Nafarroak BIZI-CONNECT proiektua bultzatuko du Akitania eta Euskadirekin batera, euroeskualdean bizikletaren eguneroko erabilera sustatzeko - NaGreen
Nafarroak BIZI-CONNECT proiektua bultzatuko du Akitania eta Euskadirekin batera, euroeskualdean bizikletaren eguneroko erabilera sustatzeko
Herritarrak kontzientziatzeko jarduera-programa bat hartuko du: hitzaldiak eta proiekzioak, irteerak bizikletaz eta bizikleten mantentzeari eta konponketari buruzko tailerrak
Nafarroako Gobernuak, Euskadirekin eta Akitania Berriarekin batera, Bizi-Connect proiektua bultzatuko du, euroeskualdeko biztanleak bizikleta garraiobide iraunkor gisa erabiltzeari buruz kontzientziatzeko jarduera-programa oso bat barne hartzen duena. Ekintza horiek euroeskualdean garatuko dira 2023ra arte, Nasuvinsa Sozietate Publikoaren koordinaziopean.
Mugikortasun iraunkorreko eredu horren aldeko ekintzen artean, hitzaldiak eta proiekzioak egitea, ibilbideak ezagutzeko bizikletaz irteerak antolatzea eta bizikletak mantentzeko eta konpontzeko oinarrizko ezagutzak eskuratzeko tailerrak egitea daude.
Nafarroak mugaz haraindiko beste bi bazkiderekin batera landuko du proiektu hau, eta ondoko eragileek aprte hartuko dute: gizarte ekonomiako RECYCL 'ARTE elkartea (mugikortasun iraunkorra eta bizikleten berrerabilpena sustatzen du) eta Bidasoako Bizikletaren Aldeko Elkartea (BALAZTA), Bidasoaldean bizikleta garraiobide iraunkor gisa erabiltzea sustatzeko helburuarekin.
- Foru erkidegoak 45.324 euroko aurrekontua du proiektua garatzeko.
Bidasoako Bide Berdearen jarduera-azterlana
Planak Bidasoako Bide Berdeko erabiltzaileen ohiturak eta fluxua ere aztertzen ditu, etorkizun hurbilean mugikortasun-politikak garatzeko beharrezkoak diren datuak izateko helburuarekin.
Horretarako, Lursarea, Nafarroako Lurralde eta Iraunkortasunaren Agentziak, Nasuvinsa sozietate publikoaren barruan dagoenak, lan egingo du datorren urtean proiektu hori Euskadirekin eta Akitania Berriarekin koordinatu, diseinatu eta garatzeko.
Proiektuaren sustatzaileen ustez, bizikleta-bideak funtsezko ardatza dira landa-eremuetan lurralde-garapen iraunkorra sustatzeko. Horregatik, hainbat proiekturen bidez, lurraldea egituratu nahi du zonaldeak, baliabideak eta, batez ere, pertsonak lotzen dituzten bizikleta-bideekin.