Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Osasun Zerbitzuak osasun arloko langileei gripearen kontrako txertoa emateko kanpainaren gainean egin duen lan bat saritu dute
asteazkena, 2009.eko abenduak 9
Saritutako lanean azaldu dute osasun langileei banan-banan egindako txertatze kanpaina nola sustatu duten
Osasun arloan laneko arriskuak prebenitzearen gainean Madrilen orain gutxi egin duten nazioarteko biltzarrean Nafarroako Osasun Zerbitzuaren lan bati eman diote ekimen onenaren saria. Saritutako lana da, hain zuzen, osasun arloko langileei gripearen kontrako txertoa emateko kanpaina nola diseinatu eta ezarri duten azaltzen duen komunikazio bat.
Komunikazio horretan azaldu dute, hain zuzen, Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuak langileak gripearen kontra txertatzea sustatzeko egindako kanpaina. Izan ere, lan horren arabera, sektorean "txerto oso gutxi ematen dituzte, eta hori ez da onargarria". Kanpainaren beste helburu bat zen txertoa hartutako langileak hobeto kontrolatzea; horretarako, txertatutako langile guztien erregistro informatikoa egin zuten.
Dibulgazio kanpaina honela egin zuten: aipatu Zerbitzuak umore kutsuko txartel bat bidali zien Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile guztiei; txartelean zenbait mezu zeuden, txertoa hartzea garrantzitsua dela gogorarazteko eta txertoari buruzko gezurrezko kontzeptuak deuseztatzeko. Gainera, kanpaina hasi baino aste bete lehenago, langileei mezu elektroniko bat bidali zieten, txertatzeko egunei eta lekuei buruzko informazioa emateko; langileen arduradunek ere jaso zuten mezu bat, langileak txertoa hartzera anima zitzaten.
Lanaren ondorioa hau da: langileei informazioa banan-banan emanez emaitza hobeak lortzen dira hedapen kolektiboko kanpainak eginda baino. Barizelaren kontrako txertoarekin 2005-2006 aldian egindako kanpainan ere ikusi zuten hori.
Gehiago irakurri:
Ikusten ari den informazioa Nafarroako Gobernuak emandako prentsa-ohar osoaren bertsio bat da, online komunikabiderako egokitua.
- Dokumentazioa:
- Comunicación campaña antigripe