(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak lehen bi ibilgailu elektrikoak gehitu ditu parke mugikorrera osteguna, 2011.eko maiatzak 19


Banaketak egiteko furgoneta bat eta auto bat dira, eta Azkoiengo Hidronew XXII enpresan eraldatu dituzte


Agintariak ibilgailu elektrikoaren ondoan

Rábade, Roig, Urien eta González ibilgailu elektrikoaren ondoan ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak bere parke mugikorreko lehen bi ibilgailu elektrikoetako bat aurkeztu du gaur; banaketa lanak egiteko furgoneta da, Azkoiengo Hidronew XXII enpresak egokitu duena.  Hemendik gutxira, Jofemar taldekoa den enpresa berak eraldatu duen auto bat gehituko dute parke mugikorrera.

José María Roig Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak Nafarroako Jauregiaren barruko patioan egin duten ekitaldian aurkeztu du furgoneta. Han izan dira, halaber, Juan Ramón Rábade Barneko zuzendari nagusia eta parke mugikorraren arduraduna, Begoña Urien Enpresen alorreko zuzendari nagusia eta Alfredo González Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria. Foru Gobernuak bi ibilgailuak eta etorkizunean gehituko diren beste batzuk kargatzeko hornidura elektrikorako poste bat jartzeko asmoa du patio horretan.

Bi ibilgailuak ohikoak izatetik elektrikoak izatera eraldatzeko 45.000 euroko inbertsioa egin da. Furgoneta Renault Traffic da eta autoa Ford Focus; azken horri errotulua jartzea baino ez zaio falta erabili ahal izateko.


Agintariak ibilgailu elektrikoaren ondoan

Urien, Rábade eta Roig ibilgailu elektrikoaren ondoan ( irudia handitu )

Roig kontseilariak jarduera horren garrantzia azpimarratu du, izan ere, herritarrentzako eredugarria da eta hirian ibiltzeko modelo elektrikoen hedapenean aurrera egitea esan nahi du. Kontseilariaren ustez, buruturiko jarduera funtsezkoa da ibilgailu elektrikoa ezartzeko, kutsadura murrizten duelako eta kargatzeko aukera erosoagoak eskaintzen dituelako. Rábadek, bestalde, Nafarroako Gobernuaren parke mugikorrean eraldaketa berrien aldeko apustua egin du, eta azpimarratu du eraldaketa egiteko inbertsioa epe laburrera amortizatzen dela eta ibilgailuak mantentzeko kostuak murriztu egiten direla, erregai fosil bidez dabiltzanak baino mekanismo sinpleagoak dituztelako oinarri.

Furgoneta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak erabiliko du ibilbide laburretan agiriak eta gutunak banatzeko. Autoa, aldiz, Berrikuntza, Enpresa eta Lan Departamentuak erabiliko du
enpresetara bisitak egiteko eta, han, jarduera ekonomikoa sustatzeko inbertsio eta laguntza publikoen arloko jarduerak egiaztatuko dira. Traffic furgonetak 80-90 kilometro inguruko autonomia du eta Focusak 120 kilometrokoa.

Bi kasuetan, ibilgailuak eraldatzeko 30 kW-eko potentzia nominala duen motor elektriko bat, 24 kW-eko ahalmen nominala duen ion-litiozko bateria sistema bat, 3,6 kW-ko potentzia nominaleko bateriak kargatzeko sistema eta bateriak kontrolatu eta monitorizatzeko BMS sistema bat jarri behar izan dira. Bateriak, gutxienez ere, 2.000 karga-deskarga ziklo inguru iraungo du, hau da, bost urte baino gehiago. Bi ibilgailuei IAT egokia egin diete.

Furgonetak bederatzi pertsonarentzako lekua du. Gasoil bidez zebilen konpresio motorra zeukan lehen eta, horren ordez, motor elektrikoa jarri diote. Ibilgailuak, orain, korronte alternoko motor elektriko trifasikoa du, 30 kW-ko potentzia nominalekoa, elektronikoki kontrolatzen da eta energia berreskuratzen da balaztatzean eta maldan behera joatean.

30 minutu eta 6 ordu artean kargatzen da, bateriak lehenago izan duen kargaren arabera. Postetxe lanak egiteko furgonetaren eguneroko ibilbidea 40 kilometro dira. Lehenago behar zuen erregaiaren kontsumoa 11,8 euro zen 100 kilometroko; gastu hori 2,44 eurora murriztea espero da ibilgailu elektriko bihurtu ondoren.

Bestalde, eraldatu den autoak barne errekuntzako motorra zeukan eta 100 kilometroko 12,3 euro kontsumitzen zuen; orain, hornidura elektrikoari esker, honek ere 100 kilometroko 2,44 euro
kontsumituko dituela kalkulatu da. 

Nafarroan Ibilgailu Elektrikoa ezartzeko planaren barruko jarduera

Nafarroako Gobernuak Nafarroan Ibilgailu Elektriko ezartzeko Plana egin du eta honako hiru ildo estrategiko hauek ditu oinarri: eskaria , industrializazioa eta I+G+B sustatzea , kargatzeko azpiegiturak eta energia-eskariaren kudeaketa. Nafarroako Ibilgailu Elektrikoa ezartzeko Plana bat dator Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak onetsi zuen Espainian Ibilgailu Elektrikoa ezartzeko Estrategia Integralarekin.

Hain zuzen ere, plan horretan aurreikusitako jardueretako bat Nafarroako Gobernuaren parke mugikorrean dauden ibilgailuak ibilgailu elektriko bihurtzea da.

Egokitze hori bat dator Berrikuntza, Enpresa eta Lan Departamentuak, Acciona Energía enpresak eta Iruñeko Udalak sinatu zuten hitzarmenean mugikortasun elektrikoa sustatze aldera ezarri ziren konpromisoekin. Hitzarmen hori Nafarroako hiriburuan ibilgailuak kargatu ahal izateko poste elektrikoak jartzearen ingurukoa izan zen.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa