(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Europako Gizarte Funtsak 19,2 milioi euroko inbertsioa eginen du Nafarroan, emakumezkoen enplegu tasa handitze aldera asteartea, 2008.eko martxoak 25

Gaur, asteartea, Europako Gizarte Funtsaren 2007-2013 aldiko Nafarroako Programa Operatiboaren jarraipena egiteko batzordea osatu dute, Iruñean. Programak 19.214.969 euroko gastua eginen du Foru Komunitatean, enpleguaren eta gizarte ongizatearen arloetan lan egiteko.


Bileran parte hartu dutenek

Bileraren une bat. ( irudia handitu )

Aldi berrirako, Europako Gizarte Funtsak (FSE) Nafarroari begira ezarri duen lehentasunezko helburua emakumezkoen enplegu tasa handitzea da. Foru Komunitatean arlo horretako adierazleak Lisboako Estrategian ezarritako helburuak baino hobeak badira ere (%70eko enplegu tasa orokorra eta %60ko emakumezkoen enplegu tasa), oraindik ere gizonen eta emakumeen arteko aldea nabarmena da lan merkatuan.


Europako Gizarte Funtsarekin Nafarroarako ezarritako programazioaren bilakaera ebaluatuko du batzordeak, eta bertan, honako erakunde hauek izanen dute ordezkaritza: Europako Batzordeak, erakunde aholku-emaile gisa; Nafarroako Berdintasunerako Institutuak; Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak; Nafarroako Gobernuko Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusiak; Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (2007-2013 aldiko Programa Operatiboaren kudeatzaile bakarra); eta Europako Ekintzaren Zerbitzuak. Lehendakaritza bi erakundek partekatuko dute. Honako hauek, hain justu: Europako Gizarte Funtsaren Administrazio Unitateak (Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioa) eta Nazioarteko Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak (Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentua).


Batzordeak, aurrerantzean gobernatuko duen barne araudia zehazteaz gain, programa operatibo berriaren babesa izanen duten proiektuak hautatzeko irizpideak ere zehaztuko ditu. Kasu horretan, ingurumenaren iraunkortasuna, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren sustapena, eta diskriminaziorik ezaren printzipioa kontuan hartzen dituzten esku-hartzeak lehenetsiko dituzte. Garapenerako lankidetza printzipioari dagokionez, tokiko proiektuak lehenetsiko dituzte. Amaitzeko, Europako Erkidegoko EQUAL ekimenetik eratorritako alderdi berritzaileren bat barneratzen duten ekintzak ere aintzat hartuko dituzte, eta baita 2000-2006 aldiko programetako jardunbide egokiak barneratzen dituztenak ere.


Emakumezkoen enplegua, lehentasunezko helburua


2007-2013 aldian, Programa Operatiboko lehentasunezko bi ardatzetako esku-hartzeak finantzatuko dituzte Nafarroan. Honako ardatz hauetaz ari gara: enpresa espirituaren sustapena eta langileen, enpresen eta enpresaburuen egokigarritasunaren hobekuntza, alde batetik; eta enplegagarritasunaren, gizarteratzearen eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren sustapena, bestetik.


Zehazki, Europako Gizarte Funtsak Nafarroari emanen dizkion 19,2 milioi euroen %64 lehenengo ardatzerako izanen dira, eta %35, berriz, bigarren ardatzerako. Gainerako %1a laguntza teknikorako erabiliko dute. Funtsen bidez esku-hartzeetako gastuaren %50 finantzatuko dute, eta aurreikuspenen arabera, finantzatu daitekeen guztizko kostua 38.429.938 eurokoa izan daiteke.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa