Euskarabideak Euskararen II Plan Estrategikoaren zirriborroa aurkeztu dio Euskararen Nafar Kontseiluari

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak aurkeztu dute proiektua
2021ko urriaren 8a
Ollo kontseilaria eta Mikel Arregi aurkezpenean.
camera_alt Ollo kontseilaria eta Mikel Arregi aurkezpenean.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Euskararen Nafarroako Kontseiluak Euskararen II Plan Estrategikoaren zirriborroa ezagutu du gaur goizean Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzailea buru izan dituen bileran.

Kontseilariak bere aurkezpenean esan duenez, “Gobernuaren programa akordioan oinarrituta ari da lanean Euskarabidea, Nafarroako errealitate historiko, kultural eta soziala zaindu eta babesteko konpromisoarekin, eta euskararen inguruan akordio sozial eta politiko zabala bultzatzea proposatuz”.

2019-2023 legealdiko Nafarroako Gobernurako Programa Akordioan Euskararen II. Plan Estrategikoa prestatzea jaso zen. Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu zuen bere hizkuntza politikari esparru ordenatu, koherente eta ebaluagarri bat ezarriko dion plangintza estrategikoa emateko, Euskararen I. Plan Estrategikoa (2016-2019) izan zenari jarraipena emanez. Hala bada, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuari dagokio honen ardura eta Euskararen II. Plan Estrategikoa (2020-2027) apailatzen ari da.

Plangintza estrategikoa

Euskararen II Plan Estrategikoak I Planaren ildo estrategikoa mantenduko du; izan ere, lehenengo planean zehaztu ziren ardatzak estrategikoak eta ezinbestekoak dira Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika modu eraginkorrean gidatzeko eta planifikatzeko.

Kontseilariak azpimarratu nahi izan duenez, “oraingo honetan, dokumentuak, aurreko planarekin alderatuz, leku handiagoa ematen dio adostasun sozialari eta hizkuntzak duen balorazioa hobetzeari”.

“Dokumentuaren ildo estrategikoek –esan du- jarraipena ematen diete aurreko legealdian onartutakoan ezarritakoei. Alde batetik, euskararen erabilera soziala sustatzea aisialdian, kirolean, komunikabideetan, kulturan, sare sozialetan, teknologia berrietan, arlo sozioekonomikoan eta abarretan. Bestetik, Nafarroako herritarrek euskaraz ikasi eta ikasteko eta helduaroan euskara ikasteko aukera berdintasunean izateko baliabideak ematea. Era berean, herri-administrazioen gaitasuna hobetzea, herritarrei euskaraz zerbitzua emateko, eta erabilera-eskaintza zabaltzea. Eta, azken batean, euskara balio positiboekin lotzea, gizarte askotariko batean kohesio sozialerako elementu gisa”.

Horretarako sei ardatz definitu dira eta guztiek elkar elikatzen dute:

  1. Euskararen gizarte erabilera.
  2. Hiztun berriak.
  3. Zerbitzu publikoak.
  4. Adostasun soziala, prestigioa eta erabilera.
  5. Euskara, ekonomia eragile.
  6. Hizkuntza esparrua.

Guztira 6 helburu nagusi (ardatz bakoitzeko bat), 42 helburu espezifiko eta 201 proiektu jaso dira, eta horien jarraipena egin eta ebaluatzeko 30 adierazle zehaztu dira.

Berrikuntzak

I. Plan Estrategikoaren ebaluazioa egin ondoren, zenbait puntutan aldaketak eta berrikuntzak egitea baloratu zen, hala nola, iraunaldia. II. Planaren iraunaldia luzatu da 2020tik (prozesua abiatu zen urtetik) 2027 bitarte; batetik, hizkuntzen egoera soziala hobetzea xede duen plangintza estrategiko batek garatzeko eta bilakatzeko aldi luzeagoa behar duelako eta, bestetik, jarraipenerako adierazleen kudeaketa egokia planifikatu beharra dagoelako. Gainera, Gobernuaren beste planekiko lerrokatu da politika publikoan euskararen sustapena zeharkakotasunez eta koherentziaz lantzeko.

Bestalde, euskararen inguruko adostasun sozialari dimentsio nabarmenagoa eman zaio Planean, euskara Nafarroako gizarte kohesiorako funtsezko elementua baita, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planean biltzen den moduan: Euskararen inguruan akordio sozial eta politiko zabala sustatu, Nafarroaren idiosinkrasia eta bertako errealitate soziolinguistikoa islatuko dituena, beharrizanei erantzungo diena eta Foru Komunitatean mintzatzen diren hizkuntzekiko harremana eta bizikidetza gauzatzeko askeak izaten jarraitzeko aukera emango diguna, euskara behin betiko aldenduz alderdien arteko eztabaidatik eta liskarretatik, eta herritarrengan diskriminazio-sentimenduak ezabatuz.

Era berean, ahalegin berezia egin da euskara mundu teknologikoan eta kultura digitalean sartzeko. Aisialdiari eta gaztediari lotutako zenbait proiektu txertatu dira, hala nola, “Gizarteak haur eta gazteei zuzendutako euskarazko eduki digital gehiago eskura izateko, laguntza-lerro berriak sortzea, sarbide publikoa eta doakoa bermatuz”. Horrez gain, aintzat hartu dira Nafarroa 2030 Estrategia Digitalak Gobernu Digitala garatzeko zehaztu dituen neurriak eta horrekin lotutako zenbait proiektu sortu dira, hala nola, “Herritarrei Administrazioaren jabetzako baliabide elektronikoen bidez egiten diren informazioetara, zerbitzuetara eta transakzioetara (tramiteak, erregistro elektronikoa…) elektronikoki sartzeko euskaraz eta gaztelaniaz egonen direla bermatu. Herritarrei Administrazioko zerbitzuak erabiltzeko garatuko den irisgarritasun unibertsaleko planetan Nafarroako bi hizkuntzak aintzat hartuko direla bermatu”.

Arlo sozioekonomikoan jauzi kualitatibo bat eman da, I. Planean oinarriak finkatu ziren eta II. Planean, haratago egin eta lanketa sakonagoetarako oinarriak jarriz. 5. ardatzean (Euskara, ekonomia eragile) 8 helburu espezifiko eta 31 proiektu proposatu dira.

Onartzeko prozesua

Planaren garapen prozesuari dagokionez, 2020ko martxoan I. Plan Estrategikoaren ebaluazio txostena aurkeztu eta II. Plan Estrategikoa eratzeko prozesua iragarri zen. 2020ko neguan partaidetza teknikoa burutu zen eta, jasotako ekarpenetatik abiatuz, planaren hasierako idatzaldia osatu zen.

Dokumentu hori da 2021eko udazkenean Euskarabideak bere Gobernu Kontseiluari eta Euskararen Nafar Kontseiluari aurkeztu diena. Hori eginik, gizartearen parte hartzeko prozesua hasiko da. Urriaren 11tik azaroaren 11ra, hilabete batez, dokumentua Gobernu Irekiaren Atarian jarriko da jendaurreko erakustaldian.

Gizartearen parte hartzeko aldian jasotako ekarpenak azterturik, behin-behineko idatzaldia osatuko da eta berriz Euskararen Nafar Kontseilura joko da, horren gainean iritzia eman dezan.

Azkenik, Nafarroako Gobernuak urtea amaitu baino lehen Euskararen II. Plan Estrategikoa (2020-2027) onartzea aurreikusita dago.

Euskararen Nafar Kontseilua

Nafarroako Euskararen Kontseilua Nafarroako Gobernuaren kontsulta-organoa da hizkuntza-politikaren arloan. Bere eginkizunen artean, Euskararen Nafar Kontseiluari dagokio, besteak beste, hizkuntza normalizazioaren arlokoak diren izaera orokorreko xedapenen proiektuei eta arlo horretako plan orokorrei buruzko irizpen ez-lotesleak ematea, bai eta Euskararen Plan Estrategikoaren garapenaren eta betetze mailaren gaineko informazioa hartzea ere.

Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuko kontseilaria du buru, eta erakunde publikoak eta pribatuak daude ordezkatuta, bai eta euskararen eta euskal kulturaren gizarte-esparrua ere: Nafarroako Gobernua (Euskarabidea eta beste departamentu batzuk), Nafarroako Parlamentuak proposatutako bost kide, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Nafarroako Kazetarien Elkartea, Nafarroako Gazteriaren Kontseilua, euskara sustatzen duten kultura-elkarteen edo gizarte ekimeneko erakundeak eta pertsona ospetsuak.