(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barkos lehendakariak turismoa garapenerako eta eraldaketa ekonomiko zein sozialerako tresna gisa defendatu du ostirala, 2018.eko urtarrilak 19


Eguerdian, Nafarroako Egunaren ekitaldi instituzionalean izan da FITURen (Madril)


Lehendakaria Nafarroako pabiloia bisitatzen.

Lehendakaria Ayerdi lehendakariordearekin eta Turismoko zuzendari nagusiarekin Nafarroako pabiloia bisitatzen. ( irudia handitu )

Gaur Nafarroako lehendakari Uxue Barkosek FITURen azaldu duenez, Foru Komunitateak «jauzi kualitatibo» bat egin nahi du turismoaren arloan plan estrategiko berriari esker. Planak 2025era bitarteko jardun-ildo nagusiak zehaztuko ditu. Barkosek turismoa garapen eta eraldaketa ekonomiko zein sozialerako tresna moduan defendatu du turismoak duen garrantzia.

Uxue Barkos izan da Nazioarteko Azokaren Nafarroako pabiloian gaur eguerdian egin den Nafarroako Egunaren ekitaldi instituzionaleko buru. Ekitaldian, Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdik ere hartu du parte.

Lehendakariak Foru Komunitateak potentzial handia duela nabarmendu du eta, bereziki, aurten pabiloiaren gai nagusi den lau Donejakue bideak aipatu ditu. Adierazi duenez, turismoa da garapen eta eraldaketa ekonomiko eta sozialeko tresna onenetako bat, «zeharkako jarduera bat delako, ekonomia, ondarea, kultura eta gizartea eraginkortasunez erlazionatzen dituena». Dioenez, «iragana, oraina eta etorkizuna» uztartzen ditu, eta, bere dinamismoagatik, «bizi garen gizartearen erronka handietako bat» da.

Turismoaren garrantziaz jabetuta, Nafarroako Gobernuak S3 garapen adimentsuko estrategiako sei elementu nagusien artean sartu du. Datozen zazpi urteetan turismoa garatu ahal izateko, Turismoko Plan Estrategia prestatu da. Haren bidez, «jauzi kualitatibo bat egin nahi da, eta ekonomia produktibo baten, merkaturatzearen, nazioartekotzearen eta, noski, jasangarritasunaren alde egin».


Agintariak

Ekitaldi instituzionalean parte hartu duten agintariak (izen abizenak orriaren behekaldean). ( irudia handitu )

Halaber, aurten FITURen Nafarroako pabiloiaren gai nagusia ere aipatu du lehendakariak: Nafarroa zeharkatzen duten lau Donejakue bideak. Dioenez, elementu kulturala, soziala eta turistikoa dira, eta ez dira soilik Komunitateko ondarearen parte, baizik eta baita nafar guztien ondare pertsonalaren parte ere.

Lau bideetako une garrantzitsuak gogora ekarri ondoren (Orreagatik Leirera, Iratxetik Baztanera eta Eunatetik Tuterara), gaur egun ere badauzkaten ezaugarri nagusiak aipatu ditu lehendakariak. Haren hitzetan, «gure lurraldea egituratzen dute. Askotariko paisaia, istorio eta karaktereen isla dira; iraultza ekonomikoa izan ziren XII. mendean, eta orain ere badira, beren ostatuekin, produktuekin eta gastronomiarekin. Eta erabilgarria izaten jarraitzen dute, gaur egungo beharretako batzuei erantzuten baitiete: kontenplazioa, isiltasuna oso bizkor doan mundu zaratatsu batean».

Horregatik guztiagatik, Donejakue bideak produktu turistiko garaikidea izaten jarraitzen duela nabarmendu du; «berrikuntza gisa ikusten den tradizioaren» eredua.

Hazteko aukera handiak dituen sektorea

Bestalde, Ayerdi lehendakariordeak Foru Komunitateko sektore turistikoaren datu ekonomiko nagusiak ezagutarazi ditu bere hitzaldian, eta, ildo horretan, ekonomikoki hazteko eta enplegua sortzeko «potentzial handia» duela nabarmendu du.

Hain zuzen ere, 2017an, turismo-zerbitzuek (ostatua, ostalaritza, bidaia-agentziak eta operadoreak) 17.394 pertsona izan zituzten altan Gizarte Segurantzan, 2016ko batezbestekoa baino % 1,4 gehiago. Datu horiek garbi erakusten dute handitu egin dela bisitarien eta gauen kopurua. Azarora bitartean, 1,3 milioi turista erregistratu ziren (2016an baino % 3,8 gehiago), eta 2,9 milioi gau (2016an baino % 5,2 gehiago).

Era berean, 2017ko balantzeari dagokionez, Ayerdik esan du Frankfurt-Iruña aire-bidea jarri dela martxan, eta oso arrakastatsua izaten ari dela, bai erakunde publikoentzat, bai pribatuentzat.

Halaber, lehendakariordeak plan estrategiko berria aipatu du, taldean sortua, sektorearen laguntzarekin. Dioenez, «oso prozesu zehatza eta konplexua izan da. Konturatzen gara pentsamoldea eta ikuspuntua aldatzera behartzen duela, baina oso aberasgarria izaten ari da, eta une honetan dagoeneko emaitza zehatzak ditu».

Azkenik, pozik agertu da, enpresek eta agenteek modu aktiboan parte hartu dutelako FITURen (bilerak, aurkezpena, dastatzeak, etab.). Haren ustez, horrek agerian jartzen du sektorearen dinamismoa, «nahiz eta oraindik ere ibilbide luzea egin behar duen Nafarroan».

Performance arina

Arduradunen hitzen aurretik Marina Barba biolontxelo jolearean musikaz lagundurik Carol Verano eta Cecilia Solaguren aktoreen arteko ezkarrizketa bihurri bat izan da.

Hitzaldien ostean, Nafarroako standean zortzi minutuko iraupena izan duen performance arin bat ikusteko aukera izan da. Rafael Ribero (Cubako ballet nazionaleko dantzari nagusia eta Dantza Konpainia nazionaleko dantzari ohia) Donejakube bideak Nafarroako historiarekin duen lotura jaso du dantza garaikideko ikusikuznean. Izan dena, egun dena eta etorkizunarekin duen lotura azaleratu ditu.

Ikuskizunak egun hainbestetan izaten diren aldaketek eragiten duten bertigoaren aurrean Donejakube bideak eskaintzen duen atsedena eta orduak aurrera egiteko beste erritmo bitala jaso ditu. Dantzaren bitartez, Vianara heldu aurreko lau bideetan zehar, Nafarroak eskaintzen dituen paisaia aberasgarrietan zehar ibiliaz, lagunak egiteko aukera luzatu du.

Publikoaren parte hartzea izan duen dantza honen ostean, Donejakue bidearekin lotutako ekintzekin lotura handia duen Angel Loperena eta Lufthansak Espainian duen arduradun orokorra Carsten Hoffmann igo dira aretora. Jakiña denez, Lufthansak pasaden azarotik hegaldiak eskaintzen ditu Noan-Iruñea aireportutik. Beraien hitzen ostean, Nafarroako pintxoen dastaketa izan da.

Ardoaren bidea zabaltzea

Ekitaldi instituzionalaren aurretik, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek Nafarroako Ardoaren Bidea zabaltzeko hitzarmena sinatu du. Orain arte, bide hori Foru Komunitatearen erdialdera mugatzen zen. Horretaz gain, beste lau erakundek Nafarroako beste eskualde batzuetara zabalduko dute bidea. Hauek dira erakunde horiek: Nafarroa Jatorri Izendapenaren Kontseilu Arautzailea; Nafarroako Erribera Garatzeko Estrategiarako Partzuergoa (EDER); Tierras de Javier – Xabierren Lurrak Partzuergo Turistikoa; eta Lizarraldeko Partzuergo Turistikoa.

Turismoko Zuzendaritza Nagusia izan da hitzarmenaren katalizatzailea, eta laguntza teknikoa eta 12.000 euroko ekarpen ekonomikoa eskaini ditu. Proiektua martxan jarriko duen eta, orain, haren garapenaz arduratuko den lantaldean laguntzen ere jarraituko du.

Erdialdeko Garapen Partzuergoak kudeatzen du proiektua, Ardoaren Bidea kudeatzen metatu duen esperientzia ikusita, ordura arte zuen zati geografikoan. Hitzarmen hau erakunde desberdinen arteko lankidetzaren adibide bat da. Erakunde horiek beren bertuteak jarri dituzte komunean, elkarren onurarako, hori beti baita komenigarria turismoa bezalako zeharkako sektoreetan.

Hauek sinatu dute hitzarmena: Alejandro Antoñanzas Salvo, Erdialdeko Garapen Partzuergoaren ordezkari gisa; David Palacios, Nafarroa Jatorri Izendapenaren Kontseilu Arautzailearen izenean; Eneko Larrarte, Nafarroako Erribera Garatzeko Estrategiarako Partzuergoaren izenean (EDER); Ramón Navarro, Tierras de Javier – Xabierren Lurrak Partzuergo Turistikokoa; eta Cristina Zudaire, Lizarraldeko Partzuergo Turistikokoa.



Osasuneko standa bisitatzea

Nafarroaren Eguneko ekitaldien ondoren, Nafarroako lehendakari Uxue Barkosek Nafarroaren standa bisitatu du, osasun-turismoari lotutakoa. Osasun-turismoa Nafarroako Turismoaren 2017-2025erako Plan Estrategia osatzen duten segmentuetako bat da. Standak 30 metro koadro ditu, eta 8. pabiloian dago. Guztira, 10.671 euroko kostua (BEZ barne) eragin dio Nafarroako Turismoari.

Bertan, Nafarroako Osasun Turismoaren Klusterraren eskaintza dago. Hauek osatzen dute Klusterra: Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala, Nafarroako Ostalaritza Elkartea, Universidad de Navarra klinika, Sannas klinika, Fiteroko Bainuetxea, Elgorriagako Bainuetxea, CIMA (Universidad de Navarra Ikerketa Mediko Aplikatuko Zentroa), Nafarroako Medikuen Elkargoa, Pyrenalis Atlantic Tours and Travel, ANET (Garraio eta Logistikako Enpresaburuaren Nafarroako Elkartea) eta Korolevsko Navarra (bezero errusiarrentzako bisita gidatuak).

Bihar, larunbata, dastatze-jardunaldia

Bihar, dastatze-jardunaldi bat izango da Nafarroako standean, eta, harekin, amaiera emango zaio azokako beste egunetan aurkeztu duen eskaintza gastronomikoari.

Hain zuzen ere, bi dastatze izango dira, guztiei irekiak. Goizean, «Armonía de vinos blancos Denominación de Origen Navarra y quesos de Navarra»: lau gazta (Erronkari jatorri-deitura, Idiazabal jatorri-deitura eta Pirinioetako Ekologikoa) eta hiru ardo zuri (Bodegas Príncipe de Viana, Nekeas eta Malón de Echaide). Eta, arratsaldez, «Armonía de vinos tintos Denominación de Origen Navarra y carnes de Navarra»: Nafarroako txahala eta arkumea erabilita prestatutako bi plater, hiru ardo beltzez lagunduta (Bodegas Lezáun, Pagos de Aráiz eta Sada).

ARGAZKI OINA: ezkerretik eskubira, Iruñeko alkate Joseba Asirón; Turismoko zuzendari nagusi, Maitena Ezkutari; Nafarroako Ostalari Elkarteko lehendakari, Ana Beriáin; Nafarroako Lehendakari, Uxue Barkos; Iruñeko zinegotzi Patricia Perales, eta Garapen Ekonomikorako lehendakariorde, Manu Ayerdi.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa