2021ko urriaren 21a

Ollo kontseilariak giza eskubideen urraketari buruzko "Los Nadies" erakusketa inauguratu du NUPen

Erakusketa Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak antolatu du, irisgarritasun-irizpideekin, eta azaroaren 19ra arte ikusi ahal izango da
Plaza de la Cruz BHIko ikasleek erakusketa bisitatu dute, Antonio Soto 
artistarekin.
Plaza de la Cruz BHIko ikasleek erakusketa bisitatu dute, Antonio Soto artistarekin.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, hasiera eman dio gaur goizean "Los Nadies" erakusketaren instalazioari Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Nafarroako Gobernuak antolatutako erakusketa hau, Antonio Soto artistaren 18 margolanek osatzen dute, eta giza eskubideen urraketari buruzko hainbat egoera biltzen dituzte. Azaroaren 19ra arte egongo da ikusgai El Sario eraikineko atarian.

Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreorde Begoña Perez Eransusek; Antonio Soto artistak; Iddeas Fundazioko lehendakaria den Luis Casadok; eta NUPeko Nahia Hualde eta Amaia Conde ikasleek (poesia errezitatu dute pianoaren laguntzarekin). Era berean, Plaza de la Cruz BHIko batxilergoko talde bat izan da bertan, eta, ondoren, erakusketa bisitatu dute artistak gidatuta.

NUPen “Los Nadies” erakusketa ikusgai izango da azaroaren 19ra bitarte; hain zuzen ere, Eduardo Galeano idazlearen izenburu bereko poeman inspiratzen da, eta formatu handiko 18 koadrok osatzen dute. Horietako bakoitzean, begirada eta historia propioak dituzten aurpegiak islatzen dira giza eskubideen urraketari buruzko egoera ezberdinekin; hala nola, bahiketak, pertsonen trafikoa, gerrak, sexu-abusuak edota bullyinga.

Erakusketa Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak antolatu du, eta diseinuan Iddeas Fundazioak, Anfasek, Eunatek eta Cocemfek hartu dute parte. Lankidetza horren ondorioz, ikuspen-arloko irisgarritasunaren eta irisgarritasun fisikoaren irizpideak betetzen ditu erakusketak; hau da, testu deskribatzaileak erraz irakurtzeko moduan eta zeinu-bideoen bidez eta azpititulatuta eta lokutatuta eskaintzen ditu.

Bisita gidatuak artistaren eskutik

Antonio Soto artistak erakusketa ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko ditu Lehen eta Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko ikasleentzat, gaurtik hasi eta urriaren 29ra bitarte. Oraingoz, ikastetxe ezberdinetako 700 bat ikaslek eman dute izena. Topaketa artistiko-poetiko bat egingo da, eta irakasleek material didaktikoa izango dute ikasgelan giza eskubideen inguruan lan bat garatu ahal izateko. Jarduera “Memoria duten eskolak, bakearen eta bizikidetzaren alde” programan kokatzen da; programa Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako Zuzendaritza Nagusiak bultzatzen du.