(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Foruzaingoaren 2016-2020 aldirako Gida-plana egin du Nafarroako Gobernuak asteazkena, 2017.eko apirilak 26


Agiri horrek bilakaerarako ildo estrategikoak ezartzen ditu, eta herritarrei parte hartzeko aukera emango zaie 


Transcripción textual del video

Nafarroako Gobernuak Foruzaingoaren 2016-2020 aldirako Gida-plana egin du; plan horretan, datozen urteetan erakunde hori garatzeko ildo estrategikoak definitzen dira: beren egitekoak eta eskumenak betetzeko polizia-eredua eta eszenatokiak, beharrezko polizia kopurua, eta plana aplikatzearen kostu ekonomikoa.


 

Foru-zainak.

Nafarroako Gobernuak Foruzaingoaren 2016-2020 aldirako Gida-plana egin du; plan horretan, datozen urteetan erakunde hori garatzeko ildo estrategikoak definitzen dira: beren egitekoak eta eskumenak betetzeko polizia-eredua eta eszenatokiak, beharrezko polizia kopurua, eta plana aplikatzearen kostu ekonomikoa.

Gobernuak hainbat batzar egin ditu dagoeneko planaren testua lantzeko, eta gaur goizeko saioan aurkeztu dio Gobernuari Maria Jose Beaumont Presidentziako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak. Aurrerantzean, parte-hartze publikorako txanda abiaraziko da, Gobernu Irekiaren bitartez.

Helburu nagusia da Foruzaingoaren lurralde-hedapena sendotzea, herritarrek beren arazoak konpontzen parte hartzen duen zerbitzu publiko gisa ikus dezan, proaktibotasunean, adimenean eta berrikuntzan oinarrituta, pixkanaka eskumenak bere gain hartzen joan dadin.

Horretarako, lau ildo estrategiko nagusi, 31 helburu estrategiko eta 80 helburu operatibo aurreikusi dira.

Egungo egoeraren diagnostikoa

Barneko lantalde tekniko batek egin du Gida-plana, erakundeko langileen eta interes-taldeen artean egindako azterlanetan, Nafarroako kriminaltasunaren analisian eta Nafarroako herritarren artean egindako inkesta batean oinarrituta.

Hain zuzen ere, gaur egungo ingurunea eta testuingurua aztertu dira, esparru ezberdinetan: ekonomikoan, politikoan eta sozialean; eta eragile ezberdinek espero dutena: herritarrek, poliziek, politikariek, sindikatuek, interes-taldeek, etab. Baita dauden baliabideak, bitarteko materialak eta instalazioak ere.

Diagnostiko horren arabera, Foruzaingoak 1.060 agente zituen 2016an, Segurtasun Batzordearen egoitzan Estatuko Administrazioarekin finkatutako gehienezkoa baino (1.200) 140 gutxiago. Foru-zainen % 35ek 45 urte baino gehiago ditu (batez besteko adina 43,09 urtekoa da). Laneko bajak % 6koak dira, eta arrazoi nagusiak dira lan-istripuak: erorketengatik, esku-hartze operatiboengatik, trafiko-istripuengatik eta kirol-istripuengatik.

Nafarroako herritarrek 10etik 7,7ko puntuazioarekin baloratzen du Foruzaingoaren zerbitzua. Ondoen baloratzen den alderdia da tratu zuzenarena eta atseginarena (7,8). Aitzitik, presentzia da baloraziorik txikiena jasotzen duena, 7,5eko batez bestekoarekin. Bi lagunetik batek (% 53,8) kontaktu zuzena izan du noizbait poliziarekin, eta trafikoko kontuak dira kontaktu hori izateko arrazoirik ohikoena (% 61,3). Hain zuzen ere, inkestari erantzun dioten herritarren % 84k uste du Foruzaingoa ondo prestatuta dagoela trafikoko eskumenak esklusiboki bere gain hartzeko.

Bestalde, langileen % 59,2k hartu zuen parte barneko inkestan; emaitzek erakusten dute negatiboa dela gaur egungo antolaketa-ereduari buruzko iritzia (% 85), eta trebakuntza-ekintza gehiago eskatzen dute (% 80). Bestalde, langileen % 80k positibotzat jotzen ditu koordinazio-maila eta harreman pertsonalak.

Kriminaltasunaren analisiari dagokionez, 1.000 biztanle bakoitzeko 42,7 delitukoa zen Nafarroako tasa 2015ean, Estatukoa baino puntu bat txikiagoa (43,7).

Gida-planaren helburuak eta eszenatokiak

Diagnostikoa kontuan hartuta, Gida-planak polizia-kidegoaren misioa, bisioa eta balioak definitzen ditu, erakunde jasangarri, moderno, arin eta dinamiko baterantz bilaka dadin, eta Nafarroako herritarrek gero eta gehiago egiten dituzten bere zerbitzuen eskariari erantzuteko gai izan dadin.

Lau ildo estrategiko nagusi, 31 helburu estrategiko eta 80 helburu operatibo ditu planak. Funtsezko hiru elementutan oinarritzen da: erakundea osatzen duten pertsonetan, antolatzeko moduan eta bere eginkizunak betetzeko polizia-ereduan.

Pertsonei dagokienez, erakundea egituratzeko langileen konpromisoa eta barne-kohesioa lortzea ezartzen da lehentasuntzat. Antolaketari dagokionez, antolaketa-eredu berritzailea eta malgua ezartzearen aldeko apustua egiten da, kudeaketa eraginkorra lortzera bideratutakoa; eta polizia-ereduari dagokionez, adimenean oinarritutako segurtasun-sistema hurbilekoa eta proaktiboa garatzearen alde egiten du planak.

Azkenik, gida-planak Foruzaingoaren bilakaeraren hiru eszenatoki aurreikusten ditu 2020ra arte langileriaren arloan, aukeratutako polizia-ereduaren arabera.

Lehenengo eszenatokiak, baterako existentzia deritzonak, belaunaldien arteko erreleboari erantzutea eta egiturazko defizita estaltzea ahalbidetzen du. Eredu horretan, 1.215 agente izatea aurreikusten da, lau urtetan 18,7 milioi euroko kostu gehigarriarekin.

Bitarteko eszenatokia osagarritasunekoa deritzona izango litzateke, eta aukera emango luke Ingurumeneko eta Trafiko eta Bide-segurtasuneko eskumenak hartzeko; 1.330 agente eta 35,4 milioiko aurrekontua beharko litzateke horretarako.

Azkenik, eredurik handinahienean, esklusiboki hartuko lirateke eskualda daitezkeen eskumen guztiak, Trafiko eta Bide-segurtasunekoak, Herritarren Segurtasunekoak eta Ingurumenekoak; 1.510 eta 2.000 agente artean beharko lirateke, eta 62,3 euroko kostua izango luke.

 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa