Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Toki Administrazioko kontseilari Amelia Salanueva Murguialdayk bilera bat egin du gaur goizean, Ibardingo merkataritza gunean (Bera), auzo horretako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuetako Elkartearen ordezkariekin. Merkatariek eskatua zuten bilera, beraien beharrak jakinarazi nahi zizkiotelako, bai eta merkataritza gune horretarako prestatu duten plan estrategikoaren berri eman ere.
Eremua merkataritza aldetik garatzeko eta turismoa sustatzeko zenbait neurri jasotzen ditu planak; eremuan 5 enpresa daude, eta zuzeneko lanpostuak 400 dira.
Gehienbat bisitari frantsesak hartzen dituen eremu hori sustatzea da planaren xedea, merkatu nazionalean ere ezagutzera emateko. Kalkuluen arabera, bertan kokaturik dauden establezimenduak, oro har, familia-enpresak dira, azken hamar urteotan salmenta bolumenean aldaketarik izan ez dutenak.
Halaber, merkatariek planteatu dizkiote kontseilariari uraren hornidurarekin dagoen arazoa, esanez beharrezkoa dela sareen saneamendurako lanei ekitea (egiten ari dira dagoeneko) eta, batez ere, ura ekartzeko eta arazteko sistema egokia paratzea. Merkatarien Elkarteko burua Ignacio Irazoquik adierazi duenez, zundaketak egiten ari dira ura hartzeko iturburu on bat aurkitzeko.
Salanueva kontseilariak, haien eskaerak entzun ondoren, erantzuna emanen diela eta konponbide onenak zein diren aztertuko duela adierazi die.