(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak, Mankomunitateak eta 18 udalek Iruñerriko Hiriko Mugikortasun Plan Iraunkorraren hitzarmena sinatu dute osteguna, 2016.eko irailak 22


Estrategiari esker, herritarren bizi-kalitatea hobetu ahalko da, eta ingurumen-eraginak nahiz kontsumo energetikoa murriztu


Dokumentua sinatu dute, Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdik; Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari Aritz Ayesak; eta Eskualdeko Hiriko Garraio zerbitzuan sartutako 18 udalerrietako alkateek. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuaren, Iruñerriko Mankomunitatearen eta Eskualdeko Hiriko Garraioaren lurralde-eremuan sartutako udalek lankidetza-hitzarmena izenpetu dute gaur goizean Iruñerriko Hiriko Mugikortasun Plan Iraunkor bat (PMUSCP) egiteko.

Dokumentuaren izenpetzea Iruñeko Civibox Kondestablen egin da, eta bertan parte hartu dute: Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdik; Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari Aritz Ayesak; eta Eskualdeko Hiriko Garraio zerbitzuan sartutako 18 udalerrietako alkateek.

Iruñerriko (PMUSCP) PMUSen helburua da, Iruñerriko herritarren mugikortasunari eragiten dioten joan-etorrirako moduen nahiz elementuen gainean jarduerako plan integral eta koordinatu bat lortzea; hori guztia, jarduera horiek egingo dituzten administrazio eskudunen artean adostuta. Hala, PMUSCPi esker, herritarren bizi-kalitatea hobetu ahalko da, eta ingurumen-eraginak nahiz kontsumo energetikoa murriztu ahalko dira.

Sinatu ondoren, hitzarmena aurkeztu da, eta bertan esku hartu dute Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manuel Ayerdik, Iruñeko alkate Joseba Asironek eta Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari Aritz Ayesak.

Bere agerraldian, Manu Ayerdik hitzarmen hau sinatu duten erakundeen konpromisoa eskertu du, eta haren helburua honako hau da: mugikortasun iraunkorra lortzea eta gora egiten ari den hiriko mugikortasunaren ingurumen-eragina ikuspegi integratu batetik murriztea.

Lehendakariordearentzat, Hiriko Mugikortasun Iraunkorraren Plan bat egin eta onartzea "sinatzaile guztien ordezkariek esku hartuko duten bide bat da, maila teknikoan nahiz politikoan; adostasuna giltzarria izango den bide bat: guztien adostasuna jartzen dugu erronka eta ibilbide-orri gisa", zehaztu du.

Aurreikusitako laguntza teknikoen finantzaketari dagokionez, Ayerdik adierazi du Nafarroako Gobernuak `de facto´ plana egiteko kostuen % 65 bere gain hartuko duela.


Ayerdi lehendakariordeak gogora ekarri du garraioa dela Nafarroan kontsumitzen den energiaren % 40aren erantzule. ( irudia handitu )

Gainera, Ayerdik gogorarazi du garapen iraunkorra Espezializazio Adimentsuko Estrategiaren lehentasunezko ardatzetako bat dela, Energia Planean berariaz zehaztutakoa. "Gure mix energetikoa aldatzea funtsezkoa iruditzen zaigu, kopuru guztian energia berriztagarrien garrantzia areagotuz eta lehen mailako energia kontsumo guztia murriztuz. Bi kasuetan garraioa funtsezko elementua da (Nafarroan kontsumitzen den energiaren ia % 40aren erantzule), eta ia dena energia erregai fosiletatik dator. Arrazoi hori dela eta, Gobernuak nahi du PMUSek ahalbidetu dezala mugikortasuna gaur egun nola antolatzen den jakiteko azterketa oso bat egitea, ez soilik alde urbanoena, baita industria eta merkataritzako eremuetarako fluxuak ere, esan du.

Alkateen ordezkaritzan, Iruñeko alkate Joseba Asironek adierazi du Iruñerriak aurretik duen erronka garrantzitsuenetariko bat mugikortasun iraunkorra dela. Hiri-garraioa berotegi-efektuko gas-isurketa nagusietako bat da eta, beraz, esan du, "nahi dugun hiri-eredua birpentsatu behar dugu eta mugikortasuneko jarraibide berriak finkatu; hori da gaur sinatu dugun Hiriko Mugikortasun Iraunkorraren Planaren xedea, Iruñerriko herri nahiz hiriek ingurumenarekin duen konpromisoa islatzen du eta baita hiriguneetako garapenaren harmonizazioarekin ere". Iruñeko alkateak ohartarazi duenez, espazio publikoaren birbanaketari buruz hausnartzeko ordua da hiri erakargarriagoak eta bizigarriagoak eraikitzeko. Hala, "Iruñerriak hiri handi baten moduan funtzionatu behar du mugikortasun eta iraunkortasun arloan; Iruña, Iruñerriko herri eta hiriekin batera, Mankomunitatearen zerbitzura jarriko da elkarrekin hiru ardatz nagusien baitan lan egiteko: oinezkoentzako korridoreak, garraio publikoa eta bizikletak ibiltzeko sareak", Iruñeko Udalan berehala onartuko duten mugikortasuneko ordenantzari erreferentzia eginez.

Azkenik, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari Aritz Ayesak hitzarmenaren hiru alderdi azpimarratu nahi izan ditu: erakundeen arteko lan komuna, adostasuna eta aurretik duten erronka. Hala, udalekin iragan urtarrilean hasitako lana gogora ekarri du, eta gero Nafarroako Gobernua gehitu zen ideiak eta proiektuari zentzua emanez. Adostasunari dagokionez, Ayesak Mankomunitateak dinamizatzaile eta koordinatzaile modura betetzen duen zeregina nabarmendu du: lan hori burutzeko eskualdeko erakundeak udal eta gobernuko autonomia kontuan hartuko du. Amaitzeko, gogora ekarri du orain abiaraziko dela proiektu konplexu bat, eta bertan interes askok bat egin behar dutela, eta ez direnak beti osagarriak. "Bizi nahi dugun ingurunea marraztu eta abian jarri nahi duen proiektu batez ari gara, hiriak eta herriak nola izatea nahi dugun definitzen ari gara, eta gure bizi-kalitatean, iraunkortasunean, isurketen murrizketan eta, beraz, klima-aldaketaren ondorioaren murrizketan nola eragingo duten", azaldu du Mankomunitateko lehendakariak.

Hiriko Mugikortasun Plan Iraunkorraren  helburuak

Gaur sinatutako hitzarmenaren helburuak dira: existitzen diren plangintza-praktiketan oinarritutako plan estrategiko modura balioko duen dokumentu bat lortzea, eta integrazio, partaidetza eta ebaluazioko printzipioak kontuan hartuko dituena egungo beharrak asetzeko eta pertsonen nahiz salgaien mugikortasuneko etorkizuneko beharrak asetzeko, Iruñerrian bizi-kalitate handiagoa lortzeko helburuarekin. Gainera, PMUSCPen idazketan partaidetza publikoko prozesu bat egingo da, plana egiteko beharrezko azterketak egingo dira eta neurri batzuk proposatuko dira ondoren administrazio bakoitzak PMUSC ezar dezan beraien eskumenen arabera.

Hitzarmenak Nafarroako Gobernuak, Mankomunitateak eta udalerri partaideek aipatutako PMUSCP lantzeko dituzten betebeharrak ezartzen ditu. Hala, Nafarroako Gobernuak eta udalerriek betebehar batzuk bere gain hartzen dituzte, eta haien artean daude: beharrezko giza baliabideak eta materialak lanen jarraipena egiteko baliatzea, duten informazioa ematea plana egiteko eta partaidetza-prozesuan laguntzea herritarren iritziak, kezkak eta ekimenak jasotzeko. Bestalde, Mankomunitateak partaidetza-prozesua zuzentzeko konpromisoa hartzen du, eta PMUSCPen idazketari dagozkion azterketak egiteko.

Iruñerriko Mankomunitateak beharrezko gastuak bere gain hartuko ditu PMUSCP idazteko azterlanak eta lanak egiteko, xede horretarako beharrezkoak diren kontratazioak eginez. Gastu horiek finantzatuko ditu 2015-2016ko Iruñerriko Hiri Garraioaren V. Planaren aldaketan aurreikusitako partidaren kargura.

Lanen jarraipena egiteko eta koordinatzeko, jarraipen eta koordinazioko batzorde bat eratuko da, hitzarmenetik ondorioztatutako betebeharrak betetzen direla zainduko du, eta PMUSCP lantzeko oinarrizko jarraibideak onartuko ditu. Batzorde hori osatuko dute: Iruñerriko Mankomunitateko talde bakoitzeko ordezkari batek eta Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak. Halaber, lan-plan bat proposatzeko azpibatzorde tekniko bat ezarriko da, PMUSCPen lanketa koordinatuko du eta egin beharreko jarduerak finantzatzeko plan ekonomiko bat jasoko du. Azpibatzorde hori honako hauetako ordezkariek osatuko dute: Iruñeko Udala, gainerako udalerriak, Mankomunitatea eta Nafarroako Gobernua.

Jarraipen batzordeak baliozkotu ondoren, PMUSCP udaletako osoko bilkurek, Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak eta Nafarroako Gobernuak onartu behar dute. Plana bi urteren buruan egingo dela kalkulatzen da eta, beraz, 2018 amaierarako amaituta egon daiteke.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa