(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanzberro kontseilariak akordioa izenpetu du, eta hartara, Caja Madrid erakundeak Obanos eta Zareko 75,6 hektarearen baso-berritzea finantzatuko du osteguna, 2008.eko otsailak 7

Begoña Sanzberro Iturriria Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilariak eta Elena Gil García eta Julián García Rodríguez Caja Madrid erakundeko ordezkariek (Kultur Zentroen eta Gizarte Ekintzako Ingurumen Programaren zuzendari nagusiak eta Araba, Nafarroa eta Errioxako zuzendariak, hurrenez hurren) akordioa izenpetu dute, eta hartara, finantza erakundeak 152.017 euro emanen ditu (BEZa barne) Obanos eta Zareko 75,6 hektarea baso-berritzeko.


Julián García, Sanzberro kontseilaria eta Elena Gil

Ezkerretik eskuinera, Julián García, Sanzberro kontseilaria eta Elena Gil. ( irudia handitu )

Nafarroako azaleraren %65 basoak dira. Azkeneko hogei urteetan, gainera, Nafarroako baso azalera %24 inguru handitu da, baso-berritzeei esker (batik bat Nafarroako Gobernuak egiten dituen baso-berritzeei esker, eta baita Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak urtero ematen dituen diru laguntzen bidez lursailen jabeek egiten dituztenei esker ere).


2008an, zehazki, 11,6 milioi euroko aurrekontua izanen du aipaturiko Departamentuak basoak mantentzeko eta hobetzeko. Aurrekontu horren bidez gauzatuko dituzte honako hauek: baso-berritzeak, baso ikerketak eta esperimentazioa, baso izurrien aurkako borroka, suteen prebentzioa, suntsitutako basoak lehengoratzea, Baso Planeko inbertsioak, eta diru laguntzak toki erakundeetarako eta eragile pribatuentzako.


Izenpetu duten akordioa Caja Madrid erakundeak 2002an abiatu zuen "Bi milioi zuhaitz" proiektuaren baitan dago kokatuta. Proiektuaren baitan, eta hamaika autonomia erkidegorekin hitzarmenak izenpetu ondoren, milioi bat zuhaitz landatu dituzte 2002az geroztik. Edonola ere, proiektuaren izenak dioen moduan, azken helburua bi milioi zuhaitz landatzea da.


Obanos

Obanos.

Izenpetutako akordioari jarraiki, Obanos eta Zareko zenbait eremu lehengoratu eta 15.635 zuhaitz landatuko dituzte


Gaur goizean sinatu duten hitzarmenari jarraiki, 14.635 zuhaitz landatuko dituzte. Obanosko proiektuari dagokionez, zehazki, Ortzea eta Arnotegiko landare estalkia lehengoratuko dute eta aisialdirako hobekuntzak eginen dituzte. Zareri dagokionez, berriz, Armillos ibaiko erriberetako landaredia naturala berreskuratuko dute, lehengoratze proiektuaren baitan.


Obanosko esku-hartzeak interes turistiko handia duen ingurunean eginen dituzte. Izan ere, ingurune hori Done Jakue bidetik eta XII. Mendeko Santa María de Eunate elizatik gertu dago (Nafarroako arkitektura erromanikoko lan interesgarrienetako batetik gertu, hain justu). Proiektuaren helburua landare autoktonoak lehengoratu eta berreskuratzea da, hiru eremutan: erreta dauden eremuetan (Ortzean), kalitate txikiko larizio pinua duen zuhaizti batean (Ortzean), eta muino higatuetako sastrakadietan (Ortzean eta Arnotegin). Horri guztiari aisialdirako hobekuntzak gehitu behar zaizkio; izan ere, bidezidor bat eginen dute, eta lehendik dagoen beste batean balizak jarriko dituzte, eta mahai panoramiko bat jarriko dute.


Obanosko landaketak egiteko aukeratu dituzten espezieak honako hauek dira, batik bat: artea, alepo pinua, hostazuria, pomeroa eta astigarra.


Zareri dagokionez, berriz, helburu hauek erdietsi nahi dituzte: erriberako landaredia lehengoratzea, emankortasun txikiko makaldietan; lursail antzuak lehengoratzea, erriberako landarediaren eta labore lurren edo mendiaren arteko trantsizio eremuetan (gaur egun erabiltzen ez diren eremuak); eta aisialdirako hobekuntzak (erriberako eremu bat jendeak atseden hartzeko egokitzea).


Zareri dagokionez aukeratu dituzten zuhaitz espezieak honako hauek dira: makala, lizarra, intxaurrondoa eta borte makala. Erriberak lehengoratzeko espezie nagusiei dagokienez, makala eta lizar zuria aukeratu dituzte, eta ibai ibilgutik urrunago dauden unaden kasuan, berriz, europar intxaurrondoa landatuko dute. Ibaitik gertu dauden muino higatuetan erkametza eta artea erabiliko dituzte baso-berritzeetarako.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc
Vídeo de la rueda de prensa
Audio de la rueda de prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa