(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Bi errepide itxita eta lur-jauziak iparraldeko bide batzuetan, egunotako erauntsien ondorio bakarrak asteartea, 2008.eko martxoak 25

NA-2410 toki errepidea (Sakana) moztuta dago goizeko bederatziaz geroztik, gutxi gorabehera, 12,500 kilometroan, galtzadan ur putzuak daudelako, eta eguerdiko 12az geroztik, berriz, debekaturik dago ibilgailuak iragatea Landabengo industrialdeko sarbidean (NA-30), Arga ibaiak gainezka egin baitu. Foruzainak Orkoiengo Ipertegi industrialdean barna desbideratzen ari dira trafikoa.


Horrez gain, iparraldeko zenbait errepidetan lur-jauziak gertatu dira, garrantzi gutxikoak, ez baitute bidea ixtea eragin. Zehazki, toki hauetan materialak (harriak, lokatza edo adarrak) erori direla jakin dugu: N-4410 errepidean (Etxalar-Frantzia); N-135 errepideko 50. kilometroan (Iruña-Frantzia Luzaiden barna), Ibañetako jaitsieran; NA-170 errepideko 3. eta 6. kilometroetan (Doneztebe-Leitza); eta NA-4150 errepideko 22. kilometroan (Leitza-Goizueta-Hernani). Nafarroako Gobernuko Bide eta Eraikuntza Zerbitzuaren eginkizuna da bide horiek garbitzea.


Egunotan izandako erauntsien ondorioz azken orduetan gertatutako gorabehera bakarrak dira aipatutako horiek. Ibaiak gainezka egiteko puntuan daude, baina Nafarroako Larrialdietako Agentziaren aurreikuspenen arabera, egoerak ez du okerrera eginen gaur, ezta hurrengo egunetan ere, meteorologia zerbitzuetako informazioek iragarri dutena kontuan hartuta.


Gaur, goizeko zortzietan, Agentziak abisua bidali die Lizarra, Uharte, Tutera eta Atarrabiako udalei, ibai bazterrak eta, batez ere, honelakoetan urak hartu ohi dituen tokiak zaintzeko, askotan aparkaleku gisa erabiltzen baitira.


Nafarroako Larrialdietako Agentzia harremanetan dago Ebroko Ur Konfederazioarekin eta langileak jarri ditu ibaiak zaintzeko lanetan (Foruzaingoa eta Suhiltzaileak) bereziki Arga, Arakil, Ega eta Ultzama, bai eta Bidasoa ere. Prebentzio lanak dira, ibaien ur-emaria hazten ote den jakiteko.


Nafarroako Larrialdietako Agentziak 6.799 gorabehera kudeatu zituen iragan astean


 Iragan astean, martxoaren 17tik 23ra, hau da, astelehenetik igandera bitarte, Nafarroako Larrialdietako Agentziak 6.799 gorabehera kudeatu zituen, eta aurreko epe berean, berriz, 4.625 izan ziren; arrazoia, neurri batean, osasun arloko larrialdien kopuruaren igoera izan da, 5.714 izan baitziren -3.600 aurreko astean-, horietatik 4.611 larrialdi medikoak, 948 larrialdi farmazeutikoak eta 155 anbulantziak mugitzekoak.


Astean zehar, Nafarroako Larrialdietako Agentziak 54 istripu koordinatu zituen, horietako 47 bideetakoak izan ziren eta 6 lanekoak; beste 11 kasu gertatu ziren ingurumenarekin lotutakoak, 10 bazter utzitako animalienak eta bat isurketa batengatik. Halaber, mota askotako 502 gorabehera kudeatu zituen, horien artean nabarmenenak zaharren telealarmak pizteak eragindako 124 larrialdi; 43 esku-hartze zirkulaziorako oztopoak kendu edo galtzada garbitzekoak; eta tratu txarrek eragindako 13 larrialdi.


Suhiltzaileek 151 gertaeratan esku hartu zuten; horietako 54 basoko suteak izan ziren eta 46 populazio guneetakoak edo autoetakoak. Foruzaingoak 234 gorabeheratan esku hartu zuen, eta beste 133 gainerako polizien esku utzi ziren.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa