Castellano | Euskara | Français | English
Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nabarmentzekoa da herritarrei arreta emateko eta gizarteari euskararen irudi positiboa helarazteko helburua
Transcripción textual del video
Planak hiritarren eskubidea bermatu nahi du.
Nafarroako Gobernuak 2016-2019 aldirako Euskararen I. Plan Estrategikoa onartzen duen Akordioa lortu du gaurko saioan; plan hori ezarrita, herritarrek euskara ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubideari erantzun egokia eman nahi zaio, hori lortzeko beharrezko tresnak definitu eta babesteko eta garatzeko neurriak hartu nahi ditu.
Gaur aurkeztu du gaztelerazko eta euskarazko bertsioak dituen Plana Ollo kontseilariak, eta Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legean eta Eremu Urriko Hizkuntzen Kartan oinarrituta dago. Programa-akordioan hartutako konpromisoetan ere oinarritzen da agiria; agiri horrek nabarmentzen du zeharkako plan baten beharra dagoela, progresiboa izango dena, Nafarroako errealitate soziolinguistiko guztietara egokituko dena eta herritarren askatasuna eta borondatea errespetatuko dituena.
Plan Estrategiko honek euskarari buruzko eta euskarak Nafarroako gizartean hartzen duen lekuari buruzko paradigma berria proposatzen du. Planaren muina Nafarroako herritarrak dira, hain zuzen ere, gizartea orokorrean. Diagnostikoak agerian utzi du zein diren herritarren beharrak, euskarara iristeko gabeziak daudela eta zenbait esparrutan hizkuntzaren egoera lehenbailehen hobetu beharra dagoela. Horri erantzuteko, eredu berri batean egituratuko da Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politika; beharrezkoa da eredu hori planifikatzea, lehentasunak zein diren adieraziz eta erabilgarri dauden baliabideak kudeatuz.
Planak zazpi ardatz estrategiko zerrendatzen ditu: erabilera soziala, hiztun berriak, zerbitzu publikoak, prestigioa eta erakargarritasuna, motor ekonomikoa, hizkuntza-esparrua eta Euskarabidearen barne-kudeaketa.
Lehenengo sei ardatzak hartuta, Plan Estrategikoak sei helburu orokor jasotzen ditu, berariazko 29 helbururekin. Helburu horiek 173 ekintza zehatzetan garatzen dira, 68 esparrutan. Euskarabidearen barne-kudeaketak, bere aldetik, 17 barne-ekintza jasotzen ditu.
Erabilera soziala
Honako hauek dira erabilera sozialari dagokion ardatzean planak zerrendatzen dituen helburu eta ekintza nagusiak: euskarazko jardueren eskaintza handitzea, haren erabilera soziala aktibatzeko eta indartzeko; eskolaz kanpoko esparruaren eta aisia antolatuko jardueren eragingarritasuna hobetzea, euskaraz eskolatutako haurren eta nerabeen eta euskaraz ikasi duten gazteen artean euskararen erabilera handitzeko; komunikazioko tresna teknologikoetan euskararen presentzia handitzea, haren erabilera soziala sustatzeko; komunikabideetako euskarazko eskaintza eta gaztelerazko komunikabideetan euskararen presentzia handitzea, gizarteari informazioa euskaraz jasotzeko aukera errazte eta handitze aldera; euskararen presentzia eta erabilera handitzea merkataritzan, zerbitzu profesionaletan eta enpresetan; euskaraz kultura-sorkuntzako produktu eta jardueren eskaintza handitzea, hiztunak hizkuntza horretan bizi duen bizipen estetiko eta emozionala indargarria izan dadin euskararen erabilerarako; euskararen erabilera indartzea hizkuntza horren erabilera-dentsitate handiko espazioetan edo euskal hiztunak nagusi diren udalerrietan, euskarak eremu horietako bizitza sozialaren elementu egituratzailea izaten jarrai dezan, eta Nafarroako euskararen dialektoak eta euskalkiak garatzea eta hedatzea, herritarrek ezagut, balora eta erabil ditzaten.
Prestigio eta erakargarritasunaren eta esparru sozioekonomikoaren bitartez hizkuntzaren bestelako ikuspegia eskaintzea helburu duten ardatzek askotariko ekintzak hartzen dituzte barne; hala nola paisaian eta bizitza sozialean duen presentzia handiagoa sustatzea, hizkuntzari eta erabilera-dentsitate handiko espazioei balioa ematea eta euskararen aukera ekonomikoak eta sektore sozioekonomikoan duen balio erantsia nabarmentzea.
Hizkuntza-esparru izendatutako ardatzak aurreko ardatzak garatzeko eskubideak eta bermeak arautuko ditu, planaren diagnostikoa eta jarraipena egiteko beharrezko azterlanak eta ikerlanak, harreman instituzionalak eta nazioarteko harremanak, eta ekintzak garatzeko baliabide izan daitezkeenak.
Planarekin batera, aginte-taula bat aurkezten da, planaren azken ebaluazioa egiteko balioko duena eta hogei adierazleren deskribapena jasotzen duena. Azkenik, memoria teknikoak zenbatesten du 10.821.346 euroko gastua egin beharko dela 190 ekintzak gauzatzeko; Euskarabideak 2017ko, 2018ko eta 2019ko ekitaldietan inbertituko du kopuru hori.
Parte-hartze prozesua
Nafarroako Gobernurako 2015-2019 legealdiko Programa-akordioak Plan Estrategiko errealista, egingarri eta eragingarria diseinatzeko konpromisoa jasotzen du, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politikaren oinarri izango dena.
Plana parte-hartze prozesu baten bitartez egin da; joan den abenduan aurkeztu zituzten prozesu horren ondorio nagusiak Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Mikel Arregi Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak. Ondorio horien artean, azpimarratzekoa da euskara administrazioan eta hezkuntza-eskaintzan sustatzeko beharra. 259 ekarpen jaso ziren guztira; horietako gehienak, 154, urrian eta azaroan Gobernuaren euskararen inguruko estrategia ezagutarazteko eta herritarren eta inplikatutako sektore eta organizazioen proposamenak eta ekarpenak jasotzeko antolatutako lurraldekako eta sektorekako batzarretan jasotakoak. Gainerako 66 proposamenak Gobernu Irekia Atariaren bitartez jaso dira; 38 posta elektroniko bidez bidali zaizkio Euskarabideari, eta bat erregistro ofizial batean entregatu da. Gainera, lurralde saioak egin dira Nafarroako sei udalerritan; besteak beste, eskualdeetako hautetsiek, teknikariek, hizkuntza- eta kultura-eragileek izan duten horietan parte hartzeko aukera. 80 lagunek hartu dute parte guztira saio horietan, Iruñean, Tafallan, Leitzan, Zangozan, Lizarran eta Tuteran. Eta sektorekako batzarrak ere egin dira, guztiak Iruñean; 44 lagunek hartu dute parte, euskararen, hezkuntzaren, zerbitzu publikoen, kulturaren, kirolaren, IKTen eta Sozioekonomiaren esparruetakoak.
Joan den urtarrilaren 19an, Euskararen Nafar Kontseiluak aho batez onartu zuen euskara Nafarroaren ondare gisa bultzatzeko eta euskara politizatzearen aurkako adierazpena.
Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen