(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hezkuntza Departamentuko kontseilaria Tuterako Campuseko lanak ikusten izan da asteazkena, 2008.eko martxoak 12

Aurreikuspenen arabera, urtea amaitu baino lehen jarriko dute abian


Carlos Pérez-Nievas Hezkuntza Departamentuko kontseilaria Tuterako Campuseko lanak ikusten izan da, gaur goizean. Eraikuntza lanak iazko ekainaren 4an hasi zituzten. Hasteko, orubearen urbanizazioa egin zuten, eta ondoren, zimenduak. Gaur egun, berriz, Ikastegia, Fisioterapia eta Ingeniaritzako eraikinak eta Liburutegia eraikitzen ari dira.


Ikastegiari dagokionez, forjatze lanak amaitu dituzte, eta itxierak egiten hasi dira. Eraikineko behe solairuan ekitaldi aretoa eta kafetegia egonen dira, eta baita bi ikasgela handi eta informazio bulegoa (gaur egun Eza kalean dagoena) ere. Lehenengo eta bigarren solairuetan, berriz, ikasgelak egonen dira. Eraikina lotuta egonen da, zuzenean, liburutegiarekin.


Fisioterapiako eraikineko lanak aurreratuagoak daude, eta trenkadak egiten ari dira. Bulegoak eta idazkaritza behe solairuan egonen dira, eta laborategiak, berriz, beste bi solairuetan.


Ingeniaritzako eraikinari dagokionez, metalezko egitura eta tailerretako teilatua muntatu dituzte. Eraikinak bi solairu eta sotoa izanen ditu. Lehenengo solairuan laborategi bat eta ordenagailuen aretoak egonen dira. Bigarrenean, berriz, bulegoak eginen dituzte, eta sotoan, laborategiak. Eraikinari erantsita, tailerrak egonen dira.


Liburutegiko behe solairuan administrazioa eta ikasleak artatzeko eremua egonen dira, eta lehenengo eta bigarren solairuetan, berriz, liburutegi zerbitzua eta errektoretza.


Abian jarriko duten lehen eraikina Ikastegia izanen da (aurreikuspenen arabera, urrian), eskola teorikoak bertan emateko. Gaur egun, behin-behinean, Fisioterapiako eskolak Sofia Erregina Ospitalean ematen dituzte, eta Ingeniaritzakoak, berriz, "ETI" Ikastetxe Integratu Politeknikoan.


Aurreikuspenen arabera, Fisioterapiako praktikak egiteko eraikina 2008a amaitu baino lehen irekiko dute, eta handik gutxira, Liburutegia, eta Ingeniaritzako eraikina eta tailerrak.


Ikastegia, Tuterako Campuseko multzo arkitektonikoko eraikinetako bat, bloke lineal eta trinkoa da, Tarazonako errepidearekiko paraleloa. Haren inguruan hainbat altuera eta luzerako eraikinak daude, eta haietan egonen dira Administrazioa, Liburutegia, ekitaldi aretoa, kafetegia eta ikasgela bereziak. Beste bi eraikin independentetan, baina bloke nagusiari lotuta, Industria Ingeniaritza Teknikoko eta Fisioterapiako eskolak emanen dituzte.


Azalera eraikia, orotara, 11.142 metro koadrokoa izanen da. Lanak osatzeko, bideak, aparkalekuak eta instalazio orokorrak eraikiko dituzte eta multzoa urbanizatuko dute.


Lanak FCC eta Sanco enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarteari esleitu zizkioten, 2006ko amaieran, 12,2 milioi euroren truke. Inbertsioa 2006-2008 aldian egin beharrekoa da.


Uztailaren 2ko 25/2002 Foru Legeko Zioen Azalpenean dioenari jarraiki, Tuteran unibertsitate ikasketak ezartzearen arrazoiak honako hauek dira: gizartearen eskaria, Nafarroako Erriberaren garapen ekonomiko eta soziala, Foru Komunitatearen demografiari begira Erriberak duen garrantzia, eta Nafarroako goi mailako ikasketen eskariaren eta aurreikuspenen gainean egindako etorkizunera begirako azterlanetako emaitzak.


Aipaturiko Foru Legearen arabera, Tuterako Campuseko Plan Zuzentzaileak, 2004ko abenduan aurkeztu zutenak, bertan Unibertsitate Eskolako ikasketak ezar zitezen xedatu zuen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko titulazioen eskaintza osatzeko eta Erriberako garapen soziala eta ekonomikoa bultzatzeko.


Nafarroako Unibertsitate Publikoa 2006ko irailaren 25ean hasi zen Tuteran eskolak ematen (Fisioterapiako Diplomatura eta Industria eta Mekanikako Ingeniaritza Teknikoa).


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa