2024ko ekainaren 7a

Nafarroak, Akitania Berriak eta Euskadik mugaren inguruko turismo-estrategia partekatuak jorratzen dituzte Euroeskualdearen esparruan

Ana Ollo lehendakariordeak hiru lurraldeetako Merkataritza Ganberek antolatutako lan topaketa ireki du Iruñean
Euroeskualdearen topaketan parte hartu dutenak.
camera_alt Euroeskualdearen topaketan parte hartu dutenak.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroak, Akitania Berriak eta Euskadik mugaren inguruko turismo-estrategia partekatuak jorratzen dituzte Euroeskualdearen esparruan, biurteko honetan Foru Komunitatea buru dela. Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak lan-topaketa ireki du gaur Iruñean, Euroeskualdearen barruko lankidetza estrategikoan bildutako hiru eskualdeetako Merkataritza Ganberek antolatuta, mugaren bi aldeetako merkataritza-harremanak sustatu eta errazteko, kasu honetan turismoaren ingurukoak. 

Topaketan, hainbat udalerrik eta erakundek jardunbide egokien adibideak partekatu dituzte sektore pribatuarekin, eta, besteak beste, Poctefa programaren (Gaturi 2) bidez finantzatzeko aukerak aztertu dituzte. Hiru eskualdeetako 70 enpresa baino gehiagotako ordezkariak ere izan dira bileran, baita turismoaren edo ostalaritzaren arloko elkarte profesionalak ere, hala nola Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkartea (AHTN).

Lankidetza estrategikoaren helburu nagusia Akitania Berria – Euskadi - Nafarroa Euroeskualdean fluxu ekonomikoak dinamizatzea da, sektore ekonomiko guztietako ETEak babestuz eta enpresen erronkei irtenbideak emanez. Ollo lehendakariordeak azaldu duenez, "ziurgabetasun ekonomikoak, logistikaren gorakadak eta tentsio energetikoak markatutako nazioarteko testuinguru batean, hurbiltasunaren abantailak, zirkuitu laburrak eta hurbileko balio-kateak nabarmentzen dira". Hori dela eta, "Merkataritza Ganberekin dugun lankidetza honen bidez, enpresei Euroeskualdeko hiru lurraldeetan hurbiltasuneko irtenbide erabilgarri guztiak aurkitzen lagundu nahi diegu", gaineratu du.

Ezartzen diren hiru ekintza-tipologiek — aholkularitzak, enpresa-topaketak eta webinarioak— mugaz gaindiko enpresa-garapenerako funtsezko alderdiak jorratzen dituzte. Eragile ekonomikoekin harremanak sendotzeko esparruan, 2023an egin ziren mugaz gaindiko negozio-topaketen arrakastaren ondoren, nekazaritzako elikagaien, industriaren eta turismoaren sektoreetan zentratuta, eta azken sektore hori lehenetsi da urte berri honen hasieran.

Topaketa hauen helburua negozio-konexioak eta aukerak identifikatzea eta ezartzea da, ohiko ekitaldiak baino askoz gehiago izanik. Aukeren katalizatzaileak dira, eta mugaz gaindiko enpresa-garapenerako hainbat dimentsio estrategiko jorratzen dituzte. Gaurko topaketa turismo-sektoreari buruzkoa da, eta euroeskualdeak turismo-eredu iraunkor baten alde egindako apustua islatzen du, gure natura-baliabideak babestuz eta gure kultura-ondarearen balioa gehiago aitortuz. Euroeskualdeko turismo-sareak sustatzea da erronka, hurbileko turismoaren onura sozialak eta ekonomikoak aprobetxatzea hiru lurraldeetan.

Hori dela eta, Administrazio publikoetako, Merkataritza Ganberetako eta enpresa-munduko hainbat ordezkari elkartu dira Iruñean, eta honako gai hauen inguruan lan egin dute: networking estrategikoa, negozio-aukerak pilatzea, ezagutzak trukatzea, epe luzerako harremanak garatzea eta berrikuntza bultzatzea.

"Laburbilduz – adierazi du Ana Ollok –, topaketa horiek topagune soilak baino gehiago dira; plataforma dinamikoak dira, eta espazio egokia eskaintzen dute konexio baliotsuak ezartzeko, merkatu-aukera berriak aztertzeko, ezagutzak trukatzeko, epe luzerako harremanak eraikitzeko eta berrikuntza suspertzeko. Euroeskualdeak balio-kateko eragileen arteko lankidetza sustatzen duten ekimenak babesten eta euroeskualdeko merkataritza-proiektuak bultzatzen jarraituko du ".

Topaketa Lurralde Estrategia Turistikoei buruzko mahai-inguru batekin hasi da, erakundeetako hainbat ordezkariren parte-hartzearekin. Nafarroako Gobernuaren aldetik, Alberto Ecay Kultura, Kirol eta Turismo departamentuko Turismoaren Lurralde Garapen Iraunkorreko Zerbitzuko errektorea izan da, Daniel Soalana Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiarekin eta Denis Ulanga l 'Agence Départementale du Tourisme 64 Béarn Pays Basque-ko zuzendariarekin batera. Ana Cañada Nafarroako Ganberaren Nazioarteko Merkataritzako arduradunak moderatu du eztabaida hau.

Jarraian, hiru udalerrik Euroeskualdearen esparruko turismo-jardunbide egokien adibideak azaldu dituzte. Zehazki, Biarritzeko Udalak (Isabelle Eyherabide eta Christelle Rodet), Goierriko eskualdeak (Niko Osinalde) eta, Nafarroatik, Jorge Vaquerok "Destino Esteribar" ekimena azaldu dute. Jardunaldiari amaiera emateko, Poctefa programaren proiektuen inguruko gune bat eta turismorako bide digitalen erabilerari buruzko azalpen bat eskaini dira.