(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gripea dagoeneko epidemia da Nafarroan, abenduaren erdialdeaz geroztik ostirala, 2007.eko abenduak 28

Osasun Departamentuaren arabera, epidemia atalasea "aurreratu" egin da, baina Eguberrietako eskola oporrak direla-eta, baliteke gripearen hedapena txikiagoa izatea


Nafarroan Gripea Zaintzeko Zentinela Medikuen Sarea Nafarroako Gobernuaren Osasun Publikoaren Institutuak sustatutako ekimena da, eta Sare horrek ohartarazi duenez, abenduaren 17tik 23ra bitarte gripearen epidemia atalasea gainditu da Foru Komunitatean. Hain zuzen ere, 160 kasu antzeman dituzte 100.000 biztanleko (eta muga 70 kasuan dago).


Zehazki, 20.000 bat nafar (19.944, zehazki) artatzen dituen mediku taldearen jarduera zenbatzen du Nafarroako Zentinela Sareak, eta Eguberri aurreko astean 38 gripe kasu zenbatu ditu. Hiru kasutan, hain zuzen, A motako gripearen birusa identifikatu du.


Oraingoz, gripearen kalteak gehien jasan dituen biztanle taldea 15 eta 24 urte artekoena da (500 kasu 100.000 biztanleko, gutxi gorabehera). Haurrak (5-14 urte) eta helduak (25-44 eta 45-64 urte) kontuan hartuz gero, tasa erdian dago, gutxi gorabehera, eta 4 urtetik beherakoak eta 65 urtetik gorakoak, berriz, tasa orokorretik behera daude. Azkenekoei dagokienez, gehienek txertoa hartu dute, Osasun Departamentuak udazkenean egin zuen berariazko kanpainaren baitan.


Nafarroako Gobernuaren Osasun Publikoaren Institutuak bildu duen laginaren arabera, abenduko bigarren erdialdetik aurrera 1.000-1.100 bat nafarrek dute gripea.


Foru Komunitateko Osasun Departamentuak adierazi duenez, gripearen epidemia atalasea urte hasieran gainditu ohi da Foru Komunitatean, eta epidemia urtarrilaren erdialdean eta otsailean iristen da gorenera. Beraz, aurten gripea "aurreratu" egin dela esan daiteke. Dena den, eskoletan eta enpresa batzuetan Eguberrietako oporrak dituzte, eta baliteke horrek gripearen hedapena moteltzea, Osasun Publikoaren Institutuko adituek adierazi dutenez.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa