Zazpi proiektu eredugarri, hiri eta landa eremuetan eginiko birgaikuntza onenaren sarirako hautagai

‘Zaharberritu zure etxebizitza, sortu zure mundua’ kanpaina aurkeztu du Aierdi lehendakariordeak gaur goizean
2020ko azaroaren 16a
videocam Etxebizitza birgaitzeko kanpainaren iragarkia - Biziberri 2020 collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak ezagutzera eman ditu gaur Biziberri sariaren bigarren edizioa irabazteko hautagai diren hiri eta landa eremuetako zazpi birgaitze proiektu eredugarriak. Azken bi urteetan izapidetu diren birgaitze babestuko 2.173 espedienteak baloratu ondoren izan dira hautatuak egitasmo horiek. 

Bigarren lehendakariorde eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak, José María Aierdik; Etxebizitza zuzendari nagusiak, Eneko Larrartek; eta Etxebizitzak eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoaren ordezkariak, Tomás Urmenetak, finalistak aurkeztu dituzte, ‘Zaharberritu zure etxebizitza,sortu zure mundua’ kanpainaren beri emateko prentsaurrekoan.

Hauek dira saria irabaz dezaketen zazpi lanak: ukuilu bat landa-etxe bihurtzea Abaurregainan; harrizko etxe zaharra zaharberritzea Etxalarren; erabiltzen ez den zalditegi bat birgaitzea Bidaurretan, landa-eremuko etxebizitza izateko aukera eta guzti; 1800eko etxebizitza bat berreraikitzea Olexoan; Iruñeko Txantrea auzoan eta Leitzako herrian etxebizitza-blokeetan eginiko birgaitze bana, inguratzaile termikoa erabiliz; eta 1800eko eraikin bat osorik birgaitzea Tuteran.

Zazpi proiektu horiek, Biziberri birgaitze babestukoak diren aldetik, Nafarroako Gobernuaren hainbat mailatako dirulaguntzak jaso zituzten; Txantrea eta Leitzako etxebizitza kolektiboko bi proiektuen artean 900.000 euro jaso zituzten, eta beste bost proiektuetako bakoitzak, berriz, 25.000 euro inguru.

Biziberri/Navarra rehabilita ekimenaren xedea da bereziak izateagatik nabarmentzen diren birgaitze babestuei saria ematea, azken bi urteetan diru publikoz lagundurik Foru Erkidegoan gauzatu direnen artetik; era berean, etxebizitza-parkea hobetzea ahalbidetzen duten eta, era horretan, herri eta hirien ehundura errekuperatzen laguntzen duten sustatzaile, arkitekto eta teknikarien lana eta ahalegina aitortu eta ikusarazi nahi dira.

Sariketaren lehen edizioan, 2018an, Beatriz Anaut Fuertesek eraman zuen saria, etxebizitza berria sortzeagatik 1900eko biltegi-eskorta zahar batean, Garden. 

2.173 birgaitze-espediente bi urtean

Saria irabazteko hautagai izanen direnen aukeraketa Foru Erkidegoko eskualde guztietan dauden Etxebizitzak eta Eraikinak Birgaitzeko bederatzi Bulegoetako (EEBB) eta Nasuvinsako delegazioetako profesionalek egin dute. Aldi berean, laguntza teknikoa, proiektuen segimendua eta dirulaguntzen izapidetzea eskaintzen diete sustatzaileei.  

Hautagaitzak aurkezteaz batera, ‘Rehabilita tu vivienda, crea tu mundo/Zaharberritu zure etxebizitza, sortu zure mundua’ publizitate-kanpaina eman da ezagutzera. Zazpi proiektu horietako bakoitzaren muinean dauden historia pertsonalak eta zaharberritzeen azalpenak biltzen ditu kanpaina horrek.  Kartelak, audioak eta Tuterako Julio Mazaricok sorturiko eta Vidal Díaz Martín konpositorearen jatorrizko musika duen bideo artistikoa izanen ditu, eta heldu diren egunetan prentsan, irratian eta sare sozialetan zabalduko da.

Aierdi bigarren lehendakariordeak prentsaurrekoan azpimarratu du “Gobernu honek abian jarri duen hirietako zaharberritze- eta berrosatze-politiken aldeko estrategia, arreta eskain diezaiogun periferiaranzko zabalkunde handien ordezko alternatiba gisa eraikiriko hiriari, landa-eremuetan erabili gabe dauden eraikinak berrosa ditzagun, etxebizitza izateko bestelako aukerak eman diezazkiegun higiezin zaharrak zaharberritzeko hautua egin dutenei, auzoak susper ditzagun, eta areago, sektoreari ekonomikoki biziberritzen eta enplegua sortzen lagundu diezaiogun”. 

Ildo horretan, Aierdi lehendakariordeak iragarri du Foru Gobernuko Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak etxebizitzak eta eraikinak birgaitzen laguntzeko ematen dituen diru-sailak nabarmen haziko direla 2021eko aurrekontu-proiektuan. Gainera, beste 4 milioi euroko ezohiko deialdia gehituko zaie horiei, auzokideen komunitateek sustaturiko inguratzaile termikoen hobekuntzetarako, Gobernuak duela gutxi iragarri zuen bezala.

Azken urteko inbertsioen balantzea

Era berean, aurten, eta urriaren 31ko behin betiko datuen arabera, Nafarroako Gobernuak 22,1 milioiko dirulaguntza eman du jadanik  etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko esku-hartzeak egiteko. Mobilizaturiko inbertsioa 63 milioikoa da, aurreko urteko aldi berekoaren berdina abantzu, %1,7 azpitik baitago.   

Aierdi lehendakariordeak datu hori azpimarratu du, eta nabarmendu du, era berean, konfinamenduan egonagatik EEBBek eta Etxebizitza Zerbitzuak espedienteak arintasunez izapidetzen jarraitzea lortu dutela. “Horrek adierazten du sektorea sendo dagoela eta, oztopoak oztopo, aurten banako eta komunitate sustatzaileek adorez jardun dutela arlo guztietan, COVID-19aren pandemiaren krisiagatik jasandako inpaktu ekonomikoaren testuinguruan ere”.   

Azkenik, nabarmendu beharra dago “hiri-bilbea zaharberritzeko eta berrosatzeko politikak osagai garrantzitsuenetakoak direla eraikuntza eraginkor eta jasangarriari dagokionez, Trantsizio Ekologikoko Estrategia / Navarra Green delakoan aurreikusirik dagoen bezala. Foru Gobernuak finantzazioa eskuratzeko landu du estrategia hori, Europar Batasunak aktibatu nahi duen Next Generation EU suspertze- eta erresilientzia-funtsaren esparruan”, aipatu du Aierdik.