(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak helikoptero medikalizatu berri bat du, osasun arloko eta urruneko eremuetako larrialdiei aurre egiteko asteartea, 2007.eko azaroak 6

Javier Caballero Martínez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak eta María Kutz Peironcely Osasun kontseilariak gaur goizean aurkeztu dute helikoptero medikalizatu berria Nafarroako Ospitaleko heliportuan, Iruñean. Osasun arloko larrialdiei eta irispide zaileko eremuetan edo ospitaleetatik urrun jazotako larrialdiei aurre egitea izango du helburu helikopteroak.


Caballero eta Kutz, Nafarroako Ospitaleko heliportuan aurkeztutako helikoptero medikalizatu berriaren ondoan. ( irudia handitu )

Urtean zehar zerbitzu jarraitua (zaintza, suteak itzaltzea, langileen garraioa, osasun arloko garraioa…) eskaintzen duten turbina biko bi aparailuetako batean prestatu da unitate medikalizatu berria. Lanak Coyotair enpresarekin elkarlanean egin dira; hots, Nafarroako Gobernuarentzat helikoptero zerbitzua esleituta duen enpresarekin elkarlanean. Gogoan izan beharrekoa da udako suteen prebentzio eta itzaltze kanpainan turbina bakarreko beste helikoptero bat erabiltzen duela (hirugarrena) Nafarroako Gobernuak. Helikoptero hori bereziki prestatuta dago suteen aurkako langileak sutearen erdigunera garraiatzeko (helikopteroz garraiatutako brigada).


Helikoptero medikalizatua (turbina biko AS355N modeloa) Nafarroako Gobernuko Eri Garraiorako Larrialdiko Sarean erabiltzeko egokitu eta espezializatu dute. Horretarako, helikoptero zerbitzua esleituta duen enpresa, Nafarroako Larrialdien Agentzia (NLA) eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua (Ospitaletik kanpoko Larrialdietarako Zerbitzua) jardun dira lanean. Beraz, unitate berri hori medikalizatzea lortu da, eta gaixoari edo zaurituari Foru Komunitateko edozein SAMU-ZIU anbulantziak eskain dezakeen zerbitzu bera emateko moduan dago.


Francisco Lucas Coyotair-eko zuzendari nagusiak erakutsi die aparailua Nafarroako Gobernuko kontseilariei; halaber, helikopteroaren ezaugarrien eta ahalbideen berri eman die. Helikopteroak betekizun berriei aurre egin ahal izateko egindako lanen kostua enpresa horrek hartu du bere gain. Zerbitzu berria gaurtik aurrera eskain dadin nahi du Nafarroako Gobernuak.

Egindako berrikuntzak eta aurreikusitako jarduna


Helikopteroa medikalizatu ahal izateko, kabinaren barrualdea berritu behar izan dute. Hortaz, medikalizatu ahal izateko beharrezkoak diren egiturak ezarri dituzte bertan. Horretarako, eserleku batzuk kendu behar izan dituzte eta zoru berezia ezarri dute andaren bankada bertan ipintzeko. Halaber, taula bat ezarri dute oxigenoaren eta elektromedikuntzako materialaren euskarri gisa. Lan horiek guztiak Abiazioko agintariek ziurtatuta egin dituzte.


Berrikuntza horiek guztiak egiteko, Austriara eraman behar izan zuten gaur aurkeztu den helikopteroa, eta ondoren, Espainian bertan, hainbat doikuntza egin behar izan dizkiote (enpresa kontzesio hartzailearen kontura).


Helikopteroa SAMU-UCI anbulantzien ekipamendu berarekin medikalizatu dute. ( irudia handitu )

Gaixoak edo zaurituak suspertzeko eta bizi konstanteei eusteko beharrezkoa den material suntsigarria eta elektromedikuntzakoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eman du. Era berean, helikoptero basean (Miluze, Iruñea) gelaxka isolatu bat eraiki dute, aipaturiko materialak bertan gordetzeko eta mantentzeko.


Egin dituzten berritze lanak eta hornitutako osasun arloko materialak kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuko helikoptero medikalizatuak honako bitarteko hauek ditu: anda eta dagokion bankada, medikalizazio taula eta bertan, oxigenoa, 12 adar dituen desfibriladorea (pultsioximetro eta kapnometroduna), bi perfusio xiringa, arnasgailu bolumetrikoa, eta jariakin xurgagailua, gaixoak eta zaurituak geldirik mantentzeko materiala (lepokoak, huts ferulak, huts lastaira eta bizkarreko taula), eta beharrezkoa den material suntsigarria (zundak, hodiak, giltzak, sendagaiak, konpresak, gazura, etab.). Helikoptero medikalizatua, beraz, Nafarroako Gobernuko edozein anbulantzia medikalizaturen parekoa da, eskain dezakeen zerbitzuari dagokionez.


Helikoptero berria eri garraiorako larrialdiko sarean erabiltzeko protokoloari dagokionez, larrialdi kasuetan, gaixoa irispide zaileko eremuetan dagoenean edo ospitaletik urrun dagoenean oinarrizko garraioan jardungo da unitate medikalizatua (gaixoa/zauritua dagoen lekutik ospitalera). Era berean, bigarren mailako garraioan edo ospitale arteko garraioan ere jardungo da.


Helikopteroak SAMU-ZIU anbulantzietako osasun langileak izango ditu, eta beraz, Iruñean izango du abiapuntua. Larrialdiaren berri jaso eta 10 minuturen buruan abiatuko da, hain zuzen ere. Anbulantziekin alderatuz gero, bizkortasuna du abantaila nagusi helikopteroak, bai gaixoa bai zauritua dagoen lekura iristeari dagokionez, nola ospitalera garraiatzeari dagokionez.


Larrialdiko garraiorako bitarteko berria, era berean, baliagarria izango da Foru Komunitatean jadanik abian diren osasun arloko programak indartzeko, iktusari edo SCACEST delakoari (sindrome koronarioa, STaren igoeraduna) buruzko programak, adibidez.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa