(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hamahiru konpainiak parte hartuko dute "Eszena" Dantza Jaialdian, hemeretzi herritan osteguna, 2008.eko otsailak 28

Hamahiru konpainiak parte hartuko dute "Eszena" Dantza Jaialdian, hemeretzi herritan. Aurtengoa hamabigarren Jaialdia izanen da, eta martxoaren 2tik (datorren igandetik) apirilaren 27ra bitarte eginen dute. Aldi horretan, Foru Komunitateko hemeretzi herritan eskainiko dituzte ikuskizunak.


Tempomobile

"Inventana". ( irudia handitu )

Aurtengo Jaialdiko programak berritasun batzuk ditu. Esate baterako, Jaialdiak beste bost egoitza izanen ditu (Aranguren, Artika, Caparroso, Lodosa eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroa), lehengoez gain (Ablitas, Altsasu, Antsoain, Agoitz, Barañáin, Bera, Burlata, Castejón, Lizarra, Los Arcos, Noain, Zangoza, Valtierra eta Zizur Nagusia).


Beste berritasun bat aurtengo "Eszena" Jaialdiko programan Tempomobile konpainiaren "Inventana" ikuskizuna sartzea izanen da. Konpainiaren zuzendaria Becky Siegel da, eta "Inventana" ikuskizuna Barañaingo Auditorioak, Antsoaingo Antzokiak eta Zizur Nagusiko Kultur Etxeak ekoitzi dute. Programan, Aldanza eta Carmen Larrazen proposamenak ere sartu dituzte; hots, iaz Muntaia Eszenikoetarako Laguntza Publikoak jaso zituzten nafar konpainien proposamenak. Carmen Larrazek "Crisálida" aurkeztuko du, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan, eta bertan, Pere Fauraren "Striptease" ere ikusi ahal izanen da. Programa osatuko duten ikuskizunak honako konpainia hauenak izanen dira: Ballet Biarritz Junior, Ibérica de Danza, Aukeran Dantza, Rajatabla, Carmen Cantero, L’Explose (Kolonbiako Nazioarteko Konpainia), Mar Gómez, Teresa Nieto en Compañía eta Marina Donderis konpainienak. Aurtengo Jaialdiko ikuskizunen eskaintzaren baitan honako estilo hauek daude: dantza garaikidea, flamenko garaikidea, dantza klasikoa eta neoklasikoa, antzerki dantza, bolero eskola, eta folklore klasikoa eta garaikidea. Orotara hamahiru konpainiak parte hartuko dute Jaialdian, eta horien artean Nafarroako Aldanza, Tempomobile eta Carmen Larraz daude.


Jaialdia asteburu honetan hasiko da, martxoaren 2an, igandean. Ablitasko Kultur Etxean Tempomobile konpainiaren "Inventana" izanen da ikusgai, eta Arangurenen, berriz, Aldanza konpainiaren "A.D. 2008".


Aurtengo "Eszena" Jaialdian nabarmendu daitekeen beste alderdietako bat kultura koordinatzaileen eta Kulturaren Zuzendaritza Nagusiaren arteko lankidetzaren birformulazioa da. Hartara, koordinatzaileen parte-hartzea sakondu egin dute aurten, proposamenak hautatzeko batzorde baten bidez.


"Eszena" Dantza Jaialdiaren funtsezko helburua da dantzak Foru Komunitateko gune eszenikoetako kultur jardueren programazioan lekurik izatea. Programa hainbat estilotako konpainiek osatzen dute, proposamenak askotarikoak izatearren, eta hartara, ikusleak dantzaren arloan sendotzeko erakargarria izatearren.


"Eszena" Dantza Jaialdia Nafarroako Gobernuak antolatzen du, Kultura eta Turismo Departamentuaren bidez, eta aurtengo aurrekontua 230.000 eurokoa da. Jaialdian parte hartzen duten Udalek kasuan kasuko udalerrian eskaintzen diren ikuskizunak ekoizteko gastuak eta tokiko publizitatearenak finantzatzen dituzte. Nafarroako Gobernuak, berriz, ikuskizunak kontratatzeko eta Jaialdiko koordinazio orokorrerako eta hedapenerako gastuak ordaintzen ditu. Sarreren salmentari, ordutegiei eta beste gai batzuei buruzko informazioa www.cfnavarra.es/danza webgunean kontsultatu daiteke

Dokumentazioa:
Festival de Danza Escena

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa