Aholku Batzordea

Funtzioak

Nafarroako I+G+b-ko Aholkularitza Kontseilua Zientzia eta Teknologiaren Foru Legean jasotako figura bat da. Bere funtzioen artean:

  • gomendioak egiten dizkie Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileei, errendimendu hobea lortzeko
  • jarduteko eta Nafarroan I+G+b dinamizatzeko proposamenak lantzen ditu
  •  emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko neurriak betetzeaz arduratzen da

Kideen profilak

Nafarroako I+G+b-ko Aholkularitza Kontseilua honako profil hauek osatu behar dute, besteak beste:

  • unibertsitateetako ordezkariak, eta I+G+b arloan diharduten Nafarroako Gobernuko departamentuetakoak
  • SINAIk proposaturiko S4 sektoreetan garrantzitsuak diren pertsonak
  •  I+G+b-aren hainbat eremutan ospea duten pertsonak.

I+G+b-ko Aholkularitza Kontseilua

Juan Cruz Cigudosa

Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria

Nafarroako Unibertsitatean Biologia Zientzietan lizentziatua (1987) eta doktorea (1991)
(1987). 1987an ekin zion bere ibilbide profesionalari, Giza Genetikaren eta minbiziarekin eta gaixotasun arraroekin duen harremanaren ikerketan oinarrituta. Doktoratu aurreko eta ondorengo egonaldiak egin zituen Lunden (Suedia), Manchesterren (Britainia Handia) eta New Yorken (AEB), eta, azkenik, Kanarietako Osasun Zerbitzuan.

16 urtez Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionaleko (CNIO) Zitogenetika Molekularreko Taldeko zuzendaria izan da. 2008an, bioteknologia genomikoa lantzen duen NIMGenetics bioteknologiako konpainia sortu zuen, eta hainbat sari jaso ditu I+G+B arloan egindako lanagatik. Gaur egun, zientzia eta berrikuntza zuzendari kargua du. Espainiako Giza Genetikaren Elkarteko presidentea eta European Cytogeneticists Associationeko Zuzendaritza Batzordeko kidea izan da 2013tik 2019ra.

Arlo akademikoan, 170 artikulu baino gehiago argitaratu ditu aldizkari zientifikoetan. Hainbat ikerketa-proiekturen zuzendaritzan eta 14 doktore-tesitan parte hartu du. Hainbat sari akademiko jaso ditu: 'Giza Genetika Ikertzaile Gazte Onena' (1999), 'Espainiako Zientzialarien Elkartearen ohorezko plaka' (2000) eta 'Cinco Días Egunkariaren Talentu Akademikoaren Saria' (2013). Madrilgo Unibertsitate Autonomoko eta Complutenseko ohorezko irakasle izendatu dute.

Victoria Aranda Calleja


Biokimikan doktorea da (Nafarroako Unibertsitatea, 2002), eta doktoratu ondoko ikertzailea minbizi zelularraren biologian. Doktoregoa bukatutakoan, 6 hilabetez aritu zen ikerlari Stony Brook-eko Unibertsitatean, eta 5 urtez, New Yorkeko Cold Spring Harbour laborategian.

2010az geroztik, Naturen dihardu eta minbiziaren, terapia genikoaren, genomaren edizioaren eta medikuntza traslazionalaren arloetako ikerketen arduraduna da, editore seniorra eta Biologiako taldeburua baita New Yorken.

Jose Angel Arrarás Ilundáin

Viscofaneko I+G zuzendaria
​​Farmazian lizentziatua Nafarroako Unibertsitatean (1987), eta Kimika Organiko eta Farmazeutikoan doktorea Nafarroako Unibertsitatean (1989). 26 urte zituela hasi zen VISCOFANen lanean eta bertan egin du lan-ibilbide osoa. Gaur egun, I+G+b arloko zuzendari korporatiboa da.

2018an Nafarroako farmazialarien elkargoaren saria jaso zuen, bere ibilbidea zela-eta. Halaber, errekonozimendua eman zitzaion konpainia garatzen ari den Cardiomesh bioingeniaritza-proiektuari; egitasmoaren xedea bihotzeko ehunak birsortzea da, zelula amekin hazitako kolageno-mintz batetik abiaturik. Era berean, Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak bultzaturik, NUPeko I+G+b arloko Zuzendarien Klubeko partaidea da, hura sortu zenetik.

Paloma Grau

Paloma Grau Gumbau (Benifaió, Valentzia) Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Biomedikoko eta Zientzietako departamentuko irakasle titularra da, eta CEITeko ikertzaile laguntzailea. Ingeniaritza Kimikoa ikasi zuen Valentziako Unibertsitate Politeknikoan, eta 2001ean hasi zen Eskolan, Industria Ingeniaritza programako doktoregoa egiteko.

Espainiako eta nazioarteko ikerketa proiektuak zuzendu eta horietan parte hartu du, IWAren (International Water Association) lan batzordeetan parte hartu du, eta ikerketa egonaldiak egin ditu Belgikako eta Kanadako zenbait unibertsitatetan. Gainera, Nafarroako Unibertsitateko Women for Science and Technology ekimenaren sustatzaileetako bat izan zen. Zientzia, teknologia edo medikuntzako karreretan (STEM) aritzen diren emakumeen talde baten ekimena da, eta arlo horietan emakumeen bikaintasun profesionala sustatzea du helburu, laguntza eta gaikuntza ematen duten programa eta jardueren bidez. Paloma Grau aktiboki laguntzen ari da Emakumeak Zientzian ekimenaren jarduerak antolatzen ere.

Ingeniaritza Eskolako irakasleen arduraduna da 2016tik, eta Ikerkuntza eta Jasangarritasuneko errektoreordea 2022tik. 

Ricardo Bueno Zabalo

Industria Ingeniaria (1989) eta Industria Ingeniaritzan doktorea (Donostiako Ingeniari Eskola, Nafarroako Unibertsitatea, 2004). Bere lan-ibilbidean, zuzendaritza-karguak izan ditu zenbait zentro teknologikotan:

  • Nazioarteko Negozio Garapeneko zuzendaria TECNALIA Research & Innovation-en (2018-2019), bitarteko zuzendaria CLC WEST.EIT Manufacturing-en (2019),
  • Fabrikazio aurreratuko arloko zuzendaria, TECNALIA Research & Innovation (2017-2018),
  • Programen zuzendaria Negozio Garapeneko arloan, TECNALIA Research & Innovation (2011-2016),
  • Presidentekidea ad-hoc industrial advisory group (AIAG). Factories of the Future Public – Private partnership (PPP) taldean (2009-2018).
  • Politika Zientifikoko zuzendaria, mekanika-saileko zuzendaria, ikertzailea. Fatronik Fundazioa (1989-2011)

Idoia De Gaminde Inda

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren Planifikazio, ebaluazio eta ezagutzaren kudeaketako zerbitzuaren zuzendaria

Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziatua Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1982)
eta MSs Sociology with special reference to Medicine arloan, Londresko Unibertsitatean (1983).

Lan-ibilbidea soziologo gisa egin du, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren Planifikazio, Ikerketa eta Ezagutzaren Kudeaketako zerbitzuan. Gaur egun, Planifikazio, ebaluazio eta ezagutzaren kudeaketako zerbitzuaren zuzendaria da. Ikertzaile gisa, zientzia-artikuluak argitaratu ditu 17 aldizkaritan, bost kolaborazio egin ditu lan kolektiboetan, eta argitalpen bat koordinatu du.

Diego Garrido Vidal

Diego Garrido Vidal (Logroño, 1976) Kimikan doktorea da Errioxako Unibertsitatean bikain cum laude kalifikazioarekin, eta “Europako doktorea” aipamena eta doktoregoko aparteko saria lortu zituen.

Diego Garridok 18 urteko esperientzia du erantzukizun handiko hainbat lanpostutan sektore hauetan: nekazaritzako elikagaiak, kalitatea, eragiketak, industria zuzendaritza eta I+G zuzendaritza; halaber, enpresaburuen elkarte bateko zuzendari nagusia da. Azken bederatzi urteetan, berrikuntza planen estrategia eta betearazpena zuzendu du, eta Espainiako eta Europako bazkide teknologikoen sare bat dinamizatu du. Lanpostu horretan proiektuak kudeatu ditu SINAIren funtsezko eragileekin, hainbat arlotan: elikadura, jasangarritasuna, bioteknologia, 4.0 industria, 3D inprimaketa eta eraldaketa digitala eta ekologikoa.

Etapa horretan Food+I Nekazaritzako Elikagaien Klusterreko presidentea eta Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Klusterreko (Nagrifood) eta Aditecheko Patronatuko kidea izan da. Era berean, bioteknologiako ekintzailetza proiektu propioa garatu du.

Halaber, San Telmo nazioarteko institutuaren Elikagai Enpresen Zuzendaritza programa ikasi du, eta ikertzailea izan da Errioxako Unibertsitatean (Ingeniaritza Kimikoa), Genovako Unibertsitatean (Farmaziaren eta Elikagaien Zientzia eta Teknologia Departamentua), eta Madrilgo CSICean (Katalisi eta Petroleokimika Institutua).

2022tik, Aditecheko zuzendari nagusia da. 

Ramón Gonzalo

Telekomunikazio-ingeniaria (1995) eta doktorea (2000) NUPen, kalifikazio gorenarekin eta Europako Doktore aipamenarekin. NUPeko Seinalearen eta Komunikazioaren Teoriako Arloan katedra eskuratu zuen 2010ean. Smart Cities Institutuari (ISC) atxikitako ikertzailea. Entitate publikoekin eginiko eta organismo publikoek finantzaturiko 24 ikerkuntza-proiekturen zuzendaria eta arduraduna izan da, eta laguntzaile aritu da beste 28 ikerkuntza-proiektutan eta enpresa edo administrazioekiko I+G arloko 25 kontratutan baino gehiagotan. Beste batzuekin batera, bost patenteren egilea da (horietako bi, nazioartean hedatuak).

Ikerkuntzarako egonaldiak egin ditu Europako Espazio Agentzian (Holanda), Rutherford Appleton Laboratory-n (Ingalaterra) eta Karlsruheko Forschungszentrumen (Alemania). Era berean, ikertzaile gonbidatua izan da Europako Espazio Agentziak antolaturiko eta RALek (Rutherford Appleton Laboratory) Ingalaterran garaturiko STAR TIGER programan. Halaber, ikertzaile gonbidatu gisa parte hartu du Rutherford Appleton Laboratoryren Mikrofabrikazioa Silizioarekin programan.

Daniel Innerarity Grau

Filosofia politikoko katedraduna, “Ikerbasque” ikertzailea Euskal Herriko Unibertsitatea eta Florentziako Europar Institutuko irakaslea. Azken horretan, Adimen Artifiziala eta Demokrazia Katedraren titularra da. Irakasle gonbidatua izan da zenbait unibertsitatetan, hala hola Sorbona Unibertsitatean, London School of Economics and Political Science-n, eta Georgetowneko Unibertsitatean.

Haren azken liburuen artean honako hauek nabarmendu daitezke: La política en tiempos de indignación, La democracia en Europa, Política para perplejos, Una teoría de la democracia compleja, eta Pandemocracia. Una filosofía de la crisis del coronavirus. Zenbait sari jaso ditu bere lanengatik: Alpeetako Filosofia Elkartearen Saria frantsesezko filosofiako libururik onenarentzat, Miguel de Unamuno Saiakera Saria, Literatur Sari Nazionala saiakerako modalitatean, Saiakerako Espasa Saria eta Saiakerako Euskadi Saria. Bere obra osoarengatik ere eman diote saririk: Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria, Vianako Printzea Kulturako Saria eta Eulalio Ferrer Nazioarteko Saria. El País, El Correo / Diario Vasco, Diario de Noticias eta La Vanguardia egunkarien ohiko kolaboratzailea da, iritzi-sailean.

Juan Jesús Jaurrieta Galdiano

Iruñean jaioa, Zuzenbidean lizentziatua Nafarroako Unibertsitatean.

Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioaren zenbait arlotan egin du lan-ibilbidea, eta 2019tik Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren idazkari nagusi teknikoa da.

Jorge Jordana Buticaz

Ekonomialaria (UCM) eta ingeniaritzan doktorea (UPM). Estatuaren ingeniari modura hasi zuen karrera profesionala, Nekazaritza Ministerioan. Elikadura eta Edarien Industrien Espainiako Federazioaren (FIAB) sortzaileetako bat izan zen, 1977an. Haren idazkari nagusi aritu zen 2010era arte. Nekazaritzako Elikagaien Enpresen Kudeaketako masterraren zuzendaria da (Antonio de Nebrija Unibertsitatea-LAFER Fundazioa). 1984an, Zientziaren Legearen lanketan parte hartu zuen, baita I+G-ko Plan Nazional guztietan ere. Teknologiaren eta Elikagaien Segurtasunaren Zentro Nazionalaren (CNTA) Batzorde Zuzentzailearen sortzaile eta kidea da, baita Arrantzako Produktuen Kontserbazioko Zentro Tekniko Nazionalarena (CECOPESCA) ere.
2005ean ‘Food for Life’ plataforma teknologikoa sortu zuen, eta haren lehendakaria izan zen 2016 arte. Elikadurari buruzko Ikerketa Aurreratuen Madrilgo Institutuaren (IMDEA) eta LAFER Fundazioaren patroia da. Horrez gain, Elikagaien Zientzia eta Teknologia unibertsitate-lizentziaturaren sorreran parte hartu du, baita nekazaritzako elikagaien lanbidearteko antolakundeenean, Elikagaien Alerta Sarearenean eta Elikagaien Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziarenean (AESAN) ere. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko “Gesplan” ikerketa-taldeko kide aktiboa da.

Mikel Lasa Morán

Industria-ingeniaritza Nafarroako Unibertsitatean (1996), doktorea Magdeburgoko Otto-von-Guericke Unibertsitatean (2022) eta MBA Deustuko Unibertsitatean (2003). KIC InnoEnergyren batzorde betearazleko kidea da, baita haren Iberiako eskualderako filialaren CEOa ere, 2010etik.

Bere karreraren zatirik handienean enpresa-munduaren, ikerketa aplikatuaren eta hezkuntzaren arteko loturak sortzeko lanean aritu da, hasiera batean automobilgintzaren sektorean, eta ondoren energiarenean.

InnoEnnergyren proiektuarekin bat egin baino lehen, Apia XXI ingeniaritza-enpresaren haize-teknologiako atalaren burua izan zen, baita Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalaren (CENER) aerosorgailuen analisi eta diseinuko arloaren arduraduna ere. Aurrez, ikertzaile aritu zen Robert Bosch GmbH-ren zerbitzu korporatiboetan, eta kalitate-ingeniaria izan zen Valeo enpresan.

Óscar Llorca Blanco

Biologian lizentziatua (1992) Nafarroako Unibertsitatean, Biologia Molekularreko doktoregoa (1996) lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Doktorego-ondoko ikasketak Londresko Institute of Cancer Research delakoan egin zituen, Europar Batasunaren Mari Curie beka bati esker. Espainiara itzultzean, bere ikertaldea eratu zuen (2002) Biologiako Ikerketa Zentroan (CIB-CSIC), eta gaur egun, CNIOn, multzo makromolekular handien egitura eta funtzioa aztertzen ditu –horietako batzuk, minbiziak aurrera egin dezan funtsezkoak–, kriomikroskopia elektronikoaren teknika erabiliz.

2017ko uztailetik, Egiturazko Biologia Programa zuzentzen du Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionalean (CNIO), eta Konplexu Makromolekularrak DNAri eginiko kalteen Erantzunean taldearen burua da.

Jorge Moreno Virto

Florette Ibéricako zuzendari nagusia (2020tik)

Nekazaritzako teknikaria, EEZ San Telmo Institutuan, IESE Nafarroako Unibertsitatearen ZNP. 

Lan-ibilbidea Florette-Vega Mayor enpresan egin du 1991etik, eta honako kargu hauek izan ditu:

  • Nekazaritza-ekoizpeneko teknikaria (1991-94)
  • Lehengaien erosketako zuzendaria (1994-96)
  • Pentaflorreko zuzendari kudeatzailea (1997-2001)
  • Florette agrícolako zuzendari nagusia (2002-2020)
  • OPFH Vega Mayorreko presidentea (2018)

Amaia Muruzábal Muruzábal

Komunikazio, Zinema eta Telebistan doktorea Nafarroako Unibertsitatean (2007).
Espezialista da idazketa-talde handiak zuzentzen nazioarteko entretenimendu- eta fikzioko formatuetarako, telesail laburretarako batez ere. Sail horietako batzuen sortzailea izan da, halaber.

Espainiako La Competencia TV eta Señor Mono konpainietako garapen-zuzendaria izan da, eta, era berean, Script Doctor gisa lan egin du nazioartean sona duten zinema-zuzendari ugarirentzat. Gaur egun, edukien zuzendaria da Mexiko Hirian eta Madrilen egoitzak dituen Dopamine mexikar enpresan. Haren eduki-estrategia diseinatzen du 2018tik.

Nuria Oliver Ramírez

ELLISen (The European Laboratory for Learning and Intelligent Systems) presidenteordea eta sortzaileetakoa

Komunikazio-ingeniaritzako ikasketak Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan (1994). Massachusettseko Institutu Teknologikoan (MIT) egin zuen doktoregoa, pertzepzio-adimenaren arloan, eta Microsoft Researchen ikertaldean sartu zen, Richmonden (AEB).

Teléfonica I+Dren zuzendari zientifikoa izan zen (2007-2016). Vodafoneko lehenbiziko Datuen Zientzien Ikerketa-zuzendari izendatu zuten maila globalean (2017-2019). DataPop Allianceren kolaboratzailea da 2015etik. Irabazi-asmorik gabeko nazioarteko elkarte bat da, Harvardeko Ekimen Humanitarioak, MIT Media Labek eta Overseas Development Institutek sortua. Gaur egun ELLISen (The European Laboratory for Learning and Intelligent Systems) presidenteordea eta sortzaileetakoa da; horrez gain, Unidad ELLIS Alicante Fundazioren sortzaileetakoa eta zuzendari zientifikoa, DataPop Allianceko Chief Data Scientist eta Vodafone Institutuko Chief Scientific Advisor ere bada.

Nabarmentzekoa da haren lana giza jokabidearen eredu konputazionalen alorrean, adimen artifizialean, pertsona-makina elkarrekintzan, informatika mugikorrean eta gizartearen onerako big datan. Bere ibilbideari esker, EurAIren fellow izendatu zuten 2016an, eta IEEE eta ACMren fellow 2017an. Kide numerarioa da Ingeniaritzako Errege Akademian, SIGCHI Academyn eta Academia Europaean. Miguel Hernández Unibertsitatearen Honoris Causa doktoregoa du.

Sari eta aitortza anitz jaso ditu:

  • MIT TR35 Young Innovator Award
  • Informatikako Sari Nazionala
  • Valentziako Generalitataren Meritu Enpresarial eta Sozialaren Domina
  • Anita Borg Institutuaren Abie Technology Leadership Award saria 
  • Teknologia Berrien Jaume I.a Saria

Gainera, nabarmentzekoa da 40 patenteren egilea dela, beste batzuekin batera, eta zientzia-alorreko 180 argitalpen baino gehiago egin dituela.

Lucía París

Siemens Gamesako Finantziazio Publikoko zuzendaria
Industria-ingeniaritzako ikasketak NUPen (1999). Duela hamahiru urte baino gehiagotik hona, Siemens Gamesako Finantziazio Publikoko zuzendaria. Haren jardueraren ardatza enpresan egiten den I+G+b arloko prozesua sustatzea da, Siemens Gamesa dagoen herrialde guztietan eskualde-, nazio- edo nazioarte-mailako finantziazio publikoko programa guztiak identifikatuz.

2005etik, Europako Batzordearen laguntzailea da, I+G arloko proiektuak ebaluatzeko. Horren aurretik, zazpi urte baino gehiago eman zituen Zabala Innovation Consulting enpresan lanean, I+G aholkulari.

Sergio Pérez

Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzaren Zuzendari Nagusia
Zuzenbidean eta Enpresen Administrazioan eta Zuzendaritzan lizentziatua Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2013), Jabetza Intelektual eta Industrialeko eta Teknologiaren Zuzenbideko Masterra UNIRen (2017), eta Zientziaren Komunikazioko Unibertsitate Aditu titulua NUPen (2020). Nafarroako Unibertsitatearen kudeaketa-zerbitzuan egin du lan Europako Batzordearen Enterprise Europe Network sarearekin. Europar Batasun osoko 500 enpresa-elkarte baino gehiago biltzen dituen sare hori da lanabesik garrantzitsuenetako bat ETE-ei babesa emateko, eta, hala, haien lehiakortasuna eta berrikuntzaren alorrean egiten duten lana hobetzeko. Eremu horretan, Europako funtsak eskuratzeari buruzko aholkularitza-lanak egin ditu, H2020 eta Horizonte Europa programetan bereziki.

28 herrialdetako 48 adituren koordinatzailea izan da, EISMEA (lehenago EASME) agentziaren Jabetza Intelektualari buruzko Europako Laguntza Zerbitzuan. Aurrez, Nafarroako Administrazioko zenbait unitatetan lan egin du, baita Angel Law britainiar abokatu-langelan ere, Londresen.

​​​​Gaur egun Nafarroako Bulegoa zuzendaria da Bruselan; autonomia-erkidegoak ordezkatzen ditu Horizonte Europako Konfigurazio Estrategikoko Batzordean; LLET –Akitania Berria, Euskadi, Nafarroa Euroeskualdearen Batzorde Betearazleko kidea da; Nafarroaren ordezkaria da Pirinioetako Lan Elkartea (PLE) INTERREG POCTEFA kudeaketa-erakundean, eta Europako Eskualdeen Batzordeko (EEB) kidea da, baita NICDO (Navarra de Infraestructuras de Cultura, Deporte y Ocio) sozietate publikoaren kontseilaria ere.

Lourdes Plana Bellido

Gastronomia Akademiaren Sari Nazionala irabazitakoa, gastronomiari buruzko prentsan eginiko lan onenagatik.

Optika, Optometria eta Kontaktologian diplomatua, gastronomiari loturiko lan-ibilbidea egin du, irakaskuntzan eta dibulgazioan. 1995ean Aragoiko Gastronomia Akademia sortu zuen.

Madrid Fusiónen zuzendaria izan zen 2002tik 2021era; izan ere, enpresa horren bazkide sortzaileetakoa izan zen. Hogei urte baino gehiagoan, hainbat aldizkaritan eta telebista- eta irrati-saiotan kolaboratzeaz gain, Restauradores aldizkariaren buru izan da (1999-2003). Jarduera horren ondorioz, Espainiako Gastronomia Akademiaren Sari Nazionala eman zioten 2004an, gastronomiari buruzko prentsan eginiko lan onenagatik.

Teresa Riesgo Alcaide

Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioko Berrikuntzako idazkari nagusia

2003tik Teknologia Elektronikoko katedradun dihardu UPMko (ETSII-UPM) Industria Ingeniarien Goi Eskola Teknikoan. Izan ere, han egin du bere ibilbide osoa, hezkuntzan nahiz ikerkuntzan. Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateetako Ministerioaren I+G+b arloko zuzendari nagusia izan da, 2018ko uztailetik 2020ko urtarrilera arte. Honako ardura hauek ere izan ditu: Industria Elektronikako Zentroaren zuzendaria, EETSI-UPMren Ikerketa eta Nazioarteko Harremanetako zuzendaria, eta, berrikiago, Automatika, Ingeniaritza Elektriko eta Elektroniko eta Industria Informatikako Saileko zuzendaria.

2003tik UPM ordezkatu du TIME (Top Industrial Managers in Europe) sarean, eta haren kudeaketa-batzordeko kidea izan da. Horrez gain, UniBasqen Alholku Batzordeko, ACSUCyLren Kalitate Instituzionala Ebaluatzeko Batzordeko eta ANECAren Ikasketen Ebaluazioko eta Erakundeetako Sailaren Aholku Batzordeko kidea da.

Bestalde, industria-ingeniaritzako doktoregoa egin zuen Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan (1996), eta industria-ingeniaritzako ikasketak egin zituen UPMn (1990). Haren ikerketa-jardueraren muina sistema murgilduen diseinua, hardware birkonfiguragarriko sistemak eta Gauzen Interneterako elektronika izan dira. 60 inguru ikerkuntza-, garapen- eta berrikuntza-proiektu nazional eta europarretan parte hartu du, eta 200 dokumentu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu aldizkarietan eta nazioarteko kongresuen aktetan.

Javier Tejada Palacios

Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna Bartzelonako Unibertsitatean, eta UBX Laborategiko zuzendaria

Fisika Zientzietan doktorea, eta Bartzelonako Unibertsitateko katedradun emeritua. Eskolak eman eta ikerlanak egin ditu Europako eta Amerikako zenbait unibertsitatetan. 300 zientzia-argitalpenen eta 10 libururen egilea da, eta nazioarteko 24 patente ditu erregistraturik. Haren lorpen zientifikorik handiena “spinaren tunel kuantikoko efektua” aurkitu izana da.

Jaso dituen sarien artean, hauek nabarmendu daitezke:

  • Narcís de Monturiol (1994),
  • City University of New Yorkeko Honoris Causa doktorea (1996),
  • Vianako Printzea Saria (2008),
  • Fisikako Sari Nazionala (2009)
  • RSEFren eta BBVA Fundazioaren domina (2016).

Diziplina arteko pentsamendurako GISME taldea sortu zuen, eta, haren bitartez, liburuak eta bideoak argitaratu eta erakusketak antolatu ditu.