(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hamar urtean egindako indusketa-lanei esker jakin dira Amaiurko gazteluaren neurriak eta ezaugarriak astelehena, 2015.eko abuztuak 10


Museo bihurturiko barrutian izan da gaur Barkos Lehendakaria.


lehendakaria

Barkos Lehendakaria eta Ollo kontseilaria han aurkitutako ezpata eta kanoi-balei begira. ( irudia handitu )

Uxue Barkos Nafarroako Lehendakaria izan da gaur Amaiurko gazteluaren museo bihurturiko aztarnategian, eta indusketa-lanen aurrerapenaren ingurukoak ezagutu ditu. Izan ere, aurten hamar urte beteko dira lanak egiten hasi zirenetik; horiei esker jakin da eraikin militarrak izan zituen neurri eta ezaugarriak.

Bisitan, Lehendakariarekin batera izan dira Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Joseba Otondo Baztango alkatea, Isaac Rekalde Amaiurko Udaleko alkatea eta Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia-elkarteko idazkari nagusia. Azken bi horiek dira jarduera arkeologikoen erakunde eragileak.

Iragan otsailetik museo bihurtuta dagoen barrutian zehar ibili da Lehendakaria. Horretarako, sarbideak eta pasabide bat eraiki dira inguruan, eta seinaleak eta panel informatiboak ere jarri dira. Bisitan, han aurkitutako objekturik bitxienak ikusi ahal izan ditu Uxue Barkosek. XVI. mendearen hasierakoak dira, Nafarroako konkistaren garaikoak, orduan izan baitzen gaztelua inoizko ezagunen. Ezpata oso bat eta burdinurtuzko sei kanoi-bala dira. Baletako batzuk 15 kg inguruko pisua dute.


barrutia

Aztarnategiaren airetiko irudia; egindako pasabidea ikus daiteke. ( irudia handitu )

2.000 objektu

Duela hamar urte hasi ziren indusketa-lanak, eta tokiko lehen jarduera arkeologikoa dira. Lan horri esker, gaztelua nolakoa zen jakin izan da. Dorre bat zegoen erdialdean, bost dorre erdizirkulardun harresi batek inguratuta. Horiek osatzen zuten XII. mendean eraikitako hasierako barrutia, 1.000 m2 inguruko azalerakoa. Halaber, beste defentsa-harresi bat ere aurkitu da, hurrengo mendeetan eraikitakoa, lau dorre eta pasabidea zituena. 6 eta 8 metroko altuera zuten harresiek.

1512. urtean, Nafarroako konkistaren ondoren, behin betiko itxura hartu zuen gazteluak, hau da, artilleriarako prestatutako bastioiarena. Horretarako, kanoiak gordetzeko harrizko bi kubo eraiki ziren, baita uharka bat ere.

Arkeologia-lanei esker, 2.000 objektu inguru erauzi ahal izan dira; Erdi Arotik hasita konkistaren garaira artekoak dira. Gezien puntak, lantzen puntak, txanponak, jantzien zatiak (gerrikoen belarriak, orratzak), eta eguneroko bizimoduarekin lotutako beste elementu batzuk: animalien hondarrak, ontzi zatiak, baita ur-ontzi eta kaiku bat ere, biak ere egurrezkoak. Egoera onean mantendu dira. XVI. mendeko objektuen artean, jaurtigaiak eta jaurtigai handien hondarrak ere aurkitu dira.

Indusketa-lanen kanpaina egiten da urtero, abuztuko lehen hamabostaldian. Ondoren, ekitaldiaren gainerakoan, mantentze-lanak egiten dira. 40 boluntario inguruk gauzatzen dute kanpaina, Aranzadi Zientzia-elkarteko teknikarien gainbegiradapean. Urte hauetan, bostehun pertsona inguruk lagundu dute lanetan.

Amaiurko gaztelua

Amaiurko gaztelua Gaztelua izeneko mendian dago, Amaiur herriaren inguruan. XII. mendean eraiki zen, eraikin militar gisa hasieran, Zugarramurdira eta itsasoko portuetara zihoan Baztango bidea kontrolatzeko. Dozena bat gizoneko soldadu talde bat zituen.

Nafarroaren konkistaren amaiera ekarri zuen Noaingo 1512ko guduaren ondoren, gazteluak garrantzi estrategiko handia izan zuen, Nafarroa Behereatik gertu zegoenez, han hartu baitzuten babes Henrike II.a Albretekoaren aldeko nafarrek. Hori dela eta, Gaztelako monarkek aurrekontu handi bat bideratu zuten Erdi Aroko gaztelua artilleriadun defentsarako bastioi bihurtzeko.

1521eko irailean, Henrike II.aren aldekoek gaztelua konkistatu zuten. Bertan, 200 nafarrek osaturiko soldadu taldea geratu zen, Jaime Vélaz de Medranoren agindupean. Han egon ziren 1522ko uztailera arte. Orduan, nafar beaumontarrek osaturiko Gaztelako armadak, 10.000 gizonen osaturikoak, gaztelua setiatu zuen. Hainbat erasoren ondoren, 22. egunean, errenditu egin zen gazteluko soldatu taldea.

XVII. mendean, beste bastioi bat eraiki zen toki berean eta, XIX. mendean, ermita bat ere eraiki zen.

1922ko ekainaren 22an monolito bat inauguratu zen gazteluaren erdiguneko dorrearen gainean, hura defendatu zuten nafarren oroimenez. 1931n lehertu egin zen monolitoa, eta, 1982an, berreraiki eta berriz inauguratu zen.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa