber, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NBI) antolatutako sari honen bitartez, foru Exekutiboak berdintasunezko gizarte zuzenago baten alde lan egiteko egin duen apustua nabarmendu nahi du, emakumeen nahiz gizonen giza-eskubideak betetzeko esparruaren barruan.

Lehenengo edizio honetan, golardoa Blanca Fernández Viguera ikertzaile sozialarentzat izan da esparru honetan egin duen lanagatik, zeinetan, feminismoaren aitzindari gisa, IPES Elkartearen sortzailekide gisa eta UPNAko master eta tituluetako genero-ikuspegiaren bultzatzaile gisa nabarmendu den. Epaimahaiak saria esleitzerakoan adierazi zuenez, saritutakoak, “generoari buruzko ezagutza eta azterlanak garatzeko ikerketa eta irakaskuntza esparruetan egin duen lanarekin uztartuta, aktibismo feminista sendoa landu du, publikotasuna eta pribatutasuna batuz berdintasunaren alde emandako bizitza osoan”. Hautagaitza IPES Elkarteak (Instituto de Promoción de Estudios Sociales/Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea) proposatu zuen.


Berdinna

Barkos Lehendakaria Berdinna Saria emateko ekitaldira bildutakoei zuzendu zaie. ( irudia handitu )

Barkos Lehendakaria arduratu da saria emateaz. Golardoak 3.000 euroko diru-kopurua du eta zurezko ontzia dirudien ikurrak “eraikitzeko erabili beharreko oinarria” irudikatzen du. Zurez egindakoa izanik, garaikurrak basoen berotasuna eta organikoaren izaera bizia ere iradokitzen ditu.

Barkos lehendakariaren eta Ollo kontseilariaren agerraldiak

Agerraldian, Lehendakariak zorionak eman dizkio Blanca Fernándezi, “beste emakumeak babestu, prestigiatu, legitimizatu, baimendu eta sostengatzea bideragarria bezain beharrezkoa dela frogatu baitu” baita, Barkosen esanetan. Horren harira nabarmendu du, emakumeen mugimenduetan izan duen parte-hartzeak eta beraren feminismoak “pentsamoldeak aldatzen eta eragin politikoa izateko nahitaezkoa den pentsamendu kritikoa zabaltzen lagundu dutela, zalantza izpirik gabe”.

Halaber, saritutakoak hitzetan nahiz ekintzetan emakume guztiak biltzeko duen gaitasuna nabarmendu du. “Baina horrez gain –erantsi du–, ikusezinak zirenak bistaratzen jakin du une oro, bat ere gibelean utzi gabe, zeharkako desberdintasunei erantzuteko gogor lan eginez. Hau justizia sozialeko kontua da, zalantzarik gabe, eta arras funtsezkoa gizarte barneratzaileak sortu ahal izateko”.

Azkenik, Lehendakariak erakundeek gai honetan duten erantzukizuna gogoratu du. Horren harira, Nafarroako Gobernuak “emakumeen aitzinamendua, adorea, eskubideak, aukerak eta ekarpenak aitortuko dituen” berdintasunaren aldeko lege berri bat lantzen diharduela aurreratu du. “Emantzipazio-prozesuan emakumeen ahalduntzea bultzatzeak ekintza politikoaren asmorik nagusienetakoa eta lehentasunezko ardatza izan behar du”, gaineratu du.

Bestetik, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok sariaren helburuak gogoratu ditu, “gizarte libreagoak eta zuzenagoak finkatzeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea giltzarrizkoak direla” azpimarratuz.

Saritutako hautagaitzak Nafarroako, estatuko zein nazioarteko pertsona ospetsuek igorritako sustenguzko gutunen babesa zuela gogoratu du, eta honek, kontseilariaren iritziz, “ezin hobeto islatzen du, batetik, Blanca Fernándezek berdintasunaren alde egindako ekarpena, eta bestetik, ekarpen horretaz gizarte zibilak duen pertzepzioa”.

Azkenik, saritutakoaren merituen artean, kontseilariak haren ikerketa-lana nabarmendu du, “lan horren kalitate intelektual eta akademikoagatik eta ikerlanetan parte-hartze bidezko demokrazia prozesuak islatzeko duen interesagatik”.

XX. mendeko iraultza baketsua

Bestalde, Blanca Fernández Viguerak zorionak eman dizkio Nafarroako Gobernuari saria sortzeagatik eta “emakumeak bistaratzeko nahiz emakumeek egindako lanak eta elkarteak bistaratzeko” balio izanen duen esperantza adierazi du.

Jendaurreko agerraldian, emakumeak protagonista dituen “XX. mendeko iraultza baketsuari” atxikitako aldaketa sozial nagusiak zerrendatu ditu; hala nola, “familia eredu berrien sorrera, emakumeek goi-mailako irakaskuntzara nahiz enplegura egindako sarrera masiboa, sexu-eskubideak eta ugaltze-eskubideak, edota emakumeak egindako esfera publikorako sarrera masiboa”.

Alabaina, zenbait erronka gainditu gabe daudela azpimarratu du. Lehenengoa, sistema patriarkala: “orain eskubideak aitortuta daude, baina praktikan badago kristalezko sabai bat eta desberdintasunak eta genero-indarkeriak beren horretan diraute”, adierazi du. Bigarren erronka bezala, “emakumearen lanaldi bikoitzarekin eta gain-esplotazioarekin” bukatu behar dela nabarmendu du, baina haren iritziz, helburu hau lortzea ezinezkoa izango da “gizonek etxeko lana eta zainketa-lanak aintzat hartzen ez dituzten bitartean”.

Genero-indarkeria ere aipatu du, “inoiz baino gordinagoa, sistema patriarkala defendatzen baita”, eta laugarren erronka bezala, “emakumeek gorputzaz eta sexualitateaz gozatzeko duten eskubidea” errealitate bihurtzea aldarrikatu du, “erasorik eta oldarrik gabe, izan ere, EZ beti da EZ”. Azkenik, bosgarren erronka gisa, sexu eta genero identitate desberdinen nahiz sexu-aukera desberdinen errekonozimendua aipatu du.

Haren esanetan, “hauexek dira gaur egungo erronkarik garrantzitsuenak, agenda publikoetan sartu beharrekoak, lehentasun oso-osokoak, eta horretarako ere, mugimendu feminista sendoa behar dugu”. Horren harira nabarmendu du “inoiz isildutakoa edo gure belaunaldiari atxikitakoa zirudien mugimenduak ahotsa altxatu duela berriz ere, mundu osoan zehar, belaunaldi guzti-guztien izenean, eta dagoeneko geldiezina bihurtu da”.

Ikertzaile soziala eta mugimendu feministen aitzindaria

Blanca Fernándezen merituen artean, saria emateko Foru Dekretuak garrantzitsuenetakotzat jo ditu “beraren aktibismoa, sindikalismoa eta militantzia feminista, aintzindaria izan baitzen mugimendu feministen militantzian zein emakumeen eskubideen defentsan”. Gainera, IPES Elkartearen sortzailekide izanik, “erakunde honen genero-ildoa bultzatzeko” egin duen lana nabarmendu du Exekutiboak. “Teoria feministak eta genero-teoriak nahiz emakumeen historia ikertu eta zabaltzeko, edota emakumeek zientziari, arteei eta kulturari egindako ekarpenak bistaratu eta hedatzeko egin duen lana eta genero-ikuspegia duten lehendabiziko ikerketa-ildoak jorratu izana” ere nabarmendu du.

Gainera, kontuan hartu da “Familia eta Taldeekiko Esku-hartze Sozialeko Masterrean generoa bultzatzeko nahiz Nafarroako Unibertsitate Publikoko Generoko Espezializazio-Diplomako titulu propioa sustatzeko” egin duen lana. Unibertsitate-zentro honetan, ikasleak prestatzen laguntzeaz gain, eguneroko jardunean emakumeen eta gizonen arteko funtsezko berdintasuna lortzen laguntzen duten profesionalen prestakuntzan ere lagundu du”.

Azkenik, saria esleitzerakoan, berariaz baloratu du “egindako ikerketa-lana eta Nazio Batuek Beijingen (Txina, 1995) antolatutako Emakumeei buruzko Munduko IV. Biltzarrean UPNAren ordezkari izendatu izana”.

Ezkerretik eskuinera. Lehenengo ilaran, Ana Ollo, Uxue Barkos, Blanca Fernandez, Ainhoa Aznarez. Bigarren ilara: Geno Ochando, Pablo Azcona, Mertxe Leranoz, Alba Fernandez, Rosalía Echeverria, Fátima Djarra.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa