(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

261 nafarrek muga zeharkatzen dute egunero Euroeskualdean lan egiteko ostirala, 2017.eko abenduak 15


Guztira, 3.863 lagunek egiten dute lan mugaz gaindi Foru Komunitatearen, Euskadiren eta Akitania Berriaren artean


Ezkerretik eskuinera: Bergé, Muro, Goñi y Sainte-Marie. ( irudia handitu )

261 nafarrek Frantziarekiko muga zeharkatzen dute egunero Euroeskualdean lan egiteko.

Guztira, 3.863 lagunek egiten dute lan mugaz gaindi Foru Komunitatearen, Euskadiren eta Akitania Berriaren artean. Gehienak mugatik gertu dauden Frantziako udalerrietan bizi diren espainiarrak dira, eta Gipuzkoan egiten dute lan.

Mugaz gaindiko lanari buruz egin den lehenengo diagnostiko-ikerketaren datu nagusietako batzuk aurkezten dira hemen. Ikerketa hori Euroeskualdeak egin du, EMPLEO proiektuaren baitan. Joan den martxoan hasi zen, mugaz gaindiko enpleguaren egoera ezagutzeko eta haren ezaugarriak identifikatzeko, hura errazagoa bihur dadin.

Analisi hori gaur goizean Ficoban (Irun) emandako prentsaurreko batean aurkeztu da. Han, parte hartu dute Nafarroako Gobernuko Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusi Izaskun Goñik, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuorde Marcos Murok, Mugaz Gaindiko Kooperaziorako eta Euroeskualderako eskualdeko kontseilari delegatu Mathieu Bergék eta Mendirako eta Artzaintzarako eskualdeko kontseilari delegatu Andde Sainte-Mariek.

Bere hitzaldian, Izaskun Goñik nabarmendu du "Euroeskualdeko enplegu-nitxoak hiru lurralde mugakideen arteko kohesio ekonomiko eta soziala indartzeko balio duela". Halaber, azpimarratu du "aukera gehien ematen dituzten esparruak ingeniaritza eta ekoizpena, salmentak eta marketina, IKTak eta informatika, ingurumenaren babesa eta kudeaketaren, administrazioaren eta finantzen sektorea direla".

"Gaur egun, profil horiek gailendu dira, baina –gaineratu du Goñik- Euroeskualdeak S3etan oinarrituta estrategikotzat jo dituen esparruak gehitu behar zaizkie: fabrikazio aurreratua, osasuna, energia berriztagarriak eta nekazaritzako elikagaiak; izan ere, horiek garatu daitezke gehien elkarrekin".

Adierazi du, orobat, "administrazioen ardura dela enplegu-eskatzaileak aukera-nitxo horietara bideratzea, eta ‘aldameneko’ hizkuntza ikas dadin sustatzea, hori baita benetako enplegu-nitxo bat garatzeko oztopo nagusietako bat, informazio gutxi partekatzearekin batera".

Nafarroako Gobernuaren izenean, jardunaldian parte hartu du, halaber, Nafar Lansareko zuzendari Paz Fernándezek, eta nabarmendu du organismo hori "jada lankidetzan ari dela Frantziako enplegu-zerbitzu publikoarekin eta Lanbiderekin (Euskadiko enplegu-zerbitzu publikoa)".

Fernándezek azpimarratu du "gure erronka berria dela kudeaketa-tresna berri bat eraikitzea, Euroeskualdeko enplegua garatzen laguntzeko enplegu-politika aktiboetan oinarrituta".     

Euroeskualdearen Plan Estrategikoaren ekintza-lerroa

Ikerketak baieztatu du higiezinen merkatua funtsezkoa izan dela langileak Hegoaldetik Iparraldera joateko. Izan ere, duela hamarkada bat, etxebizitzako metro karratua merkeagoa zen Frantzian Espainian baino; beraz, mugatik gertuko biztanle asko Frantziara joan ziren bizitzera, baina gehienek Gipuzkoan jarraitu zuten lanean. Gaur egun, ordea, etxebizitzaren prezioa ez da faktore erabakigarria.

Horren ondorioz, langile gehienak Iparraldetik Hegoaldera joaten dira –Akitania Berritik Euskadira eta Nafarroara (3.212 langile)–; Hegoaldetik Iparraldera, berriz –Euskaditik eta Nafarroatik Akitania Berrira–, 651 langile joaten dira (390 Euskaditik eta 261 Nafarroatik). Datu horiek ikusirik, esan daiteke ez dagoela mugaz gaindiko benetako enplegu-nitxorik, joan-etorri gehien-gehienak Hegoaldean lan egiten duten Hegoaldetarrak baitira.

Euroeskualdearen 2014-2020ko Plan Estrategikoaren ekintzaren zati da ikerketa hau, eta "Euroeskualdeko enplegu-nitxo bat garatzea" du helburu ekintza horrek. Hau da ekintza horretan egin beharrekoa: lehenik eta behin, gaur aurkeztu den diagnostikoa egin; ondoren, enplegu-zerbitzu publikoen lankidetza bultzatuko da; eta, azkenik, mugaz gaindiko jardunbideak sustatzea, hizkuntz trebakuntza eta beste ekintza osagarri batzuk landuko dira.

Helburuak

Ikerketa hau IKEI aholkularitza-enpresak egin du zenbait hilabetez, eta hiru eskualdeetako 50 eragile inguruk hartu dute parte: enplegu-zerbitzu publikoek, garapen-agentziek, sindikatuek, patronalak, merkataritza-ganberek… Halaber, inkesta handi bat egin da Euroeskualde osoko enpresen eta langileen artean.

EMPLEO proiektuaren helburua da hiru eskualdeen arteko lan-harremanak indartzea, eta, horretarako, oztopo fisikoak, linguistikoak, fiskalak, eskumen-oztopoak eta, batez ere, haien arteko errealitate desberdinak ez ezagutzeagatiko oztopoak gainditzea.

Proiektuaren % 65 Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF) finantzatu du, Interreg V-A Espainia, Frantzia, Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bitartez. POCTEFAren helburua da Espainia-Frantzia-Andorra muga-eremuko integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea.

 

Mugaz gaindiko enpleguaren erradiografia

Ikerketak mugaz gaindiko enpleguaren egungo egoeraren argazki bat egitea izan du xede, eta, atera dituen ondorioetatik, hauek dira aipagarrienak:

Mugaz gaindiko enplegu joan-etorriak askoz urriagoak dira Euroeskualdean Europar Batasuneko beste muga batzuetan baino; izan ere, muga hauetan, askoz jende gehiago mugitzen da herrialde batetik bestera lan egiteko: Frantziaren eta Suitzaren artean, 160.000 lagun baino gehiago; Italiaren eta Suitzaren artean, 100.000 baino gehiago; eta Frantziaren eta Alemaniaren artean, 180.000 baino gehiago.

Euroeskualdeko mugaz gaindiko langileak profil hau du: zerbitzuen sektorean edo funtzio publikoan lan egiten duen langilea edo langile autonomoa.

Akitania Berriko, Euskadiko eta Nafarroako mugaz gaindiko langileek dituzten zailtasun nagusiak fiskalitatea eta garraioa dira.

Euroeskualdeko biztanleek Europako batezbestekoa baino hezkuntza-maila hobea dute, eta, horrenbestez, aukera handiagoa dute lan hobea aurkitzeko.  

Langileak batetik bestera mugitzeko oztopo nagusietako bat hizkuntza da.    

Enplegua sortzeko aukerak

EMPLEO proiektuak badu beste helburu bat, mugaz gaindiko enpleguaren erradiografia egiteaz gain: hiru eskualdeen artean enplegu-nitxo indartsu bat garatzeko dauden zailtasun nagusiak, indarguneak eta osagarritasunak azaleratzea, eta hori sustatzeko gomendio batzuk ematea.

Datozen zortzi urteetan hiru eskualdeetako enplegua % 5 eta % 9 bitarte haziko dela espero da, eta badituzte parteka ditzaketen eskualdeko berrikuntza-estrategiak.

Halaber, sektore eta jarduera-arlo batzuk denen apustu bihur daitezke, hala nola fabrikazio aurreratua, energia berriztagarriak, osasuna, nekazaritzako elikagaien sektorea eta sormen-industriak.

Gomendioak

Ikerketak gomendio hauek ematen ditu enpleguaren etorkizunean mugaz gaindiko egoera hobetzeko eta aprobetxatzeko:

"Aldameneko" hizkuntza ikastea

"Beste aldeko" enplegu-aukeren berri ematea

Mugaz gaindiko langileei zeregin administratiboetan eta/edo fiskaletan laguntzea

Mugaz gaindiko langileen eta trebakuntza-erakundeen artean konexio-sistemak ezartzea

Mugaz gaindiko lan-merkatuari buruzko estatistika-informazioa edukitzea eta hobetzea

Administrazioei hizkuntzetan trebatzeko ikastaroa ematea

 

 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa