Sebastian Tabernaren argazki lana, Karlismoaren Museoan

 

Kultura Zuzendaritza Nagusiak - Vianako Printzea Erakundeak "Sebastián Taberna: Gerraren aurpegia" Karlismoaren Museoaren aldi baterako erakusketa berria inauguratu du gaur, Cerralbo Museoaren Fundazioarekin lankidetzan. Karlismoan aditua den Pablo Larraz Andiak komisariatutako erakusketa hau 2025eko irailaren 7ra arte egongo da zabalik.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak “Sebastián Taberna: gerraren aurpegia” aldi baterako erakusketa inauguratu du gaur Karlismoaren museoan, Cerralbo museoa fundazioarekin lankidetzan. Erakusketaren komisarioa Pablo Larraz Andía da, karlismoan aditua. Irekita egonen da 2025eko irailaren 7ra arte.

Irekiera ekitaldian Ignacio Apezteguía Kulturako zuzendari nagusia eta Carmen Jiménez Madrilgo Cerralbo museoko zuzendaria egon dira, eta bertan nabarmendu dute Lizarrako museoaren erakusketa proiektu berri honek helburu duela argazkilari nafar garrantzitsu horren figura berreskuratzea eta Taberna Belzunce familiak gordetzen duen argazki ondarea herritarrengana hurbiltzea; familiak erabilera-eskubideak laga ditu erakusketa honetarako. Karlismoaren Museoan ikusgai dagoena erakusketaren lehendabiziko ibiltaritza da. Kultura eta Kirol Ministerioak, Cerralbo museoa fundazioak eta Cerralbo museoak titulu bereko erakusketa antolatu zuten azken erakunde horretan 2023ko urriaren 19tik 2024ko urtarrilaren 26ra arte; Karlismoaren Museoak pieza batzuk laga zituen erakusketa horretarako.  

Erakusketak doako sarrera dauka eta museoaren ohiko ordutegian bisita daiteke: asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara. Bisiten egutegia eskuragarri dago museoaren web-orrian. Gainera, Estellerriko Argazkigintza Elkartearekin lankidetzan, museoak masterclass bat antolatu du azaroaren 23an, larunbatarekin, 12:00etan, Carlos Cánovasen eskutik. Irudien tratamenduari eta erakusketako kopiei buruzkoa izanen da, eta gehienez 25 lagunek parte hartzen ahal dute. Doakoa izanen da, baina aldez aurretik izena eman behar da 948 55 21 11 telefonora deituta. 
 

Erakusketa

Erakusketan, Tabernaren lanaren alderdi teknikoak eta estetikoak nabarmentzen dira, baita argazki-funtsek ondarean duten garrantzia ere.

Erakusketak ardatz du Sebastián Taberna Arregiren (Iruña, 1907-1986) argazki-ekoizpena, eta lehen aldiz erakusten du Nafarroan tokiko argazkigintzan nabarmendu zen egile honen lana. Beste pertsona ospetsu batzuekin harremana izan zuen, hala nola Nicolás Ardanazekin eta Pedro Maria Irurzunekin, eta haren lanak, gaiaz haratago, alderdi tekniko eta estetikoak jorratu zituen, garai hartako egile entzutetsuen postulatuei jarraikiz. Besteak beste, Paul Wolff argazkilaria maisu izan zen Leica argazki-kamera bat zuten milaka zalerentzat, baita Tabernarentzat berarentzat ere.

Erakusketa honen ardatza da Sebastián Tabernaren argazkigintza-lanak ondarearen, dokumentazioaren eta sormenaren aldetik duen garrantzia, eta balioa ematen die artxibo pertsonalei, ez baitira oso ezagunak, baita haiek ezagutarazteko eta zabaltzeko erakunde publikoek egin beharreko lanari ere, beharrezkoa baita herritarrek haien potentzial guztia estimatu ahal izan dezaten. Kazetaritza grafikoaren urrezko aroan kokatu behar dugu Taberna, non argazkigintza demokratizatu baitzen 35 mm-ko kamera konpaktuei esker (Leicari esker, batez ere), eta mintzaira berri horrek XX. mendeko ikus-kulturaren oinarria eratu zuen azkenean. Horrela, profesionalen izen ezagunei (Marín Chivite, Taro, Capa, Centelles, Michaelis) beste izen ezezagun batzuk gehitu zaizkie, profesional ez zirenenak (Nicolás Ardanaz, Lola Baleztena, Mika Etxebehere...), hala nola Sebastián Tabernarena. Belaunaldi horrek kode bisual eta tekniko bera izan zuen, eta, ikuspegi eta bizi-esperientzia desberdinen bidez, gertaera berberen iruditeria osagarriak eratu zituen, hainbat geruzaz eta esanahiz eraikitzen baita memoria kolektiboa.

Madrilen egindako erakusketan bezala, Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntzarekin, Karlismoaren Museoak zenbait eremuren bidez erakusten du Sebastián Tabernaren argazki-ikuspegi berezia, Espainiako Gerra Zibilean Nafarroako erreketeak Guadalajaran egon zirenekoa. Erakusketako zenbait irudik balio dokumental eta artistiko handia dute, 1936ko uztailetik 1937ko uztailera bitarteko kanpainari eta gertaerei dagokienez. Aldez aurreko agertokien irudiak ere ikusi daitezke, hala nola estatu-kolpearen aurreko azken sanferminak Iruñean, estatu-kolpearen ondoko egunak, borrokaldiko egunak, eta soldadu matxinoen aurrerakada Navafría (Segovia), Sigüenza, Jadraque, Cogolludo, Casas de San Galindo (Guadalajara) eta Somosierran (Madril) zehar, besteak beste. Horietan guztietan, irudien tratamendu estetikoa eta teknikoa nabarmenak dira, baita konposizioa ere, eta egunerokotasuna erakusteko erabilitako ikuspegiak, argazkilariaren optikaren sentsibilitatea islatzen baitute.

Karlismoaren Museoaren erakusketa-proiektu honetan, Sebastián Tabernaren lanaren alderdi tekniko eta estetikoenak azpimarratu nahi izan dira, bere garaia aintzat hartuta.

Erakusketako argazki gehienak erakusketako kopiak dira, Carlos Cánovasek positibatuak Taberna Belzunce familiak kontserbatutako eta lagatako negatibo originalen digitalizaziotatik abiatuta. Horiez gain, hamahiru positibo original daude, Sebastián Tabernak bizi zenean errebelaturikoak, baita argazkilariaren erretratuaren positibo original bat ere, Pedro Maria Irurzunek egina. Horiez gain, argazkigintzarekin loturiko beste material batzuk ikusi daitezke, partikularrek lagatakoak.
 

Behin-behinekoz itxita egonen da erakusketa iraunkorra

Sebastián Tabernaren erakusketa ikusgai dagoen bitartean Karlismoaren museoak behin-behinekoz itxi eginen du hango erakusketa iraunkorra, pieza berriak jartzeko. Zehazki, eraikinaren lehendabiziko solairuan ezin izanen da sartu urriaren 16tik 23ra arte, eta berriro irekiko da urriaren 24an. Erakusketa iraunkorra ixteak ez du eraginik izanen Sebastián Tabernari buruzko aldi baterako erakusketan, museoaren ohiko ordutegian bisitatzen jarraitzen ahalko baita.

Denbora horretan bilduma egonkorraren zenbait pieza jarriko dira, berriki sartu direnak, bai eta Pradoko Museo Nazionalean gordetako zenbait pintura ere; zehazki, XIX. mendeko karlistaldian protagonista izan ziren errege-erregina familiaren erretratuak.

Pieza horiek sartzeak ez du aldatzen erakusketa iraunkorraren kontakizun historiografikoa; lehendik bazituen obrei gehitzen zaizkie Nafarroako Gobernuak eskuratu dituen obra berriak eta museoak, 2010ean ireki zenetik, jaso dituen gordailuak eta dohaintzak. Halaber, horrela emakumeek mugimenduaren historian izan duten zeregin aktiboa ikusaraziko da; horren gainean jada eskaintzen da panoramika bat “Emakumeak eta karlismoa” ibilbidean. 

Nafarroako Gobernuak eskuratu eta museoaren bilduman sartu diren piezen artean nabarmenenak dira honako hauek: José María Huarteren erretratua, errekete uniformearekin, Ignacio Zuloagak 1937an pintatua; Nafarroako Jauregitik eratorritako pinturak (Isabel II.a haurraren erretratua, Luis de la Cruz y Riosek margotua eta Margarita Borboi Parmakoaren erretratua, César Múñoz Solak pintatua; Iñigo Pérez de Radaren bildumaren gordailuak (Santa Cruz apaizaren partidaren bandera eta Jaime III.aren erretratua, Hermann Torggler pintore austriarrak margotua). 

Alderdi Karlistaren gordailutik sartu da Javier Borboi-Parmakoaren erretratua, Iruña Cormenzanak pintatua. Laster bilduma iraunkorrean sartuko dira Fernando VII.aren erretratua, Francisco Lacoma y Fontanet-ena eta María Frantziska Bragantzakoaren erretratua, Luis de la Cruz y Ríos-ena. Horiek gehituko zaizkio erakunde beretik 2010ean gordailuan jasotako Carlos María Isidro Borboikoaren erretratuari, zeina Vicente Lópezek pintatu baitzuen. 

Dohaintza partikularretatik eskuratu dira José Ignacio Uranga Azcune jeneralaren erretratua, María Elena Urangak emana, bai eta banderak, kartelak, dominak eta bestelako objektuak ere.