(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Ospitaleguneak garuneko tumore baten ebakuntza egin du lehen aldiz pazientea esna izanik astelehena, 2016.eko azaroak 28


Era honetako ebakuntzan Neurokirurgia, Anestesia eta Bizkortze eta Neurofisiologiako espezialistek esku hartzen dute, eta emaitza hobeak lortzen uzten du bizi-funtzio neurologikoak errespetatuz


kideak

Ebakuntzan parte hartutako profesional-taldearen irudia. ( irudia handitu )

Nafarroako Ospitaleguneak garuneko tumorearen lehen ebakuntza egin du pazientea esna izanik eta, hari esker, tumore-prozesuaren erresekzio-maila handiagoa (erauzketa) lortu ahal izan da, bizi-funtzio neurologikoak errespetatuz.

Ebakuntzaren xehetasunak gaur goizean aurkeztu dituzte Nafarroako Ospitaleguneko Kirurgia Prozesuei Laguntzeko zuzendariorde Jon Aricetak eta bertan parte hartu duten diziplina anitzeko taldeko zenbait kidek: Idoya Zazpe, Juan Carlos García eta Rodrigo Ortega, Neurokirurgia Zerbitzuburua eta bertako mediku laguntzaileak, hurrenez hurren; Miguel Salvador, Marta Martín eta Elena Pérez, Anestesia, Bizkortze eta Min Terapeutikoko Zerbitzuburu, Atalburu eta mediku laguntzailea, hurrenez hurren; Javier Urriza, Neurofisiologia Zerbitzuko mediku laguntzailea; Aránzazu Lacalle, Ebakuntza-gela Nagusien Unitateko erizaina eta Celina Arregui, Neurokirurgiako erizaintzako ikuskatzailea.

Konplexutasun tekniko handiko ebakuntza urriaren 18an egin zen, Nafarroako Ospitaleguneko Neurokirurgia, Anestesia eta Bizkortze Neurofisiologia zerbitzuen laguntza estua behar izan zuen, eta bertako kideek aurrez teknika horretako erreferentziazko zentroetan trebatu ziren, estatu-mailan nahiz atzerrian. Eskualdean, Neurokirurgiako mediku laguntzailea La Pazeko Ospitale Unibertsitarioan trebatu zen, eta bertan prozedura horietako zenbaitetan parte hartzeko aukera izan zuen. Nazioarte-mailan, Idoya Zazpe eta Juan Carlos García, Neurokirurgia Zerbitzuburua eta mediku laguntzailea, hurrenez hurren, Duffau maisuarekin trebatu ziren Montpellier-ko Gui de Chauliac ospitalean (teknika horretan mundu-mailako erreferentzia da); Neurokirurgia Zerbitzuak ospitale horrekin harremana du aurreko Zerbitzuburu Eduardo Portillok hasitako bideari jarraiki.

13 profesional eta 6 orduko ebakuntza

Pazienteak garuneko glioma (tumore) bat zuela-eta operatu zuten, ezkerreko aurrealdeko operkuluan, hizkuntzaren funtzio motorraz arduratzen den garuneko zatian. Urriaren 18an egin zen eta pazienteak handik 5 egunera sendagiria jaso zuen. Ebakuntzan (sei ordukoa) Nafarroako Ospitaleguneko 13 osasun-profesionalek parte hartu zuten: hiru neurokirurgialarik, hiru anestesistak, neurofisiologo batek, hiru erizainek, erizaintza-laguntzaile batek eta bi zeladorek.

Idoya Zazpek azaldu duenez, pazientea esna dagoela egindako ebakuntzari esker, erresekzio zabalagoak egin daitezke modu seguruagoan toki adierazgarrietan dauden tumoreetan (pazientearen bizi-kalitaterako funtzio neurologiko garrantzitsua agintzen dutenak), hizkuntzari lotutako aldeetan bereziki. Monitorizazio neurofisiologiko intraoperatorioa normalean pazientea lokartuta dagoela egiten da, eta tumorearen ondoko nerbio-egituren funtzioa zaintzen uzten du, ebakuntzak kaltetu ez daitezen. Adibidez, gorputzaren alde baten mugimendua agintzen duen area motorretik hurbil dagoen tumorearen kasuan, neurofisiologia intraoperatorioari esker, mugikortasunaz arduratzen diren areak aurkitu eta monitorizatu daitezke, haiek zaintzeko asmoz eta pazienteak paralisi batekin esnatu ez dadin. Kirurgiaren aurretik, pazientearen balorazio neuropsikologiko bat behar da eta haren ondorengo jarraipen errehabilitatzaile bat. Kirurgian zenbait lan egin ditzan eskatzen zaio, esaterako: laminetan erakutsitako objektuak izendatzea, zenbatzea, edo mugimendu jakin batzuk egitea, une horretan operatzen ari diren arrisku-zonaren arabera bere funtzioa zainduta dagoela ziurtatze aldera. Pazienteak ebakuntzan zehar maila horretan laguntzeko gai izatea erronka handia da anestesia-mailari dagokionez.

Urtero Nafarroan garuneko 100 tumoretik gora diagnostikatzen dira

Nafarroan urtero garuneko 100 tumore primario baino gehiago diagnostikatzen dira, eta haietatik erdia baino gehiago gliomak dira, kasu honetan operatutako mota berbera. Haietako gehienak garuneko area adierazgarrietan aurkitzen dira, eta haien funtzio neurologikoa zaindu egin behar da. Aurrerapen tekniko eta anestesiko horiek izan aurretik, tumore horietako asko ezin ziren operatu operaezintzat jotzen baitziren edo tumorearen zati txiki bat baino ez zen erauzten ondorio handiak eragiteko beldurrez.

Gaur egun, gero eta tumore gehiago erabat lehortu daitezke area konplexuagoetan pazientea seguruago egonik. 2000 eta 2010. urteen artean egindako azterketaren arabera, Marqués de Valdecilla Ospitale Unibertsitarioko Neurokirurgia Zerbitzuak koordinatuta eta neurokirurgiako estatuko 30 zerbitzu nagusien partaidetza izanik, Nafarroako Ospitalegunekoa barne, area adierazgarrienetako tumoreen % 30 baino gutxiago monitorizazio neurofisiologiko intraoperatorio bidez operatu ziren, eta % 15 baino gutxiago pazientea esna izanik. Nolanahi ere, 2010. urteaz geroztik, teknika horiek erabiltzen dituzten zentro-kopurua eta ebakuntzak pixkanaka areagotu egin dira.

Nafarroako Ospitaleguneko Neurofisiologia Zerbitzuak monitorizazio intraoperatorioa 2005. urtetik egiten du modu puntualean, eta sistematikoki, 2007. urtetik. Esna dagoen pazientean kirurgia hori ezarriz tumore horiek tratatzeko kirurgia-aukera berriak zabaltzen dira. Nolanahi ere, kirurgia paziente horietan funtsezko zutabe izaten jarraitzen badu ere, Tumoreen Batzordeak oinarrizkoak dira diziplina anitzeko azterketa bat koordinatzeko (onkologoak, patologoak, erradiologoak, errehabilitatzaileak, psikologoak, neurologoak…) pazienteari tratamenduaren aukera onenak eskaintzeko asmoz.

ARGAZKI-OINA: Lehenengo ilaran, ezkerretik eskuinera, Celina Arregui, Idoya Zazpe, Jon Ariceta, Miguel Salvador, Elena Pérez, Marta Martín, Aránzazu Lacalle, eta Javier Urriza. Atzean, bigarren ilaran, ezkerretik eskuinera, Juan Carlos García eta Rodrigo Ortega.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa