(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Posta-elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Artxiboak Bonaparte printzearen euskarazko eskuizkribuak irekian argitaratu ditu astelehena, 2018.eko otsailak 5


Guztira, 134 dokumentu sartu dira; horietatik 118 euskaraz, eta gainerakoak frantsesez, gaztelaniaz, latinez, proventzeraz edota patois eta poitevin hizkuntzetan idatzitakoak


Bonaparteren eskuizkribuak

Artxibo Irekian sartu den euskarazko eskuizkribua. ( irudia handitu )

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak Luis Luziano Bonaparte printzeak XIX. mendearen erdialdean euskarari nahiz euskalkiei buruz bildu zituen eskuizkribuen bilduma argitaratu du Nafarroako Gobernuaren atari instituzionaleko "Artxibo Irekia" web-bilatzailean. Guztira, 134 eskuizkribu sartu dira, horietatik 118 euskaraz, eta gainerakoak frantsesez, gaztelaniaz, latinez, proventzeraz edota patois eta poitevin hizkuntzetan idatzitakoak. Horiek guztiak orrialde osoz kontsulta daitezke www.archivoabierto.navarra.es Webgunean.

Bonaparte printzea, euskararen ikertzailea

Luis Luziano Bonaparte (Thorngrowe, Ingalaterra, 1813 - Fano, Italia, 1891) hizkuntzalaritzan eta dialektologian espezializatutako filologo ospetsua izan zen. Frantziako garai hartako familiarik garrantzitsuenetako baten altzoan sortu zen, izan ere, haren aita Luziano Bonaparte Napoleon Bonaparte enperadorearen bigarren anaia baitzen. Bigarren Inperioaren garaian, 1850ean, haren lehengusu Napoleon III.ak printze titulua eta ohoreak eman zizkion, eta jarleku bat senatuan. 1860an, Frantziak Ohorezko Legioaren Gurutze Handia eman zion, eta 1883an, Britainia Handiko gobernuak urteroko pentsio bat esleitu zion Ingalaterrako patois eta dialektoei buruz egin zituen lanengatik.

Luis Luziano Bonapartek prestakuntza zientifikoa zuen, haren anaia Charles Bonaparte naturalista eta ornitologo ospetsuak bezalaxe. Hastapenetan kimikan eta mineralogian jardun zuen arren, bizitza osoa eman zion linguistika eta dialektologia ikasteari, euskararekiko jakinmin berezia azalduz.

Hainbat bidaia egin zituen eta Nafarroa hiru aldiz bisitatu zuen, 1857an, 1866an eta 1867an. Haren lan eta ahaleginen emaitza dugu euskal hizkuntzalaritzari buruzko hogeita hamahiru obraren argitalpena; horien artean, Le verbe basque en tableaux (Londres, 1869) eta euskarari identifikatu zizkion zortzi euskalkiak biltzen dituen Carte des sept provinces basques montrant la délimitation actualle de l'euscara et sa division en dialectes et sous-dialectes et varietés (Londres, 1863) delakoa nabarmen daitezke.

Bonaparte hil ondoren, Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek haren eskuizkribuak erosi eta hiru lurraldeen artean banatu zituzten, lanen jatorriaren arabera. Banaketa haren ondorioz, funtsa 1904az geroztik babesten duten hiru erakundeen artean banatuta dago: Nafarroako Errege Artxibo Nagusia Iruñean, Foru Agiritegi Historikoa Bilbon eta Koldo Mitxelena Kulturunea Donostian. Gainera, Bonaparteren liburutegi pertsonala Chicagoko Newberry Library-k erosi zuen 1901ean, eta bertan kontserbatzen geroztik. Gaur egun, bilduma hau funtsezko tresna bilakatu da euskara eta euskalkiei buruzko edozein ikerketari ekin ahal izateko.

Hizkuntzari buruzko eskuizkribuak

Artxibo Irekiari gaineratu zaion nafar funtsa, Resurreccion Maria de Azkuek, Carmelo Etxegaraik eta Arturo Campionek agirietan aipatutako euskalkien kokapen geografikoaren arabera bereizi eta Nafarroako Foru Aldundi Probintzialari emandako agiriek osatzen dute. Irizpide berbera erabili zen Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiei emandako zatiak bereizterakoan. Eskuizkribuak ebanjelioei eta Bibliari buruzko testuak, dotrina-liburuak, sermoiak eta otoitzak dira, den-denak XVIII. eta XIX. mendeetakoak eta euskaraz –bereziki Nafarroako euskalkietan– idatzitakoak. Euskara eta gaztelaniazko hiztegiak ere badira.

Landa-lanetarako, Bonapartek bertako pertsona garrantzitsuak izan zituen lagun; adibidez, Arturo Campion, Bruno Echenique, Jaurrieta, Bidankoze, Aria, Irurozqui eta Aspurz herrietako erretoreak, maisuak eta Nafarroaren iparraldeko beste pertsona ospetsu batzuk. Kasu batzuetan, antzinako eskuizkribuak bildu zituzten, eta beste batzuetan, testuak osatu zituzten tokian tokiko euskalkiaren arabera, askotan obra erlijiosoak itzuliz.

Informazio hori guztia oinarrizkoa izan zen Bonaparte printzeak ikerketa-lanetan aurrera egin zezan. Lan guztien artean, euskararen dialektoak irudikatzen dituen mapa nabarmendu behar da, euskalkien banaketaren funtsa izan baita oraintsu arte. Bonapartek zortzi euskalki bereizi zituen: bizkaiera, gipuzkera, Iparraldeko goinafarrera, Hegoaldeko goinafarrera, mendebaldeko behenafarrera, ekialdeko behenafarrera, lapurtera eta zuberera. Carte des sept provinces basques montrant la délimitation actualle de l'euscara et sa division en dialectes et sous-dialectes et varietés izenburua daraman mapa ezagun hau Stanford´s Geographical Stablishment-ek argitaratu zuen Londresen 1863an. Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak mapa honen ale batzuk dauzka, eta azken urteotan Artxibo Irekia web-bilatzailearen bitartez eskura daitezke.

Bilatzailean sartu diren funts dokumental bereko beste eskuizkribu batzuen bitartez, argi gelditu da Luis Luziano Bonapartek linguistikarekiko zuen jakinmina euskaratik harantzagokoa dela, beste hainbat hizkuntzaran idatzitako testuak bildu baitira. Ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz, latinez eta proventzera, patois eta poitevin bezalako hizkuntzetan idatzitako eskuizkribuak dira, eta horien artean, finlandierari buruz frantsesez landutako ikerketa bat ere aurki daiteke. Horren harira, Igandeko Otoitza berrogeita hamar hizkuntzatan eta horiei dagozkien grafietan idatzita biltzen dituen eskuz idatzitako liburuxka bat da bildumako testurik garrantzitsuenetakoa.

Bonaparte funtsaren eskuizkribu guztiak maneiatzeko, ikertzaileak hainbat inbentario eta katalogoz baliatu dira; adibidez, Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkariak 1913an plazaratutako aurkibidea, Carlos Gonzalez Echegaray-k 1979an eta 1989an argitaratu zuen katalogo osoa, edota Rosa Miren Pagolaren lantaldeak 1992 eta 1999 urteen artean landu zuen bilduma, 26 liburukiz osatutakoa.

Bilduma irekia eta eskuragarria

Luis Luziano Bonaparte printzearen funts dokumentalari atxikitako eskuizkribu linguistiko guztiak, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordeta daudenak, behar bezala deskribatu eta digitalizatu dira interesdunen eskura jarri ahal izateko. Webguneko bilatzailean argitaratu direnez gero, deskribapenak nahiz irudiak zuzen-zuzenean kontsultatu eta bistara daitezke, funts dokumentalak interesdun guztiei helaraziz.

Argitalpen berri honi esker, Artxibo Irekia bilatzailea Nafarroako artxiboetako jatorrizko informazio-iturrietara jotzeko baliabide nagusia bilakatu da. Horren harira, Bonaparte printzearen agiriak, bilatzaile berean argitaratutako beste hainbat agiriri gaineratu zaizkie. Horien artekoak ditugu Renaren dokumentazioa, Gerra Zibilari buruzko Nafarroako agiriak edota kartografia eta ikonografia historikoaren errepertorio ezagunak biltzen dituzten irudi-dokumentuen bilduma.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa