Altxor karlista bat Lizarran - Karlismoaren Museoa
Altxor karlista bat Lizarran
Karlismoaren Museoak album ilustratu bat argitaratu du “Altxor karlista bat Lizarran” izenburupean. Gaztelaniazko edizioan, “Un tesoro carlista en Estella” du izenburua. Liburuko testuak Silvia Lizarraga Pérez de Zabalzarenak dira eta irudiak Roland Deaconu Kendirenak. Altxorraren bilaketa bat da, Lizarran karlismoaren historiarekin lotuta dauden tokietan barna.
Haurrendako diseinatutako liburu bat
Argitalpen berria helburu didaktiko eta ludikoekin diseinatu da, eta Karlismoaren Museoa bisitatzen duten haurrei zuzenduta dago. Haren bilbea gymkana gisa garatzen da karlismoaren historian esanahi handia izan zuten Lizarrako hainbat tokitan. Toki horietan hainbat gertaera aipagarri izan ziren: Los Llanos parkean, Tomas Zumalakarregi komandante nagusi izendatu zuten 1833an; Hilobi Santuan, Errege Espedizioa hasi zen 1837an; Iratxeko ospitalera Margarita Borbón-Parmakoa iritsi zen 1874an; Puiko Andre Mariaren basilikan, Karlos VII.ak ezpata eman zion Andre Mariari 1874an; eta Lizarrako hilerrian, panteoi karlista eraiki zen 1897an.
Liburua narrazioaren eta jolas-jardueren arteko nahasketa bat da, “bilatu eta aurkitu” argitalpenen antzekoa. Beste behin ere, jarraitu Carlitos eta Margaritaren abenturei, “Leon” izeneko zakurrak eta “Volador” zaldiak lagunduta, asmakizunez eta irakurleei zuzenean zuzendutako galderez beteriko orrialdeetan barna.
Ikastetxeetako liburutegietara bidaltzea
Guztira, liburuaren 1.000 kopia argitaratu dira, bai gaztelaniaz bai euskaraz, eta horietatik 300 baino gehiago Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako liburutegietan banatuko dira. Ikastetxe horietan antolatzen ditu Karlismoaren Museoak aurrez aurreko hezkuntza-tailerrak. Gainerako kopiak 12 euroko prezioan izanen dira salgai, bai Argitalpen Funtsean, bai Karlismoaren Museoan zein beste salmenta-puntu batzuetan.