Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak laguntzak sustatzen ditu turismoko produktu eta zerbitzuen sustapenean berrikuntza bultzatzeko
2021ko urriaren 11a
Nafarroako Gobernuak laguntzak sustatzen ditu turismoko produktu eta zerbitzuen sustapenean berrikuntza bultzatzeko
Nafarroako Gobernuak 100.000 euroko laguntzak bideratu ditu ETE turistikoei zuzenduta, produktu eta zerbitzu turistikoen komunikazioan eta sustapenean berrikuntza sustatzeko eta kalitate ziurtagiriak lortzeko.
Deialdiaren helburua da enpresek eta establezimendu turistikoek jarduera berritzaileak garatzea produktuen edo proposamenen komunikazio eta sustapenean, eta, horretarako, besteak beste, web orrialdeak eguneratzeko eta egokitzeko eta marketin-proiektuak idazteko gastuak finantzatuko dira. Era berean, bidaia-agentziek aurkezpenak, ekitaldiak edo azokak egitea sustatu nahi da, Nafarroa helmuga bezala bultzatuaz ekimen berritzaileen bitartez.
Bestalde, aurreko edizioetan jada ikusten zen moduan, laguntzen bidez finantzatuko da, halaber, kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortzea establezimendu turistikoetan; baita beste ziurtagiri batzuk ere ingurumen, iraunkortasun, iristagarritasun eta energia-eraginkortasunaren alorrean.
Ete interesatuek urriaren 25era bitarte eskatu ahal izango dituzte laguntzak Nafarroako Gobernuaren Atariko izapide-fitxaren bitartez.
Zenbatekoei dagokienez, kalitate-mailako ziurtagiriak edo errekonozimenduak lortzeko eta izateko gastuaren %50 eta produktu eta baliabide turistiko berritzaileak aurkezteko bidaia-gastuen %70 diruz lagunduko da; azken kasu horretan gehienez 500 euro izango dira aurkezpen bakoitzeko.
Bestalde, produktuen edo proposamenen komunikazio eta sustapenerako berrikuntzaren aldetik, %60ko diru-laguntza emango da web orrialdeak euskarara itzultzeko eta %50 gainerako gastuetarako; hots, 8.000 euro eskatzaile bakoitzeko.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak
Diru-laguntza izan dezakete 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 13ra egindako eta fakturatutako gastuek.
Diru-laguntza jaso ahal izango dute ondorengo jarduera-motek:
- Kalitate-mailako ziurtagiriak edo errekonozimenduak lortzea eta mantentzea.
- Bidaia-agentziek egindako bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, Nafarroa helmuga gisa aurkezteko Foru Komunitatez kanpo egindako azoka, ekitaldi eta aurkezpenetan, betiere aurkezpenetan berrikuntzak sartzen badira aurreko edizioekin alderatuta.
- Establezimenduaren eta enpresaren produktuaren edo proposamenaren komunikazioko eta sustapeneko berrikuntza-gastuak:
- Komunikazio eta sustapeneko berrikuntza-proiektu berri bat edo enpresarentzat marketin-plan berri bat idaztea hurrengo 2 urte naturaletarako. Honako hauen kontratazioak diru-laguntza jaso ahal izango du: sare sozialetan komunikatzeko estrategia-proposamenak, marketin-planak, edukien marketina edo komunikazioko proiektu berritzaileak.
- Produktu eta eskaintza espezifikoei buruzko komunikazio-kanpainak eta sustapen digital eta online bidezkoak, adierazitako proiektu eta planetan aurreikusitakoak.
- Web orrialdeak eguneratzea eta egokitzea: funtsezko hobekuntzak egitea web orrialdeetan, app-etan, blog-etan edo buletinetan, eta softwareak sartzea komunikazioa adimen artifizialarekin hobetzeko (chatbots), merkaturatzea bultzatzeko (erreserben motorra) edo kudeaketa arintzeko (menu-kartak mugikorrean), besteak beste.