Laguntza hauetarako eskubidea izateko, baldintza hauek bete behar dira:
- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko medikuen txosten bidez justifikatuko da osasun arreta Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo ematea. Pazienteak berak eskatuta bideratu badute, horrek ez du sortuko laguntzarako eskubiderik.
- Aldez aurretik Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuak edo unitate administratibo parekatu batek baimendu beharko du Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko osasun arreta.
Joan-etorrietarako gastuengatiko laguntza:
- Osasun arreta zer herritako osasun zentroan ematen den, harainoko joan-etorrietarako gastuak kobratzeko eskubidea izanen dute bai pazienteak bai hari lagun egiten dionak.
- Aurkeztutako garraio erregularreko txartelen zenbatekoak ordainduko dira, Osasuneko Kontseilariaren urriaren 4ko 419E/2018 Foru Aginduaren I. eranskineko a) apartatuan ezarritako gehienezko mugarekin.
Justifikatzearen ondorioetarako, jatorrizko txartelak edo kopiak aurkez daitezke. Kopiak aurkezten badira, zalantzarik izanez gero, jatorrizko txartelak eska ditzake Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuak, konparatzeko.
- Garraio txartelik aurkezten ez bada, Osasuneko Kontseilariaren urriaren 4ko 419E/2018 Foru Aginduaren I. eranskineko b) apartatuan ezarritako zenbatekoak ordainduko dira.
Ostatu hartzeko gastuengatiko laguntza:
- Ospitaleratu behar izanez gero, lagun egiten dion pertsonak eskubidea izanen du ostaturako gastuak ordain dakizkion: osasun arreta zer herritako osasun zentroan dagoen, herri horretan ostatu hartzekoak.
Benetan justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, gehienez 40 euro eguneko ostatu hartzeko gastuengatik, eta gehienez 900 euro 30 egun naturaleko aldi bakoitzeko.
- Osasun arreta araubide anbulatorioan denean edo beharrezkoa denean osasun zentrotik hurbil egotea, ostatu hartzeko laguntzarako eskubidea sortuko da bakar-bakarrik baldin frogatzen bada beharrezkoa dela destinoko herrian gaua igarotzea.
Benetan justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, gehienez 40 euro eguneko, pazientea lagundua egon nahiz ez egon, eta gehienez 900 euro 30 egun naturaleko aldi bakoitzeko.
- Jatorrizko agirien edo kopien bidez frogatuko da ostatua. Kopiak aurkezten badira, zalantzarik izanez gero, jatorrizko agiriak eska ditzake Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuak, konparatzeko.
Mantenurako gastuengatiko laguntza:
- Mantenurako gastuengatiko laguntza honako hau izanen da, asistentzia araubidearen arabera:
a) Ospitaleratzeetan, 12 euro eguneko laguntzailearentzat.
b) Asistentzia anbulatorioetan, ez da laguntzarik emanen mantenu gastuetarako, salbu frogatzen bada beharrezkoa dela destinoko herrian pasatzea gaua. Kasu horretan, gehieneko laguntza 24 eurokoa izanen da, barnean direla bai pazientea bai laguntzailea, betiere ostatu hartzeko gastua frogatzen bada.
c) Osasun zentrotik hurbil egon behar izanez gero, gehienez 24 euro ordainduko da eguneko, pazientea lagundua egon nahiz ez egon, eta gehienez 360 euro 30 egun naturaleko aldi bakoitzeko.
Mantenurako gastuak ordaintzeko, ez da beharrezkoa izanen frogagiriak aurkeztea.
- Joan-etorrietarako, ostatu hartzeko eta mantenurako ezarritako laguntzak bateraezinak dira xede bererako beste edozein prestazio, laguntza edo diru-laguntza publikorekin.
- Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuak espedientea aztertuko du, eta ondoren txosten bat emanen du, zenbat ordainduko duen zehaztuta.
- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez onartuko eta ordainduko dira laguntzak.
Azkenik, eskaeran adierazitako kontu-zenbakian ordainduko da onartutako laguntza.