Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak 2022rako Aurrekontu Orokorren aurreproiektua onartu du
2021ko urriaren 27a
Nafarroako Gobernuak 2022rako Aurrekontu Orokorren aurreproiektua onartu du
El Gobierno de Navarra ha aprobado, en su sesión de hoy, el anteproyecto de Presupuestos Generales de Navarra para 2022, con una cifra total de 5.273.126.597 euros y que prevé un techo de gasto no financiero de 4.767.034.210 euros. Además, el gasto financiero supondrá para el próximo ejercicio 506.092.387 euros.
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorren Aurreproiektua onartu du, guztira 5.273.126.597 euroko zenbatekoarekin, eta gastu ez-finantzarioaren muga 4.767.034.210 eurokoa izango dela aurreikusi du. Gainera, finantza-gastua 506.092.387 eurokoa izango da datorren ekitaldian.
Gainera, aurten, Aurrekontuen aurreproiektuan Europako funtsak sartzen dira. REACT programaren bidez, esate baterako, Nafarroarentzat 73.270.949 euro izango dira eta, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez ere jasoko dira (orain arte 88.590.538 euro jaso dira). Azken kasu horretan, plan horretatik etortzen den zenbatekoa pixkanaka igotzen joango da, eta Aurrekontuaren barruan sartuko da jasotzen den heinean. Laburbilduz, Europatik aurreproiektuak 162 milioi euro baino gehiago jasotzen ditu. Zenbateko horiek Nafarroa Suspertu Planean jada aurreikusitako ekimenetarako erabiltzen dira kasu askotan.
Gobernu-bileraren ondorengo prentsaurrekoan, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria den Elma Saizek 2022ko Aurrekontuak aurrera atera behar direla azpimarratu du; izan ere, “Nafarroan ekonomia berreskuratzeko zutabeak finkatzera deituriko kontuak” dira.
Hitzaldian, Saizek gogorarazi du Gobernuak ahalegin handia egin duela aurreproiektu hau egiteko, ahalegin bikoitza izan da “premia larrienak detektatzeko eta proaktiboak izan nahi izan duten indar politikoekin mahai baten inguruan esertzeko, jakinda Nafarroarentzat garrantzitsua dela Gobernuaren ekintzari egonkortasuna emango dioten aurrekontu batzuk izatea”.
Ildo horretan, Saizek zehaztu du aurreproiektu honetan parte hartu duela Nafarroako Gobernuaren oposizioko indar batek; hots, EH Bilduk. “Taldea eta Nafarroako Gobernua adostasun batzuetara iritsi dira Gobernuak garrantzitsu bezala jada markatutako zenbait jarduera-ildo indartzerakoan, eta, horrela, akordioak egin dituzte arlo hauetan, beharrezko egonkortasun hori bilatze aldera: Lurralde Kohesioa, Osasuna, Eskubide Sozialak edota Hezkuntza”.
Ardatz estrategikoen aldeko apustua
Aurreproiektuaren ikuspegi zehatzago batean, gizarte-arloek bildu dute 2022rako aurreikusitako gastuaren pisu handiena. Gizarte-arlotzat hartzen dira Eskubide Sozial, Hezkuntza eta Osasun Departamentuak. Azken kasu horretan, ekitaldia “COVID urtea” izan denaren eta ez izatea aurreikusten denaren arteko trantsizioak markatuko duela uste da, pandemiaren bilakaeraren arabera, nahiz eta COVID-19arekin loturiko gastua oraindik ere mantendu.
Horrez gain, beste apustu batzuk izango dira lehen arreta indartzea azpiegituren aldetik, gastuaren pisu espezifikoa gehitzea lehen arretako langileei dagokienean eta ospitaletako teknologiaren berrikuntza bultzatzea.
Era berean, beste arlo batzuetan gertatzen den moduan, Europako injekzio garrantzitsu bat aurreikusten da, Departamentuaren ildo estrategikoekin lerrokatua.
Bestalde, Eskubide Sozialetako Departamentuaren lehentasunak izango dira mendekotasuna, desgaitasuna eta gaixotasun mentala artatzeko zerbitzuak eta prestazioak gehitzea eta hobetzea, eredu-aldaketa bultzatuaz; Enplegu Plan berria eta Enpleguaren Politika Aktiboen Plana garatzen jarraitzea; babes soziala eta pobreziaren aurkako borroka indartzea; eta desgaitasuna, gizarteratzea eta egoitza-zentroak bezalako sektoreen lan-baldintzak bereziki bultzatzea. Gainera, inbertsio-plan bat aurreikusten da hirugarren adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko zentroetan eta egoitzetan, eta, hortaz, beste 800 plaza hitzartu ahal izango dira egoitza-zentroetan eta eguneko zentroetan adineko pertsonentzat, mendeko pertsonentzat eta desgaitasuna duten pertsonentzat.
2022. ikasturteari begira, Hezkuntza Departamentuaren helburua da 0-3 urteko zikloa doakoa izatea eta, ondorioz, ziklo horretako matrikula handitzea, Haur Eskolen sare publikoko ikastetxeetan, Europako MRR funtsek ematen duten laguntzarekin. Oro har, Departamentuaren gastuen aurrekontua 2021eko ekitaldian baino %7,5 handiagoa izango da.
Nafarroako herritar guztien berdintasunean aurrera egiten jarraitze aldera, bizilekua edozein izanda ere eta lurraldea egituratzeko helburua bilatuz, Lurralde Kohesiorako Departamentuak 486,6 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, aurtengo ekitaldian baino %9,5 gehiago.
Udalek eta kontzejuek 271 milioi euro baino gehiago izango dituzte herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak eta haien funtzionamendua finantzatzeko; hots, 16 milioi gehiago. Gogoratu 2022an finantzaketa-eredu berria ezarriko dela udalerri mailan.
Herrietako eta hirietako azpiegiturak hobetzeari dagokionean, datorren urtean 30 milioi euro inbertituko dira Tokiko Inbertsio Planaren (TIP) bidez; besteak beste, honako hauetarako izango dira: pilotalekuak, igerilekuak edo udaletxeak eta kontzeju-etxeak berritzea; zeharbideak urbanizatzea; hondakinak kudeatzea eta tratatzea; edota hornidura-, saneamendu- edo euri-sareak berritzea.
Susperraldi ekonomikoaren erronka
Ekonomiaren susperraldirako urratsak Aurrekontuen aurreproiektu honek gidatu behar dituela uste izanik, Garapen Ekonomikoko Departamentuaren misioa izango da, 2022. urteari begira, industriaren eta enpresa-sarearen lehiakortasuna bultzatzeko baldintzak sortzeko lan egitea edota lurralde osoan ahalik eta kalitate handieneko enplegua sortzea eta finkatzea, Nafarroako gizarte- eta lurralde-kohesiorako eta bizi-baldintzak hobetzeko palanka gisa. Aldi berean, ekoizpen-eredua eredu iraunkorrago eta adimentsuago baterantz eraldatzeko Europar Batasunak emandako agindua bere gain hartzen du, martxan diren eraldaketa horietatik sortutako erronkei hurrengo belaunaldiek aurre egin ahal izate aldera.
Ildo berean, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren gastu-muga iazko urtekoa baino %18 handiagoa izango da. Nafarroako funtsezko sektore teknologikoen aldeko apustua egingo du: medikuntza pertsonalizatua, adimen artifiziala, elikadura-katea, bioerregaiak eta automozioa. Modu horretan, krisitik azkarrago irtetea eta ekonomia indartsuagoa izatea lortu nahi da. Faktore horiek krisiaren ondorioak luzatzea eragotziko dute, gizarte- eta industria-ehunaren haustura arintzearekin batera, krisitik irteteko 2008an ez bezalako irteera bat eskainiaz.
Bestalde, eta ekonomiarekin jarraituz, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak 1.207.342.099 euroko gastu-muga izango du. Zenbateko horren barruan, partidarik esanguratsuena 573.000.000 eurokoa izango da, Estatuarekin Hitzarmena egiteko.
Halaber, Nafarroako Aurrekontu Orokorrak COVID-19ak eragindako krisi sanitarioari erantzuteko funtsezko tresna direla sinetsita, Aurrekontu, Ondare eta Ekonomia Politikaren Zuzendaritza Nagusiak ekonomiaren susperraldia sustatuko duten Europako funtsak bideratuko ditu, honako hauetan oinarritutako proiektuak gauzatuz: eraldaketa digitala, berrindustrializazioa eta energia garbien aldeko itun berdea.
Bestalde, Ekonomia eta Finantza Zerbitzuan, zorraren eta maileguen interesen partidak 11 milioi euro murriztu dira, funts berriak interes-tasa baxuetan lortu zirelako eta tasa handiagoko eragiketak modu arruntean nahiz aurreratuta ixteagatik. 2022. urtean, interes-tasa handiagoetan itundutako eragiketak kostu baxuan birfinantzatzeko politikarekin jarraituko da, betiere eragiketa horiek finantza-aurrezpena baldin badute.
Funtzio Publikoa, Berdintasuna eta Etxebizitza eskuratzea
Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko Departamentuaren aurrekontuen aurreproiektua 336.859.117 eurokoa izango da 2022. urtean; hau da, 2021eko aurrekontuan baino %17,65 handiagoa. 55.163.440 euro 2tik 7ra bitarteko kapituluetarako izango dira, 2021eko aurreproiektuan baino %12,53ko gastu-muga handiagoarekin.
Foruzaingoaren eta Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren aurrekontua ere %4,58 eta %3,8 handitu da, hurrenez hurren. Era horretan, Gobernuak konpromisoa izango du segurtasunaren eta larrialdien arreta indartzen jarraitzeko. Komisaria nagusi berria eta Tafallarako suhiltzaileen parke berria eraikitzea aurreikusten da. 2021ean deitutako 57 foruzain berri eta 37 suhiltzaile-plaza sartzeko aurrekontua handituko da.
Foru Gobernuak berdintasun-politikak bultzatzeko apustu egiten jarraitzen du, genero-indarkeriaren eta homofobiaren aurka. NABIren aurrekontua %48,84 handiagoa izango da, 5.170.964 eurora iritsi arte 2tik 7ra bitarteko kapituluetan. Aipatzekoa da sexu-abusuen biktimak artatzeko 24 orduko zentro bat jarri dela martxan.
Halaber, Departamentuak honako hauen aldeko apustua egiten du: Nafarroako Jauregiaren erreforma iraunkorra, administrazioaren modernizazioa telelana bultzatuz, irisgarritasun unibertsaleko ekintzak (partidak %23 gehitu dira) eta Nafarroa Marka sortzea.
Horrez gain, Foru Exekutiboak zeharkako apustu bat egingo du gazteei zuzendutako hainbat motatako politikekin. Horrela, hainbat arlotan banatzen dira Departamentu ezberdinen aurrekontuan: bekak, hezkuntza, LH, enplegagarritasun eta ekintzailetzarako laguntzak, etxebizitza eskuratzea, e.a.
Hain zuzen ere, etxebizitza-arloko politikak indartzearen ildotik, Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentuaren oinarrizko helburu nagusiak izango dira Nafarroako herritar guztiek etxebizitza eskuratzeko duten eskubideari erantzuna ematea, eraikuntzak birgaitzea eta eraikitako hiria birsortzea bultzatzea eta Foru Komunitatean iraunkortasunaren parametroetatik diseinatutako lurralde eta hiri garapena sustatzea.
Departamentuaren programa Nafarroako Etxebizitzaren 2018-2028 Planaren eta Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH) 2030 Agendaren esparru estrategiko handietatik abiatzen da eta, zehatzago, Departamentuaren ekintza eta aurrekontuko konpromiso nagusiak bat datoz, ildo horretan, Nafarroako herritarrek etxebizitza eskuragarriak izateko dagoen premiazko eskariari erantzuteko premiarekin eta eraikitako parkea berritzea eta birgaitzea sustatzearekin. Gainera, erronka eta printzipio berriak sartzen ditu hirigintza-plangintzan edo proiektu estrategikoak planifikatu eta kudeatzen ditu, lurralde-garapen iraunkorra bultzatze aldera.
Kuantitatiboki, Departamentuaren aurrekontu-partida nagusiak etxebizitza publikoa sustatzera bideratuko dira, batez ere alokairu-erregimenean, premiazkoa eta askotarikoa den eskaerari erantzuna emateko eta babestutako birgaitzea bultzatzea eraikinen irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna bermatzearren. Bi helburu horiek bilduko dute Aurrekontuen zati handiena.
Lehentasunak Kulturan, Migrazio Politiketan eta Justizian
Kultura eta Kirol Departamentuaren Aurrekontuaren aurreproiektua 60.712.037 milioi eurokoa da; hots, 2021erako onartutako aurrekontua baino %8,56 handiagoa. Departamentuaren kontuetan, kultur eta kirol eragileei bideratutako laguntzen ildo nagusiak finkatu eta indartu nahi dira, nahiz eta aurreko aurrekontuetan ere handituak izan, eta laguntza eta babes hori bultzatu nahi dute, ikusita datorren urtea oraindik ere suspertzearen urtea izango dela, eta, beraz, Administrazioak euskarri bat beharko duela. Halaber, Departamentuan finkatuta dauden politikak izango ditu aurrean eta horiek areagotu nahiko ditu: gizarte-egituraketa eta –kohesioa eta lurraldearen hedapena.
Horrez gain, Kultura eta Kirol Departamentuak Europako funtsen laguntzak kudeatu beharko ditu, haren politika nagusiekin bat datozenak; hala nola, proiektu artistikoak garatzea jende gutxi bizi den zonetan, agente kulturalak profesionalizatzea, ondare historikoa birgaitzea eta zabaltzea edo kirol-agenteen garapen digitala, besteak beste. Aldi berean, NICDO (2021ean bere Plan Zuzentzaile berria onartu du) ezinbesteko aliatu bilakatuko da Nafarroa Marka sortzeko, komunitateko industrien hobekuntza ekarriko duten ekitaldiak erakartzeko eta kultura, kirol eta aisiako sektore profesionalen erakarlea izateko.
Bestalde, Migrazio Politika eta Justizia Departamentuak 13.372,104 euroko gastu-muga izango du 2022rako Aurrekontuen aurreproiektuan, iaz baino %12,44 gehiago (iazko gastu-muga 11.891.928 eurokoa izan zen).
Nabarmendu behar da, ekitaldi honetan, gastu-mugaren barruan, bi proiektu ikusten direla COVID-19aren ondoren irekitako Europako laguntza-programetan. Zehazki, Justiziako Zuzendaritza Nagusiak 436.401 euroko partida izango du Next Generation Programaren barruan, bideokonferentzia, sonorizazio eta wifi zerbitzuak hobetzeko; Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiak, berriz, 530.918,14 euro kudeatuko ditu Kideak programarako, React laguntzen esparruan, Nafarroan familiaren babesik ez duten 18 eta 23 urte arteko gazte migratzaileentzat.
Landa Garapena eta Herritarrekiko Harremanak
Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontu-lerro nagusiak izango dira nekazaritza-sektorean lehiakortasuna bultzatzea, nekazaritza-ustiategietan inbertsioak eginaz eta gazteak jardueran sartuaz; Nafarroako kalitate-irudiak (JD, IGP, artisauak,…), ziklo laburreko merkaturatze-zirkuituak eta tokiko ekoizpenak sustatzea; sektorearen berrikuntza eta nekazaritza-ustiategien aholkularitza bultzatzea NPBren ildo estrategiko handiekin lotutako gaietan; edota landa-inguruneko jarduera ekonomikoa dibertsifikatzea. Horretarako zuzkidura ekonomikoa 30.793.457 eurokoa izango da.
Nekazaritza eta Abeltzaintzari dagokienez, abeltzaintza estentsiboari ematen zaion laguntza bultzatzeaz gain, konpromisoa izango da nekazaritzako ingurumen-arloko neurriak betetzeko eta ekoizpen ekologikoa eta muga naturalak dituzten zonak (MNZ) babesteko; azken horiek funtsezko laguntza dira biztanleriari eta jarduerari eusteko despopulatzeko arriskua duten zonetan. Aurrekontua 5,1 M€-tik 8,1 M€-ra izatea igaroko da 2022an.
Azpiegiturei dagokienez, partida berri bat sortu da Bera eta Lesakako suteek eragindako tokiko azpiegituretako galeren kalteak ordaintzeko (200.000 €), eta 128.000 € bideratuko dira Ribaforada eta Leringo lurzatiak bateratzeko prozesuetarako. Modu berean, 300.000 € izango dira Tuteran A-68aren paraleloa den nekazaritzako bidearen zorua egokitzen amaitzeko.
Berrikuntza gisa, sektoreari Energia Berriztagarrien inguruko aholkularitza eskaintzeko bulego teknikoa sortu da, eta 50.000 € izango ditu; era berean, Nafarroako Kanalaren bigarren fasea definitzeko lanak hasiko dira INTIAri egindako enkargu baten bidez, eta 200.000 € izango dira horretarako. Bestalde, lehen faseko eremu ureztagarriaren kanona 17,7 milioi eurokoa da.
Gainera, Ingurumen-arloan, klima-aldaketaren aurrean ekiteko eta ekonomia zirkularraren alde egiteko partidak sartu dira, eta, berrikuntza moduan, Next Generation funtsetatik datozen partidak sartu dira, 6 milioi eurokoak, hondakinak hobeto kudeatzeko, baso-jarduerak egiteko eta uholde-arriskuak gutxitzeko.
Bestalde, Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuaren aurrekontuak epe luzerako politikak finkatzen ditu, hiru Zuzendaritza Nagusien hiru Plan Estrategikoetan jasotakoak: Euskararen II. Plan Estrategikoa, Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoa eta Kanpo Ekintzako I. Plana. Datozen urteetan arlo bakoitzaren jarduera eraenduko duten hiru dokumentu dira, eta horien jarduera-ildoak honako hauen aurrekontuetan islatzen dira: Euskarabidea, batez ere euskararen erabilera sozialarekin eta hiztun berriekin loturiko jarduerak indartuz; Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusia, Nafarroan bizikidetza hobetzeko helburua duen programaren bidez; eta Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusia, hiru arloren inguruan: Nafarroa Europan, Nafarroa mugaz gaindi eta Nafarroa munduan.
Zerga fiskal berriak
Aurrekontuen aurreproiektua aurkeztearekin batera, Saiz kontseilariak Neurri Fiskalen Legearen aurreproiektuak jasotzen dituen gai nagusietako batzuk planteatu ditu; aurreproiektu hori ere gaur onartu dute Gobernu-bileran.
Oraingoan, kontuan hartu beharreko neurri nagusiak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) eta Sozietateen Zergei buruzkoak dira. Saizen arabera, neurri horiek “Parlamentuak onartzen baditu, albiste onak izango dira herritar gehienentzat. Beharrezko lasaitasuna herritar guztientzat oso konplikatuak izan diren garaien ondoren”.
Lehenengoari dagokionean, PFEZ arloan, aurreproiektuan aurreikusten da tarifa %2 deflaktatzea, minimo pertsonalak eta familiarrak %5 gehitzea eta minimo pertsonala 100 € gehitzea 30.000 €-tik azpiko errenten kasuan.
Gainera, Enpresa Kaudimena Babesteko COVID laguntzen salbuespena aurreikusten da.
Salbuespen hori izango da, baita ere, Sozietateen gaineko Zergaren barruan. Gai horretan, aurreproiektuak egungo kenkariaren ordez enplegua sortzea aurreikusten du, enplegu-politika aktiboetarako aurrekontua indartzeko.