Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Gobernuak eta Gamesak Altsasuko fabrika berrindustrializatzeko beharra adostu dute
asteartea, 2010.eko maiatzak 25
Baterako lantaldea sortu da enpresa-proiektu berria bilatzeko
Altsasuren ikuspegia
Nafarroako Gobernuak eta Gamesak elkarrekin lan egitea adostu dute Altsasuko fabrika berrindustrializatzeko. Hala adostu dute Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko Lehendakariak eta Jorge Calvet Gamesako lehendakariak, Iruñean egindako bileran.
Biek Altsasun enpleguaren sorrera bultzatzeko beharra dagoela adierazi dute, industria-proiektu pribatu, lehiakor eta etorkizunekoen bidez.
Miguel Sanzek eta Jorge Calvetek adierazi dute jardun honen bidez Gamesaren instalazio zaharretan enplegu albait gehien sortu behar direla. Sanz Lehendakariak topaketan Foru Gobernuaren eta Gamesaren arteko lankidetza-ekintza berezia proposatu zuen Altsasuko fabrikan berrindustrializazio konponbideak bilatzeko, modu horretan, krisiak Nafarroan eta herri horretan dituen ondoreak arintzeko. Hain zuzen ere, Jorge Calvetek planteamendu hori onartu zuen.
Horretarako, lantaldea eratuko da Foru Administrazioaren eta multinazionalaren artean. Lantalde hori Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko ordezkariek eta Gamesako ordezkariek osatuko dute. Lantalde horrek balizko enpresa-alternatibak aztertu eta Altsasuko fabrikarako berrindustrializazio proiektu bideragarria zehaztu beharko du.
Altsasuko fabrikaren itxiera ekarri zuen EEEren negoziazio-prozesuan Gamesak Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Parlamentuari, Altsasuko Udalari eta ukitutako langileen kolektiboari enplegu iraunkorrak sortzeko konpromiso argia agertu zien, baita Altsasuko fabrikaren ekoizpen bideraezintasunari modu solidario eta arduratsuan erantzuteko asmoa ere. Altsasuko fabrikan 150 langilek egiten zuten lan.
Konpromiso horri erantzunez, Gamesak ia-ia langileen erdiak konpainiak Nafarroan dituen beste zentro batzuetan kokatu ditu (76 langile).
Gamesa Nafarroan industria-enplegua sortzen duen talde nagusietakoa da. Foru Komunitatean 1.600 langile baino gehiago ditu, enpresak mundu osoan dituen langileen %26. Konpainiak azken urtean Nafarroan 190 enplegu mugagabe sortu zituen.
Gamesak Nafarroan 5 ekoizpen-zentro, bulegoak eta teknologia eta I+G+B zentroa ditu. Zentro horretan, munduan merkaturatzen dituen produktu gehienak garatzen dira.